Erreportajeak

«2023an euskeraren biziberritze plan bat osatzea izango da gure lehenengo egitekoa»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 3a, 00:00

Joseba Orella, Erribera kulturgunean, Kronikarako elkarrizketan.

Irailean hasi zen Joseba Orella Astigarragako euskara teknikari gisa lanean. Lehen hilabete hauetan, lur hartzearekin batera, «datu gorabeheratsuak» dituen herri bat ikusi du.

Irailean hartu zuen Joseba Orellak Astigarragako euskara teknikari kargua. Hilabete hauetan denbora eman dio herriko egoera soziolinguistikoa ezagutzeko, eta, euskerari dagokionean, «datu gorabeheratsuak» topatu ditu. Euskeraren eguna aitzaki hartuta, hizkuntza ohiturei, Astigarragak dituen erronkei eta kale erabilera datuei buruz hitz egin du Orellak. Nabarmentzen du «etengabeko hazkuntzan» dagoen herri bat izanik, asmatu beharko dutela «non eta nondik eragin».

 

Atzo amaitu zen Euskaraldia, zer moduz joan da?

Aurreko bi edizioetan lan handia egin zuten, lehenengoan, batik bat, ekimena ezagutarazteko, eta, bigarrenean, aldiz, konfinamenduan izan zelako. Hirugarren edizio honetan, Hitzez Ekiteko Garaia lelopean, lortu nahi izan dena da, izen emate kopuru handia baino gehiago, parte hartzaileek ariketa behar bezala egitea. Oraindik goiz da balorazio zehatz bat egiteko, baina argi dago harrera oso ona izan dela; ehunka Ahobizi eta Belarriprestek hartu dute parte, eta jendea gogotsu nabaritu da. Aurrerago ikusiko dugu ea jendeak bere buruari jarritako erronkak bete dituen, edo hizkuntza ohiturei eutsiko dien. 

Herritik harago, irakurketa orokorrago bat egin beharko da, hurrengo edizioei nola eutsi jakiteko eta hobetzen jarraitzeko. 

 
Euskaraldiaren amaiera Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera iritsi da. Nola antolatu duzue gaurko eguna? 

Gaurkoa jai eta aldarrikapen eguna dela uste dut. Nahiago izan dugu, ekitaldi ugari antolatu beharrean, bizpahiru ekintza prestatzea. Atzo, esaterako, Xaguxar Aisialdi Taldearen bitartez, haurrei bideratutako jolas, aurpegi margoketa eta karaokea izan ziren, Foru Plazan. Gaur, aldiz, herriko musika eskolako bi taldek kontzertua eskainiko dute, Erribera Kulturgunean. Musika emanaldi horiekin girotuko dugu gaurko eguna.  

 

Irailetik daramazu Astigarragako Euskara Teknikari postuan, zer moduz joan dira hasierako hilabeteak? Zein da aurkitu duzun egoera?

Lehenago aritua nintzen antzeko lanetan, Urola Kosta eskualdeko udal elkarteko euskera eta komunikazio zerbitzuetatik bait nator. Oraindik ingurura egokitzen ari naiz, baina, Astigarragara etortzearekin batera, topatu dut etengabe hazten ari den herri bat, haur mordo bat dagoen herri bat. Horren gaineko zalantzak ere nabaritu ditut, eguneroko bizimoduan herrian nola eragingo duenaren inguruko galderak. Galdera horietatik hamaika adar zabaltzen dira, arlo guztiak zeharkatzen dituen gaia delako, horregatik, hazkunde prozesu horretan, asmatu beharko da non eta nondik eragin.

 

Azken datuen arabera, euskeraren kaleko erabilera %31,8ra jaitsi da Astigarragan.

Bai. Kale erabilera datuek badituzte bere argi eta ilunak. Historikoki nahiko gorabeheratsua izan da Astigarragako bilakaera. Azken hogei urteetako begirada batetik, erabilerak 3 puntu egin du gora, baina epe motzago bati erreparatzen badiogu, egia da azken 5 urte hauetan 7 puntuko beherakada izan duela kaleko erabilerak. Badaude deigarriak diren datu batzuk: kalean topatutako 10 lagunetik 3k hitz egiten dute euskaraz, Astigarragan. Egia da gune formalagoetan erabilera haundiagoa dela, baina kaleko egoera, momentu honetan, hori da. Bestalde, etengabe hazten ari den herri bat izanik, ezinbestekoa da haurrei erreparatzea, eta datu horiek kezkagarriak dira, inoizko daturik baxuenak jaso direlako. Gazteen kasuan, aldiz, azken bi azterketetan goranzko joera bat egon da.

Datuak gorabeheratsuak izanik, zer egin daiteke erabilera egonkortzeko eta goranzko joera ahalbidetzeko?

Herriko testuingurura egokitzen den plangintza bat diseinatu behar da. Nire ustez, norbanakoen eta hainbat eragileren egitekoa da, eta, lan horretan, hezkuntza komunitatea estrategikoa dela iruditzen zait. Lortuko balitz hizkuntza politika eraginkor bat martxan jartzea, agian gaur kezkagarriagoa izan litekeen datu hori, haurren datu hori, urteak betetzen doazen heinean goranzko joera batean bilakatu daiteke. Asmoa hori da, hezkuntza komunitatearekin batera, beste hainbat eragile, norbanako eta proiekturekin elkarlanean, hezkuntza komunitatetik eragitea hizkuntza politikan. 

Hala ere, nabarmendu nahi dut badagoela herritar multzo bat euskeraz bizitzeko hautua egiten duena, eta hori indargune gisa hartu behar dugu. Udalak ere nagusiki bere barne egituretan euskeraz funtzionatzen du, euskeraz funtzionatzeko hautua egina du.

 

Zeintzuk dira orain martxan dauden proiektu eta dinamikak? 

Udaletik proposatzen diren dinamika gehienak, kultur, kirol, gaztedi edota festa ekimenak, euskeraren baitan ardazten dira. Uste dut oso garrantzitsua dela, euskera zerbitzuetatik harago, euskeraz bizitzeko aukerak eta egitasmoak planteatzea. Adibide bat jartze aldera, Astigarragako kultur agendari erreparatuz, ikus daiteke eskaintza erabat euskerazkoa dela, eta euskeraz bizitzeko hautua egiten dutenentzat neurrira eginda dagoela. 

Hala ere, horrek ez du esan nahi berariaz euskeraren erabilera sustatzeko egitasmoak garatu behar ez ditugunik. Hainbat proiektu dauzkagu martxan, herriko beste eragile batzuekin elkarlanean. AEKrekin baditugu Mintzalagun eta Gurasolagun programa, esaterako. Udalak ere baditu euskera sustatzeko hainbat dirulaguntza lerro: euskeraz ikasteko, merkataritzan eta ostalaritzan euskeraren erabilera sustatzeko, webguneetan .eus domeinua erabiltzeko… 

 

Non egin behar duzue lanketa sakonena?

Dirulaguntzen kasuan badugu arazo nagusi bat: konturatu gara merkatariek ez dutela hauen berri. Hori aldatzeko, AEKrekin batera, atez ateko informazio kanpaina moduko bat jarri dugu martxan;  udaletik ostalaritza eta merkataritza establezimenduei bideratutako zerbitzu programa eta dirulaguntzen berri emateko. Lehen fasea amaitzean, bigarren itzuli bat egingo da haien kezka eta galderak jasotzeko, ondoren bi sektore horiei begirako plangintza edo programa zehatz bat diseinatzeko. 

Beste asmoetako bat da, lehen aipatu dudan hazkundearekin lotuta, herriari begirako euskeraren biziberritzeari dagokion plan bat diseinatzea. Plan hori diseinatu nahi da ahalik eta modu partekatuenean, norbanakoekin, herri eragileekin eta gainontzeko erakundeekin, eta 2023 izango da datozen urteetara begirako bide-orri hori diseinatzeko urtea. 

Finean, helburua da martxan dauden egitasmoak indartu eta herritarrei gerturatzea, identifikatzen ditugun behar eta ahulguneak kontuan hartuta, Astigarragaren neurrira egokitutako plana egiteko.

 

Astigarragaren hazkunde demografikoa izan dugu hizpide, nola eragin du horrek euskeraren erabileran? 

Herrian eremu berri bat dago, jende asko bizi dena, eta, hazte prozesu horretan, badago halako kezka bat garai bateko Astigarraga eta Astigarraga berriaren artean. Naturalki, ziurrenik, 10 urtetan gertatuko dira aldaketak, joera eta ohitura berriak ere sustatuko dira, baina kale erabileraren bilakaera, oraingoz, ez da aldatu. 

 

Herriaren osotasunean ez da aldatu, baina eremuen arabera badago aldaketarik? 

Orain arteko ikerketetan, kale erabileraren neurketa egin denean, bi ibilbide erabili izan dira, eta 2021ekoan berri bat sartu da, eremu berrikoa. Emaitzak antzekoak izan dira hiru eremuetan: Foru plaza eta inguruetan %31,7, Joseba Barandiaran plaza eta inguruan %37,2 eta Kontxa Etxeberria plaza eta inguruan %31. Eremuen artean ez dago alderik, heren bat izaten jarraitzen du hiru inguruetan. Aurreko neurketetan erabilitako bi ibilbideetan beherakada egon da, Foru plazan %49,9koa zen euskeraren erabilera 2016an, eta Joseba Barandiaran plazan %50ekoa. Bi ibilbide horietan jaitsi da erditik herena izatera. 

 

Aipatu duzu gazteen artean erabilerak goranzko joera duela. Bada mugimendu edo antolakuntzarik?

Nik nabarmenduko nuke Xaguxar Aisialdi Taldea. Uste dut dela astigartar gazte, euskaldun eta euskaltzaleek osatutako talde bat, aski errotua dagoena herrian. Hamaika ekimenetan hartzen dute parte, haiek antolatuta nahiz elkarlanean edo laguntzen, eta iruditzen zait hori altxor bat dela, oro har, sozialki eta baita hizkuntzari dagokionari ere. Erreferentzialtasuna duen taldea da, eta hori zaintzen, elikatzen eta mimatzen jarraitu behar da. Gainontzean, eragile guztietan daude euskaltzaleak, baina gakoa horien aktibazioan eta saretzean dago. 

 

Epe motzean, zeintzuk dira Astigarragak dituen helburuak? Eta luzera?

Urratsez urrats joate aldera, lortu behar da hezkuntza komunitatea trinkotzea. Haurrengan eta gazteengan eragingo duten dinamika, ekimen eta egitasmoak aurrera eramateko diseinuan asmatu nahi dugu, eta eraldatzen eta hazten ari den udalerri honi, epe ertain luzera begira, euskeraren biziberritze plan bat diseinatzea izango da lehen egitekoa. Horretarako, gure sailak ateak eta leihoak parez pare irekita eduki behar ditu, herritarren eta eragileen iritzi, iradokizun eta kezkak lehengai gisa hartuta osatuko delako plangintza hori. Epe ertain bati begirako betaurrekoekin osatu beharko da, eta, noski, betaurreko horiek izan beharko dute euskaltzaleak. Hezkuntza komunitatetik eta herrigintzatik edango duen egitasmo bat delako.

 

Nolako Astigarraga irudikatzen duzu etorkizunean?

Gustatuko litzaidake gero eta udalerri euskaldunagoa den gune bat izatea, euskeraz bizitzeko hautua egiten duten herritar guztien eskubideak bermatuko dituen udalerri bat. Laburbilduz, euskera erdigunean izango duen udalerri atsegin bat izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!