Baserritarren egunarekin bukatuko dira Ergobiko Jaiak gaur, su artifizial eta guzti

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 21a, 00:00

Gizon bat sagardoa botatzen, haur eta heldu adi begira dituela, Ergobiko sagardo egunean.

Idi-dema izango da goizean, eta bazkariaren ondoren, Kantu Kolore emanaldia arratsaldean. Su artifizialekin agurtuko dituzte jaiak.

Lau eguneko festari errematea jarriko diote gaur Ergobin, baserritarren eguna ospatuta. Eta ez dira gutxi izango auzora gerturatuko direnak, ekintza potoloak prestatu baitituzte gaurko ere.

Idi-demak erakarriko du jendea goizean, Ergobiko Sariaren 57garren edizioarekin, Enrique Ar­tolaren Aitor Matxainen eta Misiyuaren idi-pareak lehian direla. Jaietako bazkari ofiziala egingo dute ondoren, eta makina bat haur eta guraso elkartuko dira plazan arratsaldean, Kantu Kolore emanaldiarekin.

Modurik onenean agurtuko dituzte aurtengo jaiak, beste be­hin, su artifizialekin eta ekitaldi sorpresarekin.

Barkaiztegi nagusi atzo, Ergobiko Sagardo Txapelketan

Espero bezala, sekulako giroa izan zen atzo eguerdian Ergobin, 11:30etan hasi eta 14:00ak arte, Sagardo Txapelketarekin eta dastaketarekin. Sagardotegi partehartzaile guztien artean, zortzi sailkatu ziren finalera, eta Barkaiztegik jaso zuen puntuazio altuena azkenean (126). Tarte txikiarekin nagusitu zen, Oialume Zarren (124) eta Irigoien Herreroren (119) aurretik.

ERGOBIKO JAIETAN GAUR

ABUZTUAK 2O, Baserritarren eguna

11:00, Idi-dema, LVII. Ergobiko Sari Handia: Enrique Artola, Aitor Matxain eta 'Misiyua'

14:30, Bazkari ofiziala. Txartelak salgai, jaietako txosnan: helduek 35 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro.

17:00, Kantu Kolore haurrentzako emanaldia

Ondoren, DJ Etoo

23:00, Su artifizialak, jaiei bukaera emateko

23:30, Ekitaldi sorpresa

Erlazionatuak

Ergobiko Jaiak 2023 - Abuztuak 20

Kronika - Erredakzioa 2023 abu 20 Astigarraga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!