Erreportajeak

«Seguru xamar esan liteke 2028-2029 kurtsorako prest izango dela DBHko institutua»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 26a, 00:00

DBHko ikastetxearen sarrera nagusia izango dena, obra proiektuko irudi batean. Galtzaur kalean izango du sarrera.

Behin betiko proiektua jasota, datorren asteartean onartuko du Astigarragako Udalak obra-baimena ematea Eusko Jaurlaritzari, eta hortik aurrera azkeneko bi pauso luzeak geratuko dira: obra zeinek egingo duen erabakitzea (urtebete), eta hori gauzatzea (bi urte). Institutuak zein itxura izango duen ikusi ahal izan du Kronikak, Xabier Urdangarin alkatearen eskutik.

Ametsetako DBHko ikastetxeari, 'aurpegia' jartzen hasi zaizkio Astigarragan. Bide luzean pauso berriak ematen ari dira asteotan, eta azkeneko biak geratuko dira orain, bi potoloenak beharbada: obra zeinek egingo duen erabakitzea, eta obra bera gauzatzea. Bien artean, hiru urte inguruko epea aurreikusi dute, eta dena ondobidean, 2027 urtearen bukaeran egongo litzateke bukatuta Astigarragako DBHko institutua, Xabier Urdangarin alkateak Kronikari azaldu dionez.

Irailean jaso zuen Udalak behin betiko obra proiektua, institutua izango denaren xehetasun guztiekin. Proiektu horri dagozkio orrialde hauetan ageri diren bi irudiak, DBHko ikastetxea nolakoa izango den erakusten dutenak. Eta proiektuarekin batera, obra baimenaren eskaera ere jaso zuen Udalak, Eusko Jaurlaritzaren aldetik. «Jaurlaritzak obren lizitazioa martxan jarri aurretik eman beharreko pausoa da», azaldu du Urdangarinek.

Gauzak horrela, beste bi pauso emango ditu Udalak berak, datorren asteartean: «Batetik, onartuko dugu obra baimena ematea Jaurlaritzari. Astearte honetan landu dugu gaia Hirigintza Batzordean, eta datorren asteartean onartuko dugu Tokiko Gobernu Batzordean. Eta bestetik, egun berean, Plenoan onartuko dugu obra Interes Orokorreko izendatzea, salbuetsita egon dadin Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga ordaintzetik. Hala egiten da eraikin eta ekipamendu publikoen kasuan», dio alkateak.

Obren hasiera,  2025eko bukaeran

Bi urrats horien ondoren, esan bezala, azkeneko biak faltako dira, eta obra esleitzeko lehiaketari ekingo lioke Jaurlaritzak: «Lizitazioa hasten denetik, zortzi edo bederatzi hilabeteko epea aurreikusi ohi dute, enpresa aukeratu bitarte. Eta horren ondoren, paper kontu asko egin behar izaten dira, baina hiru-lau hilabeteko epean egin liteke. Hortaz, kalkulatzen dugu datorren urtearen bukaera aldera hasi litezkela obrak».

Bi urteko epea kalkulatu dute obra egiteko, alkateak azaldu duenez: «2025eko bukaeran hasi litekela aurreikusita, 2027ko bukaeran amaitu liteke. Txarra izaten da horrela botatzea, baina uste dut seguru xamar esan litekela 2028-2029 ikasturtea hasterako prest izango dela DBHko institutua. Aurreko ikasturtera ez dut uste iritsiko denik, baina gerta liteke obra egingo duen enpresak presa izatea, eta azkar-azkar egin, eragozpenik ez izan eta lehenago bukatzea. Alderantziz ere bai, noski; posible da arazoak sortzea, eta bost-sei hilabete atzeratzea».

Zentzu horretan, bidea «luzea» izaten ari dela aitortu du Xabier Urdangarinek, baina baikor agertu da: «Hain bide luzea denean, badirudi ez dela inoiz iritsiko DBHko institutua. Eta oraindik ere, pentsa zertaz ari garen, obraren lehiaketarekin urtebete, eta obra egiten beste bi urte. Luze dijoa, baina pozgarria da ikustea badatorrela. Dena ondobidean, urtebete barru ikusiko dugu hondeamakina bat lurra kentzen, Mendiaundi-Aranibarko gune horretan. Obra bukatuko da sei hilabete lehenago edo beranduago, baina dagoeneko ez dago zalantzan proiektua egingo denik. Ikasturte baterako edo besterako prest egon, badakigu Astigarragak DBHko ikastetxea izango duela».

Gogora ekarri du alkateak berak, proiektua lantzen duela bost urte hasi ziren arren, oso aspalditik datorren aldarrikapena dela: «Gure seme zaharrenak 23 urte dauzka, eta gogoan dut, hura bi urtekoen gelan hasi zenean, guraso batzuk dagoeneko bazebiltzala sinadurak biltzen, DBHko ikastetxearen alde. Pentsa noizko ametsa edo desioa den».

Ikastetxeak izango duen itxura definituta, obra proiektuan

Behin betiko obra proiektuarekin, definituta geratu da zer nolako itxura izango duen Astigarragako DBHko ikastetxeak, eta hori ikusteko aukera izan du Kronikak, Xabier Urdangarin alkatearen eskutik. Galtzaur kalean izango du sarrera nagusia ikastetxeak, eta aurreneko 'moduluan' (hurrengo orriko irudian ezkerrean ageri dena) egongo dira honakoak: zuzendaritza, zerbitzu orokorrak, jangela, sukaldea eta gimnasioa, besteak beste. Igogailua ere izango du, irisgarritasuna bermatzeko, goiko solairuetara ez ezik, baita atzeko 'modulu' edo eraikin luzera ere. 

Izan ere, goragoko maila batean egongo da hori, lursailaren ezaugarri aldapatsuetara egokituta. Atzeko 'modulu' horretan egongo dira, hain juxtu, DBHko lau mailetarako ikasgelak. Eskailerak ere izango dira bertara iristeko, kanpoaldetik. Eta eskaileren eskuineko aldean, bi jolastoki izango dira: bata estalia, eta bestea irekia. Gainera, gune ireki bat izango da ikastetxearen aurreko aldean, gazteak lasai egoteko.

Denera, 6.000-7.000 metro karratu artekoa da eraikiko den azalera. Eta prest utziko dute, era berean, «biharko egunean Batxilergorako institutua eraiki nahi bada. DBHko gelen gainean eraiki beharko litzateke Batxilergokoa», azaldu du alkateak. «Eusko Jaurlaritzak zalantza zeukan, hemengo ikasle kopuruak ematen ote zuen Batxilergoko institutua ere eraikitzeko orain, eta gu ere ez gara gehiegi egoskortu. Ikasle kopurua jaitsi egiten da Batxilergoan, batzuk joaten direlako goi-zikloetara, erdi mailakoetara, lanera... Eta 16 urterekin Hernanira edo Donostiara ikastera joatea ez da gauza bera. Baina 12 urterekin DBH herrian bertan ikastea oinarrizkoa da».

Astigarragako DBHko institutua izango denaren irudi orokorra. Atzeko 'moduluan' egongo dira ikasgelak; ezkerrekoan zuzendaritza, gimnasioa, jangela edota sukaldea; eta eskuinean patio estalia zein irekia.
 

Proiektuarekin «gustura» dago Udala, kontuan hartuta lursailaren zailtasuna: «Zonaldea traketsa da, eta milagro haundirik ezin da egin».

Guztira, 15 milioi euro inguruko aurrekontua dauka proiektuak, eta hori guztia Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain. Baina aurretik, Udalak ere egin behar izan du «inbertsio potolo bat», berak jarri baitu lursaila. «Horretarako, lurrak erosi behar izan genituen aurrena, eta urbanizazio lanak egin ondoren. Alegia, partzelaren ondo-ondoraino eraman behar genituen argindarra, ura... Linea elektrikoa lurperatu behar izan genuen, bertara eramateko. Eta horri gehitu behar zaio, aurreproiektuaren idazketa ere bere gain hartu zuela Udalak, nahiz eta ez zegokion berari, Jaurlaritzari erakusteko posible zela ikastetxea bertan eraikitzea».

Aparkalekua Zapiain parean, eta bidea bertatik ikastetxera

Ikastetxearekin batera, inguruan beste zenbait lan egiteko asmoa dauka Udalak, alkateak aditzera eman duenez: «Asmoa daukagu Zapiain sagardotegiaren parean aparkaleku bat egiteko, edukiontziak dauden gune horretan. Eta bertatik institutura iristeko, bidea egingo genuke. Hor badago bidexka bat, errege bidea zena, etxeen atzetik dijoana. Bertatik errekara iristen da bidexka. Bidea bertatik egitea da asmoa, eta zubitxo bat jartzea Galtzaur erreka zeharkatzeko, aparkalekura iristeko. Horrela, izango genuke ikastetxeko langileentzat aparkalekua, eta baita autobusentzat ere, ikasleek irteera bat egingo dutenerako. Horrela, saihestuko genuke trafikoa Galtzaur kalean, ikastetxearen sarreran».

300 astigartar baino gehiago, DBH herritik kanpo ikasten

Asko eta asko dira, une honetan, DBHko ikasketak herritik kanpo egiten ari diren astigartarrak. «Datu borobiletan esanda, gutxi gorabehera, ikasturte bakoitzeko 80 bat gazte izango dira. Denera, beraz, 300dik gora dira DBH ikastera kanpora joan behar dutenak. Eta are gehiago dira horien ondoren datozenak. Izan dira herrian 117 haur jaiotako urteak ere», azaldu du alkateak. «Ez da izan piko bat, gainera. Joan den urtean 100dik gora izan ziren, eta oraintsu jaso dugu aurten irailera bitarte jaiotako haurren kopurua; aurreikusi dugu aurten ere 100 haur inguru jaioko direla Astigarragan. Ez da posible 100 umek, 12 urterekin, egunero eskolara joan-etorri hori egin beharra kanpora».

Zentzu horretan, garbi dauka herri batek behar duela bertako gazteek herrian ikastea: «Horrek ematen dio kohesio bat herriari. Herriko edozein eragilek edota Udalak landu ditzakete ekintza ezberdinak ikasleekin, Lehen Hezkuntzan egiten den bezala. Ikastera kanpora badoaz, lokarri hori galdu egiten duzu, eta garrantzitsua da hori mantentzea».

Une honetan, Martuteneko Arantzazuko Amara joaten dira astigartar gehienak, DBHko ikasketak egitera: «Martutenen, DBHko maila bakoitzean 60 bat ikasle badaude, 45 izango dira astigartarrak. Arantzazuko Amari Astigarragako ikasleak kenduz gero, hustu egiten duzu eskola». Zentzu horretan, susmoa badago Martuteneko talde osoa Astigarragara bideratzeko aukeraren gainean: «Guri ez digute zuzenean esan, baina Martuteneko eskolakoei aipatu zieten, Hezkuntza Sailak asmoa izan dezakeela talde osoa Astigarragara ekartzeko. Ez dakigu erabakirik hartuta dagoen horren inguruan, eta DBH kenduko ote luketen Martutenen», kontatu du Urdangarinek.

Hori hala balitz, «beso zabalik» hartuko lituzkete Martuteneko gazteak herrian: «Martutenera joateak izan ditu bere alde onak ere. Astigartarrek badaukate harremana Martuteneko jendearekin, eta koadrila askotan dago lotura hori. Astigarragako jendeak ohitura haundia dauka Martuteneko festetara joateko. Oso sanoa eta ona iruditzen zait auzoarekin harreman hori izatea, baina era berean, ez da posible 8.000 biztanleko herri batetik bertara joan beharra ikustera. Orain beraiek etorri behar badute, beso zabalik hartuko ditugu».

Modu batera edo bestera izan, aurreikusi daitekeena da zein izango diren institutu berria estreinatuko duten gazteak: epeak betez gero, orain 8 eta 12 urte bitarte dituztenak izango dira aurreneko ikasleak bertan. Izan ere, DBHko lau mailekin jarriko lukete martxan hasieratik: «Ez digute ofizialki idatziz esan, baina hori da asmoa, maila guztiekin aldi berean ekitea».

Xabier Urdangarin: «Luze dijoa bidea, baina pozgarria da ikustea badatorrela. Dagoeneko ez dago zalantzan, DBHko ikastetxea izango duenik Astigarragak»

 

Hamaika pauso, 2019tik hona

Aspaldi hasitako bidea, intentsoa izan da azkeneko bost urteotan, bide politiko eta administratibotik. «2019an, agintaldia hasi eta berehala, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan izan ginen, azaltzeko Mendiaundi-Aranibarko partzela zela aukera bakarra DBHko institutua eraikitzeko. Garai hartan, oraindik zalantzan jartzen zen tokia egokia ote zen, eta aukera hoberik ez ote zegoen. Hori horrela, aurrerporiektua egin behar izan genuen guk, Jaurlaritzari erakusteko baietz, han kabitzen zela ikastetxea, lekua aldapatsua izan arren. Horrekin lortu genuen baiezkoa ematea, eta hurrengo urratsa izan zen lortzea Jaurlaritzak bere aurrekontuetan sartu zezala ikastetxea egiteko partida. 2023ko bukaeran gertatu zen hori».

Horren ondoren etorri zen proiektuaren idazketa esleitzeko lehiaketa, Uzcanga estudioak irabazi zuena: «Lehiaketarako, aurreneko bozteoak aurkeztu zituen enpresak, eta horiek dira bere garaian aditzera eman genituenak. Horietatik abiatuta idatzi dute proiektua orain, xehetasun guztiekin».

Eta bien bitartean, Plan Berezia onartu behar zuen Udalak, lur zati horretan zenbateko azalera eta zenbat solairu eraiki zitezkeen zehazteko: «Baina ezin genuen Plan Berezia onartu, jakin arte zer zeukaten buruan proiektua idatziko zuten arkitektoek. Horregatik, udaberrian izan ginen harremanetan Jaurlaritzarekin eta Uzcanga estudioarekin, oinarrizko proiektuaren gainean aritzeko. Eta uztailean onartu genuen Plan Berezia».

Aurrez aipatutakoak izan dira bide luzeko azkeneko urratsak: behin betiko obra proiektua eta obra baimenaren eskaera jasotzea, datorren asteartean hizpide izango dituztenak.

Proiektua herritarrei  aurkezteko asmoa, Udalak

Behin gaia Tokiko Gobernu Batzordetik zein Plenotik pasata, Udalaren asmoa da herritarren aurrean aurkeztea obra proiektua: «Euskoa Jaurlaritzari baimena eskatuko diogu, proiektua herritarrei aurkezteko, hitzaldi ireki batekin. Urtea bukatu aurretik egin nahiko genuke. Herrian jakinmina pizten du gaiak, bereziki hainbeste urteren ondoren; eta momentu polita da institutua zer izango den aurkezteko», aurreratu du alkateak.

Herri Eskola haunditzeko obrak, martxorako bukatuta

Astigarragak Hezkuntza arloan zeuzkan beharren artean, Herri Eskola haunditzekoa zen beste bat, dagoeneko martxan dena. Berez, azarora arteko epea zeukaten obrak bukatzeko, baina luzatu egingo dira, arazoak tarteko: «Uda baino lehenago esan ziguten, atzeratu egingo zirela. Izan ere, harrobiaren paretaren izkinean dago eskola, eta zulaketak egin zituztenean, ikusi zuten zulo txikiak zeudela. Hortaz, zulo horiek bete egin dituzte. Gauza bera gertatu zen Herri Eskolako aretoa egin zutenean ere. Ez dira zulo haundiak, baina horiek bete beharra zegoen, eta lan horiekin luzatu egin dira obrak, pixka bat. Azaroan bukatu ordez, martxoan bukatzea da aurreikuspena», adierazi du Xabier Urdangarinek.

Behin lan horiek bukatuta, Herri Eskolak «arnas haundia» hartuko duela uste du alkateak: «Dozena bat gela gehiago izango ditu, eta horiekin lortuko dugu, gutxi-asko, eskolak orain behar duen gela kopurua izatea. Baina, era berean, Herri Eskola orain ari da erabiltzen Nabarra Oñatz kaleko udal lokal batzuk, Haurreskola zaharra zenekoak. Beraz, bertan dauden ikasleak Herri Eskolara igota, ondo ibiliko gara gela berriekin, baina sobera haundirik gabe».

Edonola ere, ez dute aurreikusten «oraingo pikoa baino haundiagorik izango denik Herri Eskolan. Nolabait esateko, pikoa dagoeneko sartu da eskolan, ume gehien dauden adin tarteak; baina piko hori mantentzen ari da urtez urte, oraingoz. Garbi dagoena da noizbait, bi edo hiru urte barru akaso, jaitsiera haundi xamarra izango dela. Logikak hala esaten du, eta Siadecok bere garaian egin zuen ikerketak ere hala adierazi zuen».

Aurreikuspen horietan, zeresana izan du pandemiak ere: «Ikerketa hura pandemiaren aurretik egin zuen Siadecok, eta beharbada pandemiak ere izan ditu ondorio batzuk seme-alabak izateko erabakietan. Atzeratu egin zen azkeneko etxebizitza sorta haundi xamar baten salmenta, beranduago bukatu zituztelako; eta horiek erosi zituztenak ere beranduago sartu ziren etxe berrira. Hortaz, litekeena da beranduago erabaki izana seme-alabak ekartzea. Badirudi Siadecok aurreikusi zuen jaitsiera ez dela hasi oraindik, baina iritsi beharra dauka. Hona etorri eta bi seme-alaba izan dituztenen artean, gutxik ekarriko dute hirugarrena. Eta era berean, kontuan hartu behar dugu erabat jaitsi dela etxeak egiteko erritmoa, eta Astigarragak ez duela azken urteetako hazkunderik izango».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!