5 urte bete ditu Eragiyok abesbatzak. Nola oroitzen dituzue hastapenak?
Javier Oyarzun: Aurretik elkar ezagutzen genuen batzuek, beste abesbatza batean kantatzen genuelako. Baina une batean erabaki genuen abesbatza horretatik kanpo kantatzen jarraitu nahi genuela elkarrekin. Orduan esan genuen: «Nola egingo dugu? Zein erronka jarriko diogu geure buruari?». Hor gertu Errenterian egiten den Gabon Abestien Sariketa zegoen eta bertara aurkeztea erabaki genuen. Hasieran zuzendari gabe entseatzen hasi ginen, kantari talde bat; gero, zuzendaria bilatu genuen, eta izena jarri genion taldeari. Momentu horretan ez genekien noraino iritsiko ginen, baina Errenteriara joan eta irabazi egin genuen. Hala, aurrera jarraitzea erabaki genuen eta behin irabazita eta multzotxo bat batuta, errepertorioa prestatzen hasi ginen.
Ramon Sanchez: Hasieran baliabiderik gabe hasi ginen. Ez genekien zenbat jende erakarriko genuen. Koro bat osatzeko taldeak orekatuta egon behar du eta zorte hori ere izan genuen, soka guztietan jendea aurkitu genuela sokari eusteko. Ez genuen non entseatu. Hasieran kultur etxean entseatzen genuen, gero aroztegiko lanak egiten dituzten tokian… Baina gogoa geneukan eta Astigarragan hasi ginen, zeren lehendabiziko bilerak hemen egin genituen, lotura handia daukagulako: batzuk Astigarragan bizi garelako, beste batzuk lan egiten dutelako…
J.O: Astigarragako udaletxera joan zen Ramon eta lehen egunetik eman zizkiguten erraztasunak: «Utziko dizuegu toki bat entseatzeko eta hortik aurrea zuen bidea egin».
R.S: Hala izan zen. Eta, gero, poliki-poliki, ginenen arabera, erronka berriak jartzen hasi ginen. Hasieran oso momentuko erronkak jartzen genituen, eta orain, 5 urte eta gero, planifikatu egiten ditugu.
Nolako bilakaera izan du taldeak?
J.O: Pare bat momentu inportante izan genituen. 2020an, Donostiako jaialdi batean parte hartu genuen Antxon Sierra oroituz, hori izan zen lehenengo urrats handia. Gero, nire ustez, oso inportantea izan zen Musikastek (Euskal Musikaren Astea Errenterian), gugan sinetsi izana bertako koruen egunean kantatzeko. Gainontzean progresiboki joan da: lehenengo nazioarteko jaialdiak etorri dira, operak, Frantziako bi jaialditara ere joan ginen…
R.S: 'Antxon Sierra oroituz' zikloaren lan batzuekin online lehiaketa bat irabazi genuen Bartzelonan, pandemia garaian. Zuzenean kantatutako abestiak ziren. Poliki-poliki, maila igotzen joan gara.
J.O: Nik uste bi gauza uztartu direla: batetik, lan oso handia eta, bestetik, jendearen arreta erakarri izana ikusten zituzten bideoengatik, oso dinamikoak izaten saiatu gara eta.
Zenbat partaidek osatzen duzue taldea?
J.O: Hasieran, Andoaingo kontzertuko bideoan 10-11 izan ginela ikusten da. Gero 18-20 izatera iritsi gara. Formatuan Ganbera abesbatza gara, otxote bikoitz bat 16-20ren artean. Horrek ere adierazten du ahots grabeen abesbatza batean ez dela hain erraza kopuruz handitzea.
Ander Simal: Orokorrean abesbatza mistoetan, zaila da gizonezkoen ahotsak topatzea. Abesbatza on batzuetan oreka hori badago, baina herri abesbatzetan konplikatua da.
Aurretik ezagutzen zenuten elkar. Koro horietan ere jarraitzen duzue?
J.O: Nagusiki hemen gaudenak hemen gaude. Gu koro egonkor bat gara, astelehen eta asteazkenetan entseatzen dugu, astean bitan, eta horrek dinamika bat dauka. Gaur egun proiektuka entseatzen duten koroak ere existitzen dira; hilabetean bitan elkartzen dira, igandetan, esaterako, eta proiektu konkretua prestatzen dute. Ez dira zertan izan behar dinamika kontrajarriak. Badago jendea biak partekatzen dituena.
R.S: Kasuistika zabala dago.
Joseba Azkue: Azkenean gertatzen dena da ezagutzen ditugun abeslarien sarea oso handia dela. Denok dauzkagu ibilbide oso luzeak eta jende asko ezagutzen dugu. Proiektu puntual batzuetarako edukiko genuke aukera sare horretatik jendea ekartzeko, baina gure lehentasuna zeozer egonkorra sortzea da. Gure baliabideekin eta astelehen eta asteazkenetan entseatzen dugun horiekin koro hori osatzea, eta horren arabera abiadurak ezartzea.
Ez zineten hasi berriak, horrek badu abantailarik?
J.A: Dudarik gabe, ez genuke irabaziko Errenteriako lehiaketa ez bagina etorri aurretik abestetik.
J.O: Errepertorioen ezagutza, zein estilo egokitzen zaizun jakitea... Anderrek hobeto esango du, baina batzuetan, errepertorioa planteatzen dugunean azkar esaten duzu: «Talde honi errepertorio hau hobeto datorkio, beste hau ez hain ondo».
A.S: Azkenean bakoitzak dakarren motxila da, esperientzia. Abesbatzako kide asko datoz abesbatza konkretu batetik. Orduan abesteko era oso barneratuta dute eta hori aldatzea ezinezkoa da, joera horretan jarraitu behar da. Gure kasuan euskal abestiak, folklorea…
Makina bat testuingurutan abestu izan duzue. Espainiako zein nazioarteko topaketatan parte hartu duzue, operetan, omenalditan, tabernaz taberna arituak zarete…Nola antolatzen da guzti hau?
J.O: Emanaldi mota oso ezberdinak ditugu, baina ardatzak beti berdinak dira: euskal musika, izan herrikoia edo folklorea; eta eliz musika, euskal egileak. Eta gero, nazioartetik ondo datozkigun kantuak ere dezente landu ditugu: folklore errusiarra, esate baterako. Bestalde, geneukan motxila horretatik alderdi lirikoa ere oso landuta zegoenez, operara jotzea erabaki genuen. Hori ere izan zen bilakaeraren parte bat. 'A capella' kantatzen hasi ginen, eta 2020az geroztik pianoz lagunduta ere abesten dugu. Beste obra batzuk kantatzeko aukera ematen dizu, azken batean hazkunde prozesu baten bidea da.
J.A: Laugarren bat musika sakroa izango litzateke. Gure ibilbidearen muina gizon abesbatzen euskal musikak errekuperatzea da, zerrenda luze bat dago obrekin. Azken 80 urteetan abestu ez diren gauzak daude, errekuperatzen ari garenak. Egon dira konpositore euskaldun batzuk oso potenteak izan direnak Europan; eliz musika idatzi dutenak, momentuko eliza aldaketetan parte hartu izan zutenak… eta horiek ere ondare handi bat sortu zuten. Esango nuke, alde batetik guk sortu nahi dugun eduki hori dagoela, udaletxeari edo kulturari eskaintzen dioguna proiektu bezala, guk antolatzen duguna; bestetik, proiektu handiagoak daude, guri etortzen zaizkigunak: opera, zarzuelak… horietan jada gu kontrataturik gatoz. Eta, azkenik, jai giroa dago, popularra, herri giroko hori ere mantendu nahi dugu. Lehen oso ohikoa zena, abesbatza bat kalean entzutea, edo afari baten ostean ahotsetara abestea… gaur egun ez da egiten. Adibidez, San Ignazio egunean kalera ateratzea eta abestea, nolabaiteko poteo abestua. Azkenean hori da: herriari ekartzea herriarena zena.
Taldean sartu nahi duenak proba bat egin behar du
aurretik?
J.A: Nik uste hori abesbatza guztietan egiten dela.
A.S: Ni hona etorri nintzenean jada dinamika hori sartuta zegoen, abeslariak zein maila duen ikusteko da: belarria, nola abesten duen, nola dabilen afinazio aldetik… dagoenari egokitzeko. Ez badu inoiz abestu, bat-batean maila honetako abesbatza batean sartzea… ez da onuragarria ez abesbatzarentzat, ez beretzat.
J.A: 2022an 16 emanaldi eman genituen, guztira 24 partaide egon ziren, baina abestutako obrak 60 izan ziren, besteak beste, bi opera. Abesbatzak daukan erritmoa oso handia da. Etortzen den horrek ez badu gutxieneko maila bat, ikusten badugu zailtasun handiak izango dituela esan egiten diogu.
R.S: Zaila da hemen kantatzen hastea, ez badakizu musika irakurtzen.
J.A: Talde txikia izanda are eta zailagoa da. 45 izango bagina sartuko zatekeen bat, denbora egin eta hartzen joan, baina 16 izanik, gauza onak eta miseri guztiak ikusten dira.
J.O: Saiatzen gara baliabideak jartzen kantariei: partiturak eskuragarri, audioak eskuragarri… inor ez dugu beldurtzen. Badago jendea zalantzekin etorri dena. Probaldi bat dago, baldintza batzuk bete behar dituzu: entseguetara etorri, ikusi nola doakizun… eta egokitzen bazara handik 6 hilabetetara barrura.
R.S: Koruak emango dio babes bat, aterki bat pertsona horri, ikasteko, moldatzeko… nahiz eta asko ez izan, babes hori badago.
Nolako garrantzia du zuentzat Astigarragan aritzeak? Herriko eragileekin ere kolaboratu izan duzue.
J.O: Argi geneukan, herriak eta udalak baliabide batzuk eskaintzen bazizkigun, erantzun bat eman behar zitzaiola gero. Pandemia garaian Txirriskla txistulariekin egon ginen, baita beraien 50. urteurrenean ere. Gure Izarraren mendeurrenarekin lotuta ere egin genuen San Inazio eguneko kantu jira hori eta Erribera Kulturgunea inauguratu zenean, Zapata Txuriak ikuskizuna antolatu zen eta parte hartu genuen beste taldeekin batera.
R.S: Elizan kontzertu asko eman ditugu.
J.O: Guk bi ikuspegiak uztartu nahi ditugu: herriari zerbait eskaini, orain arte zegoenaren osagarria, zeren Aiztondo existitzen da eta orduan gure helburua ez zen Aiztondok betetzen zituen lekuen gainean aritzea, baizik eta hutsune berriak bilatzea eta eskaintza osatzea. Eta, gero, noski, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko jarduerak ditugu.
Nola ospatuko duzue 5. urteurrena?
J.O: Gure ospatzeko modurik onena abestea da, datorren urtean 6 urte betetzea eta gero 7. Gauza ponpoxorik ez dugu egingo, nik uste ez dihoala gure izaerarekin bat. Baina bai esan dugula: «Bueno. 5. urteurrenarekin lotu dugu beste urrats bat eta izan da ahots berdinen ziklo bat sortzea Astigarragan». Zergatik Astigarragan? Astigarragan lan egiten dugulako. Zergatik ahots berdinetakoa? Bada, indarrean jarri nahi dugulako errepertorio hori. Ez bakarrik gizonezkoen abesbatzena, baizik eta gizonezkoena, emakumezkoena, haurrak… Beraz hori izango da gure ospakizuna edo eskaintza, ekarpen berria. Gero gure auto opariak egingo ditugu. Egingo ditugu gure bidaiatxoak.
J.A: Gipuzkoan ez dago ahots berdinen ziklorik, lehen zikloa izango litzateke. Ez dakit aurretik egon den inoiz, ez dut uste. Hori izango da gure 5. urteko mugarria eta saiatuko gara datozen urteetan mantentzen, propio horretarako idatzita dagoen musika interpretatuko den kontzertu bat ematen.
R.S: Kantatzeko modu asko daude munduan eta Europan. Nik ahalko banu ekarriko nituzke Ingalaterrako taldeak, Korsikakoak, Bulgariako emakumeak, errusiarrak. Askotan koru mixtoak dira difusio gehiena daukatenak baina izugarrizkoa da ahots berdinetan dagoena.
J.A: Eta pixka bat borobiltzeko, zikloko azken kontzertua abenduaren 22-23an izango da Astigarragan. Bi zatiko programa bat da eta bertan errekuperatu dugun meza bat joango da, euskal konpositore batena, urte asko ez zela abesten, eta bigarren partea gabonena izango da. Hori guztia organoaz eta sokazko boskoteaz borobilduta joango da.
Etorkizunera begira, zein dira zuen helburuak? Zein ekitalditan parte hartzea gustatuko litzaizueke?
J.O: 5 urte atzera egin eta begiratu beharrean zer egin dugun, pentsatu behar dugu datorren urtean zer egin nahi dugun: «Datorren urtean joan nahi dugu Madrilera kantatzera, edo berriro ere atzerrira atera nahi genuke». Aurten, esate baterako, lehen aldiz harizko talde batekin aritu gara. Orain arte gure kontzertuak Astigarragan pianoarekin edo organoarekin ziren. Poliki-poliki gauzak lortzen joan nahi dugu eta posible bada jende gehiago erakarri.