'Amaraun', amatasunaren inguruko hausnarketa kantuaren eta dantzaren bidez kontatzen duzue. Nola?
O.I.: Ni jardun zati haundi batean bertsolaria naiz eta Amaiur dantzari profesionala da. Bioi heldu zitzaigun emanaldi bat osatzeko gonbidapena, Lankutik. Eta bakoitza bere diziplinatik hasi ginen gaiari buruzko hausnarketak josten. Kontua da ez genuela ez bertsoa dantzatuta eman nahi, ez eta dantzari hitza jarri nahi. Orduan, gure lan hau da amatasunaren inguruko gogoetak plazaratzea, horren inguruko elkarrizketa bat osatuz; Amaiurrek gorputzetik gehiago eta nik hitzetik eta kantutik gehiago. Hala ere, ez da hain erraza bereiztea bakoitzak egiten duen lana, alegia, nik ere gorputza jartzen dut derrigor eta berak ere parte hartzen du bestelako elementuetan ere.
Esango genuke Amaraun ‘bidaia bat’ dela; kontatu nahi duguna kontatzeko erabiltzen ditugu gure eskura dauden baliabide guztiak eta gure eskutatik kanpo dauden batzuk ere bai.
A.L.: Oihanak aipatu moduan, abiatzen gara bertsolaritzatik eta dantzatik. Rol uztarketa bat dago, hausnarketa bat, istorio bat, ibilbide bat… Musika ere oso parte garrantzitsua da emanaldi honetan bertsoaz eta dantzaz gain. Eszenak aldatzeko antzerki saiakera bat ere egiten dugu, ez da dantza ikuskizun bat, ezta bertso emanaldi bat; da bidaia bat, amatasunean zehar. Eta gonbidatzen dugu publikoa gaiaren inguruko hausnarketa bat egitera.
Nola sortu zenuten 'Amaraun' emanaldiaren ideia?
O.I.: Lankuk proposatu zigun emanaldi bat egitea, eta ondorengo lana gurea izan da nolabait, gainera askatasun osoa eman ziguten nahi genuena lantzeko. Biok gabiltza plazan eta oholtzan; ni harrapatu ninduen ama izan berri eta Amaiurri zalantza horri begira, ea posible luken bere ibilbideari jarraipena eman, ama izaten edo ez. Orduan, hortik hasi ginen hizketan eta konturatu ginen ez genuela hortik kanpo ezer ere bilatu beharrik, gai asko gurutzatzen zirelako amatasunaren inguruko hausnarketa batean, eta zuzenean astintzen gintuen gaia zela ohartu ginen.
A.L.: Elkartu ginen Oihana eta biok egun batean, eta egia esan nahiko bapateko kontua izan zen emanaldiaren gaia erabakitzeko unea. Oihanak aipatu moduan, ama izan berri zen eta ni hortxe nengoen, nire lagunik onena ama izan berri, eta zalantzetan nengoen, kezkak buruan bueltaka neuzkala.
Momentu horretan hasi ginen emanaldiari forma ematen, 2021eko uztailean, biok izandako elkarrizketarekin. Pixkanaka hasi ginen gidoia sortzen, eta gidoi hau etorri zen Oihanaren bertso sorta batetik. Hortik aurrera hasi ginen erabakitzen amatasunaren inguruko zein gairen inguruan hitz egin nahi genuen; betiere kontuan izanik abiapuntua amatasun biologiko batetik, nahi genuelako gorputza jarri eszenan. Jarraian etorri zen lanketa, eta hori beharren arabera egin genuen, emanaldia osatzen edo saretzen joan ginen apurka-apurka.
Guretzat zailena izan da emanaldian zer kontatu eta zer ez erabakitzea, amatasunaren zein alor utzi kanpoan, eta zein barruan, dudarik gabe hori izan da Amaraun sortzerakoan zailena suertatu zaigun oztopoa.
Amaraun sortzeko lanketa, beraz, honakoa izan zen: bertsoetatik abiatu, ni dantzarekin eta musikarekin atmosferak sortzen joan nintzen, testuinguruan jartzen. Hortik sortu genuen aurreneko zirriborroa, gero aldaketa batzuk egin genituen gaur egungo Amaraunera heldu arte.
Zein jarrerarekin joan behar da ‘Amaraun’ ikustera?
O.I.: Nire ustez, emanaldi honek ate ezberdinak irekitzen dizkio bakoitzari; bakoitzak bizitako esperientzien araberakoa; ama den edo ez den… baina denok daukagu ama bat. Niri pertsonalki, pasa zait izan berritan; nire burua berrirakurri behar izan dut, alaba gisa. Eta emanaldi honek amaren ibilbideari begira jarri nau. Beraz, nik uste dut bakoitzak ikusiko duela zein hari muturri heldu. Zerk astintzen du bera eta politena da bakoitzak osatzen duela bere istorioa.
A.I.: Esploratzeko jarrerarekin etortzea gomendatzen dugu. Amatasunaren inguruan dauzkagun aurreiritzi hauekin edo kanpoan utzita. Amatasuna gai unibertsala da, eta denok daukagu gutxienez ama bat; eta norberak amatasunaren inguruan dauzka iritzi eta aurreiritziak, eta emanaldi honek hausnarketa egiteko gogoa piztu dezake. Etorri daitezela amatasunaren inguruan dauden lokatzetan zikintzeko gogoekin.
'Amaraun' izena nondik dator
O.I.: Amatasuna edo amaren oihartzun horiek ekarri nahi genituen. Hala ere, oso garbi ikusten genuen amatasun feministen garrantzia edo beste modu batera esanda, saretzea; bai amak, bai emakumeak eta baita, oro har, zaintza ere gizarteko ardura bezala hartzea. Orduan, konturatu ginen sare batzuk behar zirela eta Amaraun hitza, egokia zitzaigun horretarako. Amaraun irunez iraun, sare horiek iruteak nola laguntzen diguten bizirauten. Amatasuna eta zaintza guztiak dira oso esperientzia exijenteak, eta are gehiago baldintza kaxkarrekin edota aitortza faltarekin egiten badira.
Bertsoak eta dantzak badute lotura. Nola adierazten diozue publikoari, lotura hau?
O.I.: Elkarrizketa osatzen goaz, ni momentu batean hitzekin hari naiz baina gorputza ez daukat aparte. Eta Amaiurrek askotan, gorputzarekin erantzuten du, osatu egiten du elkarrizketa. Demagun, nik gauza bat esan eta Amaiurrek erantzun egiten dit. Ez da ari nik esandakoa gorputzarekin adierazten, baizik eta nik esandakoari erantzun bat ematen. Momentu horretan elkarrizketa bat sortzen da. Noski ikusiko dira koreografiak eta bertso sortak, baina elkarrizketa bat osatzen dute.
A.I.: Batzuetan, iruditzen zait, mugimenduak laguntzen diola hitzaren mezua indartzen. Ikuslearentzat bi estimulu jasotzea (ahotsezkoa eta bistakoa), batzuetan gehiegi izaten da; hauek lotuta doaz indar gehiago emateko. Askotan dantzak mugimendua ematen dio hitzari, eta beste askotan hitza da dantzari erritmoa ematen diona.
Nola erantzuten diezu Oihanaren esaldiei gorputzarekin, Amaiur?
A.I.: Emanaldiaren hasieran bertso asko dago, eta Oihanak esaten duen hori nik mugimenduarekin kokatzen dut. Egia da emanaldiak aurrera egin ahala, edukia lasaitzen doa eta hor ez dago bertso-dantza erantzunik. Antzerkitik jotzen dugu, isilunetik ere, mugimendutik...
Ama izan ala ez izan erabakitik abiatutako emanaldia da Erriberako oholtzan ikusiko dena, gaur.
O.I.: Bai, nolabait. Egia da bigarren galdera bat ere baduela emanaldiak, eta da, izan edo ez izan baino, ’nola’ izan. Dena sakrifikatu behar da ama izateko? Ez izateak zein ondorio dakartza? Azkenean gaur egungo gizartean bada halako presio bat, eta emakumeon erabakia ez da guztiz librea izaten. Galdera asko ateratzen dira etengabe, eta orduan, bidegurutze mordoak sortzen dira.
Astigarragan eskainiko duzue ‘Amaraun’, zer espero duzue?
O.I.: Beti daukagu gogoa, eta egia da herri bakoitzeko publikoak esanahi bat ematen diola. Dauzkagu momentu pare bat non publikoarekin harremana eraikitzen dugun, eta inprobisazio momentu batzuk ere badaude. Orduan beti izaten dugu jakin mina, zer topatuko dugun, eta hori bai, beti gogoz. Askotan jendea etortzen zaigu beraien pasarteak edota esperientziak kontatzera, eta zentzu horretan, jendea ari dela osatzen guk abiatutako elkarrizketa, jendearen esperientziekin eta kontuekin osatu da Amaraun.
A.I. Astigarragako Erriberan iaz egon nintzen dantza emanaldi bat eskaintzen eta aretoa oso goxoa da. Jendea gerturatzea espero dugu, eta guk gure aldetik daukagun guztia emango dugu.
Inprobisazioa aipatu du Oihanak. Pertsona bakoitza mundu bat da, horrek emanaldi bakoitza berezia bilakatuko du ezta?
A.I.: Bai, Amaraunen dago momentu bat, publikoarekin interakzioa bilatzen duguna. Eta egia da publikoaren, giroaren eta espazioaren arabera inprobisazioa asko aldatu daitekeela, guretzako ederra da, ez baitakigu inoiz zer datorren.
Emanaldi guztia itxia dago, dena aurrez prestatuta, eta momentu horretan ez dago ezertxo ere lotuta. Eta egia da momentu horrek asko erabakitzen duela horren ondoren datorren guztia, publikoaren jarrera ere bai… Ikusten duzu publikoak nola erantzun dezaken emakumeen indarkeria bezalako gai baten aurrean, amatasunaren inguruko aurreiritzi batzuk plazaratzen dira, konplize egiten zaituztenean ere jendeak nola erantzuten duen ikusi dezakezu, besteak beste.
Bertsozaleko elkarrizketan aipatzen zenuten kanpoko ikuspegitik kontatutako emanaldia dela.
O.I.: Nolabait, bakoitza bere bizipenetatik abiatzen da, baina guk ez dugu gure istorioa kontatu nahi, guk nahi diogu gaiari heldu modu zabalago batetik, ehunka kasu ezberdin pilatzen baitira. Eta zorionez, bakoitzak bere esperientziak ditu, eta norberaren bizipenekin eta gogoetekin osatzen da Amaraun.