«Guk proposatutako ekimenei esker, Astigarragak 160.000 euro baino gehiago sartu ditu udal aurrekontuetan»

Olatz Egaña Otegi 2025eko azaroaren 28a

Patxi Suarez, Astigarragako PSE-EEko bozeramailea.

PSE-EEk politika sozialekin, mugikortasunarekin eta trantsizio energetikoarekin duen konpromisoa azpimarratu du.

Joan den astearteko Osoko Bilkuran, aho batez onartu zituzten EH Bilduko udal gobernuak proposatutako aurrekontuak, eta hari horri tiraka,  Astigarragako PSE-EEk ondorengoa jakinarazi du: «alderdi sozialistak aurten proposatutako ekimenei esker, Astigarragak 160.000 euro baino gehiago sartu ditu udal aurrekontuetan».

Astigarragako PSE-EEk dio, zehazki, 162.000 euroko proposamenak aurkeztu dituztela datorren urteko aurrekontuetarako: «ekimen horiek, urtean zehar aurkeztu direnak, islatzen dute sozialistek konpromiso irmoa dutela udalerria eta herritarrak etengabe hobetzeko».

Era berean udal talde sozialistak egindako lana nabarmendu du Patxi Suarez PSE-EEko bozeramaileak, eta era berean, aitortu du pozik daudela adostutako puntuekin: «uste dugu
oposizio konstruktiboa posible dela erakusten ari garela, Astigarragako herriak bere garaian eman zigun ordezkaritzaz baliaraziz, herritarrentzat hobekuntza garrantzitsuak bultzatzeko».

Horrez gain, alderdi sozialistak politika sozialekin, mugikortasunarekin eta trantsizio energetikoarekin duen konpromisoa azpimarratu du: «40.000 euroko partida bat gehitu da plaka fotovoltaikoetarako, 15.000 euroko beste bat komunitate energetikoak sortzeko eta 50.000 euroko beste bat herriko autobus zerbitzurako, Hiriguneko auzo baztertuenak lotzeko».

Zenbait partidetan PSE-EEk proposatutako aldaketak kontutan hartu dituztela azpimarratu du Suarezek, besteak beste: «Etxez etxeko zerbitzurako partidan, PSE-EEk 25.000 euroko zuzenketa erregistratu du. Horrez gain, Udal gobernuak 12:000 euroko partida bat sortzeko zuzenketa bat ere onartu du, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu bat jartzeko». 

Amaitzeko, beraz, PSE-EEk 2026rako aurrekontuen alde bozkatu du, «Astigarragaren etorkizunaren alde arduraz, zorroztasunez, eta konpromisoz lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsiz». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!