Erreportajeak

«Talde giro onean entrenatzea gustatzen zait, eta hori da hemen aurkitu dudana»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 18a, 00:00

Maialen Rohrbach Paco Yoldi igerilekuan.

Maialen Rohrbach Mannheim hiriko igerilari alemaniarra da, baina orain zazpi astetik Ergobin bizi da. «20 urte ditut, betidanik udako oporrak Donostian pasa ditut eta horregatik izena dut Maialen. Irailean Gipuzkoako Zentroan egin nituen saio batzuk igeri, eta hain gustura sentitu nintzen hemen bizitzen jartzea erabaki dudala».

Maialen Rohrbach igerilariak (2001, Mannheim, Alemania) 20 urte bete zituen pasa den maiatzean, eta urriko azken astetik Astigarragan, bizi da, Ergobia auzoan. Alemanian jaio zen, Mannheim hirian. Betidanik gu­rasoekin Donostian pasatzen zituen oporrak, baina 2021ekoa ezberdina izan da. «Irailaren le­hendabiziko egunean CTGNeko (Gipuzkoako Teknifikazio Igeriketa Zentrua) igerilariekin entrenamendu saio bat egin nuen Paco Yoldi igerilekuan, eta horrek bizitza aldatu dit».

Maialen Rohrbach igerilaria da, eta bere herrialdean, Alemaniako selekzioarekin nazioarte mailan aritu izan da. Hala ere, iraileko lehendabiziko egun horietan ez zuen erabaki oraindik Euskal Herrian eta Astigarragan bizi nahi zuela. «Gurasoak Alemaniara itzuli ziren, baina nik esan nien hilabete bat gehiago geratu nahi nuela bizitzaz gozatzen. Honela, Ergobin udarako oporretarako etxean jarri nintzen bakarrik bizitzen. 2018an erosi genuen Ergobiko etxea». 

Hala ere, Mannheim hirira itzuli zen iraila amaieran. Etxera itzuli eta aste gutxira, «Amaia Cendoya igerilariari aipatu nion Donostiara bueltatzeko gogoa nuela. Urrian gurasoei esan nien hemen nahi nuela bizi, eta hegazkin txartela hartu nuen urriaren 26rako. Ordutik zazpi aste daramatzat Astigarragan, bizitzen, Ergobin».  

Gipuzkoako Teknifikazio Igeriketa Zentruan entrenatzen du, Donostian, Jon Murua entrenatzaile arduradun duela. Hernani Kirol Elkarteko eta Mañel Aizpuruaren eta Olatz Altunaren entrenatzaile izandakoa da Murua, eta Maialenen taldekidea da Enaitz Goñi igerilari hernaniarra, bera bezala Astigarragan bizi dena. 

Uretako sentsazio onak berreskuratzen ari da, ia hiru urtez igeriketa albo batera utzi ondoren. Bere igerilari ibilbidea 17 urterekin eten zuen. «Berriz ere igerian egin nahi dut. Udara honetan Kontxako Badiako itsas zeharkaldian berriz ere igeri hasi nahi nuela erabaki nuen. Jon Muruari galdetu nion ea posible zen beraiekin entrenatzen hastea, eta baietz esan zidan. Orain konpetizioetarako prest nago, eta gogo askorekin». 

 

Alemaniarekin junior mailan Europako Txapelketan aritu zen, eta bi domina lortu zituen Europako Gazteentzako Joku Olinpikoetan, Tbilisin

Pasa den asteburuan, Bidasoa taldearekin Euskal Herriko Kopa irabazi zuen Irunen, eta aurretik maila altuan igeri egindakoa da. 
Mannheim hiritik gertu dagoen herri bateko taldean hasi zen igeri umetan. «Hiru urterekin ikasi nuen igeri, eta ondoren, taldean hasi nintzen kirola egiten. 17 urterekin utzi nuen igeriketa. Alemaniako selekzioarekin parte hartu nuen nazioarte mailako hainbat txa­pelketatan, gazte mailan. 2015ean Georgian, Tbilisi hirian, Gazteentzako Europako Joku Olinpikoetan aritu nintzen proba ezberdinetan (bi zilarrezko domina lortu zituen erreleboetan eta laugarren ere geratu zen 50 metro libreetan). 2016an Europako Junior mailako Txapelketan ere aritu nintzen Hódmezővásárhely hirian, Hungarian». 2016an, Alemaniako bosgarren igerilari junior onena izendatu zuten. 

 

«Ergobin bizi naiz, eta urtarrilean euskera ikasten hasiko naiz Astigarragako AEK Euskaltegian»

 

Hala ere, 2018an igeriketa utzi zuen. «Alemanian errendimendu altuko zentro batean entrenatzen nuen, eta 2017an entrenatzailea aldatu zuten. Eta ondoren, urtetebeteren buruan, askotan aldatu ziguten entrenatzailea. Taldeak ez zituen emaitza onak lortzen, eta genuen entrenaitzailea Australiara joan zen, bertan entrenatzaile lanak egitera. Gainera, batxilergo ikasketak amaitu nituen, eta aldaketa guzti horien ondorioz utzi nuen. Ez negoen hain gustora». 

Aurreko urtean, bere Alemaniako taldea laguntzeko parte hartu zuen bi txapelketatan, baina «entrenamendurik egin gabe eta serio ez. Hurrengo txapelketa Kontxako Badiako zeharkaldia izan zen. Nire lehendabiziko zeharkaldia». 

Anoetan, irailaren 1ean, egin zuen lehenengo entrenamendu hark piztu zion barruko harra. «Amaia Cendoya igerilaria zegoen bertan, eta galdetu nion ea berarekin entrenatzerik nuen. Berehala taldearekin hasi nintzen entrenatzen, eta Amaiak esan zidan, gurekin entrenatzen zuen Enaitz Goñik parte hartuko zuela. Eta nik berarekin egin nahi nuen igeri zeharkaldian. Egiari zor, ezin izan nuen berarekin igeri egin, irteera eman eta segituan ihes egin baitzuen». Gozatu zuen Maialenek. «Oso polita da, nahiz eta irteeran kosta zitzaidan, kolperen bat edo bi jaso eta gero».   

 

«Ilusio ikaragarria egin zidan Gipuzkoako taldearekin igeri egiteak, Castellonen»

 

Gipuzkoako Teknifikazio Igeriketa Zentruan Bidasoako taldeko neska askorekin entrenatzen du, eta Irungo taldearekin egin du fitxa igerilari astigartarrak. «Donostian CTGN taldean ezin hobeto aurkitzen naiz, primeran nago. Ikaragarri gustatzen zait beraiekin entrenatzea. Jon Murua entrenatzailearekin ere oso gustora aurkitzen naiz, Maikel laguntzailea ere oso atsegina da, oso ondo funtzionatzen du taldeak».

 

 

Egunero hiru orduko saioa egiten du arratsaldez igerilekuan.

 

«Magisteritza ari naiz ikasten online, baina hemen egin nahi ditut ikasketak»

Unibertsitateko ikasketak ere hasi zituen. «Magisteritza ikasten ari naiz. Orain online egiten dut, hemendik daramatzat ikasketak. Eta urtarrilean euskera ikasten hasiko naiz Astigarragako AEK Euskaltegian. Gogo izugarria daukat».

Magisteritza ikasten hiru seihileko daramatza. «Euskal Herrian ikasten hasi nahi dut, baina euskerarik gabe zaila da, eta lehen hezkuntzan lan egiteko ere beharrezkoa da euskera. Ikasketak ez ditut aldatuko, aldatzen den bakarra lekua da».

Gazteleraz ongi moldatzen da. «Urte guzti hauetako oporraldietan zerbait ikasi dut, baina unibertsitatean azken seihilekoan ikastaroa izan nuen, eta bertan asko hobetu nuen». Gurasoak alemaniarrak dira, eta Donostian oporretan 20 urtetik gora egin dituzte. «Horregatik jarri zidaten izena Maialen, eta anaia Iñaki da. Urtero etorri gara oporretara, eta neguan batzuetan eskiatzera ere etorri gara Piriniotara».
Hasieran gurasoei grazia haundirik ez zien egin erabakiak, baina «hemen lagunak ditugu eta ez nago bakarrik. Bizilagunak ezagutzen ditut, ezagun asko ditugu eta horrek laguntzen du. Gurasoek badakite esku honetan nagoela». 

 

«Gurasoak nirekin egon ez arren, ez naiz bakarrik sentitzen, lagun asko ditut»

 

Astigarragan zazpi aste ba­karrik daramatzan arren, Maialen Rohrbach oso integratuta dago. «Oso gustora nago. Gabonetan Alemaniara itzuliko naiz egun batzuk familiarekin igarotzera. Hori abenduaren 24an izango da. Abenduaren 21etik 23ra Bidasoarekin Espainiako Kopan parte hartu behar dut, Bartzelonan».   

Aurten Ordizian igeri egingo den Nazioarteko Torneoan, abenduaren 29an, egongo den edo ez oraindik ez daki. «Izena eman dut, baina ez dakit etortzeko aukerarik izango dudan edo ez. Urte bukaerarako gurasoekin itzuliko naiz Astigarragara».   

Igeriketan abiadura probetan da espezialista, eta hiru urte entrenatu gabe egon eta gero, orain berriz ere goranzko joera hartzea espero du. «Gainera, deigarria da Irunen, bizkar estiloko 100 metroko proban, nire markarik onena egin nuela. Zaharra zen aurretik neukan denbora, baina nire onena izan zen hori», kontatu du.

Hasieran giharrak berriz ere bere onera ekartzea nekeza da, baina ez omen da ahazten. «Aurretik eginiko entrenamenduak gogoratzen ditu burmuinak, eta giharrek ere bai».

 

«Alemanian igerilaria edo igeriketa indibidualistagoa da, eta hori ez dut gustoko»

Igeriketa bakarka egiten da, baina talde kirola ere bada, eta horri garrantzi haundia ematen dio Maialenek. «Horregatik egiten ditut erreleboetan denbora hobeak. Alemanian, norbanakoan gehiago pentsatzen da eta talde giroa ez da berdina, berekoiagoa da. Ur azpian bakarrik zaude eta nahi duzu irabazi, baina niri jendearekin entrenatzea gustatzen zait, gustora egotea eta talde giro ona izatea. Hori aurkitu dut hemen, taldekideak animatzea, bestea uretan dagoenean bere saioa zure ere egitea».

Nahiz eta denbora gutxi daraman gure artean, igeriketa talde batean, dagoeneko Gipuzkoako selekzioarekin egin zuen igeri Castelloneko Nazioarteko Sarian. «Bidasoako Paco entrenatzaileak eta Patxi fisioak oso ongi hartu ninduten, eta babestua sentitu nintzen. Sei-zazpi aste bakarrik daramatzat hemen, eta Gipuzkoako taldearekin igeri egitea, Castellonen, ikaragarria izan zen. Ilusio haundia egin zidan. Niretzako oso haundia da. Alemaniarekin txapelketa haundietan egin dut igeri nazioarte mailan, baina Gipuzkoa ordezkatzeko aukera nuela esan zidatenean, une hori berezia izan zen. Oso polita izan zen». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!