Erreportajeak

«Joxemi hil zenean, Daniel Ortegak eta emazteak aitortza ofiziala egin zioten»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 29a, 00:00

1989an Realaren kamixetekin jokatu zuen Ocotaleko taldeak, Joxemi eta beste euskalherritar batzuk tartean zirela.

Joxemi Jimenez omenduko dute bihar astigartarrek, egun osoko egitarauarekin. Zipotza elkarteak antolatu du, eta jakinarazi duenez, ekitaldian bildutako etekin guztia Somoto-Nikaraguako 'Kintxo Barrilete' haurrentzako arreta zentrora bideratuko da.

Joxemi Jimenez astigartarra omenduko dute bihar herrian, Elkartasunak merezi du! Joxemi gogoan lemapean. Zipotza elkarteak antolatu du ekitaldia, Astigarragako Udalaren laguntza­rekin, eta ekintza ugari izango dira eguerditik arratsaldera bitartean, Emakumeon Pla­zan. 12:00etan emango zaio hasiera, eta emanaldi ugari izango dira: Kolorezko Ametsak, Porrotx, Xaguxar, Ostomilla Txotxongiloa, Nikaragua Sandinista, Fermin Mu­guruza, Zu Lo Taldea... Ondoren, 14:30ak aldera, herri bazkari baten bueltan bilduko dira bertaratutakoak, Fede Pachak prestatuta. Arratsaldean izango du jarraipena festak, beste hainbat musika emanaldirekin eta zezen suzkoarekin.

Zipotza eta Sandinista elkarteko kideak arduratu dira antolakuntzan. «Porrotxek dinamizatuko du ekitaldia eta helburua da elkartasunaren baloreak azpimarratzea. Joxemi da eredu hainbat esparrutan. Nikaraguan egin zuen elkartasun lana ezaguna da eta beste elementu batzuk azpimarratuko dira haurra eta gazteekin». 

Horri tiraka Kolorezko Ametsak  prestatu du Porrotxek. Joku horrekin esparruz esparru egingo da ibilbidea omenaldian zehar. «12:00etan haurrak elkartu eta beraien ametsak margotzen hasiko dira. Gero dantza bat egingo dute eta eskulana amaituta hasiko dira beste ekintzekin».

12:45ak inguru ekitaldiari hasiera emango zaio. «Batetik, gazteri aldetik elementu ezberdinak antolatu dira. Hemen esaterako, Fermin Muguruzak Nikaragua Sandinista abestia kantatuko du Aga+Zulorekin batera. Bestetik, Nikaraguarekin lotutako elkartasun lanketak azpimarratuko dira. Gero lagunen ekarpenak azalduko dira eta Sandinistak plataformak Nikaraguan egiten ari diren lana eta pausoak ezagutaraziko dira».

Lagunek Nikaragua Nikaraguita kantarekin bertso bat egin dute Joxemiri eskainiz. «Nikaraguako enbaxadorea ere bertan izango da, baita Bilbon dagoen Venezuelako kontsul orokorra, eta Xabier Lertxundi alkatea».

Eguerdiko ekitaldia amaitzeko Porrotxek gidatuta kalejira egingo da margotutako harriekin kultur etxe zaharreraino. Bertan, intxaurrondo bat banatuko da kolorezko ametsa irudikatuz». Ondoren etorriko da bazkaria eta arratsaldeko kontzertuak. «Joxe hil zenean, Daniel Ortega presidenteak eta emazteak errekonozimendu ofiziala egin zioten 35 urtetan egin zuen lanagatik».

 

Lan ikaragarria egin zuen elkartasunetik

Urtarrilean hil zen Joxemi Jimenez, eta Zipotza elkarteak azal­du du, omenaldia egingo diotela elkartasuna praktikara eraman zuen euskal herritarra izan zelako: «Historian zehar Eus­kal Herriak izan duen ezaugarrietako bat elkartasuna izan da. Asko izan dira elkartasuna praktikara eraman dutenak, hau ederragoa, erakargarriagoa eginez eta honen baloreak agerian utziz. Hauen artean gure Joxemi izan da erreferente. Herrien arteko elkartasunean sinetsi eta berau landu zuen gazte-gaztetatik herrian egiten arituz, azken hatsa eman bitartean, zalantzarik gabe betetzeko zaila izango den hutsunea utziz». Hori dela eta, biharko deia luzatu du Zipotzak: «Etorri Emakumeon Plazara, elkartasuna goratzeaz gain Joxemi omenduko dugu eta!». Gainera, jakinarazi dute etekin guztia bidaliko dutela Somotoko (Nikaragua) Quin­cho Barrilete haurrentzako arre­ta zentrora.

1988 eta 1989 urteetan Askapenako lehen kooperanteak iritsi ziren Nikaraguara eta tartean zen Joxemi. Urtebetez lan egin zuen INSSBIn Jalapako ordezkaritzan, Martha Adriana Peraltaren aginduetara.

Marlon Cerna tailer-eskolaren sortzaileetako bat izan zen, ORDrekin elkarlanean, gerrako elbarrituentzat. Idazkaritzako, artisautzako eta laguntza psikologikoko arloko arduraduna ere izan zen. 1993tik Nikaraguako hainbat erakunderekin lan egiten du Managuan.

Euskadiko HONEK GKEaren sortzaileetako bat izan zen. Segovietan lan egin zuen batez ere, Ocotal, Somoto, Totogalpa, Dipilto eta abarretako alkatetzekin lankidetzan. Idazkaritzako, diruzaintzako, proiektuak egiteko, komunikazioko, koordinazioko eta abarreko lan guztiak egiten zituen. Dozenaka proiektu nabarmentzen dira, besteak beste, herriak eta Astigarragako alkatetzak babestutakoak.

20 urtez Astigarragako herrian, 1995etik 2015era, lan ezberdinak egin zituen, zinegotzia eta alkatetzako idazkaria zelarik. 2018tik Sandinistak plataformaren sustatzailea izan zen, Nikaraguako estatu-kolpe saiakeraren aurrean auzi sandinista defendatzeko. «Azken txanpara arte ibili da lanean. Azken urtean Pablo González kazetariaren bahiketan komunikatiboki lagundu du. Merezi zuen errekonozimendua».

EGITARAUA

ASTIGARRAGA

BIHAR

12:00 Kolorezko Ametsak, Porrotx+Xagu Xar, Nikaragua Sandinista, Fermin Muguruza + Zu Lo Taldea, Elkartasuna Herrien Xamurtasuna, ONG HONEK EGK, Nikaragua Nikaraguita, Sandinistak herri ekimena, Nikaraguako enbaxada, Astigarragako Udala eta Ametsen Zuhaitza kalejira.

14:30 Herri bazkaria. Fede Patxa.

16:00 Jaialdia. Euskal Herritik Morau, Txanba El Salvadortik, Zu Lo taldea, Azkura Musika DJ. Zezen suzkoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!