Hilabete eskas geratzen da Gau Beltza eguna iristeko, baina Astigarragan hilabeteak daramatzate antolaketa lanetan. Herritar talde bat elkartzen hasi zen orain urte batzuk, baina aurten arte ezin izan dute antolatu. «Pandemia etorri zen eta buruan genituen ideiak ezin izan genituen gauzatu». Pandemia atzean utzita berriz ere martxan jarri ziren eta aurten Astigarragan Gau Beltza izango da.
Eneritz Garmendia, Jaione Mendia eta Ainara Vázquez dira antolaketa lanetan ari diren hiru astigartar eta nondik norakoak ezagutarazi dituzte. «Sortu da talde bat, norbanako batzuk bultzatuta eta Astigarragako Gazte Asanbladarekin, Xaguxarrekin eta Astigar Dantzarekin elkarlanean aritu gara. Hortik abiatu ginen eta bilera ireki batzuk egin eta gero herritar gehiago hurbildu ziren bileratara. Prozesua luzea izan da, apirilean hasi ginen mugitzen, eta orain daukaguna da prozesu horren emaitza».
Topagunearen gaubeltza.eus webgunetik tiraka borobildu dute egitaraua eta programa. «Ikusten genuen inguruko herritan antolatzen zela Gau Beltza. Oiartzunen, Errenterian, Lezon, Hernanin... geroz eta zabalduago zegoen eta Astigarragara ekarri nahi izan dugu. Haurrak eta gazteak ere urtetik urtera Halloween gero eta gehiago ospatzen dutela ikusi genuen eta gureagoa den zerbait antolatu behar zela ikusi genuen. Konsumismotik aldenduagoa dagoen festa nahi izan dugu ekarri Astigarragara».
Jantzien tailerrak irekiko du egitaraua urriaren 22an
Halloween gero eta gehiago txertatzea baino Gau Beltza indartzea da helburua. Horretarako ekitaldi desberdinak antolatuko dira Astigarragan. «Gau Beltza aditzera eman eta behintzat aukera hori eskaini nahi diegu astigartarrei. Asko alderatzen dugu Gabonetan gertatu zen fenomenoarekin. Eskoletan Olentzeroa lantzen da eta ez Papa Noel. Ez dugu Halloween-en aurkako mezua zabaldu nahi, baizik eta Gau Beltzaren aldekoa».
Horretarako, urriaren 22an jantzien tailerra antolatuko dute, Erribera Kulturgunean, 17:00etatik aurrera. «Ikusi eta konpartitu nahi dugu, denen artean, egun horretan nola jantzi behar den. Ez da inon ezer erosi beharrik. Arropa zaharrekin, etxeko maindireekin, baserritar jantzien osagaiekin erraz osatu daitekeen jantzia erabili daiteke Gau Beltzan».
Beraz, jendeak ideia bat izan dezan antolatuko dute jantzien tailerra. «Etxean dugun arropa ekarri eta denen artean osatuko dugu jantzia». Beste balore batzuk nahi dituzte transmititu. «Kontsumismo horretatik irten eta zabaldu nahi ditugu. Halloweenek oso kutsu komertziala du mozorrotik hasita».
Halloween-en mozorroa ia denak erosi egiten dira, Gau Beltzan ez da erosi beharrik. «Ohitura zahar bat berreskuratzen da. Ume askok ez dakite gure baserrietan ospatzen zela. Horren berri jaso nahi dugu. Beldurren gaia landu eta jarri nahi dugu balorean. Seguru egongo dela jendea mozorrotuta etorriko dena eskeletoz edo drakulaz, hori ez dugu baztertu behar. Beste zerbait eskeintzea da helburua, bestea hor egongo da».
Kalejira hilerritik, 19:30etan hasita
Festa haundia urriaren 31rako antolatu dute. «Arratsaldean, Foruen Plazan, 16:30etan, egingo da kalabazak ustutzeko tailerra. Norberak bere kalabaza eraman eta ustuko dira. Horrekin batera, makillaje tailerra ere egingo da. Aurpegia estalita eramaten da, baina aukera ere egongo da marrazteko. Makillaje eredu sinple batzuk erakutsiko dira».
Behin motorrak berotuta ekitaldi nagusiari emango zaio hasiera arratsaldeko 19:30etan. «Astigarragako hilerrian izango da zita. Bertan beldurren erretzea egingo da. Kalejira bat egingo da, baina aurretik jendeari paperean beldurrak idazteko esango zaio. Hilerrian hasi eta Foruen Plazara arte iraungo du. Ibilbidea apainduta egingo da. Galtzaurretik jaitsi eta Kultur Etxe zaharraren arteko bidea egingo da. Gero bide peatonalera jaitsiko gara eta Goiko Iturritik Foru Plazara iritsiko gara».
Bidean zehar soinua eta burrunba entzungo dela ziurtatzen dute antolatzailek. «Danborrak, soinua, giroa, sustoak ez dira faltako. Inprobisazioari ere lekua utzi nahi diogu. Antortxekin ibilbidea argituko dute eta esketx moduan antzerki bat egingo da bidean zehar. Istorio bat kontatuko da, Irati Oskozek idatzitakoa. Agin Laburuk ere kopla batzuk egin ditu eta horiek abesten joango dira ibilbidean zehar eta amaieran Foru Plazan. Amaieran suarekin ikuskizun bat egongo da eta hilerrian idatzitako beldurrak erreko dira».
Antzerkia, hasieran, Kultur Etxe zaharreko geldialdian eta amaieran egingo da. «Kultur Etxe zaharra sartu dugu bere xarma duelako eta gero ere bai, garai batean Agustina monjak zeuden eta herriko gazteek kalabazak ustu eta buruan jarrita monjengana joaten omen ziren abestuz. Monjak, hasiera batean, haserretuta ateratzen omen ziren, baina dirudienez urteen poderioz onartu eta goxokiak ere banatzen omen zituzten».
Afariak, Zipotzan eta ondoren, Elektro Pottotte txaranga
Zezen suzkoa, jan-edana (pintxoak, gaztainak...) ez dira faltako. «Kalejira eta gero Zipotzan afariak eskainiko dira 21:00etatik aurrera. Ez da afari herrikoi bat izango, baina egongo dira ogitartekoak, kaxuelitak... Festak ez du etenik izango eta ondoren Elektro Pottotte txaranga irtengo da Emakumeen plazatik. Gazteentzako aukera paregabea da Gau Beltzan partehartzeko. Ez da haurrentzako jaia izango. Hori azpimarratu nahi dugu, familietatik haratago adin guztientzako zuzendua dagoela Astigarragako Gau Beltza, irekia da, edozeini zuzendua. Astigarragako gazteek asko lagundu digute antolakuntzan; bai Gazte Asanbladak, bai Xaguxarrek eta bai Astigar Dantza taldekoek». Plan ederra da gaztea izanez gero.
Antolatzaileek diotenez bileretan ideia asko atera dira eta denak ezin dira gauzatu. «Aurrerago badago asmo bat herriko helduak eskolara joan eta garai bateko pasadizoak kontatzeko. Herri Eskolan ere asmoa da gaia lantzea, baita Gaztelekuan ere. Pasa den urtean eskolan Gau Beltzaren inguruko abestiak egin zituzten».
Helburua jendeak ongi pasatzea da. «Gogorapen onekin geratzea, ongi pasatzea eta urtero errepikatzeko asmoa dugu. Astigarragan badira leku aproposak, jokua ematen dutenak gauzak egiteko eta aprobetxatuko ditugu datozen urteetan».
Urriko Udal agendak ere izango ditu Gau Beltzarekin lotutako emanaldiak. «Errementari eskainiko da adibidez, kale antzerkiak, ipuin-kontalariak... ere izango dira».
URRIAK 22 17:00 Jantzi Tailerra Erribera kulturgunean Etxean dituzun maindire, zapi eta arropa zaharrak eraman. URRIAK 31 16:30 Kalabaza hustuketa eta makillajea Foru Plazan. Bakoitzak bere kalabaza eta tresnak eraman. UDALAK hilabetean zehar pelikulak, antzerkiak, ipuin kontalariak... agendan emango da haien berri. |
Gau Beltza Europatik Estatu Batuetara joan eta bueltan etorri den festa da
Euskal Herrian egiten zen, neguaren hasiera irudikatuz: lurrak ez du fruiturik ematen, animaliak eta pertsonak etxean babestu behar dira.
Gau Beltza Europatik AEBetara joan zen XVIII. eta XIX. mendean, eta berriro bueltan da azken 20 urtetan, kapitalismoak eraginda. Ohitura oso zabaldua zen Euskal Herri guztian. Kalabazei aurpegi forma ematen zieten beldurra sortzeko. Haur jolasa zen, broma. Orduan ez zuen garrantzirik. Iluntasunak beste presentzia bat zuen, ia ez zen farolarik, eta etxerako bidea ia beti oinez zen. Baratzean kalabaza ikustea, jolaserako deia zen eurentzat.
Gau Beltza edo Arimen Gauak arrakasta haundia dute, eta haurren eskaera bati erantzuteko Halloweenen alternatiba dira. Kasu askotan, hori izan da prozesua: haurrak Halloween ospatzen hasi, eta helduek bestelako jai hauek antolatzeko erreakzioa sortzea. Bestetik, deigarria dira Nafarroako hainbat herritan mantentzen diren azaroaren bateko eske errondak. Taldean bildu eta etxez etxe aritzen dira goxokiak eskatuz, esaera bat errepikatuta. Ez dakite jatorria, helduenek ere ospatzen omen zuten haurtzaroan. Xumea, antolaketa gutxi behar duena, eta oso polita; haurrentzat festa haundia, eta herrian giro berezia sortzen duena.
Azkeneko bost urteotan asko ari dira zabaltzen. Festa horiek justu orain sortzen, birsortzen eta transformatzen ari dira. Zabaltzen eta interesa pizten ari den festa da. Topagunea lan polita egiten ari da, bideo polita egin zuen, ipuinak sortu dira gaiaren inguruan, eta zabalkunde lana egin da.
Kalabaza barruko argiak arima sinbolizatzen du
Hiru izen erabiltzen dira festa aipatzerakoan: Halloween, Arimen Gaua eta Gau Beltza. Hirurek izendatzen dituzte urriaren 31n eta azaroaren 1ean egiten diren zenbait ospakizun. Arimen Gaua hori izendatzeko modu bat da. Festa hauek heriotzaren inguruan ospatzen dira, eta heriotzarekin batera arimaren kontzeptua dator. Gaur egun, beharbada ez da gure gizartean presentzia haundia duen kontzeptu bat, baina garai batean garrantzia zuen, eta kalabazaren barruan jartzen zen suarekin agertzen zen argiak, hori sinbolizatzen zuen: arima.
Urtea bitan banatzen zuten: negua eta uda. Batetik bestera pasatzen zirela adierazteko bi festa nagusi egiten ziren, eta herri horientzat festa nagusiak ziren. Bat maiatzaren hasieran egiten zuten, eta, bestea, orain, urriaren amaieran edo azaroaren hasieran. Neguko festak udaren amaiera eta neguaren hasiera adierazi nahi zuen, eta oso lotuta zegoen heriotzarekin. Negua urtearen aldi hila da: lurrak ez du fruiturik ematen, animaliak eta pertsonak etxean babestu behar dira.
Ez zen toki zehatz batzuetan egiten zen jaia, baizik eta, oro har, herri txiki eta baserri giroan egiten zen. Oso zabalduta zegoen Euskal Herrian zehar, baina ez zen oso antolatua zegoen festa.