Beti izaten da berezia txotx irekiera ekitaldia, eta beti pizten du ilusioa bertaratuen artean. Baina gaurkoan, beharbada, gonbidatuen nolakotasunak bestelako barne-emozio bat gehitu dio ekitaldiari. Euskal Pilota Selekzioak izan du sagardotegi garaiari hasiera emateko ardura, aurrenekoz selekzio ofizial gisa Nazioen Ligan aritu ondoren. Eta lorpen horren zein euskal pelotaren garrantzia ageriko geratu da, erakundeetako ordezkarien hitzartzeetan, Erribera kulturguneko aurkezpenean.
Urtetan ekinean aritu direnen «lan ixila», kirolariek baliabide gutxiagorekin arituta duten «meritua», eta Euskal Selekzioa lehian ikusita alde egindako malkoak aipatu ditu Xabier Urdangarin alkate astigartarrak, besteak beste. Hortik aurrera, behin eta berriro nabarmendu dituzte pelotaren eta sagardoaren arteko antzekotasunak. Aldundiko Xabier Arrutik adierazi du biek zabaltzen dutela mundura «gure nortasuna eta kultura, kolore berdea ikur». Unai Agirrek, Euskal Sagardoaren zuzendariak, ohartarazi du «elkarren eskutik» lortuko dutela arrakasta, nola pelotariek hala sagardogileek. Eta halaxe aritu da Joxe Mari Mitxelena ere, Euskal Pilota Federazioko presidentea, antzekotasunen bila: sagarraren eta pelotaren tamaina berdintsua, bien barietate edo modalitate aniztasuna, egungo xistera sagar biltzeko erabiltzen zela, bateko 'txotx' eta besteko 'txost'... Eta biek osatzen dutela, bertsolaritzarekin batera, «kultura berezi bat. Hiruek elkarrekin, bide oparoa egingo dugu».
Hitz goxoen ondotik, ekintzetara pasa dira: sagarrondo bat landatu dute Kontxa Etxeberria plazan. Oraingoan taldean ez, aitortu behar bada: Mitxelena bera eta Eñaut Lizeaga astigartarra bakarrik aritu dira lanean. Baina txotxean bai, denak batu dira festara, ospakizuna Petritegira mugitu dutenean. Sagar dantzaren eta soka dantzaren doinu goxoek, txinpartari egin diote bidea, denek espero zuten oihuaren zain: «Gure sagardo berria!».