Nahi baino beranduago, eta bi urteko etenaldiaren ondoren, edizio borobila izango du Ereñotzuko Mendi Lasterketak datorren igandean, maiatzaren 15ean: 10garrenez jokatuko da. 11,75 kilometroko ibilbidea izango du, aurreko edizioetan bezalaxe, Urdaburu inguruetan. Lasterketarako izenemateak zabalik daude oraindik, rockthesport.com webgunean; eta korrikalariek bezalaxe, ez dute hutsik egingo boluntarioek ere.
Egun bereziaren atarian, haien babesa eta fideltasuna goraipatu nahi izan du Axeriak Mendi Lasterketa Taldeak, egungo antolatzaileak: «auzotarrek ematen diote sostengua mendi lasterketari; urtez urte hutsik egiten ez diguten boluntario horien laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke lasterketa aurrera eramatea. Bakoitzak bere tokia dauka dagoeneko, eta aurten ere, beraiekin hitz egin dugunean jakiteko animatuko ote ziren, prestutasun haundia erakutsi dute denek. Oso eskertzekoa da». Eta berdin gertatzen da lasterketak zeharkatzen dituen lurren jabeekin ere: «inolako trabarik jarri gabe ematen digute baimena beti, eta edozertan laguntzeko prest azaltzen dira».
«Txilibitatik igotzen direnez, behetik goraino ikusten ditugu korrikalariak; oso polita izaten da»
Horietako bat da Txilibita baserriaren kasua. Abiatu eta berehala, XV. mendeko baserriaren ataritik pasako dira korrikalariak, eta bere lurretatik egingo dute lasterketaren aurreneko zatia, aldapa gogorrarekin. «Etorri zitzaizkigun antolatzaileak, lasterketa Txilibita ondotik pasatzea nahi zutela eta, baimen eske; eta baietz esan genien, noski. Ez zegoela arazorik, korrikalariak egun batez hemendik pasatzeagatik. Lapurretara etortzea baino hobea da!», dio Iñaxi Oiarbidek, barrez.
Lasterketa eguna asko gustatzen zaio Oiarbideri, gainera: «nik beti esaten dut, Ereñotzuko festarik onena horixe dela, mendi lasterketa. Eta beste askok ere esan izan didate, oso polita dela eta asko gustatzen zaiela». Lasterketa bere lurretatik pasatzea, ikusleentzat primerakoa iruditzen zaio: «hemendik joanda, behetik goraino ikusten ditugu korrikalariak; beste aldetik joango balira ez genituzke ikusiko. Oso polita izaten da, ikustea nola joaten diren korrikalariak tropelean, soka luzea osatuz. Auzokoak hemen egoten gara ikusten, bakoitza bere etxetik edo kaletik». Lasterketa nagusiaren aurretik, haurrena ere pasatzen da Txilibitako ataritik: «ederra izaten da hori ere. Adin guztietako haurrak ateratzen dira, eta nolako ilusioarekin, gainera!».
«Hasiera-hasieratik, oso ona izan da jendearen jarrera Ereñotzun, boluntario izateko»
Hirugarren edizioan pasa zen Ereñotzuko Mendi Lasterketa Txilibitatik, aurreneko aldiz, ibilbide aldaketa egin zutenean. Aurreneko biak, Onddi aldera egin zituzten korrikalariek, 2011n. «Auzorako zerbait prestatu nahi genuen, eta orduan puri-purian zeuden lasterketak», azaldu du Mikel Otegik, lasterketaren sortzaileetako batek: «Gaizka Sarasolak eta biok pentsatu genuen lasterketa bat antolatzea, eta asko pentsatu gabe jarri ginen lanean». Dozenaka buruhauste izango zituzten hortik aurrera, baina boluntarioak lortzearena ez zen izan zailenetakoa: «hasiera-hasieratik, oso ona izan da jendearen jarrera Ereñotzun, boluntarioak lortzeko».
Axeriak taldeak bezala, boluntarioen fideltasuna azpimarratu du Otegik ere: «gaur egun boluntario bezala aritzen diren berberak hasi ziren gurekin. Aldaketa txiki batzuk izaten dira, baina urtero errepikatzen den boluntario sare bat dago. Boluntarioen %90a egongo da hasiera-hasieratik». Eta sare horren garrantzia nabarmendu du: «boluntariorik gabe, lasterketa ez litzateke berdina izango. Diruarekin, badaude ia boluntarioen laguntzarik gabe antolatzen diren lasterketak; baina Ereñotzun, haien laguntzarik gabe ezinezkoa da. Dena oso ondo seinalizatuta ere, korrikalariak asko eskertzen du ibilbidean jendea egotea, bidegurutzeetan zintei begiratu beharrik ez izatea...». Mikel Otegik berak, lasterketa korrikalari bezala bizitzeko aukera izan zuen duela hiru urte, aurreneko zortzi edizioetan antolatzaile gisa aritu ondoren: «mundiala izan zen. Ikusi nituen egungo antolatzaileak lanean ondo, eta poza eman zidan. Eta abiatu nintzenean, disfrutatu egin nuen; sentitzen nuen nire semea zela lasterketa. Beste aldetik ikustea, gozada bat izan zen», kontatu du.
«Auzoaren babesa sentitu dugu beti»
Lehengo antolakuntza taldeko kidea zen Unai Erroitzenea ere, eta boluntario lanetan jarraitzen du orain: Urdaburuko tontorrean egoten da, korrikalariak bideratzen, puntu ezberdinen arteko komunikaziorako zubilana egiten, eta inguruko boluntarioak koordinatzen. «Esango nuke urtero joan izan naizela Urdaburura, eta hala jarraitu dut antolakuntza utzi ondoren ere. Lasterketaren irteeran, auzoan dagoen urduritasun maila hori ez dut inoiz bizi izan», azaldu du.
Urduritasuna, dena den, mendian dauden boluntarioek ere bizi dute: «lasterketa hasten denetik bukatu arte, dena ondo ateratzea nahi duzu, eta horrek sortzen dizu kezka. Askotan, ez dakizu zer aurkituko duzun egunean bertan igotzen zarenean. Tokatu izan zaigu Urdaburu inguruan zuhaitz bat erorita egotea, eta bidea libratu beharra... Apuro batzuk izan ditugu. Eta bakoitza bere postuan, zain egoten gara, korrikalariak noiz iritsiko. Urdaburutik, ikusten duzu noiz pasatzen diren toki batzuetatik, eta emisoratik ere saltsa izaten da, postuetatik pasatzen diren heinean, abixua emanez».
Boluntario sarearen parte da bera orain, eta ondo daki, zenbateko garrantzia daukan sare horrek: «lasterketaren aurreko antolakuntzan lau-bost laguneko taldea aritzen ginen arren, horrelako lasterketa bat ezin da prestatu boluntario sare indartsu bat izan gabe, eta auzoaren babesa eduki gabe. Babes hori sentitu dugu beti, boluntario bila hasten ginenean lortzen genituelako. Horrek ere jarraitzeko indarra eman zigun, zortzi urte horietan. Segurtasuna geneukan, eguna iristen zenean jendeak erantzungo zuela, eta ez zela lasterketako punturik geratuko kubritu gabe», dio Unai Erroitzeneak.
Orain, urteen poderioz ondo finkatuta dagoen sarearekin, bakoitzak dauka bere postua eta bere egitekoa: «oso ondo dakite zer egin behar duten, zein zinta bildu, zer prestatu... Eta toki batzuetan, baita korrikalariak nola bideratu ere, minik ez hartzeko».
Boluntarioek beti erakutsi duten jarrera ere nabarmendu dute Mikel Otegik eta Unai Erroitzeneak: «prestutasun haundia erakutsi dute, tokirik urrutienera joateko ere. Eta eguraldi oso txarrak ere tokatu izan dira. Uholdeekin, haizeteekin... ere egon dira mendian, eta esaten dizute, bueno, gu nahiko ondo, korrika dabiltzanak okerrago. Beti izan dute jarrera positiboa, eta asko eskertzen da».
Muxarra ehiza elkartetik, koadrila ederra mendira
«Eguraldi txarra izaten denean, gogo gutxiago izaten da, baina gustura joaten gara. Gu ehizara joaten gara eguraldi txarrarekin, beti ez baita eguraldi ona izaten! Ohituta gaude», dio Peio Erroitzeneak. Hasieratik boluntario gisa aritu den horietakoa da bera, Muxarra ehiza elkarteko beste asko bezala: «lasterketa antolatzen hasi zirenean, galdetu ziguten mendira joateko koadrila osatuko al genuen, eta baietz esan genien, ez zegoela arazorik. Elkarteko gehienak egoten gara mendian, lasterketaren egunean; 16 bat lagun. Beti izaten da batenbat, ezin duena; baina gainerakoan, elkarteko guztiak». Gazte garaiak atzean utzi arren, osasunik eta borondaterik ez dute falta: «urte batzuk badauzkagu guk; elkarteko gazteenak ere, izango ditu 45 bat urte. Eta 60 urtekoak bagara batzuk; neroni, Santa Kruz bixkiak... Baina horrela ibiltzeko gauza garen bitartean, kontentu! Txarra izango litzateke joaterik ez izatea».
Antolatzaileen deia jaso, eta koordinazio lana jartzen dute martxan, denak joateko moduan izango diren zehazteko, eta postu guztiak kubritzeko. Bakarrik egoten dira batzuk bere lekuan, binaka beste batzuk, eta koadrilaka elkartzen dira gune batzuetan. Eguraldi onarekin, ikusleen konpainiarik ez dute falta izaten: «Bentatxuriko bidegurutzean egoten naiz ni, eta dozena erdi bat lagun elkartzen dira lasterketa ikusteko; batzuetan, gehiago ere bai. Eta hizketan aritzen gara korrikalariak iritsi bitartean, lasai ederrean», dio Peio Erroitzeneak: «hasierako urteetan kezka gehiago izaten genuen, urduritasun pixka bat; baina orain badakigu zer egin behar dugun, eta lasai egoten gara».
Goizeko 08:30ak aldera elkartzen dira antolatzaileak eta boluntarioak Auzo Udalaren inguruan: abituallamentuetarako beharrezko guztia hartu, eta kotxeetan taldeka igotzen dira mendira, gero bakoitzak bere posturainoko bidea oinez egiteko. «Batzuk, lehenago elkartzen dira, soziedadean elkarrekin gosaltzeko», dio Peio Erroitzeneak.
Horietako bat da Angel Arruti: «hiru kotxetan igotzen gara Malbazarrera, eta guztiok gosaltzen dugu elkarrekin, 07:30ak aldera elkartuta, soziedadean. Basurdetan dabiltzanek badute ohitura hori. Eguna argitzerako elkartu, arrautzak, xolomoa, petxuga edota hirugiharra eraman, eta ondo gosaldu. Horrela, gero berandututa ere, ez zaizu inporta».
Auzo Udaletik pasa eta hartu beharrekoak hartuta, mendira igotzen dira, bakoitza bere tokian jartzeko: «ni Malbazarren egoten naiz orain, igel putzua baino lehenago; baina abituallamentuan ere egon izan naiz. Normalean haurrak ere egoten dira bertan, eta oso ondo pasatzen dute. Polita izaten da. Denetik dago, korrikalarien artean. Batek burua jiratu ere ez du egingo, eta beste batek esango dizu honen partez txakolina jarri izan bazenute... Gertatu zen behin hori, eta gure artean, badaude bi lagun, txakolina eramaten dutenak, beraientzako. Eskaini egin zioten txakolina, eta baita berak edan ere!».
Urtero, Malbazar inguruan jarri izan dute lasterketako bigarren abituallamentua, baina tokiz aldatu zuten aurreko edizioan: «sekulako zaparradak bota zituen, eta Malbazarretik Pagosardeko bordara mugitu genuen abituallamentua, babeserako. Segurtasun haundia ematen dizu bertan jartzeak».
Egiteko ugari, lasterketaren aurretik, bitartean eta ondoren
Talde haundia igotzen da elkarrekin Malbazarrera, berdintsuak urtero: «gaztetxoak dira aldatzen dijoazenak, koxkortzen dijoazen heinean», dio Arrutik. Beste talde bat, Akolako lepora igotzen da kotxean, eta bertan sakabanatzen dira. Batzuk Bentatxuri aldera joaten dira oinez, puntu ezberdinak kubritzeko; eta beste batzuek atzera egiten dute. Akolan jartzen dute lasterketako aurreneko abituallamentua, Santa Kruztarrek.
Baina postuetan egon eta abituallamentuak prestatu bakarrik ez, beste egiteko asko ere badauzkate boluntarioek, korrikalariak iritsi aurretik, bitartean eta pasa ondoren. Atakak iriki behar dituzte, gune batzuetan pasoa erraztu, korrikalariak bideratu, arrisku pixka bat izan daitekeen tokian kontuz ibiltzeko eskatu, animoak eman...
Lasterketaren bukaeran, berriz, «mendia aurretik zegoen bezala uzten» saiatzen dira: «gure artean koordinatzen gara, postu ezberdinen arteko zatiak garbitzeko, eta hondakinak eta ibilbidea markatzeko zintak jasotzen ditugu», azaldu du Unai Erroitzeneak: «ni, normalean, oinez jaisten naiz Ereñotzura, azkeneko zinta horiek biltzeko».
Beste batzuk, berriz, zintak eta hondakinak kendu, eta hasierako tokian elkartzen dira berriro. «Koadrila haundiagoak elkartzen diren tokietan, aukera daukate giro lasaiago batean komentatzeko lasterketari buruzko kontuak».
«Egungo ibilbidea oso polita atera zitzaigun, korrikalariek ere esan ziguten, eta mantendu egin genuen»
Asko dira mendian egoten diren boluntarioak, baina beherago ere, auzotik gertuago, korrikalarien zain eta prest egoten dira beste boluntario asko: Txilibitako eta Larre-Gaingo aldapetan, sagardotegitik Arrondoko antenara bideratzen, edota jaitsieraren azkeneko zatian, korrikalariek erreka gurutzatu behar duten tokian eta inguruan.
«Ia denak bere tokian egongo dira aurten, berriro ere. Ezin duenak pena hartu du egoterik ez daukalako, eta alderantziz, aurreko edizioan ezin izan zuen bat edo beste, bueltan izango da aurten, berriro ere. Sekulakoa da hori, konpromiso haundia erakutsi dute lasterketarekin, eta izugarri eskertzen dugu», adierazi du Axeriak taldeak.
Hortaz, inolako kezkarik gabe, ibilbideaz gozatzeko aukera izango dute korrikalariek, beste behin. Eta badaukate zerekin gozatua, gainera, korrikalarien iritzietatik jaso izan dutenez. Aurreko zazpi edizioetako berbera izango da, hirugarren ediziotik aurrera mantendu dena: «aurreneko biak Onddi aldera egin ondoren, Urdaburu aldera aldatu genuen», azaldu du Mikel Otegik: «gure asmoa zen, bi urtez alde batera egitea, eta beste bi urtez beste aldera, Ereñotzuko inguruak ezagutarazteko. Baina oso ibilbide polita atera zitzaigun, korrikalariek ere esan ziguten; eta mantendu egin genuen azkenean».