Ez dira garai txarrenak, herri kirolentzat. Hala sumatzen dute, behintzat, mundu horretan dabiltzanek. «Gero eta gehiago» dira, probatzera animatzen diren gazteak, neska zein mutil. Eta horretan, izan du zeresana euskal pentatloiaren berpizkundeak ere. Duela lauzpabost urte berreskuratu zenetik, indarra hartu du urtero, eta bereziki erakarri ditu mutil gazteak. Nesketan gutxiago dira, baina bada pentatloilari berririk, azken boladan. Joan den udazkenean ekin zioten Amalur Arbelaitz oiartzuarrak eta Nerea Arruti urnietarrak, eta urte erdian, martxa ederra hartu dute.
Azkeneko aste hauetan ekin diote euskal pentatloi proba osoa burutzeari, binaka; eta tokirik aproposena aukeratu dute horretarako: Perurenako frontoiko probalekua, Astigarragako Zamalbide Bentak auzoan. Aurreko astean egin zuten proba osoa aurrenekoz, eta atzo bertan izan ziren bigarrenez.
«Garrantzitsua da proba osorik egitea, detaileak ikasteko eta despisteak saihesteko. Izan ere, segundu bakoitza inportantea izan daiteke plazara ateratzen zarenean», azaldu du Arbelaitzek.
«Ezinbestekoak dira gogoa eta lana. Baliteke ez izatea onena, baina gogoa jartzen badiozu, plazan besteak gainditu ditzakezu. Eta horrekin batera, noski, asko saiatu eta entrenatu behar da»
Amalur bera, lehenago ere aritu izan da herri kiroletan: «betidanik gustatzen zaizkit, eta aritu naiz idi proban, trontzan, sokatiran... Eta iazko irailean, lagun batek esan zidan pentatloia probatu nahi zuela. Animatu egin nintzen, eta elkarrekin hasi ginen entrenatzen; baina lesionatu egin zen bera. Eta orduan ezagutu nuen Nerea. Ostolazarengana joaten nintzen harrijasotzera, eta horietako batean, topo egin genuen».
Crossfitean ari zela irentsi zuen herri kiroletarako amua, Nerea Arrutik. «Crossfiteko entrenamendu batean, etorri zitzaizkigun herri kirolak ezagutzera ematera. Eta ondoren, Ostolazak ikusi ninduen, eta esan zidan berarekin hasteko harrijasotzen. Baina egia esan, harria da, beharbada, gutxien gustatzen zaidan modalitatea...», aitortu du.
Horretan bat dator Amalur, Nerearekin: «niri hasieratik kosta zait harrijasotzen, gorputza minberatzen dit, eta kostatzen zait menperatzen. Baina tira, bagoaz pixkanaka aurrera».
Elkar ezagutu ondoren, aizkoran hasi ziren biak, eta horrekin bai pagotxa! «Elkarrekin hasi ginen aizkoran, Gabrielekin; eta kontent-kontent jarraitzen dugu. Aizkorarekin mainteminduta gaude», dio Nereak.
Bost modalitateetan ondo
moldatzeko, «gogoa eta lana» ezinbesteko
Pentatloiaren bost modalitateetako bi dira harrijasotzea eta aizkora. Beste hiruak, berriz, txingak, harri tira eta korrika saioa. «Hortxe dago koxka, bost modalitate direla, eta bostetan ondo moldatzea lana da».
Horregatik, ezinbestekoak dira gogoa eta lana: «baliteke ez izatea onena, baina gogoa jartzen badiozu, plazan besteak gainditu ditzakezu. Burua behar da, beraz. Eta horrekin batera, noski, asko saiatu eta entrenatzea. Astebete geldirik egonez gero, asko sumatzen da».
Beraiek, astearte eta ostiraletan lantzen dute aizkora, Leitzan. Asteazkenetan harrijasotzen aritzen dira. Eta harri tiran, berriz, astean behin edo 15 egunetik behin: «hori da gutxien entrenatu duguna, baina nahiko ondo daramakigu. Perurenan elkartzen gara horretarako, proba osoa egiteko bezalaxe». Eta gainerakoan, mendian korrika aritzen da Amalur Arbelaitz, eta crossfitean jarraitzen du Nerea Arrutik.
Binakako pentatloiean ari dira, eta horrek, beste eskakizun gehigarri bat dauka: bien arteko harreman ona. «Elkarren artean harreman polita izatea funtsezkoa da, eta elkarri animatzea. Ezinbestekoa da konfiantza», nabarmendu du Nereak. Eta hala berretsi du Amalurrek ere: «errespetua eta konfiantza, horiexek behar dira. Momentu batean ondokoari oihu egitea oso ondo dago, baina animatzeko bada, eta errespetuz. Ni oso builosa naiz, eta Nereari buila batzuk aterako dizkiot, baina betiere asmo onez. Eta zerbait gaizki eginez gero, gauzak behar bezala esan behar dira. Horretan, sekulako zortea daukagu gure entrenatzaileekin. Pazientzia ikaragarria daukate, eta ez dute behin ere gaizki hitz egiten».
Horrek, asko lagundu die sei hilabetez hobetzen: «ez dauka zerikusirik gu urrian ikusi, ideia zipitzik ez genuela, edo orain ikusi. Errespetuz laguntzen bada, ikasi egiten da; baina beldurrarekin eta builaka eginez gero, zerorrek ere konfiantza galtzen duzu. Guri beti esan digute, saiatuz gero lortuko dugula, eta bere emaitza ematen ari da», dio Amalurrek.
Norberak bere buruarekiko konfiantza ez ezik, entrenatzaileena eta bikotekidearena ere oso garrantzitsuak baitira, lanerako eta plazan aritzeko: «zure bikotekideak zugan konfiantza izateak asko laguntzen du. Zuk gaizki ikusi dezakezu zure burua, baina bikotekideak konfiantza erakusten badizu, sekulako bultzada ematen dizu», nabarmendu du Nereak.
«Urte askotan egon da nahiko geldirik herri kirolena, eta orain ari dira mutil eta neska gazteak probatzen, aizkoran eta harrijasotzen; eta oso pozgarria da hori»
Pentatloiko emakume bakarrak, Gipuzkoan
Gizonezko asko erakarri ditu euskal pentatloiak, Amalurrek eta Nereak nabarmendu dutenez; baina oso bestelakoa da egoera, emakumezkoetan: «gu biok hasi gara orain, baina bestela, oso gutxi dabiltza. Gipuzkoan, beharbada gu izango gara bakarrak. Bizkaitarrak dira gainerakoak, eta Euskal Herritik kanpokoren bat ere bada».
Oso gustura dabiltza beraiek, pentatloian hasi zirenetik. Eta horregatik animatu nahi dituzte emakume gehiago, probatzera: «oso kirol polita da, eta gehiagok animatu beharko lukete», azpimarratu dute.
«Oso kirol polita da euskal pentatloia, eta neska gehiagok animatu beharko lukete probatzera. Une honetan oso gutxi gaude, Gipuzkoan gu biok bakarrak»
Edozein kasutan, pentatloiean ez, baina herri kiroletan badabiltza neska gehiago, modalitate ezberdinetan. Perurenan bertan, aspaldiko partez elkartu ziren Emarri harri tira taldekoak, aurreko larunbatean. «Nire alaba ere badabil taldean, eta pandemiaren aurretik elkartu ziren azkeneko aldiz», kontatu du Amalurrek. Iñaki Errazkin tolosarra ere, Peurenako probalekuan ari da entrenatzen, pentatloiak egiteko. «Baina gainerakoan, gutxi erabiltzen da Perurenako probalekua. Hala ere, iruditzen zait indartzen ari direla herri kirolak. Urte pila batetan nahiko geldirik egon da, eta orain ari dira mutil eta neska gazteak probatzen, aizkoran eta harrijasotzen. Pentatloiak berak, badauka zerbait bereziki mutil gazteak erakartzen dituena. Betiko futbol edo saskibaloiak utzita, herri kiroletara inguratzen ari dira pixkanaka, eta oso pozgarria da hori», nabarmendu du Amalurrek. Eta gazteen bultzada horren beharra aldarrikatu du: «ni dagoeneko jubilatzeko nago. Uste dut urte berean egingo dudala, pentatloiean hasi eta jubilatu!», aipatu du barrez. Eta Nereak erantzun: «ezta pentsatu ere! Ni ezin nauzu bakarrik utzi!».
Binakako txapelketarekin hitzordua, ekainaren 18an Leitzan
Prestaketarekin jarraituko dute orain, ekaineko hitzordu seinalatuari begira. Izan ere, Binakako Euskal Pentatloi proba daukate ekainaren 18an, Leitzan. «Gizonezkoek kanporaketa izango dute aurretik, maiatzean, Lekunberrin. Baina emakumezkoetan lau bikote bakarrik gaude, eta beraz, finalean ariko gara zuzenean». Aurreneko plaza izango dute biek, pentatloilari gisa: «oso berezia izango da, eta sekulako ilusioarekin eta gogoarekin gaude!». Eta jendeari ere, luzatu diote deia, bertara joan dadin, euskal pentatloiaren ikuskizunaz gozatzera.
Telebistaren kamerak bertan izango dira ziurrenik, baina aurreneko plaza izan arren, ez da lehenengo aldia izango, Amalur eta Nerea kameren aurrean jarriko direna. ETB1eko Baserria saioan aritu da Amalur, aurrena partehartzaile gisa, eta epaile lanetan ondoren: «esperientzia mundiala izan zen niretzat, baina hori aurreneko urtean. Bigarrenean, sarjenta bezala, gaizki pasa nuen. Niri kosta egiten zait serio egoten, eta gogorra egin zitzaidan». Nerea, berriz, ETB2ko El Conquistador del Caribe saioan aritu zen, aurreko denboraldian; baina ez zuen nahi bezala gozatu: «gurutzatu egin zitzaidan esperientzia, hankeko minarekin. Batzuetan ondo tokatzen da, beste batzuetan gaizki; eta niri txarra tokatu zitzaidan. Baina tira, esperientzia bat gehiago». Batentzat zein bestearentzat, are ederragoa ari da izaten, euskal pentatloiarekin egiten ari diren bidea; beraien ustez, neska gehiagok probatu beharko luketena.