50 urte beteko ditu Astigar dantza taldeak aurten, eta urteurren borobilerako ospakizun berezi bila, askoz ere festa zabalagoa antolatu dute azkenerako: 'Zirikoketa' egingo dute Inauteri igandean Astigarragan, martxoaren 2an, herritar eta talde askoren partehartzearekin. Hitz jokoa gordetzen du izenburuak: batetik kirikoketa, udazkenean sagarra zanpatzeko ariketa; bestetik ziria, bi zentzu dituena, kupelakoa eta adarra jotzeari dagokiona.
Hala kontatu du ekimenaren sorburua Joxe Mari Alberrok: «Urteurrenean zerbait berezia egin behar genuela eta, Miel Joxe Astarbe txistulariak gogora ekarri zuen, garai batean bizpahiru urtez egin genuela antzezpen bat San Roke egunez, denak mozorrotuta, ermitatik jaitsi ondoren. Eta hori berreskuratzea pentsatu genuen».
Orduan, Jexux Larreak, Astigar taldeko dantza irakasleak, komentatu zuen Añorgan duela hiru urte hasi zirela Inauterietako dibertimentua egiten, eta bertako dantza irakaslearekin jarri ziren harremanetan, Gari Otamendirekin. «Lehendik ere ezagutzen genuen elkar hirurok, Argia dantza taldetik». Gauzak horrela, udazkenean hasi ziren elkarrekin lanean, eredu hori Astigarragara ekartzeko.
«Azkeneko urteotan, badago joera bat Euskal Herrian, Inauteriak berreskuratu eta birsortzeko, egitura tradizional batetik abiatuta. Eredu kapitalista beharrean, beste eredu tradizionalago bat lantzea, Gau Beltzarekin gertatu den bezala. Donibane Garazin, mende hasieran hasi ziren berriro libertimendua egiten, eta gerora Eibarren, Iruñean eta beste herri askotan egin dute», azaldu dute.
Maskaraden eredua, Astigarragara ekarrita
Badago egitura edo formula orokor bat, festa ezberdinek darabiltena. Iparraldean daude errotuago horiek, eta maskarada da ezagunena: «Makina bat autobus antolatzen dira, horietara joateko». Kasu gehienetan, egun osoko festa izaten da, eta «erritu gisa» dago antolatuta: «Ez da ikuskizun bat, erritu bat da. Herri osoak hartzen du parte, ez dago ia inor profesionala. Bakoitzak aportatzen du dakien hori», azaldu du Otamendik.
Festa horrek uztartzen ditu dantza, antzerkia, bertsolaritza, kantua, musika... «Herri adierazpide guztiak batzen dituen eredua da, eta horregatik, oso formula aproposa da herria aktibatzeko, eredu tradizional baten bueltan».
Goizean eskea egin ohi da, eta halaxe egingo dute Astigarragan ere: «Uste dugu funtzionatu dezakeela, urtean zehar badirelako baserriz baserri egiten diren eskeak. Oraingoan, auzoz auzo egingo dugu, eta balioko digu tenperatura hartzeko, ikusteko zein harrera dauka festak auzo bakoitzean». Festako partehartzaile guztiek egingo dute eskea, eta ondoren, eguerdian, herriko plazan elkartuko dira, saio nagusia egiteko: dantzak, musika, bertsoak, antzerkia...
Antzezpenean, adarra jo eta saltsa jarriko dute partehartzaileek, eta satiraren bitartez eta herritarrak zirikatuz, kritika soziala egingo dute, herriak dituen kezkak azaleratuta. «Kezka horien kulpak ere norbaitek jaso behar ditu, eta pertsonaia hori epaitu, kondenatu eta erre egiten dute, adibidez. Formula hori darabilte maskaradek, kabalkadek eta horrelako festek».
Arizkunekin eta Bretainiarekin lotura, argitara antzezpenean
Egitura orokor horretan, tokiko elementuek emango diote berezitasuna festari. «Gurean, sagarra izango da berezitasun nagusia, are gehiago Inauteriek deskribatzen duten horrekin: arbolak inausi eta garbitzea, ez dadin zomorrorik eta gaitzik sartu». Hain juxtu, sagarraren etsai nagusia izango da antzezlaneko gaizkilea: arra.
Festaren errelatoak izango ditu hainbat istorio eta keinu, sagarraren inguruan, Sagardoetxearen ikerketak oinarri hartuta: Arizkunera eta Bretainiara ere joko du kontaketak.
«XX. mende hasieran, sagarrik gabe geratzen hasi ziren hemengo sagardotegiak, industrializazioa eta pinu landaketak tarteko. Eta Arizkun aldean, besteak beste, bazen sagar pila bat. Hangoek sagardoa egiteari utzi zioten, eta bertako sagardogileek hara jo zuten sagar bila. Baina horrela, hura ere berehala agortu zen. Eta orduan, Asturiastik eta Galiziatik ere bai, baina gehienbat Bretainiatik hasi ziren sagarra ekartzen», kontatu du Joxe Mari Alberrok.
Badira lotura gehiago, Astigarragaren, Arizkunen eta Bretainiaren artean. «Batetik, sagar dantza eta kirikoketa dauzkagu Arizkunen. Sagar dantza egiten zuten inguruko 10 herritan, Patxi Larralde txistulariak ikertu zuenez; antzekoa baina bakoitza bere berezitasunekin. Eta sagarra zanpatzearen inguruan ere, festa egiten zuten, eta baserri guztietan egiten zen kirikoketa. Bretainian, bestetik, sagardoa edateari buruzkoa da bertako abesti ezagunenetako bat, jendeak abestu eta dantzatu egiten duena. Horiei guztiei keinua egingo diegu 'Zirikoketa'n», aurreratu dute.
Sagar dantzatik harago, beste pieza batzuk osatu ditu Astigar dantza taldeak, festarako: «Bertso doinu ezagunen bueltan, trokeo dantza batzuk osatu ditugu, erremintekin egiten direnak». Antzezleek jarriko dute umorea eta satira, eta bertsolariek egingo dute antzezpeneko gertaeren kontaketa.
«Oso harrera ona», taldeen eta herritarren aldetik
Hori guztia aurrera ateratzeko, jende askoren partehartzea eta inplikazioa behar da: «Herritarrak erakartzeko, oso garrantzitsua da nortasuna, eta hori modu aktiboan eraikitzea. Ez soilik ikusle bezala, egile bezala baizik. Festa da hori lortzeko formularik onena. Txorakeria dirudi, baina egunean bertan ondo pasa nahi dugu, horixe delako gakoa, epe luzerako zerbait sortzen duzunean. Bukatu ziren herrigintza, militantzia eta sakrifizioa. Kontsumismoari alternatiba bat bilatzeak, ordea, inplikazioa eskatzen du. Baina eguna iritsi eta elkartzen zarenean dozenaka herritarrekin, horren parte zarela sentituta... Horrek indar emozional haundia dauka, eta hori da gasolina, gerora aurrera egin dezan», nabarmendu dute.
Oraingoz, ekimenak «oso harrera ona» izan du herriko taldeen eta herritarren aldetik: «Musika jotzeko, behar dituzu trikitilariak, dultzaineroak, txistulariak, txaranga... Eta oso ondo hartu dute proposamena. Astigar taldea eta taldetik kanpoko beste dantzari batzuk ari dira piezak prestatzen, gogotsu. Kirikoketa egiteko, berriz, harremanetan jarri ginen Inude eta Artzaien konpartsako danborradakoekin, eta prest azaldu dira. Antzerkirako izaten da zailena. Harremanetan jarri gara Gau Beltzeko ospakizunean aritzen diren batzuekin, eta nahi genuke gazteek ere bat egitea», dio Alberrok.
Zentzu horretan, Otamendik azaldu du, tradizioz, hemen joera gehiago dagoela dantzarako, antzerkirako baino: «Iparraldean, aldiz, oso barneratuta daukate antzerki eredu hori. Umorea eta satira, askoz ere gordinagoa eta zailagoa da. Kalean egiten da, normalean mikrofonorik gabe. Ez dauka dialogo askorik, baina era berean, ulertarazi egin behar duzu. Xinplea behar du, baina umoretsua. Eta horrek eskatzen du, egileak ez ezik, ikusleak ere ezagutzea kodigo hori. Behe Nafarroan eta Zuberoan, txiki-txikitatik ikusi dituzte maskaradak eta kabalkadak, eta ulertzen dute. Hemen horixe da gehien kostatzen den zatia. Hori guztia eraiki egin behar da, eta ez da urtebetean egiten; jarraikortasuna behar du».
Otsailaren 14an aurkezpen irekia, herritarrak animatzeko
Dagoeneko bat egin dutenak baino herritar gehiago animatu nahi dituzte festan parte hartzera. Horretarako, aurkezpen saio irekia egingo dute otsailaren 14an, arratsaldeko 19:30etan, Herri Eskolako aretoan. Bertan azalduko dute nolakoa izango den festa, eta deia luzatuko diete horren parte izateko, modu batera edo bestera: «Dantzak ere, espreski prestatutako horiez gain, izango dira beste batzuk ohikoak, eta nahi genuke jendeak momentuan bat egitea eta dantzatzea».
Zentzu horretan, festaren egunerako, helburua garbi daukate: «Aurten ikusle izango diren horiek, amorratzen egon daitezela datorren urtean modu aktiboan parte hartzeko».
Azkenik, festaren antolaketari ere gehitu dio ñabardura bat Alberrok, aurrera begira: «Astigar taldearen 50garren urteurrenetik abiatu da hau, baina gerora ez du Astigarrek antolatu behar, herriak baizik. Eragile ezberdinak batuko dituen batzorde bat sortu beharko da, elkarrekin antolatu dezagun festa».