Erreportajeak

«Erromantizismoaren gogoeta bat egiten dugu, 'Amua'n galdetzen da zer den maitasuna»

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

Ximun Funch ezkerrean, Maite Larburu erdian eta Manex Funch eskuinean. Argazkia: Ainhoa Resano

Arratsaldeko 20:00etan emango zaio hasiera 'Amua' antzezlanari Erriberan. Eta obra honetako antzezlea den Maite Larburuk, obrari buruzko «printzak» eman dizkio Kronikari. 

Gaurkoan maitasun kontuek izango dute protagonismoa Astigarragan, Amua ikuskizunak Erriberako oholtza hartuko baitu. Hiru aktorek interpretatzen dute lan hau:  Manex Funchek, Ximon Funchek eta Maite Larburuk, eta noski, azken hau hernaniarra izanik, Kronikak berarekin elkarrizketa txiki bat izan du, eta maitasun kontuak izan dira hizpide. 

 

Zer espero duzu topatuko duzuela Erriberan, Maite? 

Astigarragako aretoa ez dut oraindik ezagutzen, eta ezagutzeko gogoz nago. Ea jendea animatzen den. Aspaldi honetan ez dugu antzezlanik eman inguru honetan, gehiago ibili gara Bizkaian, Iparraldean… Eta, beraz, oraindik ikusi ez dutenek, gaurkoan aukera izango dute obraz gozatzeko. Espero dugu jendea etortzea eta tarte ederra pasatzea elkarrekin. 

 

Noiz jaio zen 'Amua'?

Amua antzezlanaren sormen prozesua 2019 bukaeran hasi zen, niri gonbidapena 2020garren urte hasieran egin zidaten, eta urte osoan egon ginen pieza idazten eta eszenografia pentsatzen, besteak beste. 2021eko martxoan estreinatu zen, eta urte bete egingo du laster.

 

Hiru antzezle zarete oholtza gainean, nolakoa da zuen harremana oholtza gainean eta oholtzatik kanpo? 

Oholtza gainean hiru aktore gara Manex Funch eta Ximun Funch anaiak eta neu. Nik neure buruari dagoeneko aktore esaten diot. Egia esan nire lehenengo aktore lana Amua antzerkiarekin egin dut, eta aktore izateaz gain, musika zuzenean jotzen dut. Oholtza gainean, esan daiteke ni naizela istorio honetan protagonista edo oinarria. Ana izena du nire pertsonaiak eta gonbidatzen ditu asteburu pasa bere bi maitale ohi, Iratiko oihanera. Bi maitale ohi hauek aspaldiko urteetan ez ditu ikusi, eta hauek ez dakite bestea bertan egongo dela asteburu pasa. Eta hori da abiapuntua: Dira hiru lagun noizbait maitale izandakoak. 

Oholtzaz kanpo, Ximun eta Manex anaiak dira, eta dagoeneko beraien laguna naizela esan dezaket. Familiakoa naizela esatera ere ausartzen naiz, oso intentsoa izaten baita gure lana, orokorrean antzerki mundua batik bat. Lan mailari dagokionez oso profesionalak dira, oso-oso ondo antolatutako kolektiboa da Axut, eta tira, beso-zabalik hartu naute eta sekulako aukera eman didate. Gainera, esan beharra dut, beraiek ere arrisku bat hartu dutela, musikari bat, horrelako protagonista rolera ekartzerakoan, baina asko eskertzen diet. Asko maite ditut eta asko estimatzen ditut.

 

Egin duten apustu horrek, hau da, musikari bat hartzeak pena balio izan du, ezta? 

Bai niretzako behintzat bai, niretzako izan da oso esperientzia aberatsa. Alde batetik; inoiz ez nuelako antzezle moduan horrelako zerbait egin, eta beste aldetik; antzezlan honen sorkuntza prozesu guztian egoteak sekulako inspirazioa ekarri dio nire musikari. Antzezlanerako sortutako piezez gain, pieza asko sortu zaizkit inspirazio horren ondorioz, eta disko berri bat ere kaleratu dut urrian. Horrez gain, pandemia heldu aurretik lan hau eskaintzeak, sekulako laguntza eta babesa eman dit. Ni azkenean Europa erdialdean ibiltzen naiz musikari bezala, edo tira, esan dezaket ibiltzen nintzela pandemia iritsi arte. Eta lan honi baiezkoa emateak ateak ireki dizkit, eta lana edukitzeko aukera eman didate bidaiatu behar izan gabe. Azkenean Euskal Herrian antzokiak ez dira itxi, baina Europa guztian itxita egon dira denbora luzez. Niretzako Amuan parte hartzea izan da mirari ttiki bat! 

 

Orduan, esan dezakegu Maite Larburu dela hernaniarra, musikaria, eta aktorea?

Nik esango nuke Maite Larburu hernaniarra, musikaria eta Amuarekin bere lehendabiziko urratsa eman duena dela (kar-kar-kar). 

 

Obra honetako pertsonaiak dira Ana, Aitor eta Txolarre. Beraiekin identifikatuta sentitzen zara momenturen batean? 

Pertsonaiekin baino, esan dezaket antzezlanaren gaiarekin sentitzen naizela identifikatuta. Antzezlanaren gaia, funtsean maitasuna da, hau denok ezagutzen dugu, eta denok gara maitasunean espezialistak. Bakoitzarentzat maitasuna gauza bat da, eta horretan bai identifikatuta sentitzen naizela, bai Txolarrerekin, bai Aitorrekin eta baita Anarekin ere. Bakoitzak dauka maitatzeko modu bat, eta bakoitzaren maitatzeko modu horren printza badago nigan. Gero pertsonaien berezitasun edo beraien bizitzako egoerekin ni ez naiz hainbeste identifikatzen, baina bai maitasunarekin. Eta uste dut, ikuslegoari ere hori gertatzen zaiola, azkenean denok ukitzen gaituen gai bat delako maitasuna. Oso ederra da bakoitzak ikusten duen horretatik bere printza piztea eta printza horrekin, bakoitzak su ttiki bat piztuta eramatea etxera, nolabait esatearren. 

 

Antzezlan honetan, zuk aipatu moduan gaia maitasuna da. Horrez gain, honekin lotutako gaiak lantzen dira, hala nola, erromantizismoa, jabetza… nola uztartzen dituzue?

Erromantizismoaren gogoeta egiten dugu, hobeki esanda, Amua antzezlanean galdetzen dena da: Zer da maitasuna? Hau noski, esan moduan, pertsona bakoitzak bere erantzuna du, eta antzezlan honek ez du erantzun bat ematen, ez baitago maitasunari buruzko egia absolutu bat. Baina planteatzen ditu istorio baten bitartez maitasunak sortzen dizkigun korapilo, amets eta lilura horiek… Horien artean daude denok noizbait sozialki jaso dugun erromantizismoaren ideologia, familiaren kontzeptua… Azkenean zer da familia? Odolak elkartzen duen zerbait? Ala maitasunez lortzen den zerbait? Beraz, hori guztia planteatuko dugu oholtza gainean: maitasuna zer da, ikasia? Berezkoa? Basatia? Eta saltsa guzti honen inguruan ibiliko gara.  

 

Hemendik aurrera non helduko duzue amua? Zeuk pertsonalki aktore moduan jarraitzeko asmoa duzu Maite?

Amuaren birak jarraitzen du ekainera arte, eta ekaina iristen denean ‘agur’ esango diogu Amuari. 

Antzezle bezala amua bota zidaten obra batzuetarako. Alde batetik; Axut eta Artedramaren proiektuan hartuko dut parte. Momentuz sorkuntza prozesuan dago, baina udazken honetan estreinatuko da. Hondamendia izena hartzen du lanak eta Zaldibarko hondamendia da gai nagusietako bat. Eta beste aldetik; martxoaren 15ean, Loraldian  daukat beste proiektu bat: Eulalia Abaitua argazkilariari buruzko emanaldi bat izango dut Ane Pikazarekin. Ni aktore lanetan ariko naiz, eta horretarako musika sortzen nabil buru belarri. Ez dut Amuan bezala aktore lan sakona egingo, baina oholtza gainean egongo naiz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!