Pasa den astearteko Osoko Bilkuran aho batez onartu da EH Bilduko udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamena. 2026ko aurrekontua 16.867.697,53 eurokoa da, 2025eko baino 3.695.262,32 euro gehiago, hau da %28 haundiagoa.
Igoera hori hainbat arrazoi direla eta gertatu da: «Aurrekontua ezohikoa dela esan dezakegu kiroldegiaren obrak eraginda, gazteria eta kirolaren saileko inbertsioetan orotara 2.750.000 euro daudelako jarrita 2026an», nabarmendu du Xabier Urdangarin alkateak.
«Hala ere, kiroldegiarena ez balego ere aurreko urteko aurrekontua baino haundiagoa izango litzateke»: foru funtsaren igoeragatik, 2025ean baino 780.842 euro gehiago jaso dira (%11); zuzeneko zergetako igoera eta erroldaren eguneraketarengatik 198.500 euro gehiago (%6); Garraio Hiriaren eraikuntzarekin udalari desjabetu behar zaizkion lurren balioarengatik 580.000 euro; zerbitzuen tasen igoera eta erroldaren eguneratzeagatik 116.500 euro gehiago (%6); eta azkenik, kiroldegia birgaitzeko diru-sarrerengatik, bi dira, batetik 1.000.000 euroko mailegua eta bestetik, 1.000.000 euro Zarkumendegiko partzela baten salmenta dela eta.
Era berean, gizarte zerbitzuen aurrekontua totalaren %10 da, 1.651.671,64 euro. Udal aurrekontuen arloan sail horrek %10eko kopurua izatea hartzen da bikaintasun ezaugarri gisa. «Nahiz eta aurrekontua asko igo, gizarte zerbitzuen aurrekontua %10 da. Hemen ere aurrekontua asko igo da. Ongizate arlorako udal bulego berriak egitera goaz», adierazi du alkateak.
Bestalde, «herritarrentzako politika eta zerbitzu sozialak indartu eta hobetzeko ahaleginetan egindako aurrekontua da, herritarrentzako atala (gizarte zerbitzuak, berdintasuna, kultura, jaiak, kirola, euskara, hezkuntza) aurrekontu osoaren %52 baita», gogorazi du Urdangarinek, «dena ez da porlana».
Esker oneko hitzak
Udal gobernuak eskerrak eman nahi dizkie aurrekontua lantzen pate hartu duten udal zerbitzu eta langileei, korporazio kideei, herritarrei eta elkarteei, denen artean egindako lanari esker aurrekontu orekatu eta egokiak prestatu eta onartu direlako. Auzotarrekin eta udal taldeeekin hainbat bilera egin ditu udal gobernuak, aurrekontua lankidetzan lantzeko. Lanketa horren emaitza aho batez aurrekontua onartzea izan da. Xabier Urdangarin alkateak azpimarratu du PSE-EErekin landu dituztela, «emendakinak landu genituen bilera eta negoziazio batzuetan. EAJrekin ez, baina Osoko Bilkurak aldeko botoa eman zuen».
Sailez sail badira hainbat ekimen aipagarri gastuetan
Gastuen atalari dagokionez, oro har, sail guztien aurrekontuak igo dira, modu orekatu eta egokian, alkatetza eta kontu-hartzailetzan izan ezik jaitsiera oso txikiekin. Sailez sail badira hainbat ekimen aipagarri, hauek dira besteak beste: Garraioari lotuta, 50.000 euro herri barruko autobus urbano zerbitzua martxan jartzeko (irailean martxan egotea espero da) eta beste 12.000 euro autoen karga elektrikorako puntuen azterketa egiteko PSE-EErekin adostuta. Etxebizitzari lotuta, 60.000 euro alokairuko laguntzen partida bikoizteko (30.000 euro gehiago).
Kultura eta jaiak sailean, 423.000 euro kulturako eta jaien udal programaziorako gastatuko dira. Gizarte Zerbitzuetan, 195.000 euro herri hezitzailea, adin txikikoen eta familien eskuhartzeak bideratzeko. Eta beste, 275.000 euro etxez etxeko laguntza zerbitzurako. Gizarte zerbitzuetan pobreziaren aurkako planerako 110.000 euro.
Inbertsio estrategikoen urtea kiroldegiaren obrarekin baldintzatuta
Bestalde, garbi dago 2026a inbertsio estrategikoen urtea izango dela. Hainbat obra hasita eta garatuta ikusiko direlako: kiroldegiaren obrak hasiko dira, euskaltegi berriaren obra garatuko da, ongizateko udal bulego berriak egingo dira, Pelotariko bidegorria eraikiko da, Umako azokagunea eraikiko da eta Ergobiako plazatxoa berrituko da, besteak beste.
%180ko igoera izan da, orotara 4.124.500 euro. Atal honetako igoera, guztiz baldintzatua dago kiroldegiaren obrarekin. «Ekaina aldera hasiko gara. 23 hilabeteko obra da eta eragina izango du 2026, 2027 eta 2028 urteetako aurrekontuetan. 8.200.000 euroko obra bat da». Baina badira kopuru txikiagoa dutenak baina garrantzitsuak diren beste inbertsio batzuk ere.
2026an obra garrantzitsuak hasiko dira: Aldiriko Trenaren Geltokiko lanak eta DBHko eraikinaren obrak
Hauekin batera, aipagarriak diren beste inbertsio eta lan batzuk ere badaude, 2025etik datozenak eta 2026. urtean garatuko direnak, besteak beste. Aldiriko Trenaren Geltokiko obrak esaterako. «Hastera doaz, pasarela egingo da eta zutabeak ibai parkean egongo dira. 20 hilabeteko luzapena izango dute lanek. Bestetik, DBHko eraikinari dagokionez, ejekuzio proiektua onartuta dago, bideratuta dago eta lehiaketa laister hasiko dute. Obrak 2026an zehar hasiko dira, ez dakigu zehazki noiz, baina 2026an zehar seguru», gogoratzen du Xabier Urdangarinek.
1.354.054 euro bideratuko dira dirulaguntzetara, %12ko igoera
Dirulaguntzei dagokienez, %12ko igoera izan da, dirulaguntza izendunak eta lehia bidezko dirulaguntzak aintzat hartuta, guztira 1.354.054 euro bideratu dira. «Zerrenda luzea da. Aurrekontuaren %10 hartzen du.