Erreportajeak

«Datozen urteei begira, helburua da herritarren beharrei erantzuten jarraitzea»

Kronika - Erredakzioa 2022ko mai. 28a, 00:00

Mundarroko jokalari bat Antiguokoren aurkako norgehiagokan, Zarkumendegin.

Astigarragako Mundarro F.K.E.-k 40 urte bete ditu aurten, eta ospakizun festa antolatu dute gaurko, Zarkumendegin. 09:30etan, futbol txiki txapelketa izango da; 10:00etatik 14:00etara, puzgarriak; 11:00etan, kale futbola; eta, 13:00etan, 40. urteurreneko zozketa.

1982. urtean jaio zen Mundarro Elkartea, eta 40. urteurrenaren ospakizun gisa, festa antolatu dute gaurko. Zarkumendegin izango da, «klubaren hastapena futbol saila izan zelako», aipatu du Jon Goiburuk. Urteekin, hain zuzen, aldaketa izan du Mundarrok, eta kirol gehiago batu dira jardunera. Horrela, gaur egun, Astigarragako Mundarro Futbol eta Kirol Elkartea da haren izena. Gaurkoan, egiteko ugari izango dituzte astigartarrek, eta bertaratzeko deia luzatu du Mundarrok. 

Goizean goizetik hasita izango da zeregina. Futbol txiki txapelketak irekiko du egitaraua, 09:30etan, Mundarroko jokalariek osatutako taldeekin. Gero, 11:00etan, kale futbolak hartuko du erreleboa. «Jarduera irekia da 8 urte bitarteko haurrentzat», kontatu du Goiburuk. «Astigarragako umeak hor hasten dira futbolarekin harremana izaten, eta astelehenean hasiko dituzte entrenamenduak Joseba Barandiaran plazan», gehitu du. Horrela, motorrak berotzeko aukera izango dute gaztetxoenek. Horrez gain, 10:00etatik 14:00etara bitartean umeentzako puzgarriak jarriko dituzte, Real Sociedad Fundazioaren eskutik. Amaitzeko, eguerdi aldera, 13:00etan, 40. urteurreneko zozketa izango da. Orain arte errifak saldu dituzte kirolariek, eta bost saski potolo zozketatuko dituzte. 

 

«Gaur egun, 470 kirolarik osatzen dute kluba»

40. urteurrenaren bueltan, gogoeta egin du Goiburuk: «Momentu berezi asko egon dira: igoerak futbolean, Herriarteko txapelketa pelotan, saskibaloian Euskal Ligan egotea... Baina, aipagarriena da klubean dagoen astigartar kirolari kopurua, astero-astero entrenatzen, konpromezu haundiarekin», azpimarratu du. «1982. urtean ekin genion bideari eta, gaur egun, 470 kirolari inguruk osatzen dute kluba». 

Horrekin batera, kluba erreferente izan da astigartarrentzat, eta bide horretan jarraitu nahi du. «Herriko kirol elkartea gara, eta kirol arloko helburuez gain, arlo sozialean eragitea ere da gure xedea». Azken urteetan, hainbat proiektutan murgilduta ibili dira buru-belarri: «Emakumeen kirola bultzatzen ari gara; eskuaren erabilerari dagokionez ere dinamika batean sartuta gaude, aholkularitza-zerbitzu batekin, erabilera nola hobetu aztertzeko; horrekin batera, aurten, esaterako, bullyingari aurre egiteko proiektu batean ere parte hartu dugu», kontatu du Goiburuk. «Hori guztiari garrantzia haundia ematen diogu, horixe baita gure izaera. Kategoria altuetan egotea ondo dago, baina gure kirolariak osasuntsu ez badaude eta balio onak ez badituzte, ez goaz inora». Lanketa hori guztia garrantzitsua da Mundarrorentzat: «Emakumezkoen futbol taldea sortu zen eta gaur egun ere hortxe dago, eskubaloian eta saskibaloian ere emakumezkoen taldeak daude, eta baita pelotan, eskuz eta palaz, ere». 

 

«Jendea klubarekin identifikatuta sentitzea da gure nahia»

Ospakizunaren egunean, Goiburuk afizioa ekarri du gogora. «Klubean hainbat kirol ditugunez, herriko hainbat espaziotan aritzen gara: «kiroldegian, futbol zelaian, frontoian... Imanol Pagola eta bere lagunak, esaterako, Zarkumendegin egoten dira lehenengo lerroan animatzen, eta jokalariek asko eskertzen dute hori. Gainera, aurretiko lanketaren ondorioz, herriko jendea ere joaten da kirolarien partiduak ikustera, eta klubeko taldeek beste taldeen norgehiagokak ere ikusten dituzte». Udaberri Txapelketako finala Txomiñenen jokatu zen, eta Goibururen esanetan, «ia guztiz» bete zen frontoia. «Horrek esan nahi du jendea gure kirolariekin identifikatua sentitzen dela eta kirolak, klubak, herrian giroa sortzen duela». 

Hari horri tiraka, datozen urteetarako erronkei begira, Mundarroren asmoa da «herriaren beharrei erantzuna ematen jarraitzea. Alegia, balio horiek guztiak mantenduz, herritarrek Mundarro aukeratzea, klubarekin identifikatuta sentitzea, herrian gelditzea, herrian bizitza egin nahi izatea eta, azken batean, herria egitea». Kirol alorrean, berriz, honako hauexek dira erronkak: «Gipuzkoako Gorengoen Mailak mantentzea, baina horretan itsutu gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!