Hodei Exposito astigartarrak gaur debutatuko du, esku pelotan, profesional mailan. Jon Alberdiren kontra, 17:00etan, Tolosako Beotibarren jokatuko du Promozio mailako Lau t'erdiko Txapelketaren partidua. Honela, profesional mailara iristen den lehenengo pelotari astigartarra izango da.
Noiz jakin zenuen salto emango zenuela profesionaletara?
Mallabian, ekainean, Biharko Izarrak txapelketa irabazi nuenean, Aspeko arduradunekin hitz egin genuenean, ea zer asmo zuten; nirekin 23 urte betetzear negoen orduan. Saltoa emango nuen edo ez jakin nahi genuen. Esan zidaten urte amaierarako nirekin kontatzen zutela, lasai egoteko eta udaran pelotaz gozatzeko esan zidaten. Udara behin pasata berriz hitz egingo genuela baieztatu zidaten.
Orduan jakin zenuen, beraz?
Bai. Hasiera batean Binakakoan nintzen debutatzekoa, baina gero planak aldatu eta esan zidaten aurpegi berriak ikusi nahi zituztela lau t'erdiko txapelketan. Honela, duela hiru aste deitu zidan Fernando Vidartek eta galdetu zidan ea zer iruditzen zitzaidan lau t'erdiko txapelketan hastea. Nik baiezkoa erantzun nuen.
Vidartek horren berri esan zizunean zer sentipen izan zenuen?
Egia esan poza, baina firmatu arte ez nuen oraindik ere guztiz sinesten. Izugarrizko ilusioa egin zidan. Egia esan, oso gustora nago.
Debut polita izango duzu Jon Alberdiren aurka, Lau t'erdiko Txapelketan. Ez da ohikoa txapelketan debutatzea.
Pasa den asteko ostegunean elkartu ginen Eibarreko Asperen bulegoan Fernando Vidarterekin eta esan zidan ez zuela gogoratzen lau t'erdian inork debutatu izana profesional bezala. Egiari zor, ez diot garrantzirik ematen datu horri. Azkenean nik nahi nuena debutatzea zen eta berdin zitzaidan non eta zein partiduetan jokatu. Aukera eskaini didate trenera igotzeko eta nik hori aprobetxatu nahi dut.
Bi urtetarako sinatu duzu, horrek ematen du lasaitasuna?
Eibarreko bulegotik atera ondoren eta Fernandoren hitzak entzun eta gero, izugarrizko lasaitasuna eta konfidantza sentitu nuen. Pelotaz gozatzeko eta jendeaz disfrutatzeko mezua zabaldu zidaten. Behar nuen konfidantza puntu hori Fernandok barneratu zidan. Ea lortzen dudan konfidantza hori, frontoira eramatea.
Juantxo Koka beti izan duzu alboan, profesional bezala ere bai?
Aita bezala da niretzat, eta euskarri nagusienetakoa. Gaur bera izango da nire botileroa eta profesionaletara salto hau eman badut berarengatik ere bada.
Gaurko aurkaria Jon Alberdi azpeitiarra izango da. Zure adinekoa. Aspaldiko ezaguna izango duzu.
Elkarren aurka eta elkarrekin askotan jokatu dugu. Alebinetan torneo gehienak elkarrekin jokatzen genituen. Gero ere bai, berak debutatu arte, elkarren aurka lehia biziak eta borrokatuak izan ditugu. Lau t'erdian eta buruz buru ere uste dut partiduren bat jokatu dugula, baina ez naiz ongi gogoratzen partidu horietaz. Azpeitiren aurka Herriartekoa irabazi genuenean bere anaiak jokatzen zuen jubeniletan eta bera ordurako profesionala zen.
Buruz buruko txapelduna da Promozio mailan. Partidu zaila debutatzeko.
Lau T'erdian suertatu zaidan multzoa benetan da polita. Jon da manomanistako txapelduna, lau t'erdian finala galdu zuen Peñaren aurka 2019an. Bakaikoa da gaur egungo txapelduna modalitate honetan eta Zabala pentsa zer mailetan ari den, estelarrak jokatzen. Aurkari beldurgarriak dauzkat.
Nahiz eta zure debuta izan, profesionalekin egin dituzu entrenamenduak?
Asperekin nabil entrenatzen 18 urte nituenetik. Zabalarekin ez dut asko kointziditu, Errioxan entrenatzen duelako. Egia esan, lasai nago. Ez dut inongo presiorik, azkena izan naiz iristen eta disfrutatzea lortzen badut helburua beteko dut. Azken urteetan disfrutatzen ikasi dut, egunak lasai bizitzen eta ikasi dut zer egin behar dudan. Bide horretatik etorri dira azken urtean izan ditudan emaitzak eta salto hau ematera eraman didatenak. Biharko Izarrak irabazi dut Iztuetarekin, El Diario Vasco torneoa ere bai Morgaetxeberriarekin, GRABNIn azpitxapeldun izan nintzen Garmendiarekin, Donezteben ere irabazi nuen, Amezketan eta Antiguon azpitxapeldun... COVID garaitik ona nire buruak beste ikuspuntu bat du eta lasaiago nago.
Debuta nahi baino beranduago iritsi da 23 urterekin?
Pelotaren historian denetarik dago. Goiz eta beranduago debutatu duten pelotariak eta batzuk maila ikusgarrikoak izan direnak. Esaterako Titin edo Martínez de Irujok berandu debutatu zuten. Batzuei lehenago iristen zaie ordua eta bestei beranduago. Gauza ailegatzea da. Dudan aukera gutxik izaten dute eta hori aprobetxatzen saiatuko naiz.
Familia, lagunak, ezagunak... astigartar asko hurbilduko al da Beotibarrera?
Etxean eta herrian ilusio berezia dago. Usten dut eskuz ariko den lehenengo astigartar profesionala izango naizela. Ni baino urduriago daude eta gaur Beotibarren egongo dira denak. Sarrera asko eskatu dizkidate gertukoek, eta eskatu ditudan gonbidapenak baino oraindik ere gehiago joango dira Tolosara. Egun konpletoa izango da. Goizean bi lagunek, Axel Larrañagak eta Egoitz Olarrak, aizkora apustua izango dute Alorrenean. Bazkaria izango dute, hortik frontoira, eta eguna amaitzeko Oialumeko dantzalekuak ateak irekiko ditu.
Plana egin dizute.
Hala da. Jaiki, gosaldu, apustua ikusi, etxean bazkaldu, frontoira joan, eta gero afaria Akarregin.