Egun berezia izan zen asteazkenekoa, sagardogile eta sagardozaleentzat. Osasun egoerak oraindik ere zailtasunak sortu arren, txotx denboraldiari hasiera eman zioten, Astigarragako Gurutzeta sagardotegian elkartuta, bertan ireki baitzuten uzta berriaren aurreneko kupela. Ospakizun borobila izan zen 29garren Sagardo Berriaren Egunak utzi zuena.
Eta horretaz, laukote batek gozatu zuen, seguruenik, inork baino gehiago. AMAK taldeko Kristina Solano, Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar eta Amaia Oreja izan ziren aurtengo irekierako gonbidatuak, eta eguneko protagonista nagusiak, sagardo berriarekin batera. Eta bereziki hunkigarria izan zen txotx denboraldiaren irekiera egiteko deia, Kristina Solanorentzat. Ereñotzuarra da Solano, eta Astigarragan bizi da gaur egun. Betidanik bizitu du sagardoaren kultura, sagardozale gisa eta musikari gisa, eta senideak eta lagunak ere badauzka, sagardogileak. «Txotx izeneko whatsapp talde bat ere badaukat, pentsa!».
Asteazkenean bizi eta sentitutakoak kontatu, eta AMAK taldearen 2021 urte bereziari errepasoa egin dio ereñotzuarrak.
Nola jaso zenuten txotx irekiera egiteko deia, taldean?
Sorpresa haundia izan zen. Posta elektronikoz egin ziguten proposamena, eta whatsappez aritu ginen taldean. Baina hortik bi egunera, kontzertu bat genuen, eta gogoan dut laurok geneukala irripar tonto bat, sorpresagatik eta pozagatik. Gauza asko erabaki behar izaten ditugu taldean, eta askotan kosta egiten zaigu ados jartzen; baina horri baiezkoa eman genion zuzenean, hitz egin gabe ere. Oso pozik jaso genuen proposamena, eta harrituta, gu aukeratu gintuztelako.
«Sorpresa haundia izan zen txotx irekiera egiteko proposamena. Oso pozik jaso genuen, eta harrituta ere bai, gu aukeratu gintuztelako»
Eta nolakoa izan zen asteazkeneko eguna?
Denetik izan zuen egunak guretzat: urduritasuna, emozioa, umorea... Algara batean ibili ginen momentu batzuetan. Uste dut urduri jarri ginela hainbeste hedabide ikusi genituenean. Bagenekien nolako zabalkundea zeukan txotx irekierak, baina hainbesterako izango zenik ez. Gero, sagarrondoa landatzeko unea, eta dantzariek guri dantzatu zigutenekoa, oso politak izan ziren, sekulako emozioa nabaritu genuen. Oso hunkituta geunden lauak. Eta ondorengo bazkarian ere, oso gustora, zer esango dizut...
Zuretzako, gainera, oso berezia izango zen, ereñotzuarra izan eta Astigarragan bizita...
Ba pentsa, horixe etorri zitzaidan burura aurrena. Familian ere badauzkat sagardotegiak, lagunak ere bai; eta txotx irekiera nik egitea, hunkigarria izan da. Betidanik bizitu dut sagardoaren kultura. Whatsapp talde bat ere badaukat Txotx izena duena. Asko bizitzen dut txotx denboraldia. Izugarri gustatzen zait sagardoa bera, eta izugarri sagardotegietan sortzen den giroa ere. Oso zaleak gara, bai ni eta bai lagunak.
«Sagardotegietan askotan gertatu izan zaigu, kontzertua ematera joan gabe ere, sagardotegian trikitixa egonez gero, jotzen bukatu dugula»
Musikari bezala ere, ibili zarete sagardotegietan.
Bai, noski! AMAK taldearekin ez hainbeste, baina binakako trikitilari formatuan pila bat. Sagardotegiena kultura bat da, gure tradizio bat; eta trikitixa ere berdin. Iruditzen zaigu eskutik helduta doazela. Hainbeste sagardotegitan jo dugu...
Iazko uztailean, esaterako, Xabi anaiarekin egon nintzen Altzueta sagardotegian, eta emanaldia eskaini genuen Kimua dantza taldearekin batera. Jendea gogotsu zegoen, eta nahiz eta pixka bat arraroa egin zitzaigun jendea jaten ari zen bitartean jotzea, oso gustura aritu ginen. Kontzertu horretaz gogoratu nintzen irekierarako proposamena jaso genuenean. Izan ere, egun hartan brometan aritu nintzen, edalontzia altxa eta Gure sagardo berria ohiukatzen.
Aipatu duzu, sagardotegi giroarekin oso bat datorren musika dela zuena...
Bai, festa giroa da, azken batean. Niri sagardotegia aipatzen didatenean, horixe etortzen zait burura. Lasai egon eta berriketan aritzeko tokia ere bada, baina nik festa giroarekin lotzen dut, eta horrek trikitixa hartzera narama. Askotan gertatu izan zaigu, jotzera joan gabe ere, sagardotegian trikitixa egonez gero, jotzen bukatzen dugula. Oialume Zarren bertan, urrutira joan gabe.
Txotx irekiera ekitaldian, sagarrondoa landatu behar zenutela eta, aipatu zenuen bestelako 'atxurrak' hartutakoa zarela...
Bai, eta damututa nago esan izanaz! Horrekin izan dugu nahikoa kontu... Gu lauetako bakar bat ere ez da atxurrarekin aritutakoa. Noizbait hartuko genuen, baina... Bagenuen nolabaiteko kezka horrekin, nola egin behar ote genuen, zeinek egingo zuen... Azkenean, neroni aurkeztu nintzen boluntario! Baina sagastian lau atxur ikusi nituenean, lasaitu ederra hartu nuen! Ez dakit txukun aritu ginen, baina uste dut zuhaitza behintzat zutik dagoela oraindik... Ez genuen hain gaizki egingo.
«Denetik izan zuen txotx irekieraren egunak guretzat: urduritasuna, emozioa, umorea... Algara batean ibili ginen momentu batzuetan, eta oso hunkituta besteetan»
2021a urte polita izan da zuentzat: 40 plaza, eta disko berria.
Bai, hala izan da. Egia esan, taldea sortu genuenetik, bi urte hauek sekulakoak izan dira. Ez genuen uste horrelako harrera izango genuenik, eta kontzertu pila bat ematen ari gara. Baina azkeneko urte hau, 2021a, are bereziagoa izan da. Kontzertu asko eman ditugu; gure umea, diskoa, argitaratu dugu; Oportora bidaia ere egin dugu gure musika erakusteko han; eta Esne Beltzarekin kontzertu batzuk emateko aukera izan dugu, eta sekulako oparia izan da guretzat, horrelako banda batekin jotzea eta musika berri bat probatzea. Urte borobila izan da. Eta aurtengoa ere primeran hasi dugu, txotx irekiera honekin. Ea horrela jarraitzen dugun.
Egoera 'arraroa' izan arren, gozatu duzue oholtza gainean?
Bai, gozatu dugu. Egia da egoera oso berezia dela, eta gehienbat maskarillaren kontuarekin. Hasieran, pentsatzen genuen kostako zitzaigula jendea motibatzea, eta ikustea gustura ote zeuden. Baina begiradarekin, txaloekin edo kantuan, konturatzen ginen baietz, gustura zeudela. Oso arraroa izan da, noski, baina egoera izan den bezalakoa izanda, pozik gaude. Gustura sentitu gara, jendearen berotasunagatik. Nahiago dugu lehengora bueltatzea, eta lehenbailehen izan dadila; baina lortu dugu jendearen berotasuna sentitzea.
'AMAK' diskoak, zuen umeak, zer gordetzen du?
Denetik jasotzen du: emakumearen borroka, amatasuna, euskeraren osasuna, beharrezko daukaguna... Tradizioa mantentzen dugu, baina trikitilariak izan arren, azkeneko urteotan ikusi da tradiziotik kanpo egin daitezkeela gauzak, eta uste dut guk ere lortu dugula, disko honetan. Tradizioa mantendu dugu, gure arin-arinarekin, baina tradiziotik pixka bat ere atera gara. Eta gure lagunak ere diskoan daude. Nahiz eta gure zuzenekoetan trikitixa, panderoa, ahotsa eta peñaparda bakarrik erabili, diskoari dizdira pixka bat eman nahi genion, eta beste instrumentu batzuk sartu. Eta zoragarria izan da, izan ditugu musikari bikainak, eta Xabi Solano anaia produktore lanetan. Oso pozik gaude emaitzarekin.
«AMAK taldea sortu genuenetik, azkeneko bi urte hauek sekulakoak izan dira. Ez genuen uste horrelako harrera izango genuenik, eta kontzertu pila bat ematen ari gara»
Nola datorkizue 2022a?
Gure asmoa da lasaiago hartzea urte hau. Bihar daukagu kontzertu bat Etxarri Aranatzen, 'Zama doinuz arindu' jaialdiaren barruan. Eta lehengo urtetik badauzkagu hiru kontzertu lotuta martxoaren hasierarako. Baina hortik aurrera, atseden bat hartuko dugu maiatzera arte. Hain kañeroak izan dira bi urte hauek... Gure asmoa zen urtean 10 bat kontzertu ematea, baina hainbeste etorri dira, maite ditugun hainbeste herri txikitatik deitu digute, ezin geniela ezezkorik eman... Pixka bat lasaitzeko beharra daukagu, eta kantu berriak egin. Eta maiatzetik aurrera, hasiko gara berriro.
Asteazkenean gozatu zenuten aurreneko sagardotegi menuaz. Taldearen hurrengo sagardotegia, noizko?
Ba bihar bertan bazkaria daukagu dagoeneko, nahiz eta ez izan sagardotegian. Eta plana egiten ari gara, kontzertu batean gurekin aritu zen panderojole neska koadrila batekin. Eta haiekin bai, sagardotegirako plana egiten ari gara. Beraz, laster izango gara txotxera bueltan