Fenomeno berezia izan da, aste honetan, 'kalima' delakoak eragin duena. Hauts gorriz jantzi ditu txoko guztiak, hego-haizeak Saharatik ekarrita. Baina are bereziagoa izan da gertaera, Carol Castellanos astigartarrarentzat. Irriparre bat atera dio. «Hau izango da zure aklimatazioaren azkeneko fasea!», esan diote lagunek.
Izan ere, Saharako basamortura joango da datorren astean, abentura gogor bezain aberasgarri batean parte hartzera: Marathon des Sables izeneko lasterketa egingo du bertan. Sei etapatan, 250 kilometro egin beharko dituzte korrika, basamortuan barrena, martxoaren 27tik apirilaren 2ra. Urduri dago, beldur pixka batekin ere bai, baina ilusio eta gogo haundiarekin, eta umoretsu. Aurreneko galderarekin hasi dira barre algarak.
Nola iritsi da astigartar bat, Marathon des Sablesen izena ematera?
Duela zazpi urte hasi nintzen kirola egiten. Aurretik, ez nuen ezertxo ere egiten, ezta aerobik ere. Baina bizitzak kolpeak dauzka, 40 urte bete nituen... Nire senarrak beti egin du kirola, nire lagun bat igeri egiten hasi zen... Eta ezer ez egitetik, triatloiean aritzera pasa nintzen ni. Ordura arte, ez nekien igeri egiten, Donostian gabarroira juxtu juxtu. Bizikletan ere ez nintzen ibiltzen, baina Peio senarrak prestatu zuen bere bizikleta bat niretzako, eta horrekin hasi nintzen. Eta triatloiak egitera iritsi nintzen horrela. Pandemia garaian, senarrarekin bizikletan nenbilela, erori egin nintzen, eta sekulako kolpea hartu nuen. Eta igeri egitea ere, piszinan bai baina itsasoan ez zait gustatzen. Horregatik, erabaki nuen korrika egiten zentratzea, hori delako gehien gustatzen zaidana. Lasterketak egin ditut, bi maratoi tartean. Baina behar nuen beste erronka bat, eta sare sozialetatik izan nuen Marathon des Sablesen berri. Ikusi nuenean, txoratuta geratu nintzen, eta Peiori komentatu nion. Esan zidan gogoa banuen animatzeko, eta izena eman nuen zuzenean, beroaldian.
Aurretik egona nintzen Marokon, amarekin, izebarekin eta lehengusu batekin. Eta egin nituen hiru korrika saio, baina noski, beraiek etortzen ziren bila Jeeparekin, eta hoteletan egiten nuen lo. Ez da gauza bera!
Aurreneko esperientzia izango duzu, antzeko proba batean?
Bai bai, aurrenekoa. Dena izango da berria niretzat. Mendian ere ez dut lasterketa luzerik egin. Mendi lasterketa bakarra egin dut, Larrate Trail, joan den urtean Zarrakaztelun. Baina 10 kilometrokoa zen, eta udaran animatu nintzen, probatzeagatik. Oraingoa oso bestelako kontua da. Peru Alfaro hernaniarra da nire entrenatzailea, eta gizajoa jokoz kanpo utzi nuen. Triatloietarako prestatzen ari nintzenean oso ondo, bere arloa da eta gustura aritu gara. Baina bat-batean esan nion Marathon des Sables egingo nuela. Pentsatuko zuen, 'zer ari zait esaten ero hau?', baina esan zidan prestatuko genuela entrenamendu plana, nolabait. Primeran moldatu da, ikasten aritu da horretarako, eta gozada bat izan da.
Zer esan zizuten ingurukoek, kontatu zenienean?
Ezagutzen naute (barrez). Lagunek esaten didate, erdibidekorik ez daukadala: txuria edo beltza. 40 urterekin hasi nintzen kirola egiten, eta ordutik, zazpi urtetan, egunero egin dut zerbait. Beraz, bazekiten lasterketa horretara inor joango bazen, ni izango nintzela. Etxekoek ere badakite nolakoa naizen, eta izugarri animatzen naute. Ama dago pixka bat arduratuta... Badaki ero xamarra naizela, baina bakarrik nijoa Saharako basamortura, eta kezkatu egiten da, noski. Denek dakite ilusioa daukadala, eta inork ez dit esan gehiegizkoa dela.
Duela urtebete eman zenuen izena. Bazenekien nolako proba zen?
Ez nuen gehiegi begiratu. Ikusi nuen korrika egitea zela, basamortuan, abentura izugarria... Eta horrekin nahikoa nuen! Kirola egitea izugarri gustatzen zait, eta hauxe da nire bizimodu berria. Behin bete-betean sartzen zarenean, kirola behar duzu zoriontsu izateko. Eta prestakuntza bera bakarrik, niretzako sari bat izan da. Zoragarriak izan dira hilabete hauetan bizitako momentuak, txakurrarekin eta senarrarekin, mendian, hondartzan... Inolako lesiorik ez dut izan, gainera. Saria dagoeneko badaukat. Orain, hara joatea eta bukatzen saiatzea, gehigarri bat izango da. Ziur nago ondo pasako dudala, jende berria ezagutuko dudala; eta ikusten badut gainezka egiten didala, etxera bueltatu eta kitto. Baina edozein kasutan, oso pozik egongo naiz, egindako bidearekin. Ez diot inori ezer demostratu behar. Opor moduko batzuk bezala izango dira, opor bereziak, Saharan.
Orain begiratu duzu pixka bat gehiago?
Bai bai, orain badakit nolakoa den dena! Eta pentsatu dut, 'non sartu naiz'... Baina tira, aurrera!
Eta nolako lasterketa da Marathon des Sables?
Oso gogorra. Hasteko, klimagatik eta beroagatik. Gainera, dena gainean eraman behar duzu, sei egunetarako behar duzun guztia. Higienea da gehien kezkatzen nauena, ez dagoelako dutxarik eta horrelakorik. Oinekin sufrituko dut, babak aterako zaizkidalako. Eta haimatan egingo dugu lo, zortzinaka. Ea nola egiten dudan lo, zurrungekin eta... Horiek dira nire kezka nagusiak, eta lagunek adarra jotzen didate horrekin. Gainerakoan, korrika egitea izango da. Oso gogorrak izango dira etapak. Laburrena bost edo sei ordukoa izango da niretzat. Aurreneko hiru etapak 30-40 kilometro bitartekoak dira; beste bat dago 80 kilometro ingurukoa, egunez zein gauez egingo duguna; eta azkenekoa da maratoia, Marathon des Sables, 42 kilometrokoa hain justu. Badago seigarren etapa bat ere, solidarioa, 10 kilometro inguru, oinez egitekoa. Etapa bakoitzaren distantzia zehatzak ez dakizkigu, irteeraren aurretik esango digutelako nolakoak diren etapak.
Hori guztia, basamortuan barrena...
Hala da, bai. Dena ez da hondarra izango. Harria eta pistak ere izango ditugu, mendiren bat tarteka. Baina beroa eta urradurak izango ditugu ziur. Horrek kezkatzen nau. Beroaren aurrean bai ezin izan dudala prestaketarik egin. Egunez 30 gradutik gorakoa izango da tenperatura, eta gauez izugarri jaisten da, 8-10 gradura. Beraz, gauean hotzetik babesteko arropa ere eraman behar duzu gainean. Bestela, fisikoki, nekatuta zaudenean erritmoa jaitsi eta aurrera. Badaude denbora-mugak, baina dira oinez eta erritmo lasaiean osatzeko modukoak, ez dira exijenteak. Alde horretatik, proba bukatzea posible da, baina beroa, ura, jatekoa...
Autosufizientzian egin behar baituzue proba, ezta?
Guk eraman behar dugu dena, bai. Hasieratik, sei egunetarako behar dugun guztia eraman behar dugu gainean, ura izan ezik. Ura 10 kilometrotik behin emango digute, eta etapa bakoitzaren bukaeran, sei litro ur emango dizkigute. Horiekin, egin behar dituzu otorduak, edan beharreko guztia, eta pixka bat garbitzeko ere, hori erabili behar duzu. Eta hurrengo etapan, aurreneko kilometroak ere ur horrekin osatu behar dituzu, lehenengo anoa gunera iritsi arte.
Gainontzeko guztia, gainean eraman behar duzu: jatekoa, arropa, zakua, sukaldatzeko tresnak... Dena gainean. Bakarrik emango digute ura eta lo egiteko eta egoteko toki bat. Noski, azpiegitura haundia dago atzean: helikopteroak, medikuak... Oso ondo antolatuta dago, 36garren edizioa da, eta beraz, oso lasai nijoa, inolako kezkarik gabe. Abentura nahi dut, baina segurtasun batekin.
Motxila ez da nolanahikoa izango...
Oraindik ez dut prestatu, baina 10 kilo inguruko pisua izango du. Ea dena kabitzen zaidan... Jatekoa eta sukaldatzeko tresnak dira pisu gehien izango dutenak. Izan ere, eraman behar dut lasterketan zehar jango dudana, eta egunero bazkaldu edo afalduko dudana. Janari hidrolizatua eramango dut, baina ez dut probatu ere egin. Peruk jakingo balu, txikitu egingo ninduke. Baina hain dago txarra... Han jango dut, gosea daukadanean. Lasterketan zehar jango dudana bai, probatu dut aurretik. Baina ondoren afalduko dudana, berdin zait.
Horrez gain, hartu behar dut zakua, aislantea, etapak bukatu ondoren janzteko arropa, eta gauetan hotzetik babesteko, buzo berezi bat, paperezkoa dirudiena, margolariek erabiltzen dutenaren estilokoa. Arropa berdinarekin egingo dut korrika sei egunez, eta arropa berdinarekin lo sei gauez. Eta gainerakoan, beharrezko materiala: brujula, metxeroa, frontala, benenoa ateratzekoa sugeengatik, labana, eta ezer gutxi gehiago. Ibuprofeno batzuk badaezpada ere.
Aipatu duzu, hasi aurretik esango dizuetela ibilbidea, eta brujula beharko duzuela. Orientatzen jakin behar duzue?
Ez du zerikusirik izango orientazio probekin. Brujula eraman behar dugu, baina ez dugu aritu beharko maparekin eta brujularekin orientatzen. Aurreneko edizioetan, beharbada horrela izango zen; baina orain 1.000 korrikalari gara, eta 500 metroro seinalizatuta dago. Posible da galtzea, bai, eta ni desastre bat naiz horretarako. Brujula erabiltzen ere ez dakit. Baina ez dit beldurrik ematen horrek, jende asko garelako, eta begibistakoa izango delako nondik joan behar dudan.
Nola hasiko da abentura?
Ostegunean abiatuko gara Madriletik eta Bartzelonatik bi talde, eta gehiengoa Parisetik aterako da ostiralean, Marokora bidean. Guk, ostegun gaua hotel batean pasako dugu; sekulako luxua izango da hori. Eta bertatik, Pariseko taldea iristean, basamortura joango gara zuzenean, ostiralean. Bi egunez egongo gara kanpamentuan, lasterketa hasi aurretik, materialaren eta mediku ziurtagirien kontrola egiteko, aklimatatzeko... Eta igandean hasiko dugu lasterketa.
Etapa luzeak izango dira, ordu askokoak. Baina beste ordu asko eman beharko dituzue basamortuaren erdian, etapatik etapara.
Ez da lasterketa bakarrik, ordu asko izango dira kanpamentuan ere. Saiatu beharko dugu haimatik ez ateratzen, ez erretzeko. Dendan egon beharko dugu, ondokoekin hitz egin... Kanpamentuak zirkulu itxura izango du, dendak borobilean jarrita. Eta Espainiatik goazenak elkarrekin jarri gaituzte, elkar ulertzeko behintzat. 50 herrialdetako jendea elkartuko gara, eta joango gara elkar ezagutzen. Denda batean merienda egin, beste batean afaldu... Nik horrela imajinatzen dut, baina auskalo. Uste dut politak izango direla ordu horiek. Bestela, ez du hainbeste merezi izango abenturak. Ez da korrika egite hutsa bilatzen dudana.
Lasterketa bat baino gehiago da, ezta?
Zalantzarik gabe. Abentura bat da. Ni ez naiz beldurtia, nahiko ausarta naiz. Baina gogo haundia izan behar duzu bertara joateko. Ordu asko emango ditut nire buruaren konpainia hutsarekin. Baina polita izango da, edozein herrialdetako jendearekin elkartu, eta gauzak konpartitzea; adibidez, nola iritsi garen hona. Bereziki emakumeekin. 200 inguru gaude izena emanda, eta bakoitzak izango du bere esperientzia pertsonala eta bere arrazoiak. Gainera, jende heldua gara, gehienak nire adinekoak dira, gutxi gorabehera. Eta asko gustatzen zait, jakitea emakume helduak nola iritsi diren kirolaren mundura. Denak ezagutzera ez naiz iritsiko, baina 100ekin harremana eginez gero, zoriontsu izango naiz.
Korrikalari beterano gehiago dago, gazteak baino?
Bai, uste dut 45 urte ingurukoa dela batazbestekoa. Egun askoko abentura da, izenematea ere ez da merkea, eta saria gutxi batzuek lortuko dute. Izango dira batzuk, irabazteko asmoz joango direnak; esaterako, emakumezkoen artean Anna Comet kataluniarra egongo da. Baina gainerakoak, helduagoak izango gara, opor desberdin batzuen bila. 20-30 urte bitarteko gazteak bertan ikustea arraroa da, ez bada irabazteko asmoz dijoazela.
Korrika egiteari dagokionez, nolakoa izan da prestaketa?
Donostiako Maratoia egin ondoren hasi nuen prestaketa espezifikoa, Marathon des Sableserako. Astean zehar, asfaltoan aritu naiz korrika, hiru egunez. Ez dira entrenamendu luzeak izan, ordubete eta ordu t'erdi artekoak. Astez beste egun batez indarra landu dut, eta atseden egun bat izan dut. Eta asteburuetan, mendian eta hondartzan aritu naiz entrenatzen. Bukaera aldera, gainera, saio bikoitzak egin ditut, goizean bat eta arratsaldean beste bat. Eta motxilarekin aritu naiz azkeneko bi hilabeteetan, asteburuetan. Perurengan konfiantza osoa daukat, eta berak prestatutako entrenamendu guztiak bete ditut. Alde horretatik, oso pozik nago, eta bera ere bai. Txintxoa izan naiz. Askotan, entrenatzailea eduki bai, baina ondoren, nahi dutena egiten dute kirolariek, bere gorputza ondo ezagutzen dutelako. Ba nik ez; nik egin behar dut esaten didatena, eta horrela oso eroso nabil.
Motxilarekin ohitzea ere garrantzitsua izango da...
Bai, noski. Pentsa emakumeak txikiagoak eta arinagoak izan ohi garela, eta 10 kilo gehiago jartzea bizkarrean, proportzionalki oso karga haundia da. Ez da gauza bera niri kargatzea hori, edo 1,80 metroko gizon bati. Guk gehiago nabaritzen dugu aldea. Entrenamenduetan, hasieran ez naiz hain motxila pisutsuarekin aritu, baina azkenekoetan bai, gutxi gorabehera eraman beharko dudan kargarekin. Oso ezberdina da, ezer gabe korrika egitea, edo horrelako motxila puskarekin.
Ez dut probatu beroarekin aritzea motxila hartuta; eta beldur pixka bat daukat, sortuko dizkidan urradurekin. Baina tira, behintzat ohitu naiz motxilarekin. Azkeneko asteburuetan, pentsaezina egiten zitzaidan motxilarik gabe joatea. Nire parte bat gehiago zen motxila.
Hondartzan ere egin dituzu entrenamenduak.
Bai, eta sekulako lotsa ematen zidan! Pentsa, Donostian hondartzan korrika aritzea, motxila haundi batekin, aislantearekin... Jendeak esango zuen, 'nora dijoa friki hau!'. Ezagunak ere ikusten nituen. Baina hondartzako saio gehienak Hossegorren egin ditugu, Landetan. Han izugarri luzeak dira hondartzak, eta oso egokiak dira horretarako.
Oso ezberdina da hondarretan korrika egitea?
Hondar gainean, eta motxilarekin, beste kontu bat da. Erritmoa ez zaizu batere inporta. Bakarrik da aurrera egitea eta horretan irautea. Asfaltoan ezberdina da, hasiberritan ere begiratzen duzu erritmoa pixka bat, eta nahi duzu hobetzen joan, norberak bere mailan. Baina hondarretan, erritmoak ez dauka garrantzirik. Buruak lan haundia egiten du, eta hondartzako entrenamendu luzeak, gogorrak izaten dira. Nire saio luzeena lau ordu eta erdikoa izango zen; eskerrak senarra eta txakurra ere nirekin aritu diren...
Hondarretan aritu zara, han aurkituko duzunera ohitzeko; baina eguraldia oso bestelakoa izan da...
Bai, egun batzuetan kazkabarra eta denetik izan dugu. Joaten ginen goiz, eguzkia atera berritan, entrenamendu luzea neukalako. Eta egun batzuetan, hondartzan aritu gara -3 edo -4 gradurekin, euripean... Egun batean, agertu zen ostadarra, izugarri polita; eta bat-batean sekulako bentiska aurrez aurre. Horrelakorik ez dugu izango basamortuan, baina burua indartzeko ondo dator. Han beste baldintza batzuk izango ditugu, baina guztiontzat izango da gauza bera. Gehienak kanpokoak izango gara, eta ez gara ohituta egongo, hango eguraldiarekin.
Hondarra bera, deserosoa izango da, ezta?
Polainak jantziko ditut, zapatillak babestu eta hondarra ez sartzeko. Marokon oporretan izan nintzenean, egin nituen korrika saioek balio izan zidaten horiek probatzeko. Ibonek, Hernaniko zapatariak, egin dizkit polainak; eta oso garrantzitsua izango da hori. Bestela ere aterako zaizkit babak oinetan, baina hondarra sartuz gero, orduan bai akabo. Polainekin egin ditut entrenamendu guztiak.
Zein izan dituzu bidelagun, prestaketa guztian?
Bereziki senarra eta txakurra. Lagun guztiek ere asko animatu naute. Erokeria zela bai, baina inork ez dit esan, ez dudala egingo. Eta Peru Alfaroren laguntza funtsezkoa izan da. Baina senarra izan da nire babes nagusia. Ez badaukazu konplize bat, zaila egiten da hau dena aurrera eramatea. Prestaketan zehar gorabeherak daude, eta ez badaukazu norbait ondoan, pentsatzen duzu zertan ari zaren. Nik ez dut horrelako zalantza momenturik izan. Presiorik ez daukat, ez dut ezer demostratu behar; zoriontsu izateko egin dut, eta horrela errazagoa da. Joatearekin oso pozik nago. Bukatzen dudala? Zoragarri, polita izango litzateke finisher domina ekartzea Astigarragara. Baina bestela ez du inork dezepziorik hartuko. Senarra eta semea oso harro daude egin dudanaz, Peru ere oso pozik, eta familiak eta lagunek babes haundia ematen didate. Galdezka aritu zaizkit, non egin dezaketen jarraipena eta zein dortsal izango dudan, ikusteko nola ari naizen. Izan ere, ni ezingo naiz beraiekin harremanetan jarri, lasterketak iraun bitartean.
Sei egunez egongo zara inkomunikatuta?
Ez guztiz, baina ia. Lasterketaren webgunean, ingurukoek mezuak idatzi ditzakete niretzat, eta antolakuntzakoek inprimatu egiten dituzte, eta gauean ematen dizkidate. Eta edozein mezu jasotzen dudanean, imajinatzen dut emozio haundiko momentua izango dela. Baina alderantziz ez da posible, nik ezin diet idatzi. Abenturaren bukaeran kontatu beharko diet dena.
Eta zer gustatuko litzaizuke kontatzea, bueltakoan?
Jende zoragarriarekin konpartitu dudala esperientzia. Horixe da nire nahia, nire antzeko baloreak dauzkan jendea ezagutzea; eta emakumeak badira, hobeto. Oso garrantzitsua da emakumeen papera kirolean, bereziki gure adinean. Bizipen horiek konpartituz gero, nire abentura ederra izango da. Horrekin zoriontsu izango naiz.