Bertan behera gelditu da azkenean Ereñotzuko Mendi Lasterketaren aurtengo edizioa. Maiatzaren 31n egitekoa zen, urtero moduan San Antonio jaien aurretik. Baina Koronabirusak eragindako egoera honen aurrean, lasterketa ez egiteko erabakia hartu du antolakuntzak, «beharrezko segurtasun eta osasun baldintzak emango ez direla aurreikusten dugulako».
Aurtengoa gainera, 10. edizioa izango zen, hala ere, 2021ean ospatuko dela adierazi dute. Axeriak Mendi Lasterketa Taldeak, probaren antolatzaileak, nabarmendu du, ez dela lasterketetan pentsatzeko garaia, «bizi dugun osasun egoerarekin ez behintzat».
Bere elkartasuna helarazi nahi izan die Ereñotzuko eta Hernaniko bizilagun guztiei honako mezu honekin; «espero dugu denak onik eta osasuntsu ateratzea egoera honetatik. Zentzuz jokatu behar dugu orain, guztion onerako eta etxean geratzeko momentua da. Mendi federazioetatik behin eta berriro errepikatu diguten bezala, mendiak zain izango ditugu, dena bere onera bueltatzen denean».