TXIRRITA ESKOLA

«Momentuan momentukoa egin behar dugu, ez baitakigu hemendik bi egunetara nola egongo garen»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mar. 20a, 10:30

Garbiñe Makatzaga Otxandorena zuzendaria izan da Txirrita eskola zapaldu duen azkena. Bideoa: 'kronika.eus'

Sektore guztietako langileei, adin guztietako herritarrei eragiten diete COVID-19, Koronabirusaren hedapenaren aurkako neurriek. Garbiñe Makatzaga Otxandorena goizuetarrak, Ereñotzuko Txirrita eskolako zuzendariak, bertako berri eman du.

Nola eragin dizue eskola ixteak?
Eragina haundia da, egunerokotasunetik aldaketa haundia da. Lehenengo abisua izan zen, umeak ez etortzeko, eta hasi ginen zuzendaritzatik prestatzen nola lan egin hemen, eta nola bideratu etxerako lanak edo jolasak; zer egin zezaketen etxean. Aprobetxatu nahi genuen, baita ere, eskolan ditugun proiektuak eta plangintzak garatzeko, gure artean lan egiteko. Eta hori, gutxi-gorabehera, bideratzen ari ginela, bat-batean etorri zen agindua, guk ere ezin genuela eskolan egon. Horrek gauzak zailtzen ditu. Ikasleekin ezin gara egon, eta irakasleok, gure artean, ere ez. Eskola hutsik dago. Ni bakarrik geratu naiz hemen, eta momentu honetan lan egitea nahiko zaila da.

Nola hasi zarete antolatzen?
Hasieran, gurasoei gomendioak bidali eta guk hemen gure plangintzarekin aurrera jarraitzeko asmoa genuen. Baina asteburuan hartu da erabakia, hemen ez elkartzekoa. Elkartzeko beste bide batzuk erabili behar ditugu, eta teknologiak, horretan laguntzen du. Ireki dugu txat moduko bat, eta irakasleok bertan partekatzen ditugu dauzkagun asmoak. Elkarrizketarako aukera badaukagu. Bideo-deiak egiteko aukera aurrerago ikusiko dugu. Horrez gain, badauzkagu sare gehiago. Driven lanak partekatzen ditugu. Hori, gure eskolan. Beste antolakuntza modu bat, lagungarri egiten ari zaiguna da, EAEko 170 bat zuzendari gauden Telegram sarea. Erabakiak hartzean, hemen bakarrik sentitu beharrean, badaukagu aukera ikusteko beste eskoletan zer egiten ari diren, beraiei ikuskariak zer esan dien.. Eta Eskola Txikien whatsappa ere badugu. Ez da berdina eskola haundi batek izango dituen erronkak eta guk ditugunak. Ondo datozkigu elkarren artean hitz egiteko modu hauek, elkar ikusi ezin dugunez.

Nola ari zarete neurri eta erabakiak hartzen?
Egunez egun. Ostegunean erabakia hartu ostiralerako, eta ostiralean jada ez zuen balio. Eta ostiralean saiatu ginen planifikatzen zerbait, eta asteburuaren ondoren, ezin garatu. Pazientzia haundia behar da orain, gauzak lasai hartu. Eta ari gara. Goizeko 09:00etan zerbait pentsatu, eta saiatzen gara ikusten ea horrekin jarraitu dezakegun. Egunean egunekoa eta momentuan momentukoa egin behar dugu, ez baitakigu hemendik bi egunetara nola egongo garen.

Bigarren ebaluazioaren bukaeran zaudete. Zein lan dauzkazue egiteko?
Bukatu da guretzat, eta esan nahi du informeak bidali behar direla etxeetara. Eskola batzuek guraso bilerak egiten dituzte eta guk ez; batzuekin biltzen gara konkretuki, nahi dugulako. Informeak emailez bidaltzen Eguberrietan hasi ginen, eta beraz, hor ez dugu zailtasunik. Irakasleak momentu honetan informeak bukatzen ari dira, eta etxean egin dezaketen lan bat da. Programazioak ere etxean egin litezkeen gauza dira. Horretarako, goizeko 09:00etan (martxoaren 16an) elkartu gara hemen zuzendaritza taldea. Hiru gara: ikasketa burua, idazkaria eta ni, zuzendaria. Aritu gara pentsatzen zer egin dezakegun. Saiatuko gara Drivera igotzen ustez behar izango ditugun dokumentuak, hemen ez egoteko. Bihartik aurrera etxean egongo gara. Irakasleei eskatu zitzaien etxean geratzeko, eta etorri behar bazuten, izan zedila liburu edo material bila, eta ez denak batera. Horrela, bigarren ebaluazioari bukaera emateko arazorik ez dugu.

Ikasleekin nola ari zarete lanean?
Ostegunean tutoreek irakurtzeko liburuak bidali zizkieten; jolasen bat eta etxerako lanak ere bai, fitxak. Gure asmoa da gaur bertan prestatzen ari naizen galdeketa bidaltzea gurasoei, jakiteko zein baliabide dituzten etxean. Ez ditugu edukietan aurreratzeko bideak jarri nahi, ez dakigunean etxeetan denek teknologiak badituzten: ordenagailuak, inpresorak... Hori ere, pixkanaka, eta egunean egunekoa ikusiz. Batez ere, gomendioak bidaltzen dizkiegu; zer egin dezaketen egun osoan zehar ez aspertzeko. Etxetik atera gabe egotea oso gogorra izango da bi-hiru egunetan. Gaur, adibidez, Katiluzar Guraso Elkartearen whatsappera erronka bat bidali diegu. Balkoiak apaindu eta argazkiak guri birbidaltzeko, gero blogean jartzeko. Elkar komunikatzeko beste modu bat izan daiteke. Horrelako gauzak ere bidali ditzakegu.

Irakasleren batek baja hartu behar balu zer gertatuko da?
Ez dakit nola funtzionatuko duen. Ordezkorik ez luketela bidaliko pentsatzen dut. Baina ez dakit, ez dut galdetu. 

Gaixotzeko beldurrik izan duzue?
Ostiralean umerik ez genuen, baina bai, beldurra badugu. Baina ez irakasle izanagatik, herritar garelako baizik. Hemen justu kutsatzeko beldurrik ez dut, baina kanpoan bai. Hemen lankide gutxi elkartu gara. Elkartu baino gehiago, ikusi egin gara! Distantzia mantendu egin dugu, esan dizkiguten gomendio guztiak jarraitu nahian. Baina konturatu gara oso zaila dela; elkartu eta elkarri papera pasatzean, adibidez, kutsatu bagintezkeen, kutsatuko ginen, eta horrela joango ginake etxera.

Lehen Hezkuntzara arteko ikasleak dauzkazue. Honek guztiak eragin dezake ikasleen garapen akademikoan?
Haur txikiei gogorra egingo zaie etxean egon behar dutelako, baina hartu dezakegu oporraldi bat bezala. Esan nahi dut, agian ez direla ari ikasten irakurtzen, baina ikasiko dutela. Ez da ezer gertatzen. Kezka gehiago sortu daitezke seigarren mailako ikasleekin, datorren urtean DBHra dijoaztelako. Baina baliabideak jarriko ditugu ikas dezaten. Hala ere, gu itxita gauden bezala, DBH eta institutuan ere nabarituko dute, eta ezingo dute berdin egin lan. Datoren urtean ikasleak uste baino lan gutxiago eginda badoaz, ulertuko dute. Elkar ulertuko dugu.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!