Erreportajeak

«Ekonomia feministak laguntzen digu ikusgarri egiten, gizartean ikusezina dena»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ira. 17a, 00:00

Enara I. Dominguez eta Ione F. Zabaleta, Ara!Gorputz kooperatibako kideak. Beraiek gidatuko dute Ekonomia Feminista eskola.

Ekonomia Feminista Eskola gidatuko dute Enara I. Dominguezek eta Ione F. Zabaletak, urrian hasi eta ekainera bitarte, Emakumeon Etxean: «Oso aukera ederra da, elkarrekin pentsatzen eta ekiten jarraitzeko», diote.

Bi aste barru hasiko da, Astigarragako Emakumeon Etxean, Ekonomia Feminista Eskola. Dinamizatzaile lanetan ariko dira Enara I. Dominguez eta Ione F. Zabaleta, Ara!Gorputz kooperatibako kideak, Mundu Bat Fundazioarekin batera antolatu duten tailerrean. Atzo arratsaldean egin zuten eskolaren aurkezpena, Emakumeon Etxean bertan, saioen dinamika azaldu eta zalantzak argitzeko; eta Kronikari ere sakon azaldu dizkio tailerraren nondik norakoak, Enarak. «Ikusgarria ez dena ikusgarri egitea» izango dute oinarri, eta horretarako, neoliberalismoa edo heteropatriarkatua bezalako hitz potoloak, taldearen egunerokotasunera ekarriko dituzte. «Babes espazio bat sortzen da, goxoa eta lasaia; eta hori gure gizartean ez daukagu oso eskuragarri. Ezinbestekoak dira horrelako topaguneak», dio.

Eskolan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, info@aragorputz.eus helbide elektronikora idatzita.

 
Ekonomia Feminista Eskola da eskainiko duzuena. Zer esan nahi du kontzeptu horrek?

Guk ulertzen dugun moduan, ekonomia feministak laguntzen digu ikusgarri egiten, gure gizartean ikusgarria ez dena. Izebergaren irudia erabili ohi dugu. Goiko aldean dago gure gizartean ikusgarria den zatia, baina zati hori sostengatzeko, ezinbestekoak dira beheko zatian egiten diren zaintza lanak, bizitzaren erreprodukziorako lan guzti horiek... Hori guztia ikusgarri egiten laguntzen digu ekonomia feministak. Gainera, ez da maila pertsonala bakarrik; bizi garen lurra, amalurra, ere sartzen da horretan. Bizirik dagoen heinean, hainbat lan egiten ditu, ikusgarriak ez direnak. Guzti horretan fokua jartzen laguntzen du ekonomia feministak.

 

Zenbateko iraupena izango du tailerrak?

Urritik ekainera bitarteko saioak izango dira, 15 egunetik behin, larunbat arratsaldeetan. Espero dugu taldea osatzea, orain arte izenematea motel joan den arren. Ea aurkezpenaren ondoren jendea animatzen den. Urriaren 1ean izango da saioa, eta beraz, irailaren bukaerara arte mantenduko dugu izenematea zabalik.

 

Eta nolakoak izango dira saioak?

Prozesu bat bezala daukagu aurreikusita tailerra. Izan ere, konturatu gara luzeak izan behar direla tailerrak, nolabait, gure bizitzetan aldaketa eraginkorrak izateko; konpromezu bat eskatzen duten prozesuak behar dute izan. Askotan egiten ditugu saioak edo ikastaroak, baina puntualak direnez, ez da ohikoa izaten benetan gauzatzea gure bizitzan behar ditugun aldaketa horiek. Zerbait berria ikasi dugu, baina horretan gelditzen da, liburuak apaletan gelditzen diren bezala. Jakintza guztiek ere horrela funtzionatzen dute, orokorrean. Eta eskola honen potentzialtasunik haundiena da, benetan ikasten edo balioztatzen goazen kontu horiek badaukatela eragin bat gure bizitzetan. Prozesua denboran sostengatzen denez, badaukagu denbora gehiago barneratzeko, kontrastatzeko eta hausnarketa horiek gure egunerokotasunean txertatzeko. Ez dugu teorikoki lantzen, alderantziz baizik. Konpartitzen ditugu gure bizipenak, gai zehatz batzuen inguruan, izan daitezkeenak oso haundiak, heteropatriarkatua edota kapitalismoa bezala; baina gure helburua da, horiek aterrizatzea taldearen egunerokotasun horretan. Alegia, ikustea nola eragiten duen zehazki gure errealitatean, hitz potolo horietako batek; neoliberalismoak, adibidez. Aurreko urtean, beste prozesu oso bat bideratu genuen Oiartzunen. Eta argi eta garbi ikusi dugu, ematen direla aldaketa errealak. Hori da prozesuak bilatzen duena.

 

Oiartzunen landutakoaren adibideren bat?

Esaterako, buelta asko ematen dizkiegu 'lana' eta 'enplegua' hitzei. Askotan erabiltzen dugu 'lana' hitza, baina 'lana' esaten dugunean enpleguaz ari gara. Eta saioetan, lanaren aitortza egiten dugu, emakume sozializatuak garen heinean. Ikusten dugu, lana egiten dugula pila bat; aitortzen dugu zein diren gure lanak egunerokoan, eta horiei garrantzia ematen diegu. Partehartzaileen artean, gai honi dagokionez, aldaketa potenteak egon dira egitura familiarretan. Gauza batzuk ez ditugu lan gisa ikusten, eta ez gara ohartzen horiek zein garrantzia duten bizitza sostengatzeko. Oso obsesionatuta gaude enpleguekin, eta normala da, bizi ditugun errealitate prekarioekin. Baina zeinen garrantzia gutxi ematen diegun, eta zein modu inkontzientean egiten ditugun beste lan batzuk, inertziaz. Horiei fokua jartzea oso garrantzitsua da. Lanaren eta enpleguaren gaia asko jorratzen dugu, eta saiatzen gara ikusezinak diren lan horiei guztiei ikusgarritasuna ematen. Kontraste kolektibo bat ere egiten dugu horrela. Askotan, emakumeoi gauza asko gertatzen zaizkigu, baina bakardadean eta modu isolatuan bizi ditugu; eta kolektiboan aitortze hutsa bakarrik, bada haustura potente bat.

Ezinbestekoa da horrelako topaguneak izatea. Oso oinarrizkoak eta xinpleak diruditen eztabaidetatik abiatzen gara askotan. Ura, adibidez; hori izaten da tailerreko gaietako bat. Gehienok ez dakigu nongoa den edaten dugun ura; eta bat-batean hori jakiteak, beste dimentsio bat ematen dio. Ordura arte, ura da txorrota ireki eta badaukagun zerbait. Eta horrek hausnarketa ekarri dezake, gure pribilegioen inguruan, besteak beste.

 

Zein da tailerreko partehartzaileen profila?

Orokorrean, izaten dira emakume feministak, badaukatenak aurrelanketa bat eginda, eta interes haundia daukatenak horrelako gaiak jorratzen jarraitzeko. Adin tarteari dagokionez, Oiartzunen denak ginen 25-50 urte bitartekoak. Baina ni, duela bost bat urte, partehartzaile bezala egon nintzen Bidasoan egin zen prozesuan, eta horretan emakume helduak ziren gehienak; bi bakarrik ginen gazteak. Beraz, guztiz irekia da zentzu horretan, 16 urtetik hasi eta 70 urtera arte; eta zoragarria litzateke, noizbait 90 urteko emakume batek gurekin bat egitea. Gure nahia da, ahalik eta talde anitzena osatzea; ez izatea denak berdinak. Ezberdintasun gehiago dauzkagun heinean, guztiok irabaziko dugu.

Prozesu hauek Mundu Bat Fundaziotik datoz. Jatorriz, Abya Yalako herrialdeetan egin zituzten prozesu batzuen sistematizazioak dira. Ez ziren hemen sortu; Euskal Herriko testuingurura egokitu ziren. Funtzionatzeko modua eta prozesuaren oinarria, pedagogia popularra eta pedagogia feminista, handik dator. Hemen oraindik ez daude oso agerian, horrela funtzionatzeko moduak. 2008an hasita, uste dut 11garren prozesua izango dela Euskal Herrian. Azkenekoak guk bideratu ditugu, eta daukaten bereizgarritasuna da euskeraren aldeko apustua egin dugula. Euskerara itzuli dugu material guztia. Beraz, profilari dagokionez, garrantzitsua da euskeraz ulertzea, nahiz eta ez hitz egin; horrekin ez dago arazorik.

 

Tematika jakin bat daukazue planteatuta, saio bakoitzerako?

Bai, hala da. Prozesu osoak zortzi modulo dauzka, eta modulo bakoitzak dauzka bere saioak; izan daiteke bakarra, edo lau saio. Dena den, saioak markatuta dauden arren, beti esaten dugu denborak biribilak direla. Ez dugu gai bat jorratzen, eta amaitu da. Normalean, abiapuntu batetik hasi, eta bueltatzen gara behin eta berriro aurreko gaietara. Ez ditugu gaiak ixten. Linealtasunera ohituta gaude, baina biribilak dira prozesu hauek. Ezinbestekoa da gaiak irekita uztea, bueltatu ahal izateko. Izan ere, gutaz ari gara hizketan, eta gure testuingurua zalantzan jartzen.

 

Ara!Gorputz kooperatiba osatzen duzue Ionek eta biok. Zer egiten duzue?

2018an sortu genuen elkartea, gure prozesu propioak egin ondoren; oso prozesu esperimentalak, bereziki hilerokoaren kultura deitzen diogunari tiraka. 2018an elkartu ginenean, bakoitzak zeuzkan eginda bere prozesu propioak; eta konturatu ginen oso garrantzitsua dela norberak bere prozesua egitea, baina are garrantzitsuagoa dela elkarrekin egitea horrelako prozesu bat, gai hauek guztiek eragin bat izan dezaten gure bizitzetan. Aurten bilakatu gara kooperatiba, eta ekonomia feministaren inguruko prozesuak bideratzeaz gainera, buru-belarri gabiltza Bidasoan daukagun BDS Koop sarean, ekonomia sozial eraldatzailearen inguruko sarean. Eta ikastetxeetan ere saio ugari ari gara ematen, haurrentzat eta irakasleentzat, hilerokoaren inguruan. Labur esanda, egiten dugu ikusgarri, ikusgarria ez dena, abiapuntu hartuta ziklikotasunaren ideia. Izan ere, gure kooperatibatik proposatzen ari garena, da paradigma oso baten aldaketa: paradigma lineal beldurgarri eta oso mingarri honetatik ateratzeko tresnak eskaini nahi ditugu. Guztia egiten dugu gure bizipenetatik, aurretik guk probatu izanda.

 

Bidasoako prozesuan partehartzaile izan zinen, eta orain dinamizatzailea zara. Zer aldatzen da?

Talde hartan, Bidasoako emakume feministak ziren, eta helduagoak ziren. Niretzako, sekulako haustura izan zen, konturatzea nola dagoen osatuta gizartea; nola kontatzen diguten, eta nola sinesten dugun. Ikusi arte izotz masa honen beheko zati guztia, ezin dugu izan argazki orokor bat. Oso haustura potentea izan zen niretzat.

Joan den urtean, Oiartzunen dinamizatzaile bezala aritu nintzen, baina Jone eta biok ez gara coachak, ez dugu terapiarik egiten. Gu ere taldean gaude, eta guk ere partekatzen ditugu gure esperientziak. Prozesuak, hasiera batean, atzera bota dezake jendea, luzea delako, eta konpromezu bat eskatzen delako; baina Oiartzungo taldea, desiatzen dago beste moduluren bat sortzeko, berriro ere hara joateko beraiekin egitera. Hasieran kostatu arren, sortzen da babes espazio bat, goxoa eta lasaia; eta hori ez daukagu oso eskuragarri gizartean. Horregatik, oso potentzialtasun haundia dauka eskola honek. Esate baterako, horrelako prozesu batetik sortu zen Trabajadoras No Domesticadas taldea, zaintza lanetako emakume migratuek osatzen duten kolektiboa. Prozesuak ahalbidetzen du saretzea, eta antzekotasunak dauzkaten pertsonak elkartzea.

 

Aurrera begira, bidea egin dezakeen prozesua da, beraz.

Bai, hori da. Beste talde batekin gertatu zen, antzerki talde bat sortu zutela. Oiartzungo kasuan, bertako Asanblada Feministako kide dexente zeuden, eta prozesuarekin lortu dutena da taldea indartzea. Prozesu hauek ez dira amaitzen, ez da zerbait itxia. Elkarrekin sortzen goazen zerbait da ekonomia feminista, eta hori oso polita iruditzen zait. Kapitalismoa juxtu kontrakoa da, itxia, egituratua eta oso zorrotza. Eta ekonomia feminista, aldiz, da bizirik dagoen zerbait, eta elkarrekin sortzen goazena, oinarri hartuta ikusgarri egitea ikusgarria ez dena: aztertzea zergatik ez den ikusgarria, eta arrakalak non dauden ikustea, ikusgarri egiteko.

 

Eskolan izena emateko zalantzan dagoenari, zer esango zenioke?

Ez dela ohiko formazio bat, eta oso zaila dela hitzekin adierazten, benetan bizitzen duguna. Ez diot kutsu magiko bat eman nahi. Baina talde batekin kohesio bat egitea denboran, espazio goxo bat sortuz eta denak eroso egoteko elkarbizitzarako akordio batzuekin... Hori guztia gehitzen diozu, itxuraz gogorra dirudien alde teorikoari. Jaso ditugu partehartzaileen testigantzak, eta esan digute, badela bizitza aldatzeko haustura-aukera bat. Eta hori ez da lortzen saio batekin. Bizi garen azkartasun honi frenoa jartzeko sekulako aukera da. Tailer honen partehartzaile eta dinamizatzaile izan naizen aldetik, uste dut badela oso aukera ederra, elkarrekin pentsatzen eta ekiten jarraitzeko.

 

Ekonomia Feministaren erdigune izango da Emakumeon Etxea, bederatzi hilabetez

 

Urritik ekainera bitarte eskainiko dute Beterri-Buruntzako Ekonomia Feminista Eskola, Astigarragan, eskualde osoko herritarrentzat.

Bilgune garrantzitsua da Emakumeon Etxea, dagoeneko, emakume astigartarrentzat; eta datozen bederatzi hilabeteotan, eskualde mailara zabalduko da erreferentzialtasun hori. Izan ere, Beterri-Buruntzako Ekonomia Feminista Eskola izango da bertan eskainiko dutena: astigartarrei ez ezik, inguruko herrietakoei ere zuzendutakoa.

17 saio izango dira guztira, eta bi astetik behin egingo dituzte, larunbat arratsaldeetan; bakoitza, lau ordukoa. Askotarikoak dira landuko dituzten gaiak: patriarkatua, sexu araberako lan banaketa eta ekonomia feminista; kapitalismo neoliberala; emakumezkoen diru sarrerak sortzeko iniziatibak; eskubideak, beharrak eta pribilegioak; desirak eta deskolonialitatea; osasuna eta ziklizitatea emakumeon gorputzetan...

Hasiera batean «potoloak» diruditen gaiak, baina xinpletasunetik eta eguneroko bizipen eta esperientzietatik abiatuta landuko dituztenak, norberaren arazoak eta kezkak aditzera emanez; askotan, komunak eta konpartituak izaten direnak.

Urriaren 1ean egingo dute aurreneko saioa, eta irailaren bukaerara arte emango dute aukera, eskolan izena emateko: info@aragorputz.eus helbide elektronikora idatzi behar da, horretarako. Informazio gehiago, aragorputz.eus webgunean dago eskuragarri, formazio pro­gramen atalean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!