Kolore berdez eta gorriz girotuko dute Astigarraga, datorren urriaren 21ean, izan ere, gazteen eta ez hain gazteen arteko erronka antolatu dute egun osorako, Gazte Asanbladaren 30garren urteurrena aitzakia hartuta. Goizetik hasiko dira probak eta bi taldeak ariko dira lehian. Kamiseta gorriarekin lehiatuko dute 30 urtetik beherako gazteek, eta kolore berdearekin, berriz, 30 urtetik gorako ez hain gazteak.
Egun borobilari buruzko xehetasunen berri jakiteko, Kronika Iker Kasadorekin (ez hain gazteen taldeko ordezkaria) eta Zuriñe Hijarubiarekin (gazteen taldeko ordezkaria) bildu da, Astigarragan.
Urriaren 21ean, gazteen eta ez hain gazteen erronka egingo duzue. Nola sortu zen iniziatiba hau?
I.K.: Egia da ideia aspalditik datorrela. Ez hain gazteak garenok, beti eduki dugu buruan gazte eta ez hain gazteen arteko lehiaren bat sortzea. Guk bere garaian, 2006 eta 2008an, Astigarragako Olinpiadak antolatu genituen, hiru hilabetekoak. Eta aurten justu, egungo gazteak etorri zaizkigu galdezka, ea nola antolatzen genituen olinpiada horiek, aurrera begira hauek berreskuratzeko asmoa zutelako nolabait.
Orduan, ideiaren erroa hortik dator. Gazteek galdera hori egin ostean, ez hain gazteak buruari bueltak ematen egon eta gero, konturatu ginen Astigarragako Gazte Asanbladak 30 urte bete dituela aurten, eta aitzakia ederra dela zerbait egiteko.
Beraz, ekainean, ez hain gazte batzuk elkartu ginen, jakiteko ea prest geunden gazteei erronka botatzeko, eta denek baiezkoa eman zuten. Hortaz, gazteei proposatu genien erronka, eta hor hasi zen dena. Herriko festak hasi aurretik bideo batzuk grabatu genituen, herriko gazteei erronka botaz. Sare sozialen bidez elkarbanatu genituen bideoak eta herritar guztien artean zabaldu ziren egia esan.
Z.H.: Herriko jaietan olinpiadak antolatzeko ideia eduki genuen, eta bere garaian Gazte Asanbladan ibili ziren horiei galdetzea pentsatu genuen. Eta Ikerrek esan bezala, beraiek dagoeneko bazuten zerbait buruan, beraz, proposatu ziguten erronka eta noski, gu gogoz aurrera!
Erronka honekin zer lortu nahi duzue?
I.K.: Batetik; gaude AGAn ibilitakoak, eta une honetan AGAn daudenak, beraz, ederra iruditzen zaigu harremanak sustatzea; eta bestetik, gustatuko litzaiguke guk bere garaian sortutako mugimenduak oraindik soinua egitea, eta norbaitek bidea jarraitzea. Eta noski Astigarraga animatzea.
Z.H.: Herritarren artean harremanak sortu nahi ditugu, adin ezberdinetako jendea elkartu eta elkarren artean egun ederra pasa, erronka sano batekin. Urriaren 21ean elkartuko garenok beste egoera batean agian ez genuke koinzidituko eta hori polita da, erronka batek denak elkartu baigaitu.
I.K.: Parte hartzaileen artean, daude gurasoak talde batean, eta seme-alabak edota ilobak beste taldean. 50 urtetik gorako herritarrak ere animatu dira erronkara.
Sekulako eguna antolatu duzue urriaren 21erako. Froga guztiak lotuta dauzkazue ezta?
I.K.: Bai, noski. Goizeko 10:30etan hasiko gara mural margoketarekin. Behin mural hori amaituta dagoenean, murala jarriko da herriko txokoren batean. Mural margoketa ere lehia izango da, bi taldeen artean osatuko duguna. 11:00etan, bi froga hasiko dira; batean erreleboak izango dira, zirkuitu moduko bat egingo dugu, Ibai Parkean; eta bestea izango da frontoian, bazkariko froga. Bazkari prestaketa ere lehia izango da, bi taldeen artekoa. 12:30etan herri kirolak egingo ditugu, Emakumeon Plazan. Alde batetik, betiko herri kirol tradizionalak izango dira; eta bestetik, ‘herri kirolak 2’, bertan egingo ditugu herri kiroletan hain ohikoak ez direnak, hau da, sagar biltzea kixkiarekin, zaku karrera taldean… Gero egongo dira froga gehiago, besteak beste, karaokea.
Taldeak zuek sortu dituzue?
Z.H.: Hori da, saiatu gara talde orekatuak egiten. Antolatzaileen artean erabaki dugu bakoitzak zein froga egin, agian batzuk aproposagoak dira herri kiroletan, eta beste batzuk, sukaldaritzan. Genero parekidetasuna ere kontuan hartu dugu, noski.
Froga bakoitzak arduradun bat dauka, baina antolatzaileek ere parte hartuko dugu, dena lotuta daukagu. Demagun, goizean herri kiroletako proba antolatzen egon denak, arratsaldean, adibidez, karaokean hartuko du parte.
200 parte hartzaile eta 300 pertsona bazkaltzen. Espero zenuten?
Z.H.: Nik egia esan espero nuen. Jendea oso animatuta ikusten nuen. Gazteak gure artean asko berotu gara, eta ez hain gazteak ere gogoz ikusten nituen. Beraz, nik espero nuen astigartarrak animatuko zirela. Egia da jende asko dela.
I.K.: Hasieran sortu genuen ideiarekin ez nuen espero horrenbesteko jendetza animatuko zenik. Egia da, antolaketa aurrera zijoan heinean bai planteatu nuela parte hartzea haundia izango zela, baina hasieran ez.
Z.H.: Egia da erronka aurkeztu genuenean ez zela jende gehiegi bertaratu, eta hor sorpresa eraman genuen. Baina parte hartze haundia lortu dugu, beraz, oso pozik gaude.
Aitzakia ederra adin ezberdinetako jendea elkartzeko.
I.K. Bai eta batzuk kanpoan bizita ere, urriaren 21ean badatoz. Elkartuko gara gaur egun kanpoan bizi diren horiekin ere, eta egia esan hori oso pozgarria da. Eta aipatu nahiko nuke, duela egun batzuk kalean familia baten arteko pikea sumatu nuela, osaba izebak 30 urtetik gorako taldean daude, eta aldiz, ilobak, 30 urte baino gutxiagokoen taldean.
Z.H.: Eta egia da joan den astetik lehia eta pikea areagotu egin dela. Izan ere, joan den astean esan genien bakoitzari zein frogetan hartuko duen parte, eta hor sua piztu da.
Aurrera begira, ekintza gehiagotarako bidea irekiko du urriaren 21eko erronkak?
Z.H.: Bai, intentzioa ere hori da, mugimendua sortzea eta aurrera begira Astigarragan antzerako ekintzak antolatzea.
I.K.: Hala ere, urtero honelako egun bat antolatzea oso zaila ikusten dut. Antolaketa aldetik asko eskatzen duen eguna da, beraz, agian, urte batzuk pasa ostean… nork daki!
Z.H: Gazteon asmoa da honen ildotik urtero zerbait antolatzea, urte batean jende gutxiago animatuko da, eta beste batzuetan, berriz, gehiago. Intentzioa da hemendik aurrera mugimenduarekin jarraitzea. Agian datorren urtean ez dugu erronka egingo, zerbait xumeagoa egingo dugu, edo agian bai, ikusiko dugu.
GAZTEEN ETA EZ HAIN GAZTEEN ERRONKA ASTIGARRAGA URRIAK 21 10:30 Mural Margoketa froga, Joseba Barandiaran plazan. 11:00 Erreleboak froga, Andre Gobadarien ibai parkean. 11:00 Bazkaria prestatzeko froga, Txomiñene pelotalekuan. 12:30 Herri kirolak froga, Emakumeon plazan eta Joseba Barandiaran plazan. 14:15 Kalejira, Joseba Barandiaran plazatik abiatuta. 14:30 Herri bazkaria, Txomiñene pelotalekuan. 16:30 Karaoke, playback eta bertsoak frogak, Txomiñene pelotaluekuan. 18:30 Distopia elektrotxaranga Foru Plazatik abiatuta. |