Otsailaren 28ko Plenoaren gai zerrendan ageri zen puntua: Landa-eremuan biztanle-entitate bereziak sortzea. Aho batez onartu zuten, eta horrenbestez, bost biztanle-entitate berezi sortu ditu Astigarragako Udalak, herriko landa eremuan: Mendiaundi, Txoritokieta, Perurena, Santiomendi eta Oialume. Irakurketa hutsean deigarria izan daitekeen erabakiak, ordea, azalpen xinplea dauka. Behar bati erantzuten dio: landa eremura bideratutako dirulaguntzetan, gero eta gehiago, bete beharreko baldintzetako bat izaten da biztanle-entitate berezi batekoa izatea.
Behemenditik jaso zuen proposamena Udalak, Xabier Urdangarin alkateak azaldu duenez: «Behemendiren barruan dago Astigarraga, eta askotan, beraiek izaten dira landa eremurako dirulaguntzen berri ematen digutenak. Dirulaguntza bereziak izaten dira, Europatik, Espainiako Gobernutik zein Eusko Jaurlaritzatik datozenak, landa eremuko gai ezberdinetarako. Eta Behemenditik aipatu ziguten, dirulaguntza horietan gero eta gehiago ari direla baloratzen entitate berezi batekoak izatea. Adibidez, landetxe bat edo baserri bat ari bada berritzeko proiektu bat egiten, badaude dirulaguntzak horretarako; baina dirulaguntza horiek, askotan, eskatzen dute baserria edo landetxea egotea entitate berezi baten barruan. Beraz, gertatu izan da herriko nekazariak edo abeltzainak geratzea dirulaguntza eskatu ezinik», azaldu du Urdangarinek. Udalari ere gerta dakioke hori, esate baterako, Santiomendiko aterpetxean berrikuntzaren bat egin nahiko balu.
Entitate bereziak eta izenak, «jendeak lehendik ere horrela identifikatzen dituenak»
Hori horrela, «aukerak galtzen» ari zirela ikusita, gaia landu eta aztertzeari ekin zion Udalak, azkeneko Plenoan onartzeraino. Bost entitate berezi sortu dituzte, bakoitza bere izenarekin. Ez dute izenik asmatu, ordea: «Herriaren barruan, landa eremuan mugatutako zonaldeak dira entitate bereziak, jendeak lehendik ere identifikatzen dituenak, tradizioz, historiagatik, jende asko bizi delako bertan... Gure landa eremu osoa nahi genuen banatu entitate berezietan, eta jendearen buruan dagoen banaketa da egin duguna. Gutxi gorabehera, horrela identifikatu ohi dira zonaldeak», nabarmendu du alkateak.
Eremu horiek zehaztu dituzte herriko mapan, ondoko irudian ageri diren bezalaxe; eta zerrendatu dituzte eremu bakoitzean dauden baserriak, ekipamenduak eta azpiegiturak. Horrela, entitate berezien barruan dauden horiek betetzen dute baldintza hori, landa eremurako dirulaguntzak eskatzeko.
Zerrenda hori, lehendik ere bazeukaten egina, eta «multzokatzea» izan da oraingo lana, entitate berezi bakoitzaren mugak zehaztuta. Astigarragako baserrien zerrenda osoa landu zuten Baserri Mahaiak bideratutako ikerketan. Horren iturburua izan zen, Goldea elkarteak 2008an Udalari egin zion eskaera, «baserrien inguruko azterketa sakon bat» egiteko. 2014an heldu zion gaiari Udalak, eta denbora batez etenda egon ondoren, 2021ean berritu zuten zazpi urte lehenago hasitako azterketa. «Ikerketa hartan, beste izen batzuk ere erabili genituen zonaldeak identifikatzeko», azaldu du Goldeako Antton Arkak: Bentak, Ergobia, Errekalde...
Ikerketan, honela multzokatu zituzten baserriak: Santiomendin 65, Bentetan 18, Ergobian 18, Txoritokietan 20, Errekalden 10, eta herrigunean 15. Guztira, 146 baserri, egoera ezberdinetan eta jarduera maila desberdinarekin. Izan ere, 20tik gora dira nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi direnak. Multzo horiek, sortutako bost entitate berezietara egokitu dituzte orain, baina batean zein bestean, Santiomendin daude gehienak, eta baita nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi diren gehienak ere.
Biztanle-entitate berezi horiek sortzeak, eragin txikia izango du gainerakoan: «Ez da Ereñotzun bezala izango, auzo alkate bat egongo dela, eta auzo horrek bere aurrekontua izango duela», argitu du Xabier Urdangarinek. Izan dezake eragina beste arlo batean, eta ez kalterako: Eustatek eta INEk (Instituto Nacional de Estadistica), herrika ez ezik, entitate berezika ere ematen dituzte datuak, kasu askotan. «Lagungarria izan daiteke hori», adierazi du alkateak: «Herri osoko datuez gain, xehatuta baldin badauzkagu entitate berezi bakoitzekoak, balioko digute bilakaera ikusteko; orain hasieran ez, baina bai epe luzera. Eremu horien bilakaera banaka baloratu ahal izango dugu horrela».
Antton Arka: «Honek balio behar digu, herria orekatzeko konpromiso bat hartzeko»
Planoari eta zehaztutako bost eremuei erreparatuta, begibistakoa da zeinen zati haundia hartzen duen landa eremuak, Astigarragako azalera osoan. Horri egin dio erreferentzia Antton Arkak: «Honek balio behar digu, herria orekatzeko konpromiso bat hartzeko. Orekatu diodanean, esan nahi dut landa eremuak oso azalera haundia hartzen duela Astigarragako lurretan, eta 300 pertsona inguruk kudeatzen dutela; eta beraz, indarra eman behar zaiola, udal aurrekontuetan ere. Ez bakarrik nekazaritzari eta abeltzaintzari dagokionez; baita ekologiari, naturari, ondareari edota kulturari begira ere. Hormigoira bideratu ohi dugu ia dena, eta konturatu behar dugu landa eremuan daudela behar gehiago dauzkaten herritarrak. Jarduera txikiko ustiaketak dira, baina horrek erakusten du gure izaera eta nortasuna. Oreka bilatu behar da».
Edonola ere, Goldeako kideak azaldu du «pozik» daudela gaiari une honetan Astigarragan ematen zaion garrantziarekin: «Ikerketan ageri diren ekintzen plana gauzatzen ari gara. Orain, esaterako, baserri bakoitzaren fitxa ari gara lantzen, produktuen katalogoa, argazkiak edota historia bilduta. Herritarren eskura jarriko da hori. Bestalde, Herri Eskolarekin unitate didaktiko bat egin nahi dugu, Herria eta baserria. Ikerketako ekarpenak baliatuko dira horretarako, eta Astigarraga Aldizkariak ere hartuko du parte. Gainera, belaunaldi aldaketari ere heldu nahi diogu, eta asmoa da dozena bat baserriren inguruan sakoneko landa lana egitea, aztertzeko seme-alabek jarraipena eman nahi dioten, beste sistema bat nahiko luketen... Udalak hartu du ardura hori, eta proposamenak landuko dira, behin azterketa eginda». Une honetan ari dira lantzen Baserri Mahaian, era berean, baserritarrentzako dirulaguntza deialdi bat.
ASTIGARRAGAKO ETXE ETA BASERRIAK ENTITATE BEREZI BAKOITZEKO
OIALUME
Barkin, Arana Eder, Oialume Berri, Josuene, Eguzkitza, Nobleza, Aldapeta, Iturriondo, Gurutzeta, Gurutzeta Berri, Villa Barkin, Zerraione
SANTIOMENDI
Argindegi Berri, Rekalde Berri, Argindegi, Isabel Enea, Argindegi Zahar, Etxe-Txiki, Guardi, Rekalde Zahar, Artizu, Urzallategi, Iriarte, Martzine, Arraspi, Mendikoaga, Etxe Aundi, Baztanene, Illagorrine, Beitza, Olabarrieta, Vista-Eder, Bakene, Bernabene, Gure Zerua, Sagasti, Miñadi, Minegi Berri, Gastañagieta, Gure-Ametz, Bide Gurutzeta, Elizondo, Pikoaga, Buenabista, Etxe Aundiko Borda, Txapaborda, Bordatxo, Aixienea, Itxaropena, Zelai-Haundi, Artola, Arraspiene, Ioltza, Iragar, Taulazpi, Bere-Aran, Aizeleku, Bide-Ondo, Etxe-Luze, Argi-Etxea, Zimelaurritza, Olabide, Oiarbide, Sarasola, Lagatxaga, Andolatzaga, Urbieta, Oiarbide Txiki, Santione-Berri, Atxurro, Santioene, Lerraire, Arkaizpe, Langaurreta, Langagorrieta, Aldapan, Ermaña, Arrigain, Arku-Bide, Arrietxe, Palanka, Camillo, Gurea, Etxe Berri, Plaza Etxe, Ibarramusenea, Zabale Berri, Markitene, Zabale, Bustieta Txiki, Bustieta, Goiko-Etxe, Borta Enea, Alorre, Matrakane
PERURENA
Bista-Eder, Makinetxe, Eguzkilore, Goiz-Eguzki, Maliharri, Floreaga-Zahar, Bide Gain, Aginastegi, Gure Borda, Gure Izarra, Otegi Enea, Piño Gain, Hiru-Bide, Goiz-Argi, Etxarri-Enea, Manixene
TXORITOKIETA
Goiko Taula, Buenabentura, Putzueta Berri, Elio Enea, Maitza, Leku Eder, Larraburu, Txoritokieta, Alano, Ubarburu Bea, Ubarburu, Taula
MENDIAUNDI
Villa Aldapa, Alorrene, Kortadi, Lizardi, Bide Ondo, Bordatxo, Lizardi Berri, Taulape, Egi Eder, Errota Berri, Telleri Bekoa, Telleri Goia, Petritegi, Petritegi Berri, Adur, Mendiola, Etxeko-Enea, Etxabe, Etxabe Berri, Borda, Mina, Usategieta