Final garrantzitsu batean ariko zara bihar, eta Euskal Herriko hiru aizkolari onenen artean zaude. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Egia esan, izugarrizko poza ematen dit; izan ere, ikusi dut, esfortzuak fruituak ematen dituela. Aizkora kirol sakrifikatua da, eta 18 urte dituzunean… gehiago nabaritzen da, uko egin behar baitiezu parrandei, edonolako planei… Baina horregatik diot, egindako lanak izan duela errekonozimendua, eta alde horretatik oso-oso pozik nago.
Gainera, ni oso pertsona urduria naiz, eta ‘burua jaten’ aritzen naiz… Eta alde horretatik, oraindik asko daukat ikasteko, presio asko baitaukat, eta nik kudeatu behar dut. Aizkoran hasi nintzenean, maila altu batean ekin nion, eta maila hori eskatu diot nire buruari, nolabait. Horregatik daukat presioa, maila altuxeagoan ibili naizelako. Hasieratik aritu behar izan dut topera, eta batzuetan kosta egiten da, baina banoa apurka aurrera.
Urte honetan zehar, hobekuntzarik nabaritu duzu?
Bai, Euskal Herriko txapelketa izan zen nire lehenengo plaza, eta orduz geroztik, gehiago egin ditut. Nabaritu dut urduritasun aldetik asko hobetu dudala; oraindik badaukat zer hobetua, baina kontrol gehiago dut. Teknikoki ere asko hobetu dut. Horretan nabil buru-belarri, eta nabaritzen dut asko ari naizela hobetzen, askoz ere konfiantza gehiagorekin noa plazara.
Zein duzu igande honetako lana?
32ko hiru enbor izango ditugu finalean.
Indartsu ikusten duzu zure burua, finalari begira?
Egia esan, joan den astean ohean egon nintzen gaixorik. Semifinala jokatu nuen, eta nahiko gaizki pasa nuen. Oraindik nabaritzen dut ez nagoela %100ean errekuperatuta. Eta horrek deserosotasuna sortzen dit, ez nago guztiz konfiatuta; baina tira, dena emateko prest nago. Gainera, aurkariak oso indartsuak dira.
Enbor haundiekin edo txikiekin, zeinekin aritzen zara gusturago?
Enbor haundiekin sentitzen naiz seguruen. Segurtasun gehiago ematen dit enbor haundiak, gehiago disfrutatzen dut… Enbor txikiekin lana azkarragoa da, esplosiboagoa. Denbora gutxian energia asko galtzen da. Beraz, nahiago ditut enbor haundiak.
Aurkarietako bat Nerea Sorondo da. Gainetik izan duzu orain arte. Beste maila batean dagoela esango zenuke?
Bere onenean dagoela uste dut, oso indartsu dago. Plaza-emakumea dela ere esango nuke, badaki plazara nola joan. Urte asko eta asko daramazki aizkoran, eta noski, normala den bezala, nik baino askoz ere gehiago daki aizkoran. Teknikoki ere oso ongi moldatzen da, esperientziak asko laguntzen du.
Nerea Arruti, sailkapen proban, indartsu ibili da. Irabazteko hautagaia izan daitekeela uste duzu?
Esango nuke faboritoetako bat badela. Azkenean, gertatzen da Nerea Sorondo denok ezagutzen dugula, eta denok dakigula zer egin dezakeen. Baina Nerea Arrutiren kasuan, badago inkognita bat; oraindik asko dauka hobetzeko, baina uste dut sorpresa asko hartuko duela jendeak berarekin. Ustekabean, sekulako aldaketa egin dezake, eta hobera.
Lehenengo aldiz jokatuko du Igoin Pikabeak, zure anaiak, honelako txapelketa batean. Nola dago?
Jokatuko duen lehenengo finala izango da. Lekunberrikoa izan zuen bere lehenengo plaza, eta bere lehen finala Azpeitin izango da, bihar.
Egia esan, urduri dago, lehenengo plazak oso gogorrak izaten dira. Uste duzu ondo entrenatuta zaudela, baina errealitatean, plazak entrenamenduak baino askoz ere gogorragoak dira. Hala ere, esan behar dut entrenamenduetan egiten duen lana egiten badu biharko finalean, ederki arituko dela.
Batera entrenatzen duzue. Ondo ikusten duzu?
Bai, oso ondo ikusten dut. Zerbaiten hanka sartuz gero urduritasunagatik izango da, oso argi daukat, gaitasun haundia baitauka fisikoki.
Bi anai-arrebak final berean. Berezia izango da, ezta?
Poza ematen dit. Zenek esan behar zigun, biak honela ibiliko ginenik? Nik ematen dizkioten aholkuak aurrera eraman, eta honaino heldu da anaia… Pozgarria da, bai. Sentitzen naiz bere irakaslea banintz bezala.
Erreferentea zara berarentzat?
Aita ere hor dago, merituak berari emango dizkiot. Baina bai, nire aportazioa badago, gauza askotan gomendioak ematen dizkiot anaiari, eta lasaitasun puntu bat ere ematen diodala uste dut. Konfiantza daukat beregan, ederki arituko da.