Ergobiko jaiak hasi dira eta ez nolanahi. Robin Le Normand, Realeko jokalariak, eman zion atzo hasiera festari txupinazoaren jaurtiketarekin. Le Normand Ergobiko bizilagunik ospetsuena da eta auzoan ezin hobeto lekukotu denaren beste adibide bat besterik ez zen izan atzokoa. Realeko defentsa internazionala beste ergobitar xume bat da.
Ergobiko festek badute fama eta Urumea bailarako festa ezberdinen jarraipena dira. Goizuetako Amabirjin festak amaitzearekin batera ekin zioten ergobitarrek lau eguneko egitarauari. Festa-batzordea buru-belarri aritu da urtarriletik lanean egitarau zabala prestatzeko. Horren haritik, eskerrak eman dizkie ergobitar guztiei. «Eskerrik asko, era berean, laguntzaileei, tabernei, Astigarragako Udalari eta festetara etortzen zareten guztiei, zuei esker egiten batira Ergobiko festak», nabarmendu dute. «Ondo pasa eta gora Ergobia!», luzatu dute mezua festetako egitarauan.
Lehendabiziko eguna Haurren Eguna izendatzen da eta atzo beraiek izan ziren protagonista nagusiak jaien hasieran. Eguerdian idien pisaketa egin zen eta futbol mixto txapelketa jokatu zen, Bidebitarte poligonoko kantxan. Arrakasta itzela izan zuen txapelketak. «Aste hasieran deiak jasotzen jarraitzen genuen eta izenematea itxi behar izan genuen». 60tik gora neska-mutil gazte apuntatu ziren eta lauko 16 talde osatu behar izan zituzten txapelketa jokatzeko.
Hasiera ofiziala arratsaldez izan zen Le Normanden txupinazoarekin, haur jolasekin, txokolatadarekin (Maria Luisak 50 urtetik gora prestatzen daramana), puzgarriekin, apar festarekin... Luma Gorriko oilaskoa afaldu zuten auzotarrek eta ondoren Azkoitiko Txibilterren zaldia Kantabriako Santamariarenaren aurka lehiatu zen bart gauean. «Nahiz Kantabriakoa izan Oialumen egon izan da eta hortik lortu genuen kontaktua». DJ Mikeltxik jarri zion amaiera lehen egunari.
Datozen hiru egunetan ere, gaur, bihar eta etzi, haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat prestatu dituzte ekintzak.
Auzotarren Eguna, gaur
Ergobiko Jai Batzordeak urtero ongi funtzionatzen duen ildoari jarraipena emango dio. Hamaiketakoak, bazkariak eta afariak aitzakia paregabea dira aspaldiko kontuak gogora ekartzeko eta berriak freskatzeko, eguneratzeko. Gainera, herri kirolek ez dute hutsik egiten auzoan, eta hantxe elkartzen dira ergobitar guztiak, plazan, idi-demak, zaldi probak, harri-jasotzaileak eta aizkolariak ikustera. Gainera berrikuntzak ere sartzen dira eta erronka berriak. Aurten Ugaitz Mugertzaren erronka izango da. Zutik kanako enborra ahalik eta denbora gutxienean mozten saiatuko da bihar. Aizkolariak eta harrijasotzaileak gustura aritzen dira, etxean sentitzen baitira Ergobiko giro herrikoiarekin.
Umeek ere badute beraien tartea festetan, egunero egunero. Ekintza mordoa izaten dituzte egitarauean, eta udarako gau epelek lagunduta, gozatuko dute beraiek ere auzoko jaietan. Eta urtero legez, txapelketak ere izango dira egun hauetan. Tortilla goxoena zein auzotarrek egiten duen erabakiko da gaurkoan, eta toka txapelketa ere izango da horrekin batera. Ergobitarren artean pike sanoa sortzeko aukera izango da, beraz, bi ekintza horiekin.
Gaur, Auzotarren Eguna ospatuko dute. Goizetik hasita arratsaldera arte egongo da zeregina, eta denetarik izango da, gainera, Jai-batzordeak prestatutako egitarauan. Kross herrikoia gaur bueltan da ibilbide berriarekin. Gazteenentzako izango da Ibai parkean bueltaka.
Lasterketa ikusi ondoren, jateko eta edateko tartea izango da. Eguerdiko 12:00etan hasiko da Tortilla txapelketa, eta etxean egindako tortillak aurkeztuko dituzte parte-hartzaileek. Pasai Txarangak hartuko du lekukoa bazkalaurretik.
Prestatutako den bazkaria ez da nolanahikoa izango. Otordurako txartela erosi dutenek, bazkalduko dute tomate entsalada, Gernikako piperrak, hegaluze mentreska parrillan, txuleta entsaladarekin, edariak, eta, amaitzeko, Ezeizako pasteltxoak eta kafea. Punta-puntako bazkaria izango da arratsaldeko ekintzetarako indarrak biltzeko.
Aurten neska harrijasotzaile gehiago ariko dira mutilak baino. Lierni Osa, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga, Julia Martínez eta Karmele Gisasola lehiatuko dira
Aurten bazkalostera pasa dute Toka txapelketa eta bertan eman behar da izena. Ondoren, 18:30etan, herri kirolak maite dituztenek galdu ezin duten hitzordua izango dute Etxepazter Harriaren Txapelketan ariko diren bost emakumeekin. 60 kilo inguruko harriari ahalik eta altxaldi gehien ematen saiatuko dira hamar minututan: Ainitze Zumeta, Lierni Osa, Maddi Gesalaga, Karmele Gisasola eta Julia Martínez segoviarra. Pasa den larunbatean Uliako Harria lehiaketan garaipena lortu eta marka berria ezarri zuen aurreko urtean Ergobin gailendu zen Ainitze Zumetak.
Musika, jakina, ez da faltako auzoko jaietan. Udara honetan herriz herri aritzeari ekin dion bailarako talde mitikoa izango da Ergobi dantzan jarriko duena: Laiotz. Erromeria giroan, gaua girotuko dute 23:30etan hasita. Abesti mitikoekin zein berritzaileagoekin, erromeria giroan murgilduko dituzte denak, hankek eta oinek gehiago ezin duten arte.
Ordu erdi aurretik, 23:00etan, zezen suzkoak egingo ditu bereak. Urduri egoten dira auzoko txikienak, zezena noiz aterako zain. Festetan daudenaren seinale izaten da zezen suzkoa herrian egotea, jaietako ikurra baita pertsonaia hori.
Sagardo Eguna, bihar
Festarekin eta gozamenarekin jarraitzeko tartea izango dute bihar eta etzi, Ergobin. Bihar, zehazki, Sagardo eguna ospatuko da auzoan. Egitaraua jarraituta, goizez zein arratsaldez izango dira ekintzak orduan ere. Sagardoa izango da eguneko protagonista, baina beste hainbat egiteko ere edukiko dituzte Ergobikoek.
Goizeko 10:30etan jarri dute lehenengo zita. Meza Nagusia egingo dute, Astigarragako elizan, auzoko hildakoen oroimenez. Ondoren, 11:30etan, LX. Sagardo Lehiaketak hartuko du lekukoa. «Astigarragako eta bailarako sagardogile guztiak izango dira gonbidatuak», aurreratu dute antolatzaileek. Lehiaketa plazan izango da eta 60 edizio beteko ditu. 12:00etan hasiko da eta aipatu dutenez, «nahi adina sagardo eta pintxo izango da hurbiltzen den guztiarentzat». 1.000 baso prestatu dituzte.
Sagardo lehiketarako 1.000 baso prestatuko dira eta herriko sagardotegi guztiek eta inguruko beste hiruk hartuko dute parte bertan
Ostean, arratsaldera arte deskantsatzeko aukera izango dute auzotarrek. Indarberrituta itzuli beharko dute arratsaldean, hitzordu garrantzitsua baitute, batez ere herri kirol zaleek, bi lehiaketa edo hobe esanda lehiaketa batekin eta erronka batekin. Ugaitz Mugertza mutrikuarrak zutikako kanako enborra moztuko du 17:30etan hasita eta pentatloia ere prestatu dute.
Harrijasotzaileen erakustaldia ere izango da bihar 18:30etan. Gizonezkoak arituko dira harria jasotzen, IX. Txapelketan, Ergobiko 104 kg-ko Harri Beltza tarteko izango dutela. Lan hori izango dute Urrak, Paulo Azpiazuk eta Xabat Olaizolak hamar minututan.
Saioa bukatuta, tripa betetzeko ordua helduko da. Horretarako, afaria prestatuko dute, karpan. Bapo afalduko dute prestatutako menuarekin: entsalada errusiarra, otarrainskak, txerri kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea.
Baserritarren Eguna, aurtengo jaiak agurtzeko
Etzi, astelehena, izango da festak amaitzeko eguna. Baserritarren egunarekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak, eta hainbat ekintza prestatu dituzte horretarako. Idi-demak izango dira goizean, 11:00etan hasita. LVII. Ergobiko Sari Handiak hartuko du plaza, eta hiru parte-hartzaile arituko dira bata bestearen jarraian. Zehazki, izango dira Enrique Artola, Aitor Matxain eta Misiyua. Pasa den urteko lehenengo biak eta sartzen den berria.
Festak ez dituzte itxiko azken egunean otordu potolorik egin gabe. Hori horrela, bazkari ofiziala deiturikoa egingo dute auzotarrek, 14:30etan.
Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, hitzordu garrantzitsua dute, batez ere gaztetxoenek, Kantu Kolore taldearekin. Haurrentzako ikuskizuna da, euskeraz, abestiekin, dantzarekin eta animazioarekin eta ondoren DJ Etooren erritmopean, dantzarako eta ondo pasatzeko aukera izango dute.
Dantza eta jolasean aritu ondoren, 23:00etan, su artifizialak argituko dute gaua eta beste urte betez sorpresa izango da Ergobiko plazan, 23:30etatik aurrera jaiei amaiera emateko.
AUPA ERGOBIA!
I
Ergobiko festa hauek
onentsuenak dira,
lau egun umore onez,
giro ona beti da.
Eguerdiz baxoerdiak,
arratsaldez frontoira
gero sagardo, kaxuelak,
a ze melokotoia!
Gero sagardo, kaxuelak,
a ze melokotoia!
Hori da! Ergobiren parerik ez da.
ERREPIKA
Aupa Ergobia! bere neska eta festa ederrekin
altxor kaxa, bere plazan eta bere askarekin
Aupa Ergobia! gure pozan iturria zu zera
Aupa Ergobia! Beti Ergobia! beti-beti aurrera.
Beti Ergobia! Beti Ergobia! traka, traka, tra ka tra.
II
Festata datorrena
ez da berdin joango
Urte osoz Ergobia
gogoan du izango.
Sagardo ta kaxuelak
ez ditu ahaztuko.
Behin etortzen denak ez du
gehiago huts egingo.
Behin etortzen denak ez du
gehiago huts egingo.
Hori da! Ergobiren parerik ez da!
ERREPIKA
EGITARAUA
ERGOBIKO JAIAK
GAUR, Auzotarren Eguna
10:30 Haurren kross herrikoia ibilbide berriarekin.
12:30 Tortilla txapelketa eta toka txapelketa. Etxean egindako tortilla 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko da.
Ondoren, Pasai txarangaren aurkezpena.
14:30 Bazkari herrikoia karpan. Menua: tomate entsalada, Gernikako piperrak, hegaluzea mentreska parrillan, txuleta letxuga entsaladarekin, edariak, Ezeizako pasteltxoak eta kafea. Helduek 35 euro eta 16 urtetik beherako umeek 20 euro.
17:00 Toka txapelketa (izen ematea bertan).
18:30 Emakumezkoen bigarren txapelketa 55 kg-ko 'Etxepazter' harriarekin. Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga, Karmele Gisasola, Julia Martínez eta Lierni Osa.
23:00 Zezen suzkoa.
23:30 Laiotzekin erromeria.
BIHAR, Sagardo eguna
10:30 Meza nagusia Astigarragako elizan, auzoko hildakoen omenez.
11:30 LX. Sagardo lehiaketa. Astigarragako eta bailarako sagardogile guztiak izango dira gonbidatuak. Dastaketa plazan hasiko da, 12:00etan, eta nahi adina sagardo eta pintxo izango da hurbiltzen den guztiarentzat.
17:30 Zutikako kanako enborra moztutze erakusketa Ugaitz Mugertzaren eskutik. Pentatloi mixtoa ere prestatu dute Jakes Izeta eta Karmele Gisasolarekin.
18:30 Harri-jasotzaileak. IX. Txapelketa izango da Ergobiko 104 kg-ko 'Harri beltza' tarteko dutela. Mikel 'Urra', Paulo Azpiazu eta Xabat Olaizola.
21:00 Afaria karpan. Menua: entsalada errusiarra, otarrainskak, txerri kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea. Helduek 28 euro eta 16 urtetik beherako haurrek 15 euro.
ABUZTUAK 21, Baserritarren eguna
11:00 Idi-demak. LVII. Ergobiko Sari Handia. Hiru partehartzaile arituko dira bata bestearen jarraian. Enrique Artola, Aitor Matxain eta Misiyua.
14:30 Bazkari ofiziala. Menua: fritoak, iberiko sorta, zapoa plantxan eta aspizuna letxuga entsaladarekin, edariak, Goxua eta kafea. Helduek 35 euro eta 16 urtetik beherako umeek 20 euro.
17:00 Kantu Kolore eta ondoren DJ Etoo.
23:00 Su artifizialak jaiei amaiera emateko.
23:30 Ekitaldi sorpresa Ergobiko jaiak umorez amaitzeko
*Karpako bazkarietako eta afarietarako txartelak jaietako txosnan erosi ahal izango dira.
Oharra: Jai-batzordekoak esandakoa betetzea eskatzen da istripuak edo istiluak ekiditeko. Jai-batzordea ez da egingo gerta litezkeen istripuen erantzule.