«Egoera da espeziala, hara ze erremedio! San Antonio raroa baina, halare San Antonio»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 14a, 00:00

Asier Azpiroz eta Unai Agirre bertsolariak aritu ziren kantari, Ereñotzun barrena.

Festarik ez bada ere, San Antonio eguna girotu zuten txistulari eta bertsolariek atzo.

Ohiko festarik ez zen izan atzo Ereñotzun, baina ospakizunari ez zioten hutsik egin nahi izan auzotarrek, San Antonio egunez. Eta polit-polit apaindutako balkoien deiari erantzunez, giro ederra zabaldu zuten auzoko txoko guztietara, Hernaniko txistulariek eta Asier Azpiroz eta Unai Agirre bertsolariek.

Hernaniko txistulariak, Fagollagatik oinez abiatu eta doinu alaiak zabaltzen, Ereñotzuko erdigunera bidean.

Ezin zuen bestela izan, eta San Antonio egun berezi bezain arraroari kantari aritu zitzaizkion bi bertsolariak, auzotarrak etxeetako atari eta balkoietan adi-adi zituztela. Hauxek, bota zituzten bertsoetako batzuk:


Egunon danoi lehendabizikoz

ahotsa nahi degu iyo

hobia degu gure jaunari

eskatu ez bageniyo

baina berriro hementxe gatoz

umoretsu nahiz seriyo

lehenguan Santa Ageda gendun

eta gaur San Antoniyo.

Egun haundia degu gaurkoa

eta gu gatoz propiyo

etxeetako usainari re

soinu goxua dariyo

egoera da espeziala

hara ze erremediyo!

San Antoniyo raroa baina

halare San Antoniyo.

Esan ziguten ta bildu gera

hemen ahal gendun koadrila

batzuentzako gutxitxo gera

ta besteen ustez pila

etxerik etxe muitu nahi degu

zuen umorean bila

auzoan festak dituzue ta

pixka bat nota dadila.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!