Erreportajeak

Futbol zelaiko eremua eraldatzeko obrak aurten hastea espero du Auzo Udalak

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 19a, 00:00

Futbol zelaiaren eremurako prestatu duten proiektua, hiru dimentsioko maketan prestatua. Hainbat gune eta elementu izango ditu eremu berrituak, adin eta kolektibo ezberdinetarako.

Inbertsio nabarmenena izango da hori, Ereñotzuko Auzo Udalaren 2022ko aurrekontuaren barruan. Aurreko urteetan pilatutako gerakina baliatuko dute horretarako, eta lanak urria aldera hastea aurreikusi dute.

Ez da ohiko ekitaldia izango aurtengoa, Ereñotzuko Auzo Udalarentzat. Aurrekontu potoloa izango du 2022an; batetik, nabarmen areagotu delako Hernaniko Udaletik jaso duen ekarpena (470.400 euro); eta bestetik, pilatutako gerakina beste pixka bat haunditu delako (452.938,02 euro). Horiei gehituta 2021eko aurrekontutik datozen inbertsio batzuk, guztira 952.440,52 eurokoa izango da Auzo Udalaren aurrekontua.

Baina ez dira zenbakiak, urtea ezohiko bilakatuko dutenak, inbertsio haundi bat baizik: futbol zelaiko eremua berritu eta eraldatzeko obrak hasiko dituzte aurten, Auzo Udalak aurreikusi duenez. Asmo horrekin aritu dira lanean, azkeneko urteotan, eta dagoeneko bukatu dute exekuzio proiektua ere. Azkeneko tramiteen faltan (eremuaren eraikigarritasuna onartzea), obrak esleitzeko lehiaketa prestatzen hasiko dira, eta dena ondobidean, urria aldera obrak hastea espero dute. Hortik aurrera, 10 hilabeteko iraupena izango dute lanek.

«Proiektu potoloa da futbol zelaikoa, eta 830.000 euro inguruko kostua izango du. Aurreko urteetan pilatutako gerakina erabiliko dugu horretarako, eta aurtengo aurrekontuan, inbertsioen partidatik beste 75.000 euro dauzkagu aurreikusita proiekturako. 525.000 euro inguru izango genituzke horrela. Eusko Jaurlaritzaren EREIN dirulaguntzen deialdira ere aurkeztuko dugu. %60ra arte lagundu dezakete diruz, puntuazioaren arabera; eta uste dugu 250.000-300.000 euroko dirulaguntza jaso dezakegula», azaldu du Unai Erroitzeneak, Ereñotzuko alkateak. Esperantza badute hortik dirua lortzeko, aurretik proiektuak aurkeztu izan dituztenean, dirulaguntza jaso izan dutelako.

«Kasurik txarrenean, laguntzarik jasoko ez bagenu, Hernaniko Udalarekin adostu dezakegu, hurrengo bi edo hiru urteetako aurrekontutik zati bat aurreratzea», azaldu du alkateak.

 

Kirol instalazioa izatetik, adin guztietarako gune batera

Inbertsioaren tamainan, haundia da bertan egingo duten lana ere. «Zaharkitua eta gutxi aprobetxatua» geratu da futbol zelaia, eta 2018an hasi zuten prozesua, hori berritu eta eraldatzeko. Auzotarrekin egindako batzar bat tarteko, prozesu luzea izan du, alternatiba ezberdinak landuz; eta dagoeneko finkatu dute, hartuko duen itxura. Egungo futbol zelaiaren ordez, kirol kantxa jarriko dute, balioanitza izango dena, eta protagonismo gutxiago izango duena: egungoaren erdia izango da, gutxi gorabehera, eta bolatokiaren aldean jarriko dute. Horren inguruan, mahaiak, aulkiak, zuhaitzak...

Errepidearen aldekoa, berriz, guztiz berria izango da. Estalpe bat jarriko dute, errepidearen mailan egongo dena; eta horren azpian, hainbat gune: lokal itxi bat, kasu puntualetan irekitzeko aukerarekin; gune ireki bat, estalpearen babesean; eta komun publiko bat, kanpotik sarbide zuzena izango duena. Estalpeak, gainera, begiratoki eta atsedengune funtzioa ere beteko du, altzariak jarriko baitituzte bertan: «neguan bereziki, gune atsegina izan daiteke, eguzkiak jotzen duelako bertan». Gainera, lokal itxiaren parean, eskailerak eta grada moduko bat ere jarriko dituzte, eremuaren erdigunean «sortuko den plaza horretara begira». Gune itxiei dagokienez, komun publikoa obrarekin batera prestatuko dute, «baina lokalaren barruko aldea etorkizuneko pauso bat izango da».

Eremuaren alboetako batean, haurrentzako parke bat ere jarriko dute, hondarrezko txoko bat eta guzti; eta tirolina bat ere jarriko dute, bolatoki ingurutik errepide aldera. Eta paseorako ibilbide bat ere egokituko dute, inguratuko dituena kantxa balioanitza eta bolatokia: «gaur egun, joan-etorrian ibiltzen dira futbol zelaiaren inguruan, eta asmoa da ibilbide zirkular bat prestatzea». Helduek ariketak egiteko makina batzuk ere jarriko dituzte, kantxaren ondoan. Eta bizikleten mantenu eta garbiketarako txoko bat ere izango da, eremu berrituan.

Gainera, irisgarritasunari begira ere egingo dute obrarik: errepidetik bertara jaisteko, zigzag moduko aldapa bat jarriko dute. Eta proiektuaren barruan, bolatokian bertan izango da berrikuntza bat: itxitura berrituko dute, eta polikarbonatozko panelak jarriko dituzte bi ertzetan, tiralarien aldean eta mahaiaren aldean, haizetik eta euritik babesteko. «Planteatzen ari garena da, hori obra nagusitik atera eta lehenago egitea, ekainerako berrituta egoteko; bolako Euskal Herriko Txapelketa bertan jokatzen denerako, alegia», jakinarazi du Erroitzeneak.

Hondakin bilketa eta konposta gunea ere, pixka bat mugituko dituzte, ibilbide zirkularrari toki gehiago uzteko, eta etorkizunean, kanala kentzen denean, bertan egin daitekeen pasealekura sarbide zuzena izateko ibilbide horretatik.

Elementu horiekin guztiekin, kirol instalazio bat bakarrik izateari utziko dio eremuak, eta pasako da «zerbait integralagoa izatera, adin tarte eta kolektibo ezberdinentzako modukoa», alkateak nabarmendu duenez.

 

Makina bat obra eta lan, joan den urtean

Futbol zelaiko proiektuak hartuko du ia protagonismo osoa aurtengo inbertsioetan; eta azpiegiturei dagokienez, iaztik datozen bi obra dira, oraingoz, aurreikusitako bakarrak, biak ere dagoeneko gauzatuta edo martxan daudenak: auzotik Alkatxurainera joateko bidearen konponketa, eta Epeleko Torreko bidea argiztatzea. Izan ere, makina bat obra eta laneko urtea izan zen 2021a, Ereñotzun. Hasteko, Fagollaga eta Lastaola arteko bidea konpondu zuten (23.436,53 euro), eta Intsusadiko bidearen azterketa geoteknikoa egin zuten (2.420 euro). 2020tik zetozen horiek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso zuten (9.840,19 euro).

Iaz egin zituzten, baita ere, plazako eta inguruetako aparkalekuak eta trafikoa berrantolatzeko lanak: plazaren barruan aparkalekuak mugatu eta kanpoan berriak egokitu zituzten, aldapan, errepide zati hori karril bakarrera murriztuz; eta auzoaren goiko aldean ere, aparkalekuak margotu dituzte, bi aldeetan aparkatzea saihesteko. «Balorazioa positiboa da, orokorrean errespetatzen ari baitira. Eta aldapako zatia karril bakarrera murriztuta, lortu dugu kotxeak espaloiean ez aparkatzea, eta abiadura murriztea», dio Erroitzeneak.

Epeleko parkean baranda bat berritu zuten, Latxebistako bideko kuneta hormigonatu, frontoiko almazeneko atea aldatu, eta Txirrita eskolaren barruko argiteria berritu, kontsumo bajuko argiak jarriz.

 

9 hektareako baso lurrak erostear, Auzo Udala

Ondare naturalaren kontserbazioari begira ere, egin zituzten jarduerak 2021ean. Esate baterako, Aranzadirekin batera lanketa egin zuten, azken urteotan ematen ari den basoen kudeaketaren aurrean bide-orri bat finkatzeko, Auzo Udalak egin dezakeena zehaztuz, bere gaitasunaren baitan: «txosten bat garatu dugu, ikusteko zenbat landa lur daukagun, zenbat den publikoa eta zenbat pribatua, eta nolako aktuazioak egin beharko lirateken. Hortik abiatuta, 9 hektareako baso lurrak erosteko zorian gaude, erreka bazterreko landaretza berreskuratu, kanpokoa den landaretza atera, eta bertako basoa bultzatzeko asmoz».

Hernaniko Udalarekin elkarlanean, berriz, Urumea ibaiko aisialdiari buruzko ikerketa egin zuten, «ikusteko zein den etortzen den jendearen perfila, zer nolako ezagutza daukaten inguruarekiko eta arauekiko... Egia da udara arraro xamarra izan zela, eta klimak ez zuela gehiegi lagundu ibai ingurura hurbiltzen. Baina ikusi genuen Ugaldetxoko eremua zabaltzeak beste guneak arintzen dituela, egun indartsuenetan. Bestalde, arauen inguruko ezagutza falta haundia dago. Kostatzen zaie ulertzen zergatik ezin den sua egin, txakurrak libre ibili...».

Urrats gehiago eman nahi dituzte bide horretan, bi udalek markatu zuten ekintza-planari jarraituz; «eta Nafarroako Gobernuak ere erakutsi du interesa, egitasmo honekin bat egiteko». Izan ere, bi lurraldeei dagokien arazoa da Urumea bazterreko aisialdiarena, eta Aranoko eta Goizuetako Udalekin ere elkarlanean aritu dira: «orain gara berriro biltzekoak. Joan den urtean, beraiek beste hainbat ekintza burutu zituzten, eta guk gure azterketaren emaitzen berri eman genien».

 

Webgunea martxan, laster

Beste nobedade bat ere izango du Auzo Udalak, laster. Izan ere, webgunea prestatzen ari dira, eta datozen asteotan aurkeztuko dute: «auzotarrei begirakoa izango da, kultur ekintzak eta bestelakoak jakinarazteko, ondarea ikusgai edukitzeko...», azaldu du Unai Erroitzeneak.

Joan den urteko aurrekontuaren kontura izango da hori, eta baita Larre Gaindik barrena dijoan bidearen seinalizazioa ere. «Bidegurutze nagusietan jarriko dugu seinalizazioa: Larre Gainen, Akolarako bidegurutzean, eta Alkatxurainen. Kontua da, errepide nagusia itxita dagoenean, bertatik sartzen dela jendea, Ereñotzura iristeko edo Hernanira joateko. Baina batzuek ez dute bidea ezagutzen, eta galdu egiten dira. Gertatu izan da Larre Gainen ate joka aritzea, eta bertakoek bideratu behar izatea jendea».

Bada beste egitasmo bat, aurten landu nahi dutena: Ereñotzuko zentralerako proiektua. «Errenteriako eta Hernaniko Udalekin hizketan ari gara, gaur egun Errenteriako Udalaren jabetzakoa den eraikina auzoari uzteko. Beraiek borondatea daukate eraikina auzoari emateko, eta teknikoki eta juridikoki aztertzen ari dira nola egin. Hortik aurrera, nahi dugu proiektu bat idatzi, zentrala berreskuratzeko auzoarentzako eraikin gisa. Dirulaguntza aukerak ere aztertu nahi ditugu. Orain aurkeztu dute egitasmo bat, ondarearen inguruko herri mugimendua sortzekoa, eraikin hori aprobetxatu nahiko lukeena, ekomuseo bat egokitu eta bailarako ondarea lantzeko, adibidez. Beraz, Olak Auzo Elkartearekin eta talde eragile horrekin elkarlanean, landu nahi dugu zer egin eraikinarekin».

 

Aldaketa gutxi, zerbitzuetan eta dirulaguntzetan

Inbertsioetatik eta egitasmoetatik harago, aldaketa gutxi izan da Auzo Udalaren zerbitzuetan eta ematen dituen dirulaguntzetan. Irrintzi tabernan eman da aldaketa, bi aldeek adostu baitzuten kontratua ez luzatzea. «Auzo Udalari eta auzoari kalte dexente egin diona da, kontratua bukatu baino bi hilabete lehenago utzi zuela taberna zeramakienak, bere kaxa; beraz, nahiz eta kontratazioa martxan jarri, bi hilabetez itxita egon da taberna». Dagoeneko zabalik da berriro, eta orain hartu duenak urtebeterako dauka kontratua, baina beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin. Dendari dagokionez, berriz, maiatzera artekoa da kontratua, eta dena ondobidean, beste urtebetez luzatuko dute.

Bestalde, martxa ona hartu dute kirol ikastaroek, eta hiru dira une honetan: yoga, entrenamendu funtzionala eta aerobika. «Gainera, aerobikean bi txanda dauzkagu. Beraz, Auzo Udalarekin eraikina nahiko beteta daukagu, jarduerekin».

Dirulaguntzei dagokienean, berdin mantenduko dira aurten: 30.000 euro Olak Auzo Elkarteari, 1.050 euro Ur Mia Elkarteari, eta 3.000 euro Dobera Euskara Elkarteari. Katiluzar guraso elkartearentzat ere gorde da 1.500 euroko partida, joan den urtean eskatu ez zuen arren. Eta beste 3.000 euroko partida jaso dute aurrekontuan, herriko ur sarea ez daukaten baserriei dirulaguntza zuzena emateko, ur hornidurarako obrak egin ahal izateko.

2022ko aurrekontuaren zenbakietara bueltatuta, 952.440,52 eurokoa izango da Auzo Udalaren abiapuntua, Hernaniko Udaletik jasotako kopurua haunditu izanarekin. «Formula batekin kalkulatzen da egiten diguten ekarpena, beraien sail ezberdinetako aurrekontuaren arabera. Eta horietan aurrekontua haunditu denez, gurea %32,3 haunditu da iazkoaren aldean. Dena den, iazkoa %10,5 txikiagoa izan zen, 2020koa baino», argitu du Unai Erroitzeneak.

Auzo Udalaren ohiko aurrekontua haunditzeak, pertsonal gastuen partidan izango du islada: «lehen administrari postu bat geneukan, eta aukera izan genuen aparejadore perfila jartzeko. Kostua haundiagoa da, baina espero dugu bueltan ere jasoko dugula etekina».

Aurrekontuan ez daude jasota, oraingoz, Auzo Udalak inbertsio eta egitasmo ezberdinetarako jaso ditzakeen dirulaguntzak. Besteak beste, landa bideak konpontzekoa Foru Aldunditik; eta EREIN dirulaguntzena Jaurlaritzatik. «Asko daukagu jokoan horrekin», dio alkateak, urteko proiektu nagusiari begira.

 

EREÑOTZUKO AUZO UDALA

2022ko aurrekontua: 952.440,52 euro

 

Ohiko aurrekontua: 470.400 euro (Hernaniko Udaletik) 

-Pertsonal gastuak  59.600 euro

-Gastu arruntak  241.150 euro

-Elkarteei dirulaguntzak eta hitzarmenak  38.550 euro

-Inbertsioak  131.000 euro

-Finantza aktiboak  100 euro

 

Ezohiko diru sarrerak: 482.040,52 euro

-2021 urtetik datorren gerakina  452.938,02 euro

-2021eko aurrekontutik lotutako ordainketak  29.102,5 euro

2022rako egitasmo nagusiak:

-Futbol zelaiaren eremuko obrak hastea

-Ibai ertzetako egoera hobetzeko ekintza plana: iaz hasitako bidean urrats gehiago

-Ereñotzuko landa lurrak ondare naturalaren kontserbazioaren ikuspegitik kudeatzeko egitasmoa: ia 9 hektareako baso lurren erosketa

-Ereñotzuko zentralerako proiektua

-Herri bideetan konponketak

-Argiterian hobekuntzak: Epeleko torreko bidea

-Auzo Udalaren webgunea aurkeztuko da laster

-Larre Gaindik barrena doan bidean seinalizatzea, bide nagusia itxita dagoenerako

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!