Erreportajeak

«Txapela irabaztea oso berezia litzateke, baina etxean aritzen denak jai izan ohi du»

Kronika - Erredakzioa 2022ko eka. 4a, 00:00

Aner Miner bola botatzen, Ereñotzuko bolatokian, Ibon aita eta Antonio aitona adi-adi begira dituela.

Ereñotzun jokatuko da Euskadiko Bola Txapelketa, gaur goizean; eta bertan arituko dira Ibon Miner eta Aner Miner ereñotzuarrak. Beste inorentzat baino bereziagoa izango da gaurko tiraldia haientzat, eta «presio pixka bat» sentitu arren, egunaz gozatu nahi dute.

Bi urteko atzerapenarekin, baina iritsi da bolaren hitzordu nagusia Ereñotzura: bertan jokatuko da Euskadiko Bola Txapelketa, gaur goizean zehar, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espezialista onenekin. 56 bolari izango dira lehian, guztira: lurralde bakoitzeko 15 gizon eta hiru emakume, eta bi kategorietako azkeneko Euskadiko txapeldunak. Eta guztien artean, birentzat izango da beste inorentzat baino bereziagoa, gaurko tiraldia: Ibon Miner eta Aner Miner ereñotzuarrentzat. Gipuzkoako Txapelketan lortu zuten pasea biek, Joxe Mari Etxebeste astigartarrak bezalaxe, 15 onenen artean sailkatuta.

Berez, 2020ko ekainaren 5ean zen jokatzekoa Euskadikoa, Ereñotzun; baina pandemiaren eraginez, bi urtez atzeratu da zita nagusia: «luzea izan da itxaronaldia, baina hemen da azkenean. Sekulako gogoa daukagu txapelketaren eguna iristeko», adierazi du Ibon Minerrek. Ezberdina izan da aita-semeen bidea, finalera iristeko: Ibonek sailkatzeko presioa nabari zuen, eta Anerrek, berriz, ezustean lortu zuen txartela. «Txapelketa etxean jokatuta, presio pixka bat izaten duzu, nahiz eta ez daukagun asko jokoan. Eta hori nabaritu da sailkatzeko garaian ere. Sailkapen tiraldietan, beste presio batekin aritu naiz, beste urte batzuetan nabaritu ez dudana, etxean jokatuko den txapelketarako sailkatu nahi horrengatik. Lasaitu egin nintzen txartela lortzean», dio Ibonek.

Anerrek, ordea, «oso urruti» ikusten zuen Euskadiko Txapelketara sailkatzeko aukera: «baina Gipuzkoakoan, tirada on bat atera zitzaidan, eta konturatu nintzen aukera izan nezakeela. Txartela lortu nuen azkenean, eta sekulako poza hartu nuen. Orain, txapelketa Ereñotzun izanda, urduritasun pixka bat badaukat, baina pozik nago dagoeneko lortutakoarekin».

Semea sailkatu izanarekin «izugarri» poztu zen Ibon bera ere, «nireagatik baino gehiago. Emozionatu ere egin nintzen. Umetatik ibili da bolatokian, tarteka bola txikiarekin botatzen. Beti gustatu izan zaio. Baina serio, aurten hasi da jokatzen, eta aurreneko urtean jokatuko du Euskadiko Txapelketa Ereñotzun. Bestela, ez dakit aukera izango lukeen inoiz hemen txapelketa jokatzeko». Duela bi urte ere, zegokion datan jokatu izan balitz, ez zuen aukerarik izango Anerrek: «12 urte neuzkan orduan, eta ez neukan buruan bolan hainbeste jokatzea. Joan den urtean federatu nintzen aurrenekoz, eta igande batzuetan jokatu nuen. Baina aurten, federatu eta igandero joateko konpromisoa hartu dut, goiz jaikita batzuetan. Konstantzia horrekin eta astebururo lortutako puntuekin, Gipuzkoakora sailkatu nintzen aurrena, eta Euskadikora ondoren; juxtu-juxtu bai, baina ez txiripaz, lan haundia dagoelako atzetik».

 

Asteartean izan zuten probatzeko aukera haurrek, bolatoki mugikorrarekin.
 
 

Gipuzkoako Txapelketa, ezustekoen eguna

Ez da harritzekoa bien poza, Ereñotzun aritzeko sailkatuta, arrisku haundia baitauka Gipuzkoako Txapelketak. Onerako eta txarrerako, ezusteko haundiak izaten dira, bereziki Euskadikoa etxean tokatzen denean: «askotan gertatu izan da, etxean tokatzen zaizunean, oso tiraldi txarra egin eta kanpoan geratzea. 2004an jokatu zen Euskadiko Txapelketa Ereñotzun, azkeneko aldiz; eta orduan, nire aita (Antonio Miner) ez zen sailkatu. Urte bakarrenetakoa izango da, bera Euskadikora sailkatu ez dena. Presioa hortxe dago, eta normalean erraz sailkatuko zinatekeen tiraldian, kale egiten duzu», kontatu du Ibonek.

Aner Minerrena izan da ezusteko pozgarria aurten, Gipuzkoako Txapelketan ez ezik denboraldi osoan. Sailkatzeko faborito ziren beste batzuek, aldiz, huts egin zuten. Horien artean, Xeferino Agirre segurarra nabarmendu du Ibon Minerrek: «2004an Ereñotzun jokatu zenean, berak irabazi zuen txapela. Etorriko da, baina ikustera, ez baitago sailkatuta. Oso denboraldi ona egin du, urteko ligan laugarren bukatu du, baina Gipuzkoako Txapelketan egun txarra izan zuen, eta kanpoan geratu da. Arraroa da berak egun txar bat izatea. Gipuzkoan izan den txapeldun haundienetakoa da, eta 80 urte baino gehiagorekin, onenetakoa da oraindik. Pena izango du ez sailkatu izanagatik, eta pena da guretzat ere. Ez dakit aukerarik izango duen, Euskadiko Txapelketa berriro jokatzeko Gipuzkoan...». Izan ere, hiru urtetik behin izaten da txapelketa, probintzia bakoitzean.

Edonola ere, bertan izango da Xeferino Agirre, ikusleen artean, sailkatu ez diren beste hainbat bolari bezala. Botatzerik izan ez arren, egun polita izaten baita denentzat: «egun bakarra da urtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bolariak elkartzen garena. Urte askotako harremana daukagu, baina aste honetan bakarrik egoten gara elkarrekin. Horregatik, txapelketa bukatuta, ohitura daukagu denak bazkari baten bueltan elkartzeko, harremana zaintzeko. Egun polita izaten da». Aurten, Fagollagan egingo dute bazkaria, eta baita sari banaketa ere.

Tiraldiak, goizean goizetik

Goiz osoan zehar jokatuko da Euskadiko Txapelketa, sei ordutik gorako saioarekin. Goizeko 08:00etan ekingo diote, eta sei bolako bi tiraldi egingo ditu bolari bakoitzak. Zozketan erabakitako ordenean ariko dira: aurreneko tiraldia egingo dute denek segidan, gizon zein emakume; eta ondoren bigarrena, orden berean. Bi tiraldietako brilak batuta egingo dute sailkapena, eta gehien botatzen dituztenak izango dira txapeldun. Berdinketarik izanez gero, bukaeran egingo dute desenpatea, eta 14:30ak aldera bukatuko da txapelketa, gutxi gorabehera.

Txapelketa Gipuzkoan izanda, bertako modalitatean arituko dira denak. Izan ere, ez baita berdin jokatzen, hiru lurraldeetan: «jokoa berdina izan arren, xehetasunetan oso ezberdina da. Bizkaian eta Araban antzekoa da modalitatea, eta Gipuzkoakoa da ezberdinena. Hemen bolatokiak zabalagoak dira, eta bi aldeetan malda izaten dute. Araban, berriz, dena egurra izaten da bolatoki batzuetan. Baina ezberdintasun nagusia da txaparroa edo brila txikia. Hemen saihestu egin behar da, bestela ez duzulako punturik lortzen; eta aldiz, Araban eta Bizkaian hura jo egin behar da, puntu gehiago ematen dituelako», azaldu du Ibon Minerrek.

Bolen tamainan ere badago aldea: Gipuzkoan 8,2 eta 6,8 kilokoak izaten dira; eta Araban eta Bizkaian, aldiz, haundiagoak dira, 10 edo 12 kilokoak.

 

«Egun bakarra da urtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bolariak elkartzen garena, urtetako harremana daukagun arren. Egun polita izaten da»

 

 

Astebetez entrenatzeko aukera, Ereñotzun

Modalitateak eta bolatokiak ezberdinak izanda, txapelketaren aurretik astebetez ematen dute aukera, bolatokian entrenatzeko. Horrela, joan den larunbatetik egunero izan dira txoko guztietako bolariak Ereñotzun, goizez zein arratsaldez, entrenatzen. «Guk hemen egon behar dugu, entrenatzen duten bitartean; eta pixka bat nekagarria izaten da. Gainera, beste prestaketa guztiak ere egin behar dira; aurretik egiten dituzu lan batzuk, eta azkeneko asterako geratzen dira beste hainbat. Gauza mordoxka bat antolatu behar dira. Horrek kezka sortzen dizu, dena ondo ateratzeko; eta horrela zaila da nahi bezain ondo egitea bolan. Gauza asko dauzkazu buruan, eta normalean, etxeko bolariek ez dute gauza haundirik lortu, ez Gipuzkoan, ez Bizkaian eta ez Araban. Antolatzen aritu denak, jai izaten du. Beraz, ez dut ezer berezirik espero». 

Ibonen desioa, dena den, oso bestelakoa da: «noski, gustatuko litzaidake txapela irabaztea; oso berezia izango litzateke. 2004ko txapelketan, Ereñotzun, ondo hasi nintzen, zazpiko batekin; baina gero kale egin nuen. Ez dago gauza haundirik jokoan, txapela bat da; baina txikitatik bizi dugun zerbait da, eta ilusioa egiten digu. Nik badaukat ilusio hori, noizbait Euskadiko Txapelketa irabazteko.

Beste asmo batekin ariko da Aner: «azkenekoetakoa sailkatu nintzen Gipuzkoakotik, eta disfrutatzera etorriko naiz Euskadikora; are gehiago, etxean izanda. Ezagunak ere egongo dira inguruan, eta egun polit bat izan dadila. Ez daukat ezer haundirik lortzeko helbururik; datorrena, ongietorria izango da».

 

Bolatoki ibiltaria frontoian, astearte arratsaldean

Bolatokian ez ezik, frontoian ere nabaritu da txapelketa giroa, aste honetan. Bertan jarri zuten bolatoki ibiltaria, astearte arratsaldean, Txirrita eskolako gaztetxoek probatzeko aukera izan zezaten. Dozenaka haur animatu ziren probatzera, eta ez haurrak bakarrik... Haiek bolatokia libre utzi zutenean, hainbat heldu ere gerturatu ziren, saiakeratxoa egitera.

«Garai batean, Ereñotzuko gazte gehienek jakiten zuten bolan botatzen, gurpila ematen...», dio Ibonek: «bolatokia egin zenean, nire adin inguruko gehienek probatu genuen. Gero, eskolako haurrekin, tarteka egin izan dugu bola erakusteko saioren bat, baina konstantzia eta denbora falta izan zaigu. Ikasgai pendiente bezala daukagu hori».

Ezohikoa da, gaur egun, Anerren adineko bolariak ikustea: «gurasoak bolan badabiltza, bakarren batzuek probatu egiten dute; urtean izaten dira bi edo hiru. Baina gero, normalean, tarte batean utzi egiten dute, eta aurrerago bueltatzen dira. Aurten, bi bakarrik aritu dira, eta sekulako meritua dauka Aner sailkatu izanak. Esperientziak asko laguntzen du, igandero ezberdina delako tirada. Baina Anerrek kasu egiten du, eta denboraldi polita egin du», dio Ibonek.

Anerren lagunek ere egin diote jarraipena, denboraldiari: «haientzat ez da normalena, ni bolan aritzea. Baina galdetzen didate, asteburuan zer egin dudan, nola nijoan txapelketetan... Eta beraiek ere kirol berri bat deskubritu dute horrela. Noizbait probatu izan dute, arratsalderen batean etorrita, ni entrenatzen ari naizenean», dio Anerrek. Hizketarako gaia ziurtatua daukate astelehenerako, ez baita nolanahiko eguna gaurkoa, ereñotzuarrentzat.

 

«Nire bigarren etxea bezala da Ereñotzu; ilusio berezia sortzen dit txapelketa honek»

 

JOXE MARI ETXEBESTE

Sasoi bikainean eta animoz gainezka iritsiko da Joxe Mari Etxebeste astigartarra, Euskadiko Txapelketara. Izan ere, Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen duela hiru aste, Zerainen, denboraldi ederra borobiltzeko. Denbora asko daramaki gaurko egunerako prestatzen, eta ilusio berezia sortzen dio berarentzat ere «etxekoa» den bolatokian Euskadikoa jokatzeak.

 

Gipuzkoako Txapelketa irabazi zenuen, denboraldi polita borobiltzeko.

Bai, denboraldi polita egin dut aurten. Egia esan, helburua hauxe nuen, Euskadiko Txapelketa, Ereñotzun. Gipuzkoakora lasai joan nintzen, eguna atera zitzaidan, eta zorte pixka batekin eta ondo botatakoekin, txapela jantzi nuen.

 

Zortea, diozu...?

Bai, txapelketetan zorte pixka bat behar izaten da. Bost kanporaketa izan ziren Gipuzkoakoan. Aurrenekoan, 25etik 16ra murriztu zen partehartzaile kopurua, eta juxtu-juxtu sailkatu nintzen, 16garren. Eta hurrengo kanporaketetan, aldiz, aurrena edo bigarren izan nintzen, eta azkenekoan irabazi egin nuen. Horregatik, zortea alde izatea ere lagungarria da, baina ondo bota behar da, eta brila gehien botatzen dituenak irabazten du.

 

Aurtengo txapelketa guztietan izan zara aurreneko postuetan, ezta?

Bai. Aurrena, Binakako Txapelketan, finalera sailkatu nintzen Ibon Minerrekin, baina Covida­gatik ezin izan nuen finala jokatu. Ondoren, Lehendakari Txapelketan, azkeneko egunera arte izan nintzen beste batekin berdinduta, eta desenpatean gal­du nuen. Eta Gipuzkoako Kopan apalago aritu nintzen, baina urteko bolari onenaren sailkapenean hirugarren bukatu nuen. Urte polita ari da izaten, eta Gipuzkoako Txapelketarekin borobildu egin nuen. Ea Ereñotzun errematea jartzen diodan...

 

Helburu bezala jarri zenuela aipatu duzu, gainera...

Hiru urtetik behin izaten dugu Euskadiko Txapelketa Gipuzkoan, eta aurten hemen izanda, gogo gehiagorekin ekiten diogu; are gehiago Ereñotzun jokatuta. Ea hemen geratzen den txapela.

 

Erdi-bertakotuta zaude, Ur Miarekin aritu baitzinen iaz taldekakoan...

Hala da, bai. Ibon, Iñaki eta Leandro Minerrekin bota nuen, eta aurrenekoz lortu genuen txapela Ur Miarentzat. Oso gustura ibili ginen. Ibon eta biok ia jaio ginenetik aritu gara elkarrekin, gurasoak bolan aritzen zirelako. Nik Ategorrietarekin botatzen nuen lehen, eta orain Villabonarekin; baina lagunak gara, eta elkarri laguntzen aritzen gara. Nire bigarren etxea bezala da Ereñotzu.

 

Hortaz, berezia izango da txapelketa Ereñotzun jokatzea, zuretzat ere.

Gipuzkoan jokatzen denean, beste animo batekin joaten zara Euskadiko Txapelketara, irabazteko aukera gehiago daukazulako; baina gainera Ereñotzun izateak, niretzat ia etxeko bolatokia den honetan, ilusio haundia sortzen dit.

 

Zenbat entrenamendu saio egin dituzu bertan?

Nahiago dut ez kontatu, azkeneko urtean hemen egin ditudan entrenamenduak; asko eta asko izan dira. Konfiantza puntu horrekin etortzea bilatzen nuen, eta uste dut lortu dudala. Gero eguna atera behar zaizu, eta besteek ere jokatzen dute. Baina nire lana ondo eginez gero, uste dut hortxe ibiliko naizela. Oraingoz oso lasai nago. Prestaketa ona egin dut, eta ea zer moduz ateratzen zaidan tiraldia.

 

Joxe Mari Etxebeste astigartarra, Ereñotzuko bolatokian.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!