Datuek berretsi egin dute Astigarragan begibistakoa dena, herriak izan duen hazkundea. Bikoiztu egin da biztanleria, 20 urtetan: 3.582 ziren 2001ean, eta 20 urte beranduago, 7.056. Xabier Urdangarin alkateak, gainera, oraingo datu zehatza eman dio Kronikari, aste honen hasieran: 7.662 biztanle, beste 606 gehiago.
2017an eta 2018an apaldu zen gorakada hori, baina gainerako urteetan etengabea izan da, urtero 200 biztanle inguru gehiagorekin. Azkeneko hiru urteotan, gainera, are nabarmenagoa izan da.
Herrian egin diren etxebizitza berriek eta Urumea Berri auzoaren sorrerak eragin dute hazkunde hori, neurri haundi batean. Baina eragin nabarmena izan du jaiotzen gorakadak ere; herrira etorri berriak, kasu askotan, gazteak izan direlako. Euskal Herriko joera orokorraren kontra, Astigarragan askoz ere jaiotza gehiago izan dira heriotzak baino, azkeneko bi hamarkadetan, azpiko grafikoak erakusten duen bezala. Guztira, 1.715 haur jaio dira herrian, eta 630 izan dira heriotzak. Ia hirukoitza da jaiotza kopurua, beraz. 2016an, esaterako, 118 jaiotza izan ziren, eta 32 heriotza; eta 2017an, berriz, 121 jaiotza eta 27 heriotza.
Horrek guztiak ekarri du, noski, Astigarragako biztanleria gaztetzea. Adin tarteen araberako hazkundeari erreparatuta, izugarri haunditu da 20 urtetik beherakoen kopurua, bi hamarkada hauetan: 664 izatetik, 1.678 izatera. Dena den, kopuru alde haundiena 20-59 urte bitartekoetan gertatu da, 2.312 izatetik 4.091 izatera pasa baitira. Eta gora egin du 60 urtetik gorakoen kopuruak ere, 20 urte ez baitira alperrik pasa, dagoeneko bertan bizi zirenentzat: 606 ziren 2001ean, eta 1.287 2021ean.
Xabier Urdangarin alkatearekin hitz egin du Kronikak, herriaren hazkundeari eta horrek ekarri dituen ondorioei buruz. Hementxe bideo-elkarrizketa: