Erreportajeak

«Ikaragarri gustatzen zait aizkora, engantxatzen duen kirola da niretzat»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 23a, 00:00

Laiene Pikabeak bere bigarren erakustaldia irailean egin zuen iparragirre sagardotegiaren aurrean.

Laiene Pikabeak, 18 urte bete ditu astean, Euskal Herriko aizkolari txapelketan hartuko du parte, bihar 12:00etan Mungian; Nerea Sorondo, Maika Ariztegi, Uxue Ansorregi, Xanta Sousa eta Beatriz Tancorekin batera.

Laiene Pikabeak (2003) asteazkenean bete zituen 18 urte eta bihar lehenengo aldiz Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa jokatuko du, 12:00etatik aurrera, Mungian. Ilusio eta ikasteko gogo haundiarekin lehiatuko da Epelen bizi den lehendabiziko emakume hernaniar aizkolaria. Aurkariak izango dira finalean Nerea Sorondo, Maika Ariztegi, Uxue Ansorregi, Xanta Sousa eta Beatriz Tanco.

 

Zure lehenengo Euskal Herriko Txapelketa da. Nola aurkitzen zara?

Urduri baino urduriago. Plaza ofizial bakarra egin dut orain arte, Leitza duela egun batzuk, eta bi erakustaldi. Beraz guztira hiru aldiz irten naiz jendearen aurrera eta hau izango da laugarrena. Gainera, Euskal Herriko Txapelketa txapelketarik garrantzitsuena da.

 

Osiñagako festan aritu zinen irailean. Zer moduz aurkitu zinen zure lehenengo jaialdi horretan?

Oso gustora. Beroa egiten zuen, baina Suharri 'Paolla'rekin aritu nintzen, bikotea osatuz, eta horrek lasaitasuna eta segurtasuna ematen dizu. Orain bi urte Oiartzunen erakustaldi bat egin nuen, baina Iparragirren egin nuen hori zen ordundik egiten nuen aurrenekoa.

 

Zenbat urte dituzu?

Asteazkenean bete nituen 18 urte.

 

Zorionak

Eskerrik asko.

 

Orain 18 urte dituzu, baina zenbat urterekin hasi zinen aizkoran?

16 urterekin hasi nintzen, orain bi urte. Arazoa izan zen, aizkoran entrenatzen eta ikasten hasi eta lau hilabetera lesioa izan nuela. Horrek urte eta erdi geldi egotera behartu zidan. Nahikoa 'aberia' egin nuen.

 

Aizkoran egin zenuen lesioa?

Egia esan bai. Entrenamenduak hasi eta gutxira besoan mina nabaritu nuen. Besoko lesioa izan zen.

 

Guztiz osatuta zaude?

Bai, bai. Orain oso ondo nago.

 

Zein helbururekin zoaz Euskal Herriko Txapelketara?

Batez ere ikastera noa eta nire maila nolakoa den ikustera. Azken finean nire lehenengo aldia izango da horrenbeste aurkariren aurka ariko naizela. Guztira sei neska gara eta ahalik eta gehien ikasi eta esperientzia hartzera joango naiz. Orain arte ikasitako guztia plazan erakusten saiatuko naiz. Aizkoran ibili naizela erakutsi eta ahalik eta paper hoberena egitea da helburu nagusia.

 

Iparragirre sagardotegian Nerea Sorondoren aurka aritu zinen eta bera da faborito.

Dudarik gabe. Nerea da erreferentzia eta txapela irabazteko hautagai nagusia.

 

Aurkari denak ikusi dituzu aizkoran?

Nerea Sorondo eta Maika Ariztegi bai, denbora gehien daramatenak dira. Xanta ere behin baino gehiagotan ikusi izan dut. Ansorregi oso gutxi, behin edo horrela, eta Tanco ez dut ikusi.

 

Finaleko gazteena zara?

Bai eta aldearekin gainera.

 

Bost enbor ebaki beharko dituzue. Bi 36 ontzakoak, bi 45 ontzakoak eta kanaerdikoa. Bada lana. Horrelako lanik egin al duzu aurretik?

Etxean bai, egin ditut horrelako saioak. Azkenean lan polita da eta emakumeak erakutsi behar dugu horrelako lanak egiteko kapazak garela eta gehiago egiteko ere bai.

 

Norekin entrenatzen zara?

Aitarekin (Roxario Pikabea) aritzen naiz. Bera da erakusten didana.

 

Biak bakarrik?

Normalean bai, nahiz eta batzuetan lagunen bat etortzen den laguntzera. Etxean entrenatzen dut.

 

Aita entrenatzaile gogorra da?

Izaten ditugu gure eztabaidatxoak (barrez).

 

Aizkorak atzetik lan haundia behar du; enborrak jarri, bilatu, ekarri... laguntzarik gabe zaila.

Horrela da. Hau ez da futbola bezala baloi batekin jokatu dezakezuna. Egurra behar da eta alde horretatik lan haundia eskatzen duen kirola da. Bestetik, zortea ere badut, aita mendian aritzen delako lanean. Horrek erraztu egiten du nahiz eta enborrak erosi behar izaten diren eta horrek gastua dakarren.

 

Nolatan hasi zinen aizkoran?

Kuriosoa izan zen. Orain hiruzpalau urte aitak apustua izan zuen Jauregin eta etxean enborrak jarrita zituen. Etxean aspertuta nengoen eta aizkora hartu eta kolpe batzuk eman nizkion enbor bati. Lauzpabost kolpe eman nizkion aita kanpoan zela. Etxera etorri zenean kolpeak ikusi eta galdetu zuen nor izan zen. Nik eman nizkiola kolpeak esan nion eta berak erantzun zidan hurrengorako prestatuko zizkidala enborrak. Horrela, tonto-tonto hasi nintzen. Jokoa izan zena, nire kirola bihurtu zen.

 

Gustoko duzu aizkolaritza?

Bai, gehiegi. Ikaragarri gustatzen zait. Engantxatzen duen kirola da. Oso kirol berezia da.

 

Indarra behar duzu, teknika, auspo ona... korteetan nola moldatzen zara?

Bere zailtasunak ditu aizkorak. Korteak asmatzea ez da erraza, baina asko saiatu naiz ikasten eta gehiago txapelketa prestatzeko garaian, nire buruarekin seguruago joateko. Esango nuke asko hobetu dudala azken epai horretan. Kirol bat da teknikoki beti hobetu daitekeena eta hobetzen joaten zarena. Onenek ere beti ikasten dute zerbait berria. Indar aldetik ere nabaritzen dut gero eta gehiago sartzen dela aizkora eta kolpe gutxiago galtzen ditut.

 

Hernaniko historian egon den lehendabiziko neska aizkolaria zara.

Nik dakidala bai. Gainera Gipuzkoako ordezkari bakarra izango naiz txapelketan. Lau nafar ariko dira eta Uxue Ansorregi bizkaitarra da.

 

Jarraitzeko asmoarekin.

Hau da gustatzen zaidana. Lesioekin arazorik ez badut jarraituko dut. Aizkoran hasi aurretik txirrindularitzan aritzen nintzen eta orain aizkoran. Bi kirolak oso ezberdinak dira, baina bietan gustora aritu eta aritzen naiz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!