Ezohiko aurrekontua da, aurten Ereñotzuko Auzo Udalak auzotarrei aurkeztu diena, otsailaren 20an egin zuten batzarrean: normalean baino nabarmen haundiagoa. 842.594,47 euro dira guztira, baina horietatik, 355.500 euro dira, ohiko aurrekontua osatzen dutenak. Hori da Hernaniko Udaletik jaso duen zatia, 2020an baino %10,5 txikiagoa. Gainerako 487.094,47 euroak, berriz, ezohiko sarrerak dira: aurreko urtetik datorren gerakina, 2020ko aurrekontuarekin lotuta egiteko dauden ordainketa batzuk, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik landa bideetarako jasotako dirulaguntza.
Horien artean, bereziki potoloa da gerakina: 397.411,13 euro. «Urte zaila izan da 2020a, eta egitasmo guztietan izan du eragina. Lan txiki batzuk egin ahal izan genituen, baina beste batzuk asko luzatu eta atzeratu egin zaizkigu. Hernaniko Udaleko teknikariekin aritzen gara gu ere, eta normalean, hemengoak ez dira izaten beraien lehentasunezko gaiak. Borroka hori izaten dugu urtero, eta 2020an inoiz baino gehiago nabaritu dugu», azaldu du Unai Erroitzenea alkateak. Hori horrela, 2020rako aurreikusita zeuzkaten inbertsio ugari geratu dira egin gabe, eta Auzo Udalaren gerakina izugarri haunditu da: 2020 hasieran 245.341 euro izatetik, 397.411,13 euro izatera pasa da urtebetean. «Seguruenik, kopuru hori haunditu egingo da urte bukaerarako, eta oso ondo etorriko zaigu futbol zelaiaren eremuko proiektua gauzatzeko», aurreratu du.
Futbol zelaiarako proiektua idazteko urtea, aurtengoa
Pandemiak atzeratu duen proiektuetako bat da, hain justu, futbol zelaiko eremukoa. Joan den urtean, martxoan ziren auzotarrekin batzarra egitekoak, hiru proposamen ezberdin aurkeztu, eta denen artean erabakitzeko zer egin eremu horretan. Pandemiak atzeratzea behartu zuen, eta uztaileko bigarren deialdian ere ezin izan zuten batzarra egin. «Irailaren bukaeran egin genuen azkenean. Hiru aukera jarri ziren mahai gainean, baina planteamendua izan zen, bakoitzaren alde positiboak hartu, eta horiekin bat osatzea. Lan hori eginda dago, baina orain aurreproiektua egin behar da, gero oinarrizko proiektua, eta exekuzio proiektua azkenik. Denbora beharko dugu oraindik», dio Erroitzeneak.
Batzarrean egindako aukeraketarekin, honako itxura hartuko luke eremuak, alkateak azaldu duenez: «erdian kantxa multikirol bat egitea planteatu da, porteria finkorik gabe. Ibilbide zirkular bat ere egin nahi dugu, buelta osoan. Hainbat altzari ere jarriko dira, eta adinekoek ariketak egiteko makinak ere aurreikusita daude; baita haurrentzako parke bat ere. Ideia bat ere badago, goiko errepidearen ondoko espaloitik miradore moduko bat eraikitzeko, eta azpian aterpe moduko bat sortzeko. Eta grada moduko bat ere izango luke, jokua emango lukeena ekitaldiak antolatzeko. Lurrari dagokionez, ez dago erabakita. Baina toki batzuetan zuloak dauzkan baldosa jarri liteke, belarra hazten uzten duena. Kontua da, momentu batzuetan aparkaleku bezala ere erabili beharko dugula, eta horretarako aukera eman behar du. Bizikletekin ibai ingurura jaisteko aukera ere izango luke eremuak, bide batetik. Eta bizikleten mantenurako postu bat jartzea ere proposatu izan da».
Edonola ere, obrak 2022an egitea aurreikusi dute: «proiektu potoloa izango da, gure gaitasun ekonomikoa kontutan hartuta; eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzetara aurkeztuko dugu, 2022ko deialdian. Horregatik, aurten bukatu nahi dugu proiektua, eta ondo prestatu datorren urtean gauzatzeko».
Ibai bazterreko eta baso lurretako kezkei, aurre
Ingurumenari dagozkion gaiekin dago kezkatuta Auzo Udala, eta kezka horiei aurre egiteko bi egitasmo dauzka martxan, urte honetarako.
Batetik, urteroko arazoa da, Urumea ibaiaren bazterrean pilatzen den zikinkeria, udara partean bisitariak ugaritzearekin batera: «egoera hori irauli nahi dugu. Hernaniko Udalarekin eta Aldundiarekin egin genuen agerraldi bat aurreko urtean, eta orain, Hernaniko Udala diagnostiko bat ari da egiten, enpresa baten bitartez. Ekintza plan bat ere zehaztuko dute, eta badakigu inbertsio bat eskatuko duela, behar diren egokitzapenetarako. Baina horren zain gaude, eta pixka bat kezkatuta ere bai. Ekaina laster iritsiko da, eguraldi ona hasiko da, eta egungo egoeran, jendea etortzen hasiko da», azaldu du Erroitzeneak.
Eta bestetik, azkeneko urteotan eukalipto landaketak ugaritu izanarekin kezkatuta, «basoen kudeaketan eragiten hastea» da Auzo Udalaren asmoa. Horretarako, aurrenekoz gorde du partida bat, baso lurrak erosteko: «deialdia zabaldu nahi dugu lurjabe txikientzat, bermatzeko lur horietan bertako basoa garatuko dela, eta dagoen ondare naturala kontserbatuko dela, egungo politika forestalarekin bermatu ez dena. Ea lortzen dugun, saltzeko prest dauden lurjabe txiki horiek azaleratzeko. Beste irtenbide bat eman nahi diegu, bestela errazena delako enpresa forestal haundiei saltzea. Guk gure ahalegina egingo dugu, gure gaitasun ekonomikotik; eta horrekin nahi dugu eragin, beste administrazioek ere bide hori hartu dezaten».
Ondoren, erositako lur horietan, jarri nahi dute martxan Aranzadirekin prestatzen ari diren egitasmo bat, ondare naturalaren kontserbazioa izango duena jomuga.
Beste bi egitasmo ere badauzka Auzo Udalak, aurtengo planean, ingurumenarekin lotuta. Batetik, Harrapazka Egunaren inguruko informazio panelak jarriko ditu, Igoringo lepoan: «iratzea edo iñistorra mozteko garaiaren irekiera zen Harrapazka Eguna, eta horren inguruan, pago bat landatu zen Igoringo lepoan, garai batean han zegoen pago baten ipurdian elkartzen zirelako Harrapazka Egunean. Landaketa hartan hartu zuten parte, azkeneko Harrapazka Egunetan aritutakoek. Eta orain, historia horri buruzko panelak jarri nahi ditugu bertan».
Eta azkenik, esku artean dauka, Urumeako oinezko bide zaharra berreskuratzeko egitasmoa, bailarako beste hiru udalekin batera: Arano, Goizueta eta Hernani. Bide horren berri eman zuten Joxe Jabier Etxeberria goizuetarrak eta Iñaki Sanz-Azkue hernaniarrak, Hernaniko 2020ko Urtekarian; eta horren harira, bilerak egin dituzte lau udalek, «ikusteko bideragarria den, beraiek deskribatutako ibilbide hori markatzea, eta txukuntasun egoera minimo batean mantentzea. Ondarearen ikuspegitik eta bailarako elkarren artean lotzeko, oso garrantzitsua iruditu zaigu. Eta kanpora begirakoa baino, barrura begirakoa izango da», dio Erroitzeneak. Orain, udal bakoitzak aztertuko du bere herriko lurretan dagoen zatia, «ikusteko zein egoeratan dagoen, eta baloratzeko zer nolako lana eskatuko lukeen. Zati batzuk asfaltatuta egongo dira gaur egun; eta beste batzuk, aldiz, erdi galdutako bideak izango dira».
Aparkalekuetan eta bideen norabidean, berrantolaketa
Gainerakoan, herri bideei dagozkien zenbait lan egingo ditu Auzo Udalak aurten. Horrela, konponketak egingo ditu bi bidetan. «Batetik, Intsusadiko bidean, Fagollaga eta Lastaola artekoan, lurjausi bat dago bidearen azpiko aldean, eta hori konpondu nahi dugu. Azterketa geoteknikoa egin genuen, eta aste honetan jasoko dugu obraren aurrekontua. Eta bestetik, Alkatxuingo bidea, Katiluzarrekoa, bi zatitan hobetu nahi dugu: ur deposituaren ondoan, pitzadurak daudelako eta hautsita dagoelako; eta igoeraren azkeneko zatian, aldapa haundia dagoenez eta irristakorra denez, asfaltoa berrituko dugu, hobeto heltzeko», azaldu du alkateak.
Alkatxuingo bideetan, beste lanik ere egingo dute aurten: norabide bakarrekoak izango dira, bertakoentzat izan ezik, eta hala seinalizatuko dute. Horrela, Latxebistako bidea, Iturralde gainetik dijoana, izango da igotzeko; eta Katiluzarrekoa, aldapa haundiena daukana, jaisteko. «Trafiko asko dago azkenaldian, eta horrelako bide estuetan ibili gabeko jendeak, arazoak izaten ditu beste kotxe batekin gurutzatzean. Autobusen bat ere geratu izanda, ez atzera ez aurrera, GPSak gaizki bidalita».
Bisitari kopurua haunditu izanak eraginda, aparkalekuetan ere egingo dute berrantolaketarik: «momentu batzuetan, kotxe dexente pilatu dira, plaza eta parke inguruan; eta nahiko gaizki aparkatuta batzuetan. Horregatik, pintaketa eta seinalizazio lanak egingo ditugu, mugatzeko eta antolatzeko. Plazan edozein modutan aparkatzen du jendeak; eta jarriko dugu bost kotxerentzat aparkalekua alde batean, baina bestean ezingo da aparkatu. Aldapan ere, Auzo Udalaren aldean aparkatzen denean, espaloi gainean uzten dute kotxea, eta oinezkoaren kalterako da beti. Horregatik, markatuko dugu beste aldean aparkatzeko, eta paso alternoarekin ibiltzeko trafikoa, ikusgarritasun ona dagoelako zati horretan. Estutasun bat eragingo du horrek, baina proba egingo dugu, obra potoloetan sartu gabe, konponbidea eman diezaiokegun. Eta goiko aldean ere, markatuko dugu non aparkatu daitekeen eta non ez; bestela, atari aurreetan aparkatzen dute, edo bi aldeetan. Ahaztu egiten zaigu, oso gertu dagoela aparkalekua, futbol zelaiaren ondoan; eta han aparkatzeko tokia izaten dela gehienetan», dio alkateak.
Bideetako lanei dagokienez, azkenik, Epeleko Torreko bidean argiteria hobetzeko obra zibila egingo du Auzo Udalak aurten, joan den urtetik atzeratu zena.
2020 aldrebesean ere, kultur ekitaldi ugari eta zenbait obra
Pandemiak eten haundia eragin zuen, 2020 osoan zehar. Hala gertatu zen Ereñotzun ere, egitasmo ugari atzeratu eta ekintza gehienak bertan behera geratuta, San Antonio jaietakoak tartean. Baina hala ere, kultur ekitaldi ugari izan dituzte auzotarrek, Olak Auzo Elkartearen eskutik: «ikusita beste herri batzuetan nola ibili diren, esan daiteke ekintza asko izan direla Ereñotzun, eta arrakasta izan dute gainera», nabarmendu du Erroitzeneak.
Egoerak eraginda, frontoian egin dituzte ekintza gehienak, eta ikusi dute, ez dituela betetzen areto itxi baten baldintzak. Hori hobetzeko asmoz, 12.882,14 euroko inbertsioa egin du Auzo Udalak, proiektore on bat eta pantaila erosteko. Inbertsio gehiago ere egin ditu 2020an, bereziki obra txikiekin lotutakoak: futbol zelaiaren ondoan erosi zuten lokal bat txukuntzeko lanak, biltegi bezala erabiltzeko (11.611,16 euro); Larre Gain eta Akola arteko bidean konponketak, bi-hiru tokitan hormigoia pitzatuta zegoelako (5.893 euro); Epelen babes hesiak jartzea (2.776,12 euro); Txirrita eskolako patioan argiteria berritzea (1.773,46 euro)... Pandemia hasi aurretik, Aparraingo bideko asfaltatze lanak ere bukatu zituzten, eta inbertsio potoloa izan zen hura (61.248,66 euro).
Ohiko egitasmoek segida, eta dirulaguntzak mantendu
Gainerakoan, ohiko egitasmoei eta dirulaguntzei eutsi nahi izan diete 2020an, eta hala egingo dute 2021ean ere. Aerobik eta yoga ikastaroak mantendu dituzte, talde txikietan; eta aerobiken, gainera, bi talde berri osatu dira, beste 10 lagun apuntatu baitira. Berriketan egitasmoak izan du etenaldia, adinekoak astean behin elkartzeko hitzorduak; baina posible denean heldu nahi diote horri berriro. Eta baita Argitu saioei ere, adinekoei laguntzeko fakturak ulertzen eta administrazioarekiko tramiteak egiten. Dirulaguntzetan ere ez da aldaketarik izan, eta ohiko kopuruak jasoko dituzte Olak Auzo Elkarteak, Ur Mia Elkarteak, eta Dobera Euskara Elkarteak. Doberarekin, gainera, Burbunak eta etsayak liburua argitaratuko du Auzo Udalak aurten, bi tomotan: aurrenekoa apirila-maiatza aldera, eta bigarrena urte bukaeran.
Eraikin publikoen garbiketan izan da aldaketa: «asko indartu dugu pandemiaren eraginez, bereziki eskolaren kasuan, eta horrek eragina izan du kostuan ere. 2021ean ere, errefortzu horri eutsiko diogu behar den bitartean», azaldu du alkateak.
Pandemiaren arabera egokitu beharko du Auzo Udalak, halabeharrez, 2021 urtea ere.
EREÑOTZUKO AUZO UDALA - 2021eko aurrekontua
Ohiko aurrekontua (Hernaniko Udaletik) 355.500 euro
-Pertsonal gastuak 42.900 euro
-Gastu arruntak 213.950 euro
-Elkarteei dirulaguntzak eta hitzarmenak 38.550 euro
-Inbertsioak 60.000 euro
-Finantza aktiboak 100 euro
Ezohiko diru sarrerak 487.094,47 euro
-2020 urtetik datorrengerakina 397.411,13 euro
-2020ko aurrekontutik lotutako ordainketak 55.453,36 euro
-Aldundiaren landa bideetako dirulaguntza 34.229,98 euro
2021erako egitasmo nagusiak:
-Ibai ertzetako egoera hobetzeko diagnostikoa eta ekintza plana
-Landa lurren ondare naturalaren kontserbaziorako egitasmoa
-Harrapazka Egunari buruzko panelak Igoringo lepoan
-Urumeako oinezko bide zaharra berreskuratzeko egitasmoa
-Herri bideetan konponketak: Alkatxuingo bidea, Intsusadikoa
-Futbol zelaiaren erabilera eta egokitzapenen proiektua idaztea
-Erdiguneko aparkalekuen antolaketa eta seinalizazioa egokitzea
-Ereñotzu eta Alkatxuin arteko bi bideetan trafikoa erregulatzea