Zergatik da berezia abentura?
Iraiti Oskoz: Deskribatzeko zaila da, baina berezi egiten duena da 31 eguneko esperientzia izatea, horrenbeste jenderekin bizitzea eta horiekin guztiekin elkarbizitza mantendu behar izatea. Horrenbeste egun elkarrekin egotea, zenbait etaparen luzera… Gauza asko nabarmendu genitzake. Funtsean, itzela da ezagutzen duzun jende guztiagatik.
Garazi Txapartegi: Hasteko, aukera paregabea ematen duelako Euskal Herriko euskalkiak gertutik ezagutzeko. Esaterako, izugarri gustatu zait Iparraldeko jendearekin hitz egitea edota nire egunerokoan entzuten ez ditudan euskalkiekin horrenbeste egun eta momentu partekatzea. Horrez gain, noski, lagun asko egiten direla, hilabete batek harreman estuak sortzeko tartea ere ematen duelako.
Etapak neketsuak izan dira?
I.O.: Hasierakoak bereziki, bai. 20 kilometro inguruko etapak izaten dira egunero eta, hasieran, oinetan babak izanez gero, gogorra izaten da. Gainera, batez ere alderdi mentalagatik izaten da astuna fisikoagatik baino. Hala ere, segituan hartzen da martxa. Denok izan gara gai etapa guztiak osatzeko.
G.T.: Hasieran, beldurra sentitu nuela aitortu behar dut. Lehenengo egunean zertxobait gaizki pasa nuen. Jende asko ikusi nuen, etapa ere gogorra izan zen eta agobiatuta sentitu nintzen. Ez naiz oso kirolaria eta abentura hasi aurretik ibilbide batzuk osatu banituen ere, ezin dira guk egin ditugunekin alderatu. Edonola ere, segituan ohitu nintzen. Etapa guztiak edonork egiteko moduan daude prestatuta, guztia oso ondo pentsatuta baitago. Gainera, taldeka banatuta gaudenez, nork bere erritmoa jarraitzeko aukera du. Ni, hasieran, erdiko taldeko kide nintzen, baina nahiko zaila egiten zitzaidan haien erritmoa jarraitzea. Horregatik, taldez aldatu ondoren, ezin hobe aritu nintzen. Giroa ere oso ona zen, lagun asko egin nituen eta etapak gogorrak izan arren, topera gozatu nituen.
Nolakoak izaten dira egunak?
I.O: Egun guztiak ezberdinak badira ere, oso errutinarioak izaten dira. Eguna goizeko 06:00etan edota 07:00etan hasten zen, eta etapak egiteko hiru erritmora abiatzen ginen: trikuak, katagorriak eta erbiak. Beraz, goizean goizeko egitekoa zen azkar batean lo-leku genituen frontoiko gauza guztiak jasotzea, motxila prestatzea, komuneko txanda prestatzea, gosaltzea eta, azkenik, abiatzea. Etapak hartzen zituen bost, sei edo zazpi ordu eta, batzuetan, lau ordukoak ere izaten ziren. Gero, iristean, bazkaldu eta egunero-egunero oso garrantzitsua eta ezinbestekoa den siesta egiten genuen. Arratsaldean, dinamikak izaten genituen eta, gero, lotara.
Nolakoa izaten da partaideen aukeraketa prozesua?
I.O.: Antolakuntzak hiru gai aurkezten ditu, eta parte hartu nahi duen orok lan bat egin behar du horren bueltan. Beka kopurua mugatua denez, bilatzen dutena da euskerarekin konpromisoa duen norbait, EuskarAbenturan egoteko benetako nahia duena.
Parte hartzearen grina aspalditik izan duzue?
I.O.: Aurreko udan ezagutu nuen hau guztia. Aurreko edizioko partaide batek bere esperientzia kontatu zidan eta ordutik jo ta fuego aritu naiz ideia horren atzetik.
G.T.: Nire lehengusua euskera irakaslea da eta EuskarAbenturarena aspaldi esan bazidan ere, ez nion kasu haundirik egin. Izan ere, mendian ibiltzea gustatuko dut, baina ez naiz oso abila. Gainera, proiektu bat egitearenak ere atzera bota ninduen. Hala ere, ikastolan berriro aipatu ziguten gaia eta Iratik egun dezente pasa zituen ni konbentzitzen. Azkenean, baiezkoa eman nion, proiektua bideratzen lagundu zidan, eta gustura landu nuen.
Zer da gehien gustatu zaizuena?
I.O.: Momentu asko izan dira, baina, bereziki, azken astea izan da intentsuena eta, nolabait, oroimenean gordeta gelditzen dena. Hala ere, aipatuko nukeena da taldean egotearen sentsazioa, hor barruan sortzen diren harremanak, otorduetako hizketaldiak… Horrez gain, EuskarAbentura oso berezia da euskalki ezberdinak hitz egiten dituen euskal herritarrekin egoteko aukera ematen duelako. Elkarren artean sortu dugun lotura horren indarra argi ikusi da azken agurrean. Oso emotiboa izan da.
G.T.: Batetik, laguntasuna. Hilabete batean lagun asko egin ditugu eta konfiantza haundia sortu da gure artean, ordu asko eman ditugulako elkarrekin; oraindik harremana mantentzen dugu eta berriro ere elkartzeko planak egiten gabiltza. Bestetik, askotariko euskalkiak entzutea eta ohitura ezberdinekin elkarbizitzea izugarria izan da. Izan ere, bakoitza bere herritik eta etxetik dator eta, horrenbestez, gauzak egiten ditu bere herrian eta etxean egiten dituen moduan. Horregatik, hor barruan sortzen den hartu-emana oso berezia eta bakarra da.
Bitxikeriarik ba al duzue?
I.O.: Asko daude, egunero asko gertatzen zirelako. Agian ez da bitxikeria, baina nabarmendu nahi nuke Ipar Euskal Herriko partaideekin sortu dudan harreman estua. Abentura hasi aurretik, ez nuen uste horrenbeste ukitzen nuenik nire euskera. Nire aita nafarra da eta amagatik zein hezkuntza formalean ikasitakoagatik, ezagutzen ditut euskera batua nahiz nafarra. Hori horrela, Iparraldekoekin hitz egitean, konturatu nintzen segituen nahastu nituela haien hitzak nik egunerokoan hitz egiten dudan euskerarekin. Momentu horietan neure burua ikusten nuen guztiz ezberdin solasten, eta ederra izaten zen hori.
G.T.: Nik motxila erdia galdu dut! Egunero aldatzen genuen herria eta lo-lekua, eta bidean galdu ditut hortzetako aparatua, betaurrekoak, kamiseta bat…
Gomendatuko zenukete?
I.O.: Zalantzarik gabe. Orain, guztia bukatuta, Maulera itzultzeko planetan gabiltza. Aste bakoitza oso ezberdina da eta bakoitzak du bere zentzua espedizioan eta, une honetan, atzera begiratuta, askotariko oroitzapen ahaztezinak etortzen zaizkit burura.
G.T.: Bai, noski. Hala ere, norbaitek joateko asmoa baldin badu, garrantzitsua iruditzen zait mentalizatuta egotea. Gaizki pasa dezakezu zu etxetik gaizki bazoaz. Horixe bera uste dut nik. Konfort lekutik aterako zara, eta, beraz, gauza asko hartu behar dira kontuan. Jende asko dago abenturan, eta horretara ohitu beharra dago: intimitaterik ez dago, higiene aldetik ere egoerara egokitu behar da dutxak bi minutukoak izaten direlako, eta abar. Baina, bizikidetza hori mantentzeko gai ikusten baldin bazara, aurrera. Laburbilduz, erabat gomendatuko nuke esperientzia hau, sekulakoa izan da!