Erreportajeak

«Erakusketen bitartez, elkar ezagutuko dugu herriko artistek ere; polita izango litzateke sare bat osatzea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 18a, 00:00

Saioa Arteaga Gómez eta Ainhoa Arzallus Goñi, Emakumeon Etxean, ikusgai jarriko duten lan banarekin.

Bihar inauguratuko dute, Emakumeon Etxean, 'Astigarragako emakume artisten erakusketa'. Ainhoa Arzallus, Griselle Morales eta Saioa Arteagaren lanak egongo dira ikusgai otsailera arte, eta asmoa da, horiei segida ematea herriko beste artista batzuen erakusketek.

Txoko berezi bat izango dute Astigarragako emakume artisten lanek, bihartik; erakustoki propio bat, Emakumeon Etxean. Eguerdiko 12:30etan inauguratuko dute Astigarragako emakume artisten erakusketa, eta hiru artistaren lanak egongo dira ikusgai bertan, otsailaren 19ra arte: Ainhoa Arzallus Goñi, Griselle Morales Padrón eta Saioa Arteaga Gómezenak.

Bina pieza jarri dituzte hiru artistek, mota ezberdinetakoak, baina «kolore, forma eta tematika aldetik koherentzia» dau­katenak. Bina koadro aukeratu dituzte Griselle Moralesek eta Saioa Arteagak. «Oihalarekin egindako collageak dira nireak, pinturarekin» azaldu du Moralesek: «teknika mistoa erabiltzen dut. Marraztu eta margotu egiten dut, baina ez naiz oso purista teknikarekin; nahasketak egiteko joera daukat».

Arteagak, aldiz, bi lienzo au­ke­ratu ditu, «collagea eta akrilikoa nahasten dutenak. Biek daukate abstraktutik, eta horietako batek bigarren saria jaso zuen Tamayo Paperdendako lehi­aketan. Bestea, berriz, Ainhoaren koadro batetik abiatuta sor­tu nuen. Berak pintura utzi zu­enean, galdetu nion ea berak egindako koadro bat berrerabili nezakeen, eta hortik beste koadro bat sortu nuen».

Izan ere, zeramika eta diseinu grafikoa lantzen ditu Ainhoa Arzallusek, orain. «Arte Ederren ikasketak egin nituenean, zeramikan espezializatu nintzen, eta masterra ere horrena egin nuen. Zeramika lan bat da erakusketan jarriko dudan piezetako bat, eta kalkamonia moduko bat dauka, naturarekin lotutakoa. Natura asko erabiltzen dut inspirazio bezala; zuhaitzetako testurak, zuloak... Obsesio pixka bat daukat!», dio barrez. Eta beste pieza, argazkiekin egindako collage bat da, horrek ere naturarekin lotura daukana: «sortu nahi izan dut txoko intimo bat, kolore goxoak dauzkan collage bat», azaldu du.

 

«Gustatuko litzaiguke herriko artista gehiagoren lanak ikustea eta elkar ezagutzea»

Emakumeon Etxetik jaso zuten deia hirurek, eta pozik hartu zuten proposamena. Elkar ezagutzen zuten Ainhoak eta Saioak, baina Grisellerekin ez zuten harremanik: «erakusketak balio izan digu elkar ezagutzeko; eta gustatuko litzaiguke, aurrera begira, herriko artista gehiagoren lanak ikustea eta elkar ezagutzea», nabarmendu du Saioak.

«Herrian ez dira horrelako gauza asko egiten, eta emakume artistei bultzada bat ematea oso interesgarria da. Balio du jendeak gu ezagutzeko, eta egiten dugunaren berri izateko. Eta garrantzitsua da, gurearen ondoren gehiago etortzea, mugimendua izatea erakusketak», gaineratu du Ainhoak. Eta ildo beretik mintzatu da Griselle ere: «asmoa hori da, hiru hilean be­hin erakusketa berritzea, herriko emakume artista ezberdinekin; eta hori oso ona da artistentzat, Emakumeon Etxearentzat eta herriarentzat».

Artisten elkar ezagutza horretan sakondu nahi izan du Grisellek: «nik ezagutzen dut herriko beste artistaren bat, baina beste asko ez. Badago artearekiko interesa herrian, eta modu pertsonalean edo taldeen bidez garatzen dituzte artearen inguruko ekintzak. Baina oso modu puntualean kolaboratzen dugu, eta horrelako erakusketek balio dezakete saretzen hasteko. Zaila da, bakoitzak bere lanbidea eta bizitza duelako; eta antolatu egin behar duzu. Baina aurreneko pausoa da ezagutzea jendea badagoela herrian, horrelako lanak egiten; eta hortik aurrera sortu daitezke proiektu ezberdinak».

Hala uste du Ainhoak ere: «horrelako ekintzetatik sortzen dira gauza berriak. Eta polita izango litzateke sare moduko bat sortzea, eta tarteka gauzak elkarrekin egitea. Badago artista talde bat Euskal Herrian, Nomadak izenekoa. Leku askotako artistak daude bertan, eta herri ezberdinetan jartzen dituzte azokak elkarrekin. Polita izango litzateke, Astigarragako nomaden talde bat sortzea gure artean».

Herriko artista askok elkar ezagutzen ez duten bezala, diote herritarrek ere ez dakitela, kasu gehienetan, horrelako lanak egi­ten dituztenik. Gazte Sortzaileen Azokan ikusi zuten hori Ainhoak eta Saioak: «azoka oso ondo atera zen. Jendea gerturatzen zen eta esaten zizun, Hara! Ez nekien zuk hori egiten zenuenik. Azokak dira erakustoki onena. Nahiz eta asko ez saldu, hori da jendeak zure lana ezagutzeko toki onena. Eta Gazte Sortzaileen Azokan, oso ezberdinak ziren postuak, aniztasun haundia zegoen, eta jendeari gustatu zitzaion. Niregana gerturatu zen emakume bat, ikusi zuelako zeramika postu bat zegoela, eta emozionatuta, gutxi egoten direlako eta ikusi nahi zuelako. Polita izan zen», kontatu du Ainhoak.

Azoka bezala, Emakumeon Etxekoa bezalako erakusketak funtsezkoak direla uste du Grisellek: «badaude artista ugari herrian, motibazioa daukatenak, baina behar dute ikusgarritasuna ematea bere lanari. Horretan lagunduko diete horrelako erakusketek, eta lanerako iturri ere bilakatu daitezke, hartu eta ematekoak. Erakusketa gehiago jartzen diren heinean, gehiago ikusaraziko dira herriko artistak, eta interesa ere haundiagoa izango da».

 

Griselle Morales Padrón, erakusketarako aukeratu duen koadroetako bat panelean jartzen.
 

«Astigarragara etortzean, hutsetik hasi nintzen berriro»

Ibilbide oparoko artista da Griselle Morales, baina hutsetik hasi du bere bide artistikoa, duela urte gutxi. Izan ere, Kubatik Euskal Herrira etorri zenean, 2009an, han utzi zuen dena, eta eten egin zuen artearekiko lotura. «Baina beti daukazu barruan, eta tarteka marraztu egiten nu­en. Diseinu grafikoa ikasten hasi nintzen, modernizatzeko, Kuban dena eskuz egiten genuelako, baita lienzoak prestatu ere; eta ez neukalako teknologiarekin kontakturik». Marrazketari berriro ekin, eta erakusketa txiki­ak jarri ditu azkeneko urteotan, Astigarragako Ogi Berrin edo­ta Hernanin, esaterako. Eta kolaborazioak egin ditu, enpresa eta artista batzuekin; Astigarragako Patiorekin, esaterako. «Nire obrak eta tailerra dauzkat, baina oraindik ez dut pausoa eman, ho­rri guztiz heltzeko», kontatu du.

Kuban atzean utzi zuen obra ez da nolanahikoa. Txikitatik marraztu eta margotu izan du, «munduko ume guztiek bezala, berezko ezaugarria dugulako. Baina hazten garen heinean, galdu egiten dugu. Batzuek gehiago garatzen dute, eta beste batzuek gutxiago. Eta normalean, artea gustuko dugunoi, txikitatik nabaritzen zaigu; ingurukoek ikusten dute, jolasean baino denbora gehiago ematen dugula pintzelarekin, arkatzarekin eta orriarekin. Umetan geratzen da agerian artearekiko bokazioa, kasu gehienetan; eta nik banuen bokazio hori», dio Grisellek. Eta Kuban, karrera artistikoek «babes haundia» daukate: «txikitatik sartu zaitezke arte eskoletan; eskola bokazionalak deitzen dituzte. Baina 11-12 urtetik aurrera, erabat zentratzen dira artean, eta alde batera uzten dira oinarrizko beste irakasgai batzuk. Oso gaztetan erabaki behar duzu, artean zentratu nahi duzun; eta nire etxean, erabaki zuten oso goiz zela bide hori hartzeko. Horregatik, modu autodidakta batean garatu nuen nire formakuntza artistikoa. Ikusi eta egin, nire kaxa ikasi nuen margotzen. Baina arte eskola eta tailerretan ere aritu nintzen, eta 18 urterekin, hasi nituen Arte Ederretako irakasle izateko ikasketak aurrena; eta handik bi urtera, Arte Ederretakoak, La Habanan, Artearen Institutu Gorenean», kontatu du Grisellek. Ikasketak bukatzean, hasi zen lanean arte garaikideko zentroetan irakasle, eta bere artista ibilbidea garatu zuen bitartean: «erakusketa ugari egin nituen, galeriekin egin nuen lan, eta izan nuen aukera, artista bezala garatzeko».

Hori guztia atzean utzi zuen, bere obra eta bere bizimodua, Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuenean. Berarekin ekarri zuen, ordea, berezko bokazioa.

 

«Behar dugu jendeak baloratzea pieza bakoitzaren atzean dagoen formakuntza eta lana»

Saioa eta Ainhoa, aldiz, beraien ibilbide artistikoaren aurreneko pausoak ari dira ematen. Elkarrekin aritu dira Astigarteren pintura ikastaroetan, eta bertan landutakoaren bidetik jarraitu du Saioak, nahiz eta ikasketetan beste bide bat hartu. Batxilergo artistikoa egin ondoren, Magisteritza ikasketak hasi zituen, eta hortik kanpo egin ditu arte ikastaroak.

Ainhoak, ordea, Arte Ederretako ikasketak eta masterra bukatu berri ditu: «nik oso barneratuta neukan pintura, baina karreran, irakasle batek burutik kendu zidan, eta zeramikan murgildu nintzen. Eta orain, diseinu grafikoa ikasten ari naiz, unibertsitatean ez genuelako sakondu, eta behar dudalako. Gustatzen zait diseinu fisikoa eta grafikoa nahastea».

Bere ibilbide profesionala, bi arlo horiek uztartuz garatu nahiko luke berak: «zeramika ez dut utzi nahi, eta hitz eginda daukat masterreko lagun batekin, tailer bat irekitzeko ideia, Donostian adibidez, gure lanak egin eta saltzeko, eta arlo grafikoa ere lantzeko. Amets bat da, baina espero dugu noizbait aurrera eraman ahal izatea», dio.

Saioak, berriz, zailagoa ikusten du artetik bizitzea, eta hobby bezala gustatzen zaio: «proiektu txikiak sortzen zaizkit tarteka eta oso polita da. Ez nuke utzi nahi, eta horrelako gauzek piztuta mantentzen dute».

Artetik bizitzeko zailtasuna, artisten lana ez baloratzetik ere badatorrela uste du Saioak: «niri kostatu zitzaidan ulertzea, nire lanagatik kobratu egin behar nuela. Pentsatzen nuen, nola kobratuko dut hau, azkar egin badut? Baina irakasle batek esan zidan, hori azkar egiteko formazio haundia jaso dudala aurretik. Baina jendeak ez du baloratzen. Azoketan, pasatzen dira postuaren aurretik, eta esaten dute zein garesti. Eta zure buruari galdetzen diozu, garesti jarri ote duzun. Baina lan originalak dira, ez dago horrelako besterik; eta gero erosiko dituzte kamixetak, 10.000 berdin daudenak, eta gastatuko dute diru hori». Horregatik dio Ainhoak, behar dutela jendeak baloratzea «pieza bakoitzaren atzean dagoen formakuntza eta lana».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!