Ekintzaz eta ospakizunez betetako asteak izaten dira hauek, Ereñotzun; urteko mugituenetakoak. Ereñotzuko Mendi Lasterketak, maiatzaren 31n, eta Euskal Herriko Bola Txapelketaren final haundiak, ekainaren 6an, egin behar zituzten beroketa lanak, aste honetako San Antonio jaietarako. COVID-19ak eragindako osasun alarma egoerak, ordea, bertan behera utzi ditu denak; bai kirol ekintzak, eta baita San Antonioak ere.
Ez dituzte betiko moduan ospatuko auzoko jaiak, aurtengoan; eta ez da izango dantza emanaldirik, kontzerturik, herri kirol saiorik, pelota partidurik edo bestelako ikuskizunik. Baina urteroko moduan ospatu ezinda ere, egun berezia da larunbatekoa, San Antonio eguna, eta ez dute «oharkabean pasatzerik nahi», Jai Batzordeak nabarmendu duenez.
Eta horregatik, auzoa girotu nahian, beste modu batera ospatzeko gonbitea luzatu diete, ereñotzuar guztiei.
Balkoiak kolore biziz apaintzeko gonbitea, denei
Txistularien dianak esnatuko du San Antonio eguna, Ereñotzun, doinu alaiekin giro ona zabaltzeko asmoz. Eta ondoren, bertsolariak ere ibiliko dira auzoan barrena, errimak harituz umorea eramateko, txoko guztietara. Elkarrekin abiatuko dira Epeletik, 09:00etan, Hernaniko txistulariak, eta Asier Azpiroz eta Unai Agirre bertsolariak.
Txistu doinuekin zein bertsoekin gozatzeko gonbitea luzatu die Jai Batzordeak auzotar guztiei, eta eskaera bat ere egin die: etxeetako balkoiak, kolore biziz apaindu ditzatela, asteburu berezirako.