Erreportajeak

«Momentu honetan harrijasotzeak eskaintzen dit bilatzen nuen guztia»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abu. 20a, 00:00

Paulo Azpiazu Igeldoko Harrian, pasa den larunbatean. 14 altxaldirekin lan oso ona egin zuen.

Paulo Azpiazu fitness entrenatzaile eta gainera influencerra YouTube eta Instagram sare sozialetan, Ergobin ariko da bihar, 19:00etan, Ergobiko Harri Beltza Txapelketan. Urte t'erdi darama harrijasotzen eta «gozatzen» ari da.

Ergobiko jaietan herri kirol txapelketek eta erakustaldiek leku berezia izaten dute. Gero eta garrantzi haundiagoa dute. Kalitate aldetik, Donostiako Aste Nagusiak bakarrik gainditzen du Urrezko Kopa eta Igeldo eta Uliako Harriekin. Ergobiko jaietan egunero daude herri kirol ekitaldiak, eta nagusienetakoa Ergobiko Harri Beltza Txapelketa da.  

Aurten zortzigarren edizioa beteko du eta bertan izango dira 104 kiloko harri baldarra eusten Mikel Lopetegi 'Urra', Imanol Lartain, Paulo Azpiazu, Beñat Telleria eta Xabat Olaizola. Nahiz eta Urra izan faborito argia, Paulo Azpiazuk jarraitzaile asko erakartzen ditu, atzean duen historiagatik. Influencerra, Youtube eta Instagram bezalako sare sozialetan milaka eta milaka jarraitzaile ditu fitness entrenatzaileak. Indarra izan da bere bizitzako erdigune eta harrijasotzen hasi zen orain urte eta t'erdi, 26 urte jaio zen bergararrak. Kronikari elkarrizketa eskaini dio.

 

Igeldoko Harrian 14 altxaldirekin marka oso ona egin zenuen aurreko astean. Zer helbururekin etorriko zara Ergobira?

Ez da urte t'erdi harrijasotzen hasi nintzenetik. Pesekin urte askoan nabil, gimnasioan, eta aurreko urtea niretzat izan zen lehendabiziko kontaktua harriarekin. Teknika ez nuen landuta eta gimnasioko lana egiten nuen harria jasotzen, indar lana. Txapelketetan asko ikasi dut eta azkenengo Zarautzeko Bi Harri Txapelketan eta Igeldoko Harrian oso ongi prestatuta eta beste tenple batekin aritu naiz. Orain, plazan eroso sentitzen naiz.

 

Ikasi duzunarekin harrijasotzen, gozatzen hasi zarela esan daiteke?

Aurreko urtea niretzat erronka bat izan zen. Harria probatu nahi nuen eta nire buruari esaten nion ez zela horrenbesterako izango. Burdinak mugitzen baditut harria ere mugituko dut, esaten nuen. Lehenengo entrenamenduetan eta txapelketetan kriston txaskoa hartu nuen. Konturatu nintzen harria beste mundu bat dela eta kristoren teknika behar dela. Eta ez bakarrik teknika, burua erabili behar duzu asko. Ez da altxaldi bat bakarrik eta ezin duzu dena hor eman. Prestakuntza bat behar dela ikasten duzu, batez ere mentala. Gimnasioan ohituta gaude bakarrik entrenatzera eta plazan presio haundia daukazu. Horretarako ere prestatuta egon behar duzu. Hori txapelketekin lortzen da. Aurten erakustaldi asko egin ditugu eta neskei laguntzen nabil. Horrek lagundu dit beldurrak aldentzen. Hasi naiz disfrutatzen eta azken txapelketetan nabaritu da. 

 

Zer moduzko esperientzia ari da izaten harrijasotzea zuretzat? Fitness mundutik datorren kirolari batentzat zer ekarri du harrijasotzeak?

Niretzat helburuak izatea beti izan da nahi bat, atleta eta entrenatzaile pertsonal modura. Hasi nintzenean gimnasioan, helburua zen indarra eta gorputza bera lantzea, fisikoki ongi ikustea, baina iritsi zen momentu bat aspertuta nengoela gimnasioan sartuta. Zeozer berria behar nuen. Kulturismoak edota powerliftingak (potentzioako altxaldia) ez zidaten betetzen. Harria probatu nuenean, esan nuen: «hau da bilatzen ari nintzen bene-benetako kirola». Harrijasotzeak bere barnean hartzen du dena. Entrenamenduak gogorrak dira, lanerako ere sare sozialetako oso garrantzitsua da, Youtubeko kanalerako eta Instagramerako oso baliagarria zait. Lortu nahi nuen baita kirolari berari laguntzea, harrijasotzeari, baita Euskal Herriari, euskarari eta gure komunitateari. Hori guztia harriak eskaintzen dit gaur egun. Gauza asko eskaintzen dizkit: Kirola, kultura, sendia, jendea... Momentu honetan nago oso pozik eta oso motibatuta.

Herri kirola eta harrijasotzea deskubrimendu bat izan da zuretzat?

Konturatu naiz mundu honi buruz gutxi dakidala eta hori motibazio iturri da. Asko ari naiz ikasten. Gosea daukat gehiago jakiteko. Harri munduan ibili eta dabilen jendeak asko daki entrenamenduari buruz, teknikari buruz eta niretzako hori dena berria da, nobedadea. Baina beste aldetik ere esan dezaket nahiko aitzindaria nahizela beste arlo batzuetan. Herri kirolak izan dira oso isilean, sekretupean entrenatu eta landu den kirol bat. Hori aldatu dezaket eta jakituria denen artean zabaldu. Nik dena grabatzen dut, gero ikasi eta erakusteko. Elikadura ere asko zaintzen dut eta garrantzi gutxi eman zaio herri kiroletan. Horretan ere asko dago ikasteko eta lagundu dezaket. Egon da mentalitate bat asko jan, pisu asko hartu eta harria errazago mugituko delaren ideia bat. Eta hori ez da horrela.

 

Harrijasotzaileen eskolak sortu izanak ere lagunduko du.

Giro oso ona dago eta hori polita da eta nabarmendu nahiko nuke nesken garapena harrijasotzen.Sortu nahi dut giro bat nesken harrijasotzea bultzatzeko. Batak bestera eramaten du. Neskek ikusten badute beste neskak harrijasotzen ari direla, animatu egiten dira eta domino efektua sortzen da. Hobetzeko irudiak erabiltzen ditut, teknika eta altxaldiak hobetzeko. Azkenean, irudi bat eskaini da ez dena zuzena eta hori aldatzen saiatzen ari naiz. Ez da artaburu, indartsu zakarren kirola. Horri buelta ematen ari gara. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!