Etxean entzuna zuen Patxi Bakalluren izena, Urtzi Leonet Santa Cruz astigartarrak: «Pertsonaia legendario bat zen gurean». Baina, aurrerantzean, beste etxe askotan ere izango dute haren berri. Bereziki, fantasiazko literatura gustuko duten horietan. Izan ere, saga literario bateko protagonista da Patxi Bakallu orain, Itzalen Damarekin batera.
Azaroan argitaratu zuen idazle astigartarrak bere aurreneko nobela, Itzalen Dama eta Patxi Bakallu sagaren lehenengo alea: Herri margotua. Herriz herri aurkeztu du hilabeteotan, dozena bat aretotan dagoeneko; eta gauza bitxia sumatu du. Nobelak piztu duela gaztetxoen jakinmina, haientzat egindakoa baita, euskal literatura fantastikoak adin tarte horretarako daukan «zuloa» betetzeko asmoz; baina erakarri duela, baita ere, 40 urte inguru dituzten horien arreta: «Ni bezala, Dragoi Bola ikusten hazi ziren horiena».
Euskerazko basamortu fantastiko horren lehortea bizitu du Urtzi Leonetek ere, irakurle bezala aurrena, eta idazle gisa ondoren: duela zortzi urte inguru bukatu zuen nobela, baina argitaletxeek ez zioten aukerarik eman orduan. Gerora, «testuinguru aproposagoa» izan denean, Eusko Jaurlaritzaren sorkuntza beka bat jaso eta Elkarren ateak zabaldu zitzaizkion: estreinako nobela bakarrik ez, saga oso bat kaleratuko du.
Azaroan argitaratu zenuen nobela. Nolakoa da aurreneko nobela argitaratzeko esperientzia hori?
Esperientzia bera kuriosoa izan da. Idazle Eskolan nenbilen garaian abiatutako proiektua da hau, duela 10-12 urte. Han idatzi nituen aurreneko hiru-lau kapituluak, proiektu modura. Tutoreak animatu ninduen jarraitzera, eta nolabaiteko lehenengo bertsio bat egin nuen garai hartan. Duela zortzi urte inguru bukatuko nuen, eta hasieran atzera botatzen zidaten editorialek. Beraz, alde batera geratu zen proiektua, pixka bat. Baina gero, aurkeztu nuen Eusko Jaurlaritzaren sorkuntza beka batera, eta beka horietako bat esleitu zidaten. Hori aprobetxatu nuen liburuari beste buelta bat emateko, hobetu, aldaketak egin, murriztu, findu... Eta horren ondoren, Elkar argitaletxeak egin zuen apustua. Gainera, ez soilik liburua argitaratzeko, baizik eta saga bat egiteko.
Lanketa luze-luzea izan dela esan liteke, beraz...
Bai. Beharbada, lehenengo bertsioa egin nuenean, ez zegoen gaur egungo testuingurua. Fantasia dago leku guztietan, eta literaturan baino gehiago, zineman, telesailetan... Juego de Tronos, Eraztunen Jaunaren telesaila... Orain zabalduago dago, duela urte batzuk baino. Eta horri tiraka, behin esan nuen bezala, dragoi hori etorri zenean aprobetxatu egin nuen, dragoi horren gainera igo eta bidaia hau egiteko.
«Gure etxeko pertsonaia legendarioa da Patxi Bakallu. Jolasean aritu eta gero bueltatzen ginenean kamixeta aterata, amak esaten zigun: 'hara, Patxi Bakallu ematen dek!'»
Makina bat aurkezpen saio egin dituzu jada, azkenekoa etxean, Astigarragan. Jakinmina piztu du nobelak?
Egia esan, bai. Gainera, gauza bitxia gertatu da aurkezpen saioetan. Gazte literatura da, horretarako sortu nuen, euskeraz apenas dagoelako literatura fantastikorik. Bazegoen salto bat: haurrentzat badaude kontakizun magiko edo fantasiosoak, baino ondoren, gazteentzat ez dago halakorik. Niri ere, bere garaian, hala gertatu zitzaidan. Euskerazkoak bukatu, eta gaztelaniara jo behar zenuen, liburu fantastikoak irakurtzen jarraitu nahi bazenuen. Hortik etorri zen kontu hau guztia, fantasiaren zulo hori betetzeko euskeraz. Adin tarte horretarako sortu dut, eta Etxarri-Aranatzekoa bitxia izan zen, iritsi ginenean gaztetxo koadrila bat gure zain baitzegoen, jarraitzaileak bezala.
Baina, era berean, ari naiz jasotzen nire adin inguruko jendearen feedbacka, 35-45 urte bitartekoena. Ni bezala Dragoi Bola ikusten hazi ziren horien artean ere, izaten ari da eragina. Beraz, bi adin tarte horietakoak etorri dira aurkezpenetara, bereziki: gaztetxoak, eta 40 urte ingurukoak.
Helduak ere fantasia gosez daudela, alegia...
Bai, hori da. Izango da niri bezala gertatu zitzaion jendea, adin batetik aurrera ez zeukana euskerazko literatura fantastikorik. Beraz, jarraitu zuen gaztelaniaz irakurtzen, edo utzi egin zuen. Eta tira, gaur egun ari da friki mundu hau birsortzen eta mundu mailan zabaltzen. Eta euskeraz ere txokoa egitea lortzen badugu, ez da txarra. Gainera, ez da fantasia bakarrik; hor dago Mikel Alvarezen 'Euskalia' liburua ere, zientzia fikziora jotzen duena. Badaude sorkuntza berriak euskeraz, mundu horretara dijoazenak, eta hori oso pozgarria da.
Nobela honen hazia oso aspaldi ernatu zen, beraz.
Hori zalantzarik gabe. Bitxia da, gainera, protagonistetako bat dela nire etxeko pertsonaia legendarioa, Patxi Bakallu. Gure etxean, jolasean aritu eta gero bueltatzen ginenean kamixeta aterata, amak esaten zigun: 'hara, Patxi Bakallu ematen dek!'. Beraz, hazia garai hartakoa izan liteke. Nik istorio hau asmatu dut, pertsonaia horrek ez zeukalako istoriorik; galdetu eta inork ez zekien nor zen.
Hortaz, Patxi Bakallu nor zen deskubritzeko jakinminetik sortu zen nobela?
Bai, horrela izan zen. Idazle Eskolan, Iñaki Zubeldiak eskatu zigun istorio bat idazteko ideia bat, eta nik ideia hori nerabilen buruan aspalditik, baina ez nion heltzen. Eta esan egin nion, nik banuela halako itsasgizon bat, eta bere abenturak kontatu nahiko nituzkeela, mundu mitologikoan ere sartuta, hemengoa lotuz munduko beste herrialde batzuetako mitologiekin. Eta horrela hasi nintzen nobelarekin lanean.
Aipatu duzu, oso gutxi landutako generoa dela fantastikoa, euskal literaturan. Horrek zailtasun gehiago jarri dizkizu bidean?
Zailtasunak baino gehiago, argitaratzeko erabakia hartu aurretik, sentitu dut beldur moduko bat, euskeraz funtzionatu ote zezakeen. Azken finean, euskeraz gehiegi esploratu gabeko mundua izanik, agian bazegoen halako errezelo bat. Oraingo testuinguruan, badaude aldagai gehiago erraztu diotenak bidea. Garai batean ez zegoen hain zabalduta, baina orain leku guztietan dagoenez, zergatik ez euskeraz ere? Aldagai horiek guztiak, orain bai, positiboak izan dira, eta bidea ireki diote.
«Haurrentzat badaude kontakizun magiko edo fantasiosoak euskeraz, baina ondoren, gazteentzat ez. Niri ere hala gertatu zitzaidan. Euskeraz fantasiaren zulo hori betetzeko sortu nuen nobela»
Duela 10-12 urte aritu zinen Idazle Eskolan, baina idazteko harra, gaztetatik daukazu sartua?
Betidanik sortu ditut istorioak, baina normalean izan dira istorio laburrak, niretzako, lagunentzako, edo sariketaren batera aurkeztera ausartu nintzelako. Gehienak, argitaratu izan ditut Astigarraga Aldizkarian, urtean bat edo. Beti izan dut joera hori, baina inoiz ez dut izan mundu hori osatzeko gaitasuna edo pazientzia, ez dakit bietatik zer izan den. Kontu honekin tematiagoa izan nintzen oraingoan, eta inguruan lagundu egin didate. Liburu bat ez baita bakarrik idazten. Nahiz eta nire izena egon azalean, atzean lan haundia dago, eta jende askoren laguntza. Orain izan dut mundu hori osatzeko aukera, eta heldu diot.
Zer kontatzen du nobelak?
Portutxo izeneko herri batean kokatzen da, portua daukan Euskal Herriko edozein herri izan litekeena. Haurrak jolasean dabiltzala, itsasertzean ikusten dute kontatzen dizkieten ipuinetan agertzen den itsasontzi magikoa, Aparlorea. Eta badakite Aparlorea itsasontziko kapitaina Patxi Bakallu dela. Herria aztoratu egiten da, noski; pentsa nolako ezustekoa. Imajinatu zuri benetako Olentzero agertzen zaizula etxean. Hori da nobelaren abiapuntua. Kontua da, Laino Zuri Handiaren lurraldean eguzkia desagertu dela, eta ekaitza eta hodeitza besterik ez dagoela. Zeruetako Jainkoa haserre dago, eta beraien kantuetan aipatzen da halako gizon iletsu bat, bere garaian ere eguzkia ekarri eta berriro distirarazi zuena. Horregatik etorri dira Euskal Herrira, Patxi Bakallu bertan ibili zenean, bazegoelako halako gizatzar iletsu bat; eta haren bila datoz, basotik ateratzeko konbentzitu eta munduaren beste puntaraino bidaia egiteko. Orduan, aprobetxatzen dut euskal mitologiaren nire bertsioa aurkezteko, oihanean zehar dijoazenean. Eta ondoren, Zeelanda Berriraino goaz, Laino Zuriaren Herrialdera. Beraz, nobelak badauka mitologia, fantasia, abentura, eta itsaso pixka bat ere bai. Garai bateko pelikula klasiko haien osagaiak.
«Zeelanda Berriaren eta Frantziaren arteko errugbi partidu batean buruak klik egin zidan. Ikusi nuen Basajaun haka dantzatzen, Zeelanda Berrian ez zegoela eguzkirik... Errugbiak ere izan du zeresana nobelan»
Hainbat pertsonaia ageri dira nobelan. Zer kontatu dezakezu bakoitzari buruz?
Patxi Bakallu bera, da pertsona bat oso abenturazalea, bitxia, kuriosoa, azkarra... Pelikuletako kapitain klasiko horietako bat, kantari ere hasten diren horietakoak. Eta ipuinetako pertsonaia da, herriko zaharrek ere aipatzen baitute, gazte garaitan akaso etorri zela herrira... Eta orain, agertzen denean, gazte bat dirudi, gaztea da. Beraz, horren atzean badago istorio bat, eta ez dakigu zehazki zer den: ipuinetako pertsonaia, hilezkorra edo zer arraio. Bere asmoa da munduko txoko guztiak esploratzea, eta horrekin ikasi eta lagundu.
Itzalen Dama da itzaletan babesten den neska gazte bat. Patxi Bakallu bada Aparlorearen kapitaina, Itzalen Dama da itsasargia. Itzalik ez dago argirik ez badago. Hori izan liteke Itzalen Damaren borroka partikularra, bere barruko argi hori azaleratzea.
Kamaka ere agertzen da, maoria, oso patsadatsua. Errugbi jokalari klasiko bat: zabala, indartsua, lasaia, baina eztanda egiten duenean bere herriaren alde borroka egiteko zalantzarik ez daukana.
Kotte Zaharra da ipuin kontalaria, herriko xelebrea. Nahiz eta izan herriko xelebrea, abenturazalea, gazte garaitako itsasgizona eta begibakarra, herriak berak topatu dio lana, ez dute bazterrean utzi erabat, eta hori islatu nahi izan dut. Eta era berean, erakutsi nahi izan dut edozein adin dela egokia abentura bila joateko berriro.
Basajaun bera ere ageri da nobelan, noski. Zer esango dugu ba, berari buruz? Su Ta Garren abestian oso ondo deskribatzen dute, txima luze eta bizar haundi. Laguna denean laguna, baina haserre dagoenean ere, ez dauka besterik.
Eta bidean ere aurkituko dituzte beste pertsonaia batzuk; Xaxi izeneko gazte misteriotsua, adibidez. Misteriotsua denez, hortxe utziko dut. Mendian eta basoetan aritzen den gaztea da, pertsonaia anbiguo xamarra.
Errugbia aipatu duzu, eta badauka bere islada nobelan, ezta?
Gaztetan jokatu nuen Hernanin; askorik ez, urte bat edo bi, jubeniletan. Baina beti eman dit atentzioa, eta ordutik jarraitu izan dut, gehiago edo gutxiago. Eta bitxia iruditzen zitzaidan, bereziki, Zeelanda Berriko selekzioak dantza bat egitea, partiduen aurretik. Eta egun batean suertatu zen, Zeelanda Berriaren eta Frantziaren arteko partidu bat ikusten ari nintzela, eta haka dantzatzen ari zirenean, Sebastien Chabal jokalari frantziarra, haundia, indartsua eta iletsua, ikusi nuela gozatzen; niri hala iruditu zitzaidan, behintzat. Kasualitatez, 'Ka Mate' izeneko haka hori da, aipatzen duena gizon iletsua, eguzkia ekarri eta berriro distirarazi zuena. Eta niri buruak klik egin zidan momentu horretan: ikusi nuen Basajaun haka dantzatzen, Zeelanda Berrian ez zegoela eguzkirik, eta Basajaunek joan behar zuela berriro ekartzera. Hori ere izan zen istorioaren sorburuetako bat. Beraz, errugbiak ere badu zerikusia horretan.
Portutxo da nobelako herria. Hori ere ez da kasualitatea izango...
Ez nion jarriko Astigarraga edo Hernani izena, baina bai izan zitekeela izen aleatorio bat, edozein porturen izena izan litekeena; eta pentsatzen dut, bere garaian Portutxo mila egongo zirela, euskaldunak mundua esploratzera joaten zirenean. Astigarragan badaukagu Portutxo, Hernanin ere badago Portua. Eta toponimoak, euskeraz izanagatik ere, beti gustatzen zait nire ingurukoak izatea, beharbada ezagunenak ez direnak.
Iñaki Holgadok egin ditu nobelako ilustrazioak.
Bere lana brutala da. Erabateko artista da, eta luxua izan da berarekin elkarlanean egitea ilustrazio horiek. Uste dut oso ondo konektatu dugula, eta eskertzekoa da, talla horretako artista batek hala marraztea eta irudikatzea nire buruko istorio hauek; hain ondo asmatu izana. Eta beti izan duen prestutasuna eta eskuzabaltasuna, mundu honen atzean dagoen arte hori guztia egiteko.
Saga baten aurreneko alea da. Hurrengoetan ere, Aparlorea, Itzalen Dama eta Patxi Bakallu izango dira protagonista?
Bai. Berez, Aparlorearen gauzarik politenetakoa da, edonor izan daitekeela tripulazioaren parte. Eta tripulazioko edozein kide izan daiteke aitzakia, herrialde horretara joateko, eta bertan abenturak bizitzeko. Ideia da, abentura bakoitzean ezagutzea kultura bat; baina izan behar du nolabaiteko lotura bat guztiak, eta Itzalen Dama eta Patxi Bakallu dira lotura hori emango dioten pertsonaiak, bi protagonistak: Aparlorearen kapitaina, eta arima edo itsasargia. Beraiek izango dira erdigunea, eta beste pertsonaiak aldatzen joango dira.
Hasita daukazu hurrengo nobela?
Bai, eta kapitulu batzuk badauzkat idatzita dagoeneko. Badirudi aurrenekoak harrera ona izan duela, eta ea bigarrena aurten argitaratzeko aukera dagoen.
Zer aurreratu dezakezu?
Oraingoan ez naizela hain urrutira joango. Egia esan, zail xamarra ere bada. Izango da itzulera bat, handik gurera; eta aurreneko nobelan aipatutako arazo batzuk haunditu egingo zaizkie. Beraz, horiei konponbidea bilatu beharko diete, eta ikusiko dugu arazo horiek nora eramaten duten tripulazioa.
Argitaratu nahi zenuen nobela hartatik, saga osatzeko aukera lortu duzu orain. Gustura izango zara, ezta?
Ba bai, oso gustura. Egia da aurreneko nobelak erakusten duela, atzetik gehiago etorri daitekeela. Eta oso pozik nago, lehenengoa izaten ari den erantzunagatik, eta atzetik etorri daitekeen horrengatik. Pozgarria da ikustea, nire barrutik atera zaidan istorioa gustatzen ari zaiola jendeari.