Erreportajeak

«Askoz ere gehiago ikusarazten da indarkeria sexista, baina ez dugu aurrera egin»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urr. 19a, 00:00

Matazak elkarteko Isabel Otero, mataza zati luzeak lotzen Erriberako terrazan, bertatik zintzilik jartzeko.

Koloretako dozenaka 'bufanda' erraldoi ageri dira Erriberako terrazatik zintzilik, eta halaxe egongo dira datozen bi asteetan ere. Ondo dakite astigartarrek, Matazak Indarkeria Sexistaren Aurka elkartea dagoela eszena ikusgarri bezain koloretsu horren atzean. Lehenago ere ikusi dute irudi hori, Astigarragako udaletxeko balkoian, indarkeria sexistaren kontrako borroka ikusarazteko.

10 urte bete ditu Matazak elkarteak aurten, eta urte hauetan guztietan, mundu osoko matazak jaso dituzte: denera, 8,5 kilometro inguru lotu dituzte, zati bat besteari josita. Eskuz esku eta herriz herri zabaldu dute indarkeria sexistaren kontrako borroka, eta horren erdigune izango da Astigarraga asteburu honetan, beste urte batez. Izan ere, zazpigarrenez egingo dute Matazak Topaketa Feminista, Erribera kulturgunean.

Atzo eman zioten hasiera, literatur tailer batekin, Skolastikako Josune Muñozen eskutik. Ehungintzari eta joskintzari buruzko liburuak izan zituzten hizpide, saio irekian.

Gaur, berriz, sei orduko jardunaldia prestatu dute Erriberan, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 15:00etara. Garbiñe San Miguel eta Jéssica Murillo kazetariak ariko dira aurkezle lanetan, eta hitzaldi eta solasaldi ugari izango dira, kolektibo jakin bat erdigunean jarrita: aniztasun funtzionala izan eta indarkeria sexista jasaten duten emakumeak. «Haientzako are zailagoa da egoera, bi bider direlako biktima; desgaitasunen bat edukitzeagatik, eta emakume izateagatik. Oso egoera zaila daukate, hain patriarkala den gizartean, eta denek hain perfektuak izan behar dugun honetan», nabarmendu du Matazak elkarteko Isabel Oterok.

Eta bihar, azkenik, denetik izango da, goizeko 10:30etatik aurrera: tailerrak, hitzaldiak, erakusketa... Ekitaldi horretan, parte hartzeko aukera eman nahi diete «Matazak proiektuaren parte izan direnei, azaltzeko zer izan den Matazak beraientzat, eta nolako esperientzia izan duten. Guztiei eskerrak emateko baliatu nahi dugu ekitaldia», dio Isabel Oterok. Batzuek zuzenean azalduko dute bere esperientzia, Erriberan bertan; eta beste batzuek bideoak bidali dizkiete elkarteko kideei, ezin dutelako bertan egon. Horiek, pantaila haundian jarriko dituzte.

Gainera, ehuntzen ere ariko dira goiz osoan zehar, eta haiekin bat egingo dute munduko beste hainbat txokotatik ere: «Aldi berean ariko dira ehuntzen beste hainbat herrialdetan ere, eta pantaila bidez ikusiko dugu elkar». Esate baterako, Suediatik etorritako lagun bat Erriberan izango da, eta beste batek pantailaren bitartez egingo du bat biharko ospakizunarekin.

«Zoragarria» izango da Erriberako sarrerako erakusketa ere: matazekin egindako lanak jarriko dituzte ikusgai, toki askotatik ekarri dizkietenak: Australiatik, Belgikatik, Alemaniatik, Kataluniatik...

Bakearen aldeko 'tipia' ere ikusgai egongo da Erriberan. Argazkia: Omar Alam
 

Matazak Saria, 'El latido de  las mariposas' proiektuari

Gaurko jardunaldian bertan, Matazak elkartearen Sari Feminista ere banatuko dute, arratsaldeko 14:30etan. Seigarrenez emango dute saria aurten, eta oraingoan errekonozimendua egingo diote 'El latido de las mariposas depende de nuestra actitud' proiektuari. «Matazak elkartetik, haiekin egin genuen aurreneko kolaborazioetako bat, Itziar Pratsekin. Bere senar ohiak, suizidatu aurretik, bere bi alabak hil zituen, 6 urteko Nerea eta 2 urteko Martina». Itziar Pratsek eta Isabel Gallardok jarri zuten martxan proiektua, 2018an. Matazak Topaketaren hirugarren edizioan etorri zen Itziar Prats Astigarragara, eta ordutik, elkarrekin kolaboratu dute bi proiektuek. Haien omenez, tximeletak egiteko tailer bat ere jarriko dute asteburu honetan, Erriberan.

«Proiektua martxan jarri genuenean, astero jasotzen genituen paketeak matazekin; Olentzeroren opariak irekitzea bezala zen hura»

Ondo gogoan dauzka Isabel Oterok, Matazak proiektuaren hasierako garaiak, duela 10 urte: «Proiektua martxan jarri genuenean, asteartero biltzen ginen kultur etxe zaharrean, eta pakete pila bat jasotzen genituen, mataza puskekin. Izugarria zen, sekulako ilusioarekin irekitzen genituen paketeak, eta bidaltzen zizkiguten mezuak irakurri. Olentzeroren opariak irekitzea bezala zen hura», kontatu du.

'El tren de la libertad' proiektuko bultzatzaileak ere ekarri nahi izan ditu gogora. «Garai hartan ari ziren ekimen harekin, Asturiasen sortutako mugimenduarekin. Madrilera joan ziren, manifestazioa deituta, Alberto Ruiz-Gallardónen Abortuaren Legearen aurreproiektuaren kontra egiteko. Guk ez genuen joaterik izan, hemen lanpetuta genbiltzalako gure proiektuarekin. Idatzi egin genien gure babesa erakusteko, eta horrela erantzun ziguten: 'Matazak proiektuak ezin badu Trenera etorri, Trena joango da Matazakera'. Oso esaldi polita iruditu zitzaigun, baina ez genuen espero sorpresa hura: aurreneko topaketa egin genuenean, 35 emakume asturiar etorri ziren, Espainiako Kongresura sartu zirenak».

Orduan bezalaxe, oraingoan ere etorriko dira bisitan Treneko kideak: haietako zazpi izango dira Astigarragan, asteburuan.

Hain juxtu, emakume asturiar haiek izan ziren animatu zituztenak Matazak proiektua zabaltzera: «Beraiek esan ziguten, ez zela posible urte osoko lana egun bakar batean ateratzea kalera. Orduan, toki batetik bestera hasi genuen bira. Gijónen izan ginen aurrena, Córdoban ondoren... Eta herri ezberdinetatik deitzen ziguten, haienera joateko proiektua aditzera ematera. Oso urte politak izan ziren haiek. Bidai asko egin genituen, jende asko ezagutu, lagunak egin...». Sortutako harreman horien islada izango dira asteburu honetako topaketak, «estatu osotik» etorriko baitira bisitariak Astigarragara.

Astigarragako udaletxea jantzi zuten matazekin, 2014ko azaroan, proiektuaren aurreneko urtean.
 

«Matazen erdia gorde dugu, eta beste erdia dohaintzan eman, katu eta  txakurrentzako GKEei»

Matazak elkarteko kideak toki askotara joan diren bezalaxe, toki askotatik iritsi dira bisitak, proposamenak eta kolaborazioak, Astigarragara ere. Eta nola ez, mataza puskak. Esan bezala, zortzi kilometro eta erdi inguru pilatu dituzte hamarkada honetan, eta mataza erraldoi horrek munduan zehar egin du bidaia: «Zati guztiak Astigarragara iristen ziren, eta hemen elkar lotzen genituen, ondoren beste toki batzuetara eramateko. Estatuko eta munduko txoko askotara iritsi dira matazak». Orain, ordea, banatuta daukate: «Artilea izanik, pisu haundia dauka, eta toki batetik bestera mugitzeak sekulako kostua zeukan. Horregatik, erdia gorde dugu, eta beste erdia dohaintzan eman diegu katu eta txakurrentzako Gobernuz Kanpoko Erakundeei, mantak egiteko», azaldu du Isabel Oterok.

'Tu puntada tiene un hilo'  kanpaina, martxan

Mundu osora hedatuta jarraitzen du Matazak proiektuak, baina oraingoan, mataza puskak beharrean, argazkiak dira Astigarragara iristen direnak. Izan ere, 'Tu puntada tiene un hilo' kanpaina jarri dute martxan. Horrekin, asmoa da bakoitzak mataza zati bat egin eta jartzea munduko txoko ezberdinetan, kanpainaren txarteltxo batekin. QR bat daukate txartel horiek, ikusten duenak bere txartel edo etiketa eskuratu dezan, bere zatia egin eta kanpainarekin bat egiteko.

«Zati bakoitzarekin, argazkiak bidali dizkigute, eta dagoeneko 450 baino gehiago dauzkagu, mundu osokoak: Indiako Taj Mahaletik, Portugaldik, Errumaniatik, Bulgariatik, Poloniatik, Finlandiatik, Kanadatik, Estatu Batuetatik... bidali dizkigute. Oso pozik gaude izan duen harrerarekin, eta martxoaren 8ra arte luzatuko dugu kanpaina, oraindik argazki asko ari garelako jasotzen». Parte hartu nahi duenak, madejascontralaviolenciasexista.org webgunean topatuko du informazioa.

Kanpainaren helburua da «emakume aktibisten nazioarteko sarea osatzea, beraien sorkuntzarekin ikusaraziko dutenak indarkeria sexistaren kontrako borroka. Horrekin guztiarekin, datorren urtean joan nahi dugu Europako Parlamentura, inzidentzia politiko bat egitera», aurreratu du Oterok.

Puntu horretara iritsita, «jende kualifikatuagoa» behar dutela nabarmendu du Matazak elkarteko kideak: «Ikusiko dugu Matazak proiektua bukatzen den, edo beste norbaitek ematen dion jarraipena. Ez genuen espero honaino iritsiko ginenik, eta orain jende kualifikatuagoa behar dugu, horrelako tramite eta ekintzetarako. Europan eragiteko edota dirulaguntzak eskatzeko, beste gaitasun eta ezagutza batzuk behar dira, hizkuntzak menperatu... Guri haundi geratzen ari zaigu, hasi ginenean baino 10 urte gehiago dauzkagulako. Dirurik ere ez dago, gainera. Boluntario lana da, eta gero eta gehiago kostatzen da. Baina honi helduko dion norbait azalduko balitz, oraindik asko egin daiteke proiektu honetan».

«Gure amek eta amonek lortu zutena ez galtzeko borrokan ari gara orain; ikaragarria da»

Urteurren borobilean, atzera begiratu eta bi hamarkaden arteko alderaketa ere egin du Isabel Oterok, eta ez da baikorra astigartarra: «Gaur egun askoz ere gehiago ikusarazten da indarkeria sexista, baina berdin jarraitzen dugu. Atzera ez egiteko ari gara borrokan; gure amek eta amonek lortu zutena ez galtzeko, alegia. Ikaragarria da. Orain gehiago hitz egiten da gaiaz, lehen ez baitzen hainbeste aipatzen. Baina ez dugu aurrera egiten; atzera ez egiteko ari gara ikusarazten indarkeria sexistaren kontrako borroka».

Aurrerapausorik emango ba­da, uste du ezinbestekoa dela «neska eta mutilak parekidetasunean heztea, pornografia deuseztatzea, eta epaileek legeaz egiten duten interpretazioa aldatzea», besteak beste. Matazek hari luzea daukate oraindik, baina nork ehunduko behar dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!