Ergobiko bizilagun askok elkartea osatu zuten duela urte batzuk, bertako 23 etxebizitzetako bizilagunek bizi duten egoera salatu eta batez ere konpontzeko. Kronikarekin bildu dira, azken ia 15 urteetan bizi dutena azaltzeko. «Ergobiko bizilagunak gara eta azken aldian etxebizitza desberdinak eraiki dira bertan, gure ondoan, zokoratuak eta alboratuak geratu gara».
Aspalditik datorren gauza da. «10 urtetik gora daramagu gai eta arazo honekin. 2009 Plan Orokorrean ordenantzatik kanpo utzi gintuzten, uholdeen arriskuan geunden etxebizitzak zirelako esan zigutenez. Plan horrekin desadostasuna erakutsi genuen Udalean. Lizitazioak egin dira eta badirudi gu ez garela existitzen kaxko historikoa bezala. Hala ere badirudi orain baietz sartuko garela izendapen horretan Plan Orokor berrian».
Udalaren planteamendu berria da ordenantzan sartzea. «Honek talka egiten du gauza askorekin. Horrek suposatzen du uholde arrisku gunean bizi ginela, nahiz eta hori inon ez dugun ikusi, baina parez pareko etxeak, Beizama eta besteak ez zeuden ordenantzatik kanpo. Gai paradoxikoa da eta egin diren hirigintza-proiektuen ondorio da hori; izan ere, proiektu horietan ez da neurririk eta altuerarik errespetatu, eta neurri horiek, neurri batean, kalte egin diete ibaiaren aurreko aldeko eraikinei, ordenantzatik kanpo geundenoi».
Udalarekin harremanetan daude, bilera askotan egon dituzte, baina, «ez da ondorio garbirik atera, eta kalterako egoeran jarraitzen dugu».
«Ordenantzatik kanpoko mekanismoak erabili dira eraikitzaileei mesede egiteko»
«Gure ustez, ordenantzatik kanpoko mekanismoak erabili dira eraikitzaileei bereziki mesede egiten dieten beste eraikuntza batzuk egiteko, eta Udalak, neurri batean, bere erantzukizunaa du». Eta bizilagunek ikusi dute, «gainean eraikinak eraiki dituztela, bistak kendu dituztela, gauza asko kendu dituztela. Izan diren proiektuei alegazioak egin dizkiegu, baina egoera horietan prekarioan ikusi dugu geure burua, irtenbiderik eta etorkizuna zein izan daitekeen ikusi gabe».
Kaltetuak izan diren etxebizitzek bideragarritasuna etorkizuneko proiektuetan ez dute ziurtatuta. «Ez da konpentsaziorik egongo».
«Hori da duela urte askotatik bizi dugun egoeraren kexa», diote bizilagunek. Astigarragako Udaleko Gobernu Taldean «hainbat alderdi politiko igaro dira, eta aurreko Hirigintza Plana 2009an onartu zen. Orain, etxebizitza berriak eta gauza berriak proiektatu dira, eta ordenantzaren barruan sartuko gaituztela esan digute. Martutenen obrak egin direnez, uholde-arriskua txikiagoa dela esan digute».
«Ordenantzaren barruan sartuko gaituzte, baina kaltea egina dago»
Bizilagunak ordenantzaren barruan satuko dituzte berrikusten ari diren Plan Orokor berrian. «Barruan sartzeak esan nahiko du egoera zertxobait arautuko dela. Ordenantzatik kanpo etxebizitzak ez du baliorik. Sartzeak esan nahi du etxebizitzen merkatuan sartuko garela, obrak egin ditzazkegula eta etxebizitza saldu dezakegula, baina azken 15 urteetan kanpoan egoteak ekarri duen kaltearekin».
Hori da egin nahi duten salaketa. «Kaltea egina dago. Maniobra mota hau ulertzen dugu interes publikoko eraikin bat dagoenean, hala nola errepide bat, ondasun komun bat edo azpiegitura publiko bat, baina ordenantzatik kanpo geratzean eta ikusten duzunean parez-pareko etxebizitzak ordenantzaren barruan geratu direla, ez duzu ezer ulertzen. Leku berean daude eta batzuen mesederako izan dela pentsatzen dugu».
Salmentarako etxebizitzaren baldintzak, ordenantzaren barruan sartzean, handitu egiten dira, «baina ez dator bat etxebizitza berriak eraiki aurretik zenarekin», diote. «Munstro batzuk jarri dizkigute ondoan. Bistak galdu ditugu, argi gutxiago sartzen da... Bizilagunari egindako kaltea berdin izan zaio Udalari. Beste interes mota batzuk lehenetsi dituzte».
«23 etxebizitza dira eta orain zaharberritzeaz ari dira hizketan»
Ergobiko alde zaharreko etxebizitzak dira, auzoko 23 etxebizitza. «Orain barruak zaharberritzeaz ari dira hizketan, fatxadak errespetatzeaz... hirigune historikoa delako eta plazaren ingurua errespetatu behar omen da. Horrek beldurtzen gaitu, bazterrak nahasten jarraituko dela, baina guk badakigu kalte haundia izan dugula. Eztabaida ugari izan ditugu, eta gure dirua aldaketak egiten gastatu dugu, ordenantzatik kanpo gaudelako eta Plan Orokorrarekin ados ez gaudelako. Kostu bat ekarri du».
«Udalek erabiltzen dituzten mekanismoak dira, baina kaltea jasotzen dugunok pertsonak gara eta auzoan du eragina. Etxeak debaluatu egin dira. Ordenantzatik kanpo ezin ziren etxebizitzak saldu. Soberakin guztiak sufritzen aritu gara. Obraren ondoren utzi dutena ere ez dago egoera onean», aipatzen dute Ergobiko bizilagun hauek.
Konponbidea zaila dela konturatzen dira, «batez ere kaltea egina dagoelako. Udalek beren kabinete juridikoak dituzte, eta, jakina, zaila da horren aurka joatea. Ergobin 45 etxebizitza egingo omen dituzte, beste aldean. Hiru eraikin izango dira Hirigintza-Plan berriaren barruan, eta suposatzen da etxebizitza horietan emango digutela ostatu. Ikusi beharko da zein baldintzatan. Hirigintza Plana oraindik garatzen ari da».
Bizilagunak herriko Udalarekin behin baino gehiagotan bildu dira. «Planteamendu berriak egiten dizkigute, baina oraingoz ez dira batere argiak. Azkenean, egoera da zergatik egun batean ordenantza-planetik kanpo nagoen eta gero barruan nagoen».
«Lehen ere hirigune historikoa ginen eta hala ere kanpoan utzi gintuzten»
Ergobiko etxe zaharrak hirigune historikoa dira. «Lehen ere hirigune historikoa ginen, eta ez dakigu hirigune historikoko etxebizitza batzuk ordenantzatik kanpo utzi daitezkeen. Hori da gaizki egin zena. Ez dugu ulertzen nola utzi zen hirigune historikoaren zati bat antolamenduz kanpo. Egia esan, ez dakigu zergatik utzi gintuzten antolamendutik kanpo; izan ere, esan eta ikusi dugun bezala, aurreko etxeak ere urpean gera daitezke, eta ordenantzaren barruan mantendu zituzten».
«Egoera jasangaitza eta nekagarria da eta etorkizuna ere ez da hobe ikusten»
«Bizi dugun egoera jasangaitza eta nekagarria da». Egoera zaila da etxebizitza horien jabeentzat. «Etorkizunerako ez da ikusten hobekuntzarik dagoenik, ordenantza berri baten barruan egon ezik. Hobekuntza erlatiboa da, kaltea egina baitago. Orain ezin dugu etxea bota eta etxe haundiago bat egin».
Bizilgunek aukera guztiak aztertu omen dituzte. «Hasiera batean, ordenantzatik kanpo daudenez, etxebizitzek urte asko dituzte, eta badirudi jada ez ginela hirigune historikoa, guk gastua geure gain hartzea bideragarria izango zen proiekturik ba ote zegoen aztertu genuen. Hori ere ezinezkoa izan zen etxeen altueragatik. Trabak zeuden alde guztietan. Hala ere, munstro bat jarri digute ondoan, bi altuera gehiagorekin. Hemen ezin da eraiki, baina metro gutxira bai. Hori izan da neke honen arrazoia. Ez da irtenbiderik egon eta irtenbide bat behintzat izan behar da.
Etxebizitzak zaharrak dira. 2017an etxebizitza bat erre zen. «Etxebizitza hori utzi duten bezala, zerbait gertatuko balitz jendea ezin da etxetik atera. Ez dago larrialdi-planik. Hormak bakarrik daude eta ez dago espaziorik. Suak hartuko balu, atzeko aldean ez dago sartzeko modurik. Beste kalte bat da eta ez gara existitzen. Puntu beltz bat ere sortu da hormaren eta zokogunearen artean. Hori ere salatu dugu.
Ordenantzatik kanpo geratu ginen, jakin gabe. Ez ziguten jakinarazi Aldizkari Ofizialean argitaratu zela esanez».
Hirigintza batzordean behin baino gehiagotan planteatu da arazoa. «Eta alderdiek elkarri galderak egiten dizkiote Gobernuan edo oposizioan dauden arabera, baina konponbiderik gabe. Gure egoera berdina da bat edo bestea egon agintean. Jende umila eta langilea gara, eta egun batetik bestera zure etxebizitzak balioa galtzea kolpea da. Eta are gehiago ondoan eraiki dena ikusita. Nahierara egin eta desegin da. Eta gu ez gara existitzen. Logikarik gabe irregulartasunak egin dira, bizilagunak kaltetuz».
«Berrikuspenean planteatzen ari garena da gaur egungo eraikinak eta fatxadak mantentzea eta barrutik birmoldaketak egitea»Andoni Gartzia, Astigarragako Hirigintza, Etxebizitza, Ingurugiro eta Mugikortasun zinegotziak dioenez, «Ergobiko plazaren identitateari eutsi behar zaio ahal dela bizilagunei soluzioa emanez. Astigarragako ia alde zahar bakarra da».Kronika Andoni Gartziarekin ere bildu da. Astigarragako Hirigintza, Etxebizitza, Ingurugiro eta Mugikortasun zinegotzia da eta argi du plazaren identitateari eutsi behar zaiola, hori bai «ahal dela bizilagunei soluzioa emanez». Ergobiko etxe batzuetako bizilagunak dira beraien kexa helarazi dutenak azken urteetan. Gartziak dioen bezala: «Bere garaian Plan Orokorrak, 2009koak, Ordenantzatik kanpo utzi zituen. Plan Orokorrak esaten du ordezteko aukera dutela, etxea bota eta berriak egiteko, 23 etxebizitza. Etxeak zaharrak dira eta lagun dezente daude bizitzen bertan. Operazioa errentagarria ateratzeko zenbakiek ez dute ematen. Inguruko etxe guztiak, ordenantzatik kanpo geratu zirenak bota ziren eta berriak egin dira, baina hauek ez dute aurkitu inor hori egiteko. Geratu dira alboratuta. Plan Orokorrak ordenantzatik kanpo izendatzen zaituenean lau urtetan bota eta berriak egin behar dira eta 14 urte pasa dira. Gero krisia etorri zen eta ez zen gauzatu». EH Bildu 2015an sartu zen Udal Gobernura eta Andoni Gartziak hartu zuen alkatetza. «2015ean gurekin bildu zirenean figura berri bat planteatu zuten 'disconforme con el planteamiento'. Ordenantzatik kanpo etxean ezin duzu ia ezer ere ez egin, ez berritu ez eta obra txiki bat egin, eta 'disconforme con el planteamiento' figurarekin aukera ematen dizu obrak eta berrikuntzak egiteko. Figura horretara aldatzeko Plan Orokorra aldatu behar da eta berrikuspena egiten ari gara. Beraiekin bildu gara eta bizilagunetako batzuk nahi dute ondoan egin diren etxeen formato berean egitea». Ergobiko beste bizilagunek ere esan diete Udalari Ergobiko plazak bere identitatea galduko lukeela. «Berrikuspenean planteatzen ari garena da gaur egungo eraikin horiek mantentzea, fatxadak mantentzea, eta barrutik birmoldaketak egitea. Beste aukeretako bat da ostatu ematea (realojatzea), kanpoaldean egingo diren etxe batzuetan eta ondoan egin daitezkeen etxe batzuetan. Birkolokatzea da helburua eta behintzat etxe horien fatxadak berdin mantentzea».
«Identitatea ez daukaten etxeak bota daitezke eta berriak egin, baina Plan Orokorra zertan geratuko den ikusteko dago» Udalaren asmoa ere bada identitatea ez daukaten etxeak botatzea eta berriak egitea. «Identitatea duten etxeetan planteatzen dena da Plan Orokorrean sartzea, baina oraindik ikusteko dago zertan geratuko den; fatxada eta eraikina mantendu dagoen bezala eta barrutik berrantolatu eta ea posible den leku haundiagoa izatea. Gaur egunean bizi diren bizilagun guztiak ez lirateke sartuko eta orduan beste etxebizitzetan birkolokatzea proposatuko litzateke». Beste aukera da etxeetako bat Udalak geratzea. «Kasu batzuetan erabaki behar dute bertan bizi nahi duten edo plazatik atera nahi duten. Beraiekin hizketan ari gara. Haserre daude inguruan etxeak egin direlako, beraiek hor geratu dira eta sentsazioa dute alboratuak geratu direla eta ziur horrela dela. Plan Orokorrak bere garaian horrela erabaki zuen». «Gero ere gertatzen da etxe zaharraren balioa txikiagoa dela berriarena baino» dio zinegotziak. «Eta horrek suposatuko du seguru asko diru bat jarri beharko duela bizilagunak operazioa aurrera ateratzeko. Etxe horiek denborarekin balioa galdu dute, baina bere garaian etxe horien balioa ez zen berrien adinakoa. Bizilagun guztiak ados jartzea ere oso zaila da, soluzio desberdinak nahi direlako normala den bezala». Plan Orokorraren berrikuspenean beraiekin adostutakoa idazle taldeari adieraziko zaie, Andoni Gartziaren esanetan. «Non dagoen herriko arazo nagusienetakoa adierazi dugu. Nazkatuak daude eta beraien egoera gogorra da. Orduan Plan Orokorrak horri soluzioa bilatu behar dio. Ematen diogun soluzioa ez da izango denen gustukoa Ergobiko bizilagunentzat. Plazaren identitateari eutsi behar zaio ahal dela bizilagunei soluzioa emanez. Ergobi Astigarragako alde zahar ia bakarra da. Plaza desitsuratua dago eta Santiomendi da bestea». |