AMAK taldeak Gona gorria singelaren bideoklipa atera berri du. 2019an ekin zioten ibilbideari, eta, ordutik, Euskal Herritik barrena, hamaika herritako oholtzetan ibili dira. Maiatzean kaleratuko dute taldeko lehenengo diskoa: AMAK. Taldea osatzen dute Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok; eta lau partaideen izenen lehenengo hizkia hartuta osatu zuten taldearen izena. Kronikak Kris Solano ereñotzuarrarekin hitz egin du, haien ibilbidearen eta bideokliparen berri izateko.
‘Gona gorria’ singelaren bideoklipa atera berri duzue. Orexa herria da lehenengo irudia. Zergatik han?
Bideoklipa sortu behar zutenek antzoki bat eskatu ziguten grabaketa egiteko, leku goxo bat. Eta kontua da, taldea sortu genuenean, lehenengo kontzertua Orexako ostatuan egin genuela. Oso oroitzapen ona dugu, kontzertua bera ederra izan zelako eta lekua ere oso berezia delako. Ganbara bat da eta oso polita da, oso goxoa.
Bertakoei proposatu genienean, jendearen erantzuna pasada bat izan zen. Berehala eman ziguten baiezkoa eta aukera zabala eskaini ziguten. Horrez gain, bideokliparen emaitzarekin ere oso pozik gaude. Taldekide bakoitzak aurretik bere ibilbidea duen arren, orain berriro ere elkartu gara eta ilusio haundiz aritu gara lanean. Beraz, bai, bideokliparekin ere oso gustura aritu gara.
Aurrekoarekin lotuta, esan beharra daukat horren guztiaren atzean jende asko dagoela eta lan haundia egin dela: dantzariak, argazkilariak, bideogileak, editoreak… Oso esperientzia polita izan da eta pozik gaude izandako emaitzarekin. Margolari lanetan Goretti Aranburu ibili da; dantzariak Izaro Telletxea eta Oier Laborde dira, Xabi Solanok ekoitzi du abestia; kolaborazio lanetan aritu dira Arkaitz Miner, Arkaitz Bastarrika, Txus Aranburu eta Zigor DZ; eta, noski, bideokliparen partaide ere izan dira Miel Otxin, Izar Sukuntza eta Arri Studioa.
Maiatzean kaleratuko du taldeak 'Amak' izenburuko diskoa. Argazkia: Arri Studioa
Gona jarri duzue erdigunean. Zer adierazi nahi duzue?
Mezua da gonak ez duela generorik. Abesti hau sortu genuen Bilbon izan zen gertaera baten harira. Mutil batek gona jantzi zuen eta sekulakoak jasan behar izan zituen. Horren ondorioz, Oñatiko mutil talde batek gona jantzi zuen, mutil hari elkartasuna adierazteko.
Taldekoei ikaragarri gustatu zitzaigun babes hori eta pentsatu genuen ideia ona izango litzatekela oraindik eta babes gehiago adieraztea. Horregatik sortu genuen, hain justu, Gona gorria singela. Gaur egun, oraindik ere, tamalez, asko jasaten da hori eta penagarria da. Beraz, kantua horri buruz egitea erabaki genuen.
Bideoklipean bi dantzari ageri dira gona gorriarekin: Oier eta Izaro. Kontzertuetan Izaro aritzen da gurekin, baina uste genuen Oierren figura hori ere ikus-entzunezkoan egotea beharrezkoa zela, nahiz eta, esan dudan moduan, gonak ez duen generorik.
«Gazteagoak ginenean kezka eta ardura gehiago izaten genituen, ea jendeak zer pentsatuko zuen edo... auskalo! Orain, berriz, geure buruari esaten diogu: 'Nahi duguna egingo dugu, gustatzen zaiguna!'»
Entzun dugu Oñatiko jaialdi baten medio sortu zenutela AMAK taldea.
Bai, hori da. Proiektu hau ez da aurretik pentsatutakoa edo ekoitzitakoa. Oñatiko jaialdi batean elkarrekin aritzeko deitu ziguten eta hortik, beste hainbat jaialditan elkarrekin parte hartzeko ere deitu ziguten. Horren ostean, dei gehiago ere jaso genituen, eta, beraz, lauok elkartu ginen eta erabaki genuen AMAK sortzea. Hala ere, esan dudan moduan, ez dugu inolako metarik; alegia, bukatzen denean bukatuko da eta listo. Gure helburu bakarra gozatzea da. Izan ere, aurretik ere lauok aritu ginen abeslari eta musikari lanetan, eta nahiko lan egindakoak gara.
Gainera, lauok gara amak eta denbora batez isilik egon gara. Beraz, orain berriro hasteko aukera ikusi dugunez, gozatzeko unea da. Agobiatu gabe!
Lehenago ez zineten batera aritu, ezta?
Lauak batera ez. Baina Amaia eta ni, adibidez, bai. Gero, Maixa ibili da Maixa eta Ixiar taldean eta Alaitz, berriz, Alaitz eta Maider taldean.
Eskarmentu haundiko musikariak zarete lauak. Erraza izan al zen lanean elkarrekin hastea?
Musikalki ez zen zaila izan, guztiok genuelako nahiko argi nondik jo nahi genuen. Egia da bakoitzak bere gustuak dituela; baina, oro har, ondo moldatzen gara. Gainera, guztiontzat instrumentu nagusia trikitixa da, eta baita panderoa, peñaparda eta ahotsak ere. Beraz, musikalki aurrera egitea ez zaigu zaila izan.
Hala ere, beste alderdi batzuei dagokienez ez da hain erraza izan. Lauok gara amak eta konplikatua izan da guztiok elkartzeko tarteak topatzea. Etxetik kanpo ere lan egiten dugu eta egia da, alde horretatik behintzat, arazoak izan ditugula elkartzeko. Baina beste gauzen antzera, gogoa dagoen bitartean beti egiten da aurrera! Eta horixe egin dugu guk.
«Lauok gara amak eta denbora batez isilik egon gara. Beraz, orain, berriro hasteko aukera ikusi dugunez, gozatzeko unea da. Agobiatu gabe!»
Norberak bere bidea egin badu ere, urteak daramatzazue honetan. Zer aldatu da?
Urte batzuk atzera eginda, gu genbiltzanean, dagoeneko hasi ziren berrikuntzak ematen. Alegia, ez ginen ibiltzen trikitixa eta pandero hutsean. Gure kasuan, talde moduan aritu gara eta kontzertuetan eboluzioa ikusi da. Nire anaiaren kasua aipa genezake, Zigor DZrena edota Esne Beltzarena, adibidez. Hala ere, trikitixari dagokionez behintzat, esango nuke ez dela aldatu. Nik bizi izan dudana, behintzat, gauza bera izan da. Baina trikitixatik harago, bai. Aldaketa sumatu da.
Esan daiteke zuen emanaldiak nahasketa bat direla euskal folkloreko doinu tradizionalen eta berritzaileen artean?
Bai. Saiatzen gara bai zaharra, bai berria sartzen; eta baita biak nahasten ere. Denetarik egiten ahalegintzen gara. Orain arte gure kantuen bertsioak egin ditugu, eta baita beste talde batzuenak ere. Modernoak eta zaharragoak. Biak. Orain, disko berrian, gure kantuak izango dira gehienak.
Horrez gain, normalki, bestelako kontzertuetan, beste hainbat instrumentu erabiltzen dira. Baina gure kontzertuetan, berriz, soilik daude trikitixa, panderoa, peñaparda eta gure ahotsak. Ez daukagu beste ezer. Horregatik, zuzeneko ikuskizunei begira, errazegia egiten zaigu. Gero, jendeak gustuko duen ala ez, hori beste gauza bat da. Baina eroso sentitzen gara horretan, oso gustura!
AMAK taldeko kideak (Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solano). Argazkia: Izar Sukuntza
Lauak zarete emakumeak, musikariak eta amak. Indartsu sentitzen al zarete oholtza gainean?
Bestearen babesa asko nabaritzen dugu. Adinarekin ere indartsuagoa egiten zara oholtzan. Gazteagoak ginenean kezka eta ardura gehiago izaten genituen, ea jendeak zer pentsatuko zuen edo… auskalo! Orain, berriz, geure buruari esaten diogu: Nahi duguna egingo dugu, gustatzen zaiguna!
Gure aldetik, ez dugu kezkarik agenda betetzeko edota kontzertuak antolatuko diren edo ez jakiteko. Bizi dugun garaia ikusita, zertxobait arraroa da hori. Baina, esan dizudan moduan, proiektu hau ezustean sortu zen, eta gure helburua momentuaz gozatzea da. Ez dugu lan bat bezala hartuko, baizik eta gozatzeko zerbaiten antzera.
«Abestien gaiei dagokienez, denetarik dago. Hausnartutakoak dira, gure oso gustukoak. Bat, adibidez, Atsolorrari
buruzkoa da»
Taldea sortu zenetik publikoaren erantzuna oso ona izan da. Nola bizi izan duzue hori? Espero al zenuten?
Ez genuen inondik inora ere espero. Pandemia mundial honen aurretik kontzertu pila bat genituen hitzartuta, eta, ondoren, konfinamendua amaitu zenean, udaran ere kontzertu asko eman genituen. Sekulakoa izan da, eta eskerrak! Lehen esan dizudan moduan, guretzat hau ez da lan bat, gozatzeko proiektu bat baizik. Hala ere, jende asko dago honen guztiaren atzean lanean, eta hontaz bizi da. Beraz, eskerrak kontzertuak atera diren.
Kontzertuen data berriak aurreikusi al dituzue? Ba al duzue bailaran aritzeko asmorik?
Bai. Diskoa maiatzean argitaratuko dugu eta esango nuke lehenengo kontzertua Bergaran izango dela, maiatzaren 15ean. Eta hemen inguruan, bailaran ez, baina Andoainen izango gara. Joan den urtean Ereñotzun izan ginen martxoaren 8an. Pandemiaren aurreko azkeneko kontzertua izan zen eta pasada bat izan zen. Niretzat oso berezia. Etxean nengoenez zertxobait urduri nengoen, baina asko gozatu nuen.
Trikitixa, panderoa eta 'peñaparda' dira instrumentu nagusiak, baina ahotsak ere garrantzi berezia du zuen emanaldietan.
Ahotsak trikitixak bezain garrantzi haundia du gure kontzertuetan. Gustatzen zaigu eta asko lantzen dugu hori. Ez da konplikatua lau ahotsak uztartzea, lehendik ere bi ahotsetan ere aritu garelako. Ez da gauza bera, eta muntaketan, adibidez, lana haundiagoa da. Baina gustura gabiltza eta ondo moldatzen gara.
Disko berriaren grabaketa egin duzue. Zer jasoko dute entzuleek?
AMAK da diskoaren izenburua, eta maiatzean plazaratuko dugu, hilabetearen hasieran. Gure lehenengo diskoa da eta ilusio haundia dugu.
Era askotako kantuak izango dira. Betiko trikitixa eta arin arina, baina baita bestelako musika ere. Gona gorrian ikusi da aldaketa hori, trikitixako eredu horretatik ateratzen delako.
Xabi Solano ibili da produktore lanetan eta oso disko bariatua iruditzen zait. Horrez gain, Karmele Jaiok eta Onintza Enbeitak egin dituzte kantu batzuen letrak, eta guretzat oso berezia izan da.
Zenbat abesti ditu diskoak?
Denera, 8 kantu egin ditugu: zazpi gureak dira eta azken bat, berriz, bertsioa da. Azken hori kotxean nengoela entzun nuen irratian, eta asko gustatu zitzaidan. Grabaketa asko egiten ditut kotxean eta hori ere horrelaxe egin nuen, doinua grabatu. Baina kuriosoena da ez dakidala abestiaren egilea nor den. Diskoan jarri dugu bertsioa dela, baina egilea nor den ez dakit oraindik!
Abestien gaiei dagokienez, denetarik dago. Hausnartutakoak dira, gure oso gustukoak. Bat, adibidez, Atsolorrari buruzkoa da. Hiru urtez hartu dut parte festa horretan Ereñotzun, eta asko gustatu zitzaidanez, horri buruzko kantua egitea pentsatu nuen. Horrez gain, joan den urtean Olaberritik eskaintza bat heldu zitzaigun, Gerra Zibilean hildakoei omenaldi txiki bat egin nahi zietenez, guk kantu bat egiteko. Aho batez onartu genuen eta gure diskoan izango da. Horrekin lotuta, Olaberriko bi bertsolarik egindako bertsoak ere diskoan daude entzungai. Bestalde, emakume baserritarrei eskainitako kantu bat ere badago. Horretan, hain ahaztuta ditugun emakume horiek ekarri ditugu gogora. Eta, noski, amari eskainitako abestia ere badago.
Kantu bakar bat aukeratzea, beraz, zaila da, ezta?
Bai, bai. Oso zaila da. Denak ditut oso kuttunak. Egia da badagoela jaialdi baterako aspaldi egin genuen kantu bat. Kontzertuetan hori jotzen ibili gara eta grabatuta ez genuenez, uste genuen beharrezkoa zela diskoan egotea. Agian, hori izan daiteke kuttunena. Baina, ez; guztiek izan dute bere lanketa eta prozesua, eta denak dira kuttunak.
Kolaboraziorik izan al duzue?
Aipatu dudan moduan, kontzertuetan panderoa, trikitixa, peñaparda eta gure ahotsak izaten ditugu. Diskoan, berriz, zerbait potenteagoa sortu nahi genuen. Izan ere, behin diskoa grabatuta, entzungarria izatea nahi genuen. Horregatik, zenbait musikarirekin jarri ginen harremanetan. Nire anaia produktore lanetan aritu da eta instrumentuetan Txus Aranburu, Arkaitz Miner, Zigor DZ eta Arkaitz Bastarrika aritu dira.
Amaitzeko… Zuk, Kris, zure anaia Xabi Solanorekin ere egiten duzu lan. Zer duzue esku artean?
2017an proiektu bat sortu zuen Xabik. Proiektu horrekin, antzokietan batu genituen musika, antzerkia eta dantza; eta horretan aritu ginen. Ondoren, bi urte beranduago, disko berri bat kaleratu zuen 2019an. Horretan ere, oholtza gainean dantzariak izaten dira gurekin. Joan den urtean Hernanin izan ginen eta oraindik ere emanaldi horrekin gabiltza.
Egungo osasun dela eta, geldialdia izan dugu, baina maiatzean ekingo diegu kontzertuei, berriz ere. Zehazki, hurrengo emanaldia maiatzaren 1ean dugu, Aian.