Erreportajeak

«Kantuak bizitza propioa balute bezala sentitzen ditut, batzuetan adiskide dira eta besteetan ez»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 23a, 00:00

Benito Lertxundi, Orion, gaur arratsaldeko 20:00etan azken diskoa aurkeztu baino lehen

Benito Lertxundik, Ospakizun gauean, bere azken diskoa aurkeztuko du, gaur arratsaldeko 20:00etan Erribera kulturgunean. Emanaldian, abesti berriak ezagutzera emateaz gain, kantu ezagun eta hunkigarriak ere abestuko ditu.

Denbora asko eman zizun abestiak sortu eta produzitzeak?

Egia esan, ez naiz asko oroitzen zenbat denbora eman dudan diskoa sortzen. Askotan, kantuak egiten gabiltzanean, izaten dira pausaldi batzuk gauza batzuengatik edo besteengatik, baina, gogoan dut disko honetako kantuak oso prestatuak nituela, aldez aurretik, eta hor denboralditxo bat egon zirela geldirik. Kantuak beti modu desberdinean egiten dira, metodologiarik ez daukat alde horretatik. 

Gogoan dut kasu honetan, 10-11 abestiren letrak eginak nituela baina, musikarik gabe. 2018ko urtarrilaren hasierara arte zain egon nintzen, lasai eseri eta kantuak musikatzeko. Azken diskoarekin hori gertatu zait. 

Normalean, kantuak banaka egiten ditut, hau da, kantu baten letra dudanean osatzen joaten naiz, gero beste baten txanda izaten da, eta horrela, behin eta berriz. 

 

Nola deskribatuko zenituzke diskoko abestiak?

Kantuak letra aldetik, funtsean, azken urteetan ditudan sentipen edo hausnarketen argazki bat dira. Azken finean, bizitzarekin edo gure nolabaiteko gauzak ikusteko eta gure kulturatik, gai jakin batzuen inguruan zein hausnarketa egiten diren azaltzeko sortu ditut. Horrelako pentsamenduak dira kantuak, eta batzuetan, Fernando Pessoa-n dago tartean. Pessoa-en ikuspuntuarekin askotan egin dut bat. Orduan, haren olerkietako ideiak nireak egiten ditu, eta nire testuak gauza berezietaz ari direla iruditzen zait.

 

Zein gai lantzen dira diskoan?

Gai desberdinak baino, nabardura desberdinak dituztela esango nuke. Beti ere, bizitzaren kutsutik lantzen diren gaiak dira. Behar bada, nire beste diskoetan jorratzen diren gaiak ez dira hauek, oraingoak psikologiaren munduarekin lotutakoak dira. Batzuetan, kulturarekiko errotuta dauden gauzak ematen zaituzte programazio batetara, eta beste batzuetan berriz, pentsatzen duzu programazio hori, ez datorrela zure bizitzaren lagungarri bezala, eta orduan, psikologikoki duzun uste hori, kontrajarri egiten duzu. 

 

“Kimu bat zuhaitzan” kantua plazaratu zen, lehena.

Askotan, aukeraketa ohituren arabera egiten duzu. Singel bat behar zen, aurrerapen modura, adierazteko disko bat zetorrela. Orduan, pentsatu nuen lehendabiziko inpaktua izan behar zuela. Eta iruditu zitzaidan kantu hau aproposa zela horretarako. Beste zenbait kantuk, agian, arnas luzeago bat behar dute, eta urteetan bare bare egoten dira. Aldiz, singel-ak kolpeko atentzio deitze bat egiteko gaitasuna izan behar du.

  

Abesti baten doinua, ametsetan asmatu zenuen.

Bai, egia da. Kointzidentzia hutsa izan zen, Jorge Bucay, Argentinako idazle ezagun batek idatzitako liburu bat edukitzea. Hain zuzen ere, berak bidali zidan, baina ez nekien ezaguna zela. Bera psikiatra da, baina idazle bezala ere, ezaguna da. Egun batean, korreoz bidali zidan liburua, eta ikusi nuen, eskaintza bat egin zidala bertan. Orduan, liburua irakurtzen hasi nintzen, eta ikusi nuen, ipuin laburrez osatuta zegoela. Baina, ipuin batetik bestera olerkitxo bat zetorren gaztelaniaz, eta segituan ikusi nuen, liburuak kantuaren usaina zeramala. 

Horregatik, itzultzen hasi nintzen euskarara. Gerora, musikatzen hasi nintzen, eta gau batez, amets bat egin nuen. Hileta batean nengoen Orioko elizan, eta kanpoan ikusten nintzen, nire lagun batzuekin. Bat-batean, elizatik nire ahotsa zuen kantu bat zetorrela konturatu nintzen. Orduan, esnatu eta oharkabean kantu horren doinua kantatzen ari nintzen, isil isilik. Goizean jaiki, eta buruan nuen oraindik, eta goizean bertan, testuak hartu eta justu Bucay-ren testuan ederki geratzen zen. Horregatik, isil isilik izena eman nion kantuari. 

Ez da lehen aldia. Egia da, ametsetan behin baino gehiagotan gertatu zait berbera. Beste batean ere, doinu bat nuen buruan eta ezin nuen lo hartu. Azkenean, aspertu egin nintzen eta konturatu nintzen kaxoia ireki eta doinu horrekin bat egiten zuen testu aproposa nuela bertan. Bizpahiru aldiz gertatu zait. Lo giroan gertatzen zait asko, gaueko eta eguneko ideiak uztartzen diren momentua baita.

 

Badago zuretzat berezia den abestiren bat?

Bai, pare bat. Bata, Fernando Pessoa-ren olerkietan oinarrituta kantua da. Bestea esango nuke, nahiz eta ekoizpenarekin gustora geratu ez naizen, isil isilik kantua dela. Ez dakit, uste dut ez dudala lortzen sentitzen dudana adieraztea. Sumatzen dut nire baitan, kantu horren baduela zerbait, oraindik lortu ez dudana. Eta, hori ere gustatzen zait, baina oraindik uste dut barruan dagoela, kanpoan egon beharrean.


Autoekoitzi duzun lehena da.

Bai, hala da. Lehen, diskoak asko saltzen ziren, orain, aldiz, disko salmenta eskasa da. Digitalki da gehien funtzionatzen duena eta horrekin gabiltza asmatu nahian. Pentsatzen gabiltza, ea diskoa egin behar den, banaka egin eta horrela zintzilikatu, edo kantuak kontzertuetan bakarrik abestu behar diren… Lanbro arte horretan nabil orain...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!