Erreportajeak

«Ondarearen inguruan, auzoan badaude kezkak, eta baita parte hartzeko gogoa ere»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

Auzotar asko azaldu ziren, duela bi aste, ondarearen inguruko herri mugimendua sortzeko egitasmoaren aurkezpenera.

Urumea bailarako ondarearen inguruan, herri mugimendu bat sortzeko proposamena aurkeztu zuten Ereñotzun, duela bi aste. Kezka ezberdinei oinarri komun bat ematea da asmoa, eta zentral hidroelektrikoa mugimendu horren egoitza izan dadin berreskuratzeko aukera ere jarri dute mahai gainean Aitor Calocak eta Aritz Zerainek, proiektuaren sustatzaileek.

Auzotarren arteko solasaldietan azaleratu izan diren kezkak aztertu, forma eman, eta horiei erantzuteko proiektua landu dute azkeneko urteotan Aitor Calocak eta Aritz Zerainek, gai ezberdinetan aditu diren auzotarren laguntzarekin. Duela bi aste aurkeztu zuten proposamena, ereñotzuarren aurrean: Urumea bailarako ondarearen eta identitatearen inguruan, herri mugimendu bat sortu nahi dute. Horrela, kezka ezberdinei oinarri komun bat emango liekete, eta beharbada, baita gune fisiko bat ere. Izan ere, zentral hidroelektrikoaren eraikina berreskuratu, eta herri mugimendu horren egoitza izan dadin egokitzeko aukera jarri dute mahai gainean.

«Kezka orokorretatik» abiatu da proiektua: «munduan gertatzen ari diren aldaketekin, eta horiek dauzkaten eraginekin, zenbat eta nola ari den aldatzen gure bezalako tokietako bizimodua. Hain azkar ari da aldatzen, konturatu ere ez garela egiten; eta garai bateko bizi estiloa eta baliabideak ahazten goaz», azaldu dute Calocak eta Zerainek. «Herrigintza beti abiatzen da kezketetatik, baina kezka horiek beti izaten dituzte aukera batzuk. Eta ikusten genuen, hemen bazegoela potentzialtasuna, horiei aurre egiteko».

Hori horrela, berreskuratu nahi dute garai bateko «auzo indarra eta mugimendua». Izan ere, Olak Auzo Elkartea «oso potentea» izan da Ereñotzun, 1979an sortu zenetik; baina Auzo Udalaren sorrerarekin, «galdu egin du herri dinamika, eta hori berreskuratu nahiko genuke. Ekonomikoki indarra hartu du auzoak, baina galdu egin du lehen zeukan auzo indarra eta mugimendua».

 

Hiru zutabe nagusi, proiektuak

Hiru zutabe nagusi dauzka, martxan jarri nahi duten proiektuak. Aurrenekoa eta nagusia da, hain justu, herri mugimendua aktibatzea, identitate eta ondare gaien inguruan: «Auzo Udalak beste gai batzuk lantzen ditu; hirigintza, zerbitzuak edota ongizatea, adibidez. Gizarte beharrak gero eta haundiagoak dira, eta behar horiei erantzuten diete udalek. Baina identitatea eta ondarea bezalako gaiak, ez dira inoren eskuetan geratzen, eta horiek komunitatearen ardura dira. Horregatik, hasierako ideia da herri mugimendu bat jartzea martxan Olak Auzo Elkartearen barruan, talde gehiago aktibatuta. Eta aurrera jarraituko balu, beste forma batzuk hartu litzake; herri kooperatiba, adibidez».

Zentral hidroelektrikoaren eraikinari dagokio, proiektuaren bigarren zutabea, une honetan aukera ikusi dutelako, hori aprobetxatzeko eta erabilera bat emateko. «Eraikin erori hori Errenteriako Udalarena da, jarduera lizentzia bukatu zaio, presa botatzeko sententzia ere jaso du... Gainetik kendu nahi du eraikina, dagoen bezala; baina Auzo Udalarentzat marroi bat da, dagoen bezala hartzea. Hernaniko Udalak, berriz, zazpi urtez izan du kontzesioa, eta aukera zeukan proiektu bat aurkeztu eta bere gain hartzeko, baina ez zuen ezer egin; are gehiago, erori egin da eraikina. Hiru erakundeen arteko arazoa da, baina arazo hori, bene-benetan, auzoak dauka, dagoelako eraikin bat egoera horretan, auzoaren erdi-erdian. Ez badago presio bat atzetik, udalak ez dira aktibatzen, eta herri mugimenduak dira motore bat horretarako. Horregatik, planteatu dugu proiektu bat sortzea herri mugimendu hau bertan kokatzeko. Gainera, eraikina bera ondarea da. Zentral hidroelektrikoak zazpi edo zortzi izan dira bailara honetan, eta ia denak inaktibo daude dagoeneko. Hau eraikin bezala berreskuratu genezake, herri mugimenduari leku fisiko bat emateko. Gero ikusiko genuke zein forma hartzen duen, eta zein erabilera eman nahi dion jendeak. Proiektu dexente daude, herri mugimendu batetik sortu eta leku fisiko bati lotutakoak».

Horien artean aipatu dituzte bi adibide. Bata, Asturiasko herri batekoa, Villanueva de Santo Adriano, «gurearen antzeko ezaugarriak dauzkan bailara batean. Despopulazioa zela eta, ekomuseo bat sortuta eman zioten erantzuna, baina ez museo baten ikuspegitik, paisaia guztia kontutan hartuta baizik. Herri edo lurralde bateko ondarea, identitatea eta bizimodua zaindu, ikertu, landu edota erakusteko espazioa da ekomuseoa». Eta bestea, Aiaraldeako Ekintzen Faktoria, Laudion, esparru guztietan (aisialdia, kultura, hezkuntza, ekonomia...) euskeraz egituratuko diren proiektu eraldatzaile berriak sustatzeko elkarte kooperatiba.

Dena den, leku fisiko hori izan gabe ere, herri mugimendua martxan jarri daitekeela nabarmendu dute: «hori litzateke zerbait gehigarria, momentuko aukera bat delako, aprobetxatu daitekeena».

Eta proiektuaren hirugarren ardatza da herri gobernantza eredu berrien inguruko eztabaida; Hernani Burujaberekin mahai gainean jarri dena, adibidez. «Herritarrek gehiago hartu beharko lukete parte herrigintzan, eta beharrezkoa da aktibazioa. Hemen badago ohitura hori, Auzo Elkartetik sortu baitzen Auzo Udala ere; baina pixka bat itzali den su hori berriro piztu behar dugu».

Horregatik, «herri proiektuaren jarraipenarekin» lotu dute egitasmoa, Olak Auzo Elkartearen sorrerarekin hasi zena: «oso aktiboa izan da hemen. Izan ere, horrelako tokietan, elkarte eta auzotar potente batzuk dauzkazu, edo ahaztuta geratzen zara, ez zara existitzen. Distantziak ikaragarri eragiten du horretan». Auzo Elkartearen bost urteko lanketaren ondorioz sortu zen Auzo Udala, 2011n. Konpetentzia publikoak eta baliabide ekonomikoak iritsi ziren horrela, eta aukera berriak. «Dinamika polita hartu du Auzo Udalak, eta bere bidea egiten ari da. Baina uste dugu, horri lotu dakiokeela beste zerbait, herri mugimendu bat».

 

Kezka ezberdinei, oinarri komuna

Izan ere, behin autonomia lortuta eta Auzo Udala sendotuta, «kezka berriak» azaleratu dira: eukalipto landaketak, ibaiko aisialdiaren arazoa, energia... «Jendeak bere kezkak dauzka, eta lan egin nahian dabiltza. Batzuk martxan dira dagoeneko». Horien artean daude, ondarea berreskuratzeko egin diren ekimenak: Atsolorra, Burbunak eta Etsayak proiektua Aranzadirekin eta Doberarekin, zepadiak... Hizkuntzaren inguruan, hitanoa eta noka galtzen ari direla eta, emakume gazte talde bat ari da elkartzen, palan aritu eta noka praktikatzeko. «Gai batzuk daude martxan, eta beste batzuk kezka egoeran. Eta asmoa da, horiei guztiei oinarri bat ematea, baliabideak izateko eta norabide bat markatzeko. Ari denari bultzada eman nahi diogu, eta arrankatu ezinik dabilenari hauspoa. Kontua ez da dena talde bakar batean lantzea, edo denek gai guztiei heltzea; baizik eta egotea giro eta mugimendu komun bat, eta posible bada leku fisiko bat, hori guztia pizteko».

Izan ere, nabarmendu dute «ondare asko» dagoela bailaran, «ondare naturala batik bat: mendia, basoa, erreka... Garai batean etekin asko ateratzen zitzaion, zentzu onean, eta horren inguruan ardaztu da auzoa. Eta fenomeno bitxia gertatu da: landa ingurunea izan arren, baserriko aktibitatea gero eta txikiagoa da». Ondare industriala ere aipatu dute, Latxeko fabrika zaharra edo zentral hidroelektrikoak tartean. Eta baita kultur ondarea ere. «Asko daukagu, baina gutxi landutako gaia da. Arlo horri ez zaio garrantzia haundirik eman, Euskal Herrian orokorrean. Kataluniara joanez gero, aldiz, gauza txikienaren inguruan dauzkazu kartelak eta sekulako montajea».

Kezka horiei guztiei erantzuna emateko, gobernantza eredu berri baterako aukera planteatu dute, hiru erpin izan ditzakeena: Auzo Udala, esparru publikoan; komunitatea, gai zehatzetan modu jarraituan herrigintzan ariko dena; eta adituen laguntza, arlo pribatuan. «Guk badaukagu nahikoa esperientzia hiruko horrekin, baina indartu egin behar dugu, eta elkarrekin lan egin. Nahastu egin behar dira, baina jakin behar ditugu noiz. Auzo Udalak baliabide ekonomikoak jartzen ditu, baina berak ezin du dena egin».

Bide horretan, bailarako ikuspegia izatearen garrantzia nabarmendu dute, «kezka eta arazo komunak dauzkagulako herri guztietan». Horregatik, Ereñotzun herri mugimendua sortuz gero, asmoa da bailarako beste herrietako udalekin eta herritarrekin elkarlana sortzea. Eta bailarari helduta, Goizuetako gasolindegiaren sorrera hartu dute adibide: «Udalak jarri zuen terrenoa, kooperatiba bat sortu zuten, eta martxan jarri zuten gasolindegia».

 

Aurkezpen saioan jasotako erantzunarekin, pozik

Duela bi aste egin zuten aurkezpen saioa, eta pozik geratu ziren auzotarren erantzunarekin. «Ikusi nahi genuen, benetan kezka hori bazegoen auzoan, edo gure pedrada bat zen hau dena. Eta erantzun ona jaso genuen». 30 bat lagun azaldu ziren saiora, eta aurkezpenaren ondoren, ariketa bat ere egin zuten, bakoitzak bere kezkak mahai gainean jartzeko, eta adierazteko zein gai edo proiektutan hartuko lukeen parte. «Ondarearen inguruan, badaude kezkak, eta badago parte hartzeko gogoa. Kezka berriak azaldu ziren, eta guk hasieran geneukan zerrenda asko luzatu da».

Kezka horien artean azaleratu ziren, esaterako, gazteen partehartzea eta transmisioa, belaunaldi artean izan den hutsunearekin; edota haientzako guneak eta interesak. Bailaran bost edo sei taberna eta jatetxe izana ere aipatu zuten, analisirako gai gisa. Eta baita identitatearena ere: «abstraktuagoa da gai hori. Auzo hau sakabanatuta dago; errepideak batu egiten gaitu, batu baino gehiago. Eta auzoguneen arteko kohesio eta harreman horretan beti falta izan da zerbait».

 

Urtebeteko prozesuan, hurrengo hitzordua martxoaren 5ean

Behin proiektua aurkeztuta, urtebeteko prozesua burutu nahi dute, nondik norakoak elkarrekin lantzeko. Horretarako, dagoeneko jarri dute hurrengo hitzordua ere: martxoaren 5ean egingo dute bigarren saioa. «Asmoa da, aurkezpen saioko ariketan aipatu ziren gaiak txertatuz, argazki orokor bat osatu eta aurkeztea bertan».

Hortik aurrera, bi bide ikusten dituzte, urtebeteko lanketa horretan. Batetik, bide instituzionala, «Auzo Udalak landu behar duena, Hernaniko eta Errenteriako Udalekin, ikusteko zein aukera dauden zentrala berreskuratzeko». Eta bestetik, jardunaldiak antolatu nahi dituzte, urtean zehar: «zein esperientzia ezagutzen ditugun, zein aukera dauden...». Gainera, bilerak egin nahi dituzte, interes talde izan daitezkeenekin, gai ezberdinen inguruan; «eta horrekin diagnostiko bat osatu».

Eta nabarmendu dute, kezka batzuen inguruko taldeak aktibatu daitezkeela dagoeneko: «eukaliptoaren inguruan, adibidez, aurkezpen saiotik atera eta zuzenean, bi edo hiru lagun bazeuden prest bilera bat deitzeko; eta horiek bere kaxa elkartuko dira seguruenik. Beste batzuen kasuan, aldiz, beraiengana jo beharko dugu; baserritarrekin edo elikadura burujabetzarekin lotutakoekin, adibidez».

Auzo Udalari ere aurkeztu diote proiektua dagoeneko, «eta asko gustatu zitzaien. Beraiek ere badaukate interesa, eta gai batzuekin lanean ari dira dagoeneko». Andoni Egia Hernaniko garapen teknikariarekin ere bildu dira, eta laguntzeko prest azaldu zen bera ere. Eta auzoan bertan dauzkaten adituen laguntza izan nahiko lukete, orain arteko prestaketan izan duten bezala: «aipatutako hiruko horren hirugarren erpina ere, adituena, badaukagu auzoan bertan; eta haiek inbolukratu nahi ditugu. Potentzialtasun haundia da, gai ezberdinetan aditu diren horiek auzoan bertan edukitzea».

 

Herritar guztiei deia, parte hartzeko

Baina hiruko horrekin aipatu bezala, Auzo Udalaren eta adituen partehartzea bakarrik ez, komunitatearena ere behar dute, herritarrena; eta horixe izango da erdigunea, gainera. Horregatik, herritar guztiei luzatu diete deia, animatu eta parte hartzeko: «eta ez ereñotzuarrek bakarrik. Hau ez da auzotarren kontua bakarrik, bailara honekin edo auzoarekin loturaren bat daukan edozeinek izan dezake kezka, gai baten edo bestearen inguruan; eta horiek ere inplikatu daitezke, bailara eta bertako ondarea zaindu nahi dutelako», nabarmendu dute.

Proiektuak zein dimentsio eta nolako forma hartu dezakeen, ezin asmatu oraindik. Aurreneko harria jarri dute, eta hortik sortu litekeena, ongietorria izango da: «helburua ez da sekulako proiektua prestatzea, eta orduan martxan jartzea. Hemendik bi edo hiru talde sortu eta martxan jarriz gero, primeran. Eta joango gara guzti honi forma ematen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!