Azken 31 urteetan gertatu den modura, sagardoa izan zen atzo Euskal Herri zabalean protagonista. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, XXXII. Sagardo Berriaren eguna ospatu zuten, eta horrenbestez, atzo eman zitzaion hasiera 2025ko txotx denboraldiari. Eguerdian hasi zen ekitaldia, Erriberan eskainitako prentsaurrekoarekin eta ondoren Gure Zirkuko Iker Galartzak, Lur Aranburuk eta Joseba Usabiagak ireki zuten lehen txotxa 'Gure Sagardo Berria' oihukatuz, Alorrenea sagardotegian. Ikuskizun herrikoia izaten da eskaintzen dutena, eta atzokoan kupel artean hurbildu ziren herritarrengana.
Txotx irekiera orekatuena, indartsuena, arriskutsuena, trebeena eta pozgarriena izan zen, Gure Zirkua izaten den bezala. Gainera, aurtengo sagardoa bera ere orekatua eta indartsua omen dator. «Murritza, baina nortasun haundikoa». Erribera ondoan landatu zuten sagarrondoa ere seguru indartsu haziko dela. Mahairen bueltan 2024garren urteko uztarekin eginiko sagardoa dastatzeko aukera izan zuten gonbidatuek, sagardo menuarekin batera, baita bertso sorta ederra entzuteko aukera ere Agin Laburu eta Joanes Illarregiren ahotik.