Egun seinalatua da biharkoa, Astigarragan, sagardoaren kulturari dagokionez: Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa egingo dute, Erribera kulturgunean. Eta bozketaren atarian, Sagardoetxean izan da Kronika, bertako zuzendariarekin, Joxe Mari Alberro Irizar astigartarrarekin, solasean. Bere ustez, Sagardoetxea berriaren proiektuak aukera emango lieke «15 urte hauetan egindako lana benetan jartzeko herriaren esku»; baina galdeketaren emaitza edozein dela ere, nabaritu dute jendea «gogotsu» dagoela, eta «aurrerapauso baten beharra» ikusi dutela. «Dauzkagu altxorrak, pieza etnografikoak, biltegietan gordeta, hemen ez daukagulako tokirik. Eta gure herriaren ondareak ezin du biltegietan gordeta egon», nabarmendu du Alberrok.
Aste berezia izan da hau zuentzat, ezta?
Bai, hala da. Lehengo urtean hasi ginen hausnarketa talde batekin, bilera dexente egin genituen, eta pixkanaka-pixkanaka jarraitu du jarduerak. Baina hauxe da dena erabakitzeko astea. Eta beraz, zentzu horretan, aste berezia da.
Nola bizitu duzue Sagardoetxeako langileok?
Irudipena izan dugu, proiektu hau azaltzea ez dela erraza. Askotan, prentsaren laguntzarekin saiatzen gara jendearengana iristen, eta komunikazio agentzia bat ere badago, gai honen inguruan lanean. Baina herritarrekin harremanetan, konturatzen zara jendeak zalantzak dituela. Egia da, garai batean desadostasun gehiago zegoela gai honekin. Baina kezkak egon badaude, kasu askotan, gauza batzuk eta besteak nahasten direlako. Eta hori izan da gure buruhauste nagusia aste honetan: nola egin jendeari azaltzeko proiektuaren nondik norakoak. Horregatik antolatu ditugu bisita gidatuak eta informazio panelak.
Zein izan dira zalantza eta kezka horiek, nagusiki?
Niri gehien komentatu dizkidatenak, kontu ekonomikoak izan dira. Sagardoetxearen proiektua egiten bada, beste gauza batzuk alboratuko direla pentsatzen dute, baina hori ez da horrela. Gauza bat dira herriko zerbitzuak, eta horiek bere bidea jarraituko dute. Baina hau beste kontu bat da, ondare kontua da. Horrelako proiektu bat egiteko, oso garbi daukagu ez dugula hezkuntzako dirua eskatuko. Joango gara Europako fondoetara, adibidez. Beste fondo mota batzuetara joko dugu, proiektua gauzatzeko finantziazioa lortzeko. Udalak oso garbi esan du, eta neronek ere, herritar bezala, garbi daukat hori: Udalak ezin du bere gain hartu proiektu honen finantziazioa.
Gainera, guk nahi dugu proiektu hau bakarra izatea Euskal Herrian. Astigarragako ondarea jasoko du, noski; baina sagardoaren kultura zabalagoa da. Eta beraz, gure asmoa da jasotzea, baita ere, inguruko herrietako eta Euskal Herri osoko ondarea, sagarraren eta sagardoaren sektoreari dagokionez. Horrek are garbiago erakusten du, proiektuaren finantziazioa ezin dela geratu Astigarragako Udalaren esku.
Herritarren beste zalantza bat da, proiektua sagardogileen kontu bat bakarrik izango ote den. Baina ez, hau herriaren proiektu bat da, sagardogileak barne. Nahi dugu herriaren ondarea, herriaren esku jarri. Adibidez, Erbitegi-Etxeberri baserriaren tolarea jaso genuen orain dela urte dexente, eta biltegi batean dago. Baserrian mendeetan egon den tolarea da, eta horrek merezi du herriaren eskura egotea, ez biltegi batean. Berdin gertatzen zaigu Gartziategiko kupelak egiteko erremintekin. Bertakoa zen azkeneko kupelgilea, oraingoen aitona zena. Erabiltzen zituen erremintak dauzkagu, eta nola egiten zituen ere bai; eta hori guztia biltegi batean egotea, pena da. Toki haundiagoa izateak, aukera emango liguke horiek denak argitara ateratzeko. Berdin gertatzen da Sagardoetxeako dokumentazio zentroarekin, edota sagar barietateekin. Sagastian dauzkagu 90 barietate inguru, eta horiek datoz hemengo baserritarrek egin zuten lanetik. Probak egiten zituzten, eta barietate berriak sortu; eta horiei, jartzen zieten baserriaren izena. Horiek guztiak hemen dauzkagu. Herriaren ondarea da, herriaren eskura jarri nahi duguna.
Nolakoa izango litzateke Sagardoetxea 'berria'?
Guretzako ezinbestekoa da partehartze zabal batekin egitea Sagardoetxea berria, badakigulako sagardoaren kultura Euskal Herriarekin lotuta egon dela eta dagoela oraindik ere. Beraz, partehartze zabala nahi dugu herriaren aldetik, sagarraren eta sagardoaren sektoretik eta instituzioetatik. Eta denon artean, egin dezagula sagarraren eta sagardoaren ondarearen aterpe. Eta ez bakarrik museo bat. Noski, nahi ditugu erakusgai jarri elementu etnografikoak; baina hori baino gehiago nahi dugu. Esate baterako, sagarraren eta sagardoaren sektorean hasi nahi dutenentzat, laguntza gune bat izan nahi dugu. Aukera izan dezatela bere sagardoa egiteko bertan, tailerrak egiteko, formazio saioak... Dokumentazio zentroari ere jarraipena eman nahi diogu, eta bestelako ekintza batzuk ere egin nahi ditugu. Une honetan, egiten ditugu Sagardo Berriaren Eguna, Santa Ana, Sagar Uzta edota Sagardo Foruma, besteak beste. Nazioartean ere badaukagu sare bat, eta hori indartu nahi dugu. Beraz, Sagardoetxea ez litzateke izango bisitarientzako museo bat bakarrik; eremu zabalago bat hartuko luke, eduki zabalagoarekin.
Aukera berriak emango lituzke, azken finean?
Gaur egun ez daukagu lekurik, gauza asko egiteko. Leku gehiagorekin, aukera gehiago izango genituzke, bisitarientzako, tailerrak egiteko... Sagardoaren mundua erabat ari da aldatzen, eta sagardo mota pila bat daude munduan. Ba hau izan daiteke toki bat, horrelako probak egiteko aukera emango duena, adibidez. Sagardogintzan ari direnentzako edota sartu nahi dutenentzako txokoa izango litzateke.
Lau hilabeteko lan prozesua egin duzue. Nola iritsi da herri galdeketa eta proposamen honetara?
Hausnarketa taldean, 30-40 lagun elkartzen ginen, herriko elkarte edo taldeetakoak; eta bilera luzeak egiten genituen, bi edo hiru ordukoak. Ni oso gustura geratu nintzen, saio horiek emandakoarekin. Guztion artean, sakondu egin genuen arazoetan, aurretik zeukan pertzepzioan... Eta guztiok onartu genuen, hau gure ondarea dela, eta pauso bat gehiago eman behar dugula, ezin dugulako eduki biltegietan gordeta. Zu baldin bazoaz San Saturní de Noyara, badakizu cavarekin lotuta dagoela. Ba Astigarraga sagardoarekin, berdin. Ikusiko dugu hobeto edo okerrago, baina hori horrela da, eta gure ondarea mendez mende datorren zerbait da, ez orain asmatu duguna. Eta uste dut, bilera horietan transmititu zela hori, eta guztiok ikusi genuela aurrerapauso baten beharra. Horregatik, oso pozik geratu ginen prozesuarekin. Orain, herri galdeketarekin, gertatuko da gauza bat edo beste; baina ikusi dugu jendea gogotsu dagoela.
Zaila izan da proposamen bat adostea, eragile guztien artean?
Proposamena bera baino gehiago, galdeketari forma ematea izan da zaila. Espainiako Gobernuak baimendu behar du, eta beraz, baldintza batzuk bete behar ditu. Horretarako enfoke egokia bilatzea kosta zitzaigun. Baina bestela, nahiko garbi zeuden bi proposamenak: bata da orain arte bezala jarraitzea, eta bestea Sagardoetxearen zabalkuntza.
Zabalkunderako proposamenarekin, ados zeundeten hausnarketa taldeko eragile guztiak?
Bereziki garbi ikusi zena, izan zen gure altxorra, gure ondarea, ezin zela biltegi batean egon. Nahi eta nahi ez, egon behar duela txukun jarrita, erakustoki batean. Hori nola gauzatu, proposamen desberdinak izan ziren. Gehiengoak nahi zuen kultur etxe zaharra mantendu beste gauza batzuetarako, eta egoitza berri bat egin Sagardoetxearentzat. Eta beste batzuek, berriz, proposatu zuten egungo tokian jarraitzea Sagardoetxeak, eta bertan joatea haunditzen pixkanaka.
Bi proposamen horiek izango dira aukeran, biharko herri galdeketan.
Bi aukera jarri behar dituzu mahai gainean, bozketa bat egin ahal izateko. Baina bi ikuspuntu desberdin baino, abiadura kontua dela esango nuke. Denak geunden ados, biltegian dauden altxorrak erakusgai jarri behar direla. Hori nola gauzatu da kontua. Batzuek haunditzearen alde egiten dute, eta beste batzuek urte batzuetan horrela jarraitzearen alde. Baina uste dut, gehiengoa bat zetorrela Sagardoetxea haunditzeko proposamenarekin.
Galdeketari begira, sumatu duzue mugimendua herrian?
Guretzako zaila da jakiten, zer nolako mugimendua dagoen. Sagardoetxeakoak honetan hain inplikatuta gaudenez, jendea guregana etortzen da galdezka. Egin ditugun ekintzetan, jende asko gerturatu da, interesatuta. Baina zaila da guztiengana iristea, mota guztietako komunikazioa egin arren.
Zuen egunerokoan, zer eragingo luke Sagardoetxearen proiektu berriak?
Ba hasteko, aukera izango genuke 15 urtetan egindako lana benetan jartzeko herriaren esku, bai dokumentazio zentroan, bai pieza etnografikoen bilketan... Horri guztiari toki bat emateko aukera izango genuke. Hausnarketa taldearekin hasi ginenean, aurreneko bileretan Sagardoetxeako langileok azaldu genuen 15 urte hauetan zer egin dugun. Eta denak harrituta geratu ziren; ez zekiten hori guztia egiten genuenik. Beraz, proiektu berriak erakusleiho bat ere emango lioke, Sagardoetxean egin den eta egiten den lanari. Orain arte oso mugatuta aritu gara, toki aldetik. Horrela oso zaila da jarduera aurrera eramatea.
Galdetu izan digute, proiektu berria autosufizientea izango al den. Ez dugu inor engainatuko, museoak ez dira autosufizienteak izaten. Baina museo hau sagardoz inguratuta dago. Eta guk ez dugu museoa bakarrik saltzen, saltzen dugu baita ere sagardotegietara joatea, pakete desberdinak; eta ez gara autosufizienteak, baina hori guztia kontutan hartuta, hein haundi batean bagara. Gainera, esan bezala, bestelako jarduera eta ospakizun batzuk ere antolatzen ditugu, eta hortik ere lortzen dugu ekarpen ekonomikoa.