Erreportajeak

Gure Izarra futbol taldearen historia, talde hartako bi jokalariren semeek kontatuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00

Gure Izarra taldeko 1924ko jokalariak, Zapiain zelaian. Ezkerretik eskuinera zutik: Iraola, Montero, Joxe Almandoz, Inocencio Almandoz, Sarasua, Zumalakarregi, Lucio Egaña eta Fernando López de Zubiria. Belauniko: Iñaxio Isasa, Pe

Gure Izarra elkartearen sorburua izan zen talde hura, 1922tik 1927ra lehiatu zena, sona haundiko taldeen kontra. Anekdota eta istorio ugari bildu dituzte Martin Isasak eta Joxan, Martxel eta Mikel Ruiz anaiek.

Mendeurrena bete zuen, joan den urtean, Gure Izarra elkarte astigartarrak. 1922an sortu zen, eta ez zen nolanahikoa izan bere sorburua: Gure Izarra futbol taldeak jarri zuen elkartearen hazia. 1922tik 1927ra, sona haundiko taldeen kontra lehiatu zen, jokalari astigartar eta hernaniarrekin gehienbat. Eta jokalari haietako biren semeek, talde haren historia ekarri dute orain, aitari entzundako anekdota eta istorioei tiraka. Martin Isasak eta Joxan, Martxel eta Mikel Ruiz anaiek osatu dute artikulua; Iñaxio Isasa eta Martxelo Ruiz jokalarien semeek.

«Kariño haundiz gogoratzen ditugu, aitak kontatutako anekdota eta istorio haiek; eta artikulu honen bitartez, omenaldia egin nahi diegu bost puntako izar gorria bularrean zuen kamixeta hura harrotasunez eraman zutenei, Astigarragaren izena zelai guztietara zabalduz», diote.

Valeriano Almandozek sortu zuen futbol talde hura, eta bera izango zen, «ziurrenik», entrenatzailea ere. Zelai propioa zuen Gure Izarrak, Zapiain, Martutenetik gertu: «Hernani-Donostia tranbiaren Zapiain geltokiaren parean zegoen; zehazki, tranbiaren bidearen eta Urumea ibaiaren artean, gaur egun bidegorria dagoen tokian», kontatu dute artikuluaren egileek. Rafael Etxarri zen lur haien jabea, eta alokairuan hartuta zeukan futbol taldeak: «Futbol zelaia tranbiaren bidearen ondoan zegoenez, batzuetan tranbia gelditu egiten zen denbora pixka batean, bidaiariek partidua ikusteko».

Esan bezala, astigartarrak eta hernaniarrak ziren taldeko jokalari gehienak, eta bazen Donostiako bat edo beste ere. Honakoen berri izan dute Isasak eta Ruiz anaiek: Sarasua atezaina, Iraola, Paco Montero, Joxe Almandoz, Inocencio Almandoz, Zumalakarregi, Lucio Egaña, Fernando López de Zubiria, Iñaxio Isasa, Martxelo Ruiz eta José Luis Miner. «Defentsan, Iñaxio Isasa nabarmentzen zen, eta diotenez, Real Madridek interesa izan zuen bera fitxatzeko; edonola ere, ezinezkoa izango zen hori, aitaren sagardotegian lan egin behar baitzuen. Erdilarien artean, berriz, Real Sociedadek fitxatu nahi izan zuen Martxelo Ruiz, baina familiak ez zion baimenik eman». Talde txuri-urdinean jokatuko zuena, Fernando López de Zubiria izango zen, Realaren garai onenetako batean.

Baina jokalariak ez zeuden bakarrik Gure Izarra taldean, inondik inora. Patxi Santana hernaniarrak egiten zituen utillero eta erizain lanak, besteak beste. Taldearen 'maskota', berriz, Periko Egaña gazte hernaniarra zen, Lucio jokalariaren anaia: partidu guztietara joaten zen taldearekin.

 

Futbol partiduen ondorengo bazkari eta afarietan, makina bat bizipen

Gipuzkoako Txapelketan jokatzen zuen Gure Izarrak, eta horretan, Real Sociedad eta Real Union ziren jaun eta jabe, garai hartan. Iparraldeko Txapelketa jokatzeko sailkatzen ziren aurreneko biak, eta gainerakoak Serie B zelakoan aritzen ziren. Futbol zelai ezagunetan aritu zen Gure Izarra: Realaren kontra Atotxan, Real Unionen kontra Amuten eta Galen, Tolosaren kontra Berazubin, Esperanzaren eta Amaikak Baten kontra Ondarretan, Osasunaren kontra San Juanen, CD Logroñoren kontra Las Gaunasen, Santanderren kontra Sardineron... Eta horiek guztiek, Zapiainen ere jokatu zuten.

Partidu haietan, lehia bizia izan arren, laguntasuna ere sortu zen taldeen artean. Zenbait taldetako jokalariek, Zapiainen jokatu ondoren, sagardotegi batean egiten zuten otordua Gure Izarrakoekin batera. Eta astigartarrek, noski, beste horrenbeste egiten zuten, kanpoan aritzen zirenean. Bereziki gogoan dute artikuluaren egileek, Gure Izarrak Logroñon jokatu zuen partidu baten inguruan kontatu zieten pasadizoa: «Ohi bezala, autobusean joan ziren, egunean bertan. Jokalariak ez ezik, Astigarragako eta Hernaniko zaleak ere joan ziren haiekin autobusean. Eta Las Gaunasen jokatu ondoren, afari-merienda egin zuten bodega batean. Badirudi luzatu egin zela afari-merienda, eta gaua Logroñon pasatzea erabaki zuten. Txoferraren konplizitatea behar izan zuten, autobusak matxura bat izan zuela simulatzeko. Ez dakigu nola moldatu ziren, garai hartan telefono lineak oso exkaxak zirelako, baina lortu zuten haien familiekin harremanetan jartzea, abixatzeko autobusak matxura izan zuela eta ezingo zutela bueltatu astelehen eguerdira arte».

Realarekin ere lehia polita zutela kontatu dute, eta sagardotegira elkarrekin joaten zirela partiduen ondoren. «Realeko Amadeo Labartak, Espainiako selekzioarekin ere aritu zenak, esan ohi zuen baloia ikutzeko aukerarik ere ez ziola ematen Gure Izarrak. Imajinatzekoak dira partidu haiek: estatu mailako tituluak zituzten talde haundiak, Zapiaingo zelai lokaztuan jokatzen».

 

«Oso oroitzapen onak», talde hartan jokatu zutenek

1927a aipatu dute Gure Izarra futbol taldearen azkeneko urte gisa, baina aitortu dute ez dagoela datu zehatzik, taldearen desagerpenaren inguruan. «Jokalariek Gure Izarrako bazkide izan behar zuten, eta gastuen zati haundi bat hartzen zuten bere gain. Denboraldiren batean, Astigarragako Udalaren laguntza jaso zuten: 100 pezeta, Gipuzkoatik kanpo jokatu behar zuten partidu bakoitzeko. Bazkideen laguntza ere bazuten. Baina ziurrenik, taldea desagertuko zen babes ekonomiko nahikoa ematen zien azpiegitura bat ez izateagatik. Taldea mantentzearen kostua, bere gaitasun ekonomikoa baino haundiagoa izango zen: zelaiaren alokairua, bidaiak, ekipazioa, baloiak, arbitroen ordainketak... Kontuan hartu behar dugu, garai hartan profesionalizatzen hasi zirela taldeak, eta horrek desagertzera eraman zituen talde apalenak».

Mikel Ruiz, Martin Isasa, Joxan Ruiz eta Martxel Ruiz, Gure Izarra elkartean.

Edonola ere, diote Gure Izarrako jokalari haiek «maitasun eta atxikimendu haundiz» hitz egiten zutela taldeaz, «oso oroitzapen onak» gordetzen zituztelako: «Gazte haiek, zahartzean, kontatzen zuten zein neurritan gozatu zuten futbolaz, futbolari ezagun haien kontra jokatzeaz, autobusean edo trenean egindako bidaiez, bazkari eta afariez, sagardotegiez, pasadizoez... Donostiara aitarekin joaten ginenean, askotan geratzen zen norbaitekin hizketan, eta gero esaten zigun haren kontra aritu zela futbolean. Batzuk lagunak izan ziren betirako. Tarteka elkartzen ziren, bazkari baten bueltan, Gure Izarrarekin bizitakoak gogora ekartzeko».

Irakurri beraien idatzitako artikulua osorik hemen sakatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!