Hilabete pasatxo itxaron behar izan dute, Aitziber Garmendiaren Txanogorritxutik otso emera bakarrizketaz gozatu nahi zuten astigartarrek; baina bihar izango dute horretarako aukera: 20:00etan eskainiko du, Erribera kulturgunean. Sarrerak salgai daude astigarraga.eus webguneko Sarrerak erosi atalean, eta Erriberan bertan.
Eta emanaldi horrekin, abiada bizia hartuko dute abenduko kultur ekintzek, Astigarragan. Kontzertu, solasaldi, proiekzio eta antzezlan artean egingo dute Gabonetarako bidea. Bihar bertan, esaterako, udal egutegirako lehiaketaren argazkiak jarriko dituzte erakusgai Erriberan. Ostiralean, berriz, Altsasu (gau hura) dokumentala jarriko dute 20:00etan, Erriberan hori ere. Eta larunbatean, 90eko eta 2000ko hamarkadetara eramango dute herria atzera, Upelio Egunarekin, Gazte Asanbladak antolatuta.
Igandean izango da Gabonetako aurreneko kontzertua, Norberto Almandoz Musika Eskolako ikasleen eskutik. Eguerdiko 12:30etan izango da, Erriberan, eta Aiztondo abesbatzak ere hartuko du parte. Doakoa da sarrera, baina mugatua izango da aforoa. Hilaren 14, 17 eta 18an ere, entzunaldiak eskainiko dituzte ikasleek, musika eskolan. Eta Eragiyok abesbatzak, abenduaren 19an emango du kontzertua, 12:00etan Andre Mari elizan.
Antzerkiak izango du protagonismoa hurrengo egunetan, Tarara eta Olentzeroren gutunak emanaldiekin. Eta hain justu, hurrengo egunean iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi herrira, abenduaren 24an goizeko 11:00etan, astigartarrekin kalez kale kantuan aritzeko.
ABENDUKO KULTUR AGENDA 7 Antzerkia: Txanogorritxutik otso emera (sei mutil medio), Aitziber Garmendiarekin. 20:00etan, Erriberan. Sarrera: helduek 4 euro, adin txikikoek 2 euro. 7-31 Argazki erakusketa: 2022ko udal egutegirako lehiaketara aurkeztutako argazkiak. Astegunetan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Erriberan. Udal egutegia abenduaren 15etik egongo da eskuragarri, udaletxean, Erriberan eta Astiko elkarteko dendetan. 10 Dokumentala: Altsasu (gau hura). 20:00etan, Erriberan. Sarrera: helduek 4 euro, adin txikikoek 2 euro. 11 Upelio Eguna, 1990 eta 2000 hamarkadetan girotua, Gazte Asanbladak antolatuta. 19:00etan poteo bihurria, 21:00etan afaria Zipotza elkartean, eta 23:00etan Elektrobuiaka taldearen kontzertua. 12 Gabonetako Kontzertua, Norberto Almandoz Musika Eskolako ikasleek. 12:30etan, Erriberan. Doakoa, baina aforo mugatua. 13 Literatur solasaldia: Imposible, Erri De Luca idazlearena. 19:30etan liburutegian, gaztelaniaz, Jorge Carrerok gidatuta. 14 Zaintzailea zainduz, pertsona zaintzaileentzako laguntza eta atsedenerako tailerra. 16:00etatik 18:00etara edota 18:00etatik 20:00etara, Erriberan. Doakoa, Harituz elkarteak antolatuta. Izenematea: 630 678 474 edo astiharituz@gmail.com. 14 Irakurketa Kluba: Euri zitalari esker, Itxaro Borda idazlearena. 19:30etan, Erriberan, Joanes Jauregik gidatuta. Doakoa eta irekia da partehartzea. 14, 17 eta 18 Norberto Almandoz Musika Eskolako ikasleen entzunaldiak, musika eskolan: haize instrumentuak 14an, 18:00etan; eta piano entzunaldiak 17an 17:30etan eta 19:00etan, eta 18an 12:30etan. Gonbidapena behar da. 15 eta 17 Jostailuen Truke Azoka, 16:30etatik 18:00etara, Herri Eskolako atarian. 15ean, jostailuak osatuta eta egoera onean eraman, eta truke-txartela jaso. Eta 17an, truke-txartela eraman, eta beste norbaitek utzitako jostailua hartu. Xaguxar elkarteak eta Astigarragako Udaleko Hezkuntza Sailak antolatuta. 16-17 Kirol Eguna, kiroldegian. Informazioa eta izenematea: kiroldegia@astigarraga.eus. Abenduak 16-urtarrilak 15 Erakusketa: 30 emakume ahaztezin. Astegunetan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Erriberan. Emakundek, Astigarragako Udalak eta Emakumeon Etxeak antolatuta. 17 Solasgunea: Ziklikoki bizitzen: emakumeon gorputza eta hilerokoa. 17:00etatik 19:00etara, Emakumeon Etxean. Izenematea: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com. Zaintza zerbitzua aurrez eskatu behar da (648 417 157). 22 Antzerkia: Tarara, Hika teatroaren eskutik. 20:00etan, Erriberan. Sarrera, doakoa. Erriberan bertan egin dituzte sorkuntza eta entsaioak, eta bertan eskainiko dute estreinaldiaren aurreko entsaio orokorra. 23 Haurrentzako antzerkia: Olentzeroren gutunak, Deabru Beltzak konpainiaren eskutik. 17:00etan, Erriberan. Sarrera: adin txikikoek 3 euro, helduek 6 euro. 24 Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Santiomenditik. Herri Eskolako atarian elkartuko dira haurrekin, 11:00etan; eta herriko kaleetan barrena ibiliko dira, beraiekin abesten. Xaguxar elkarteak antolatuta. 26 Zinea: Haritzaren bihotza. 16:30etan, Erriberan. Haurrentzat. Sarrera: 2 euro. 26 Zinea: El buen patrón. 19:00etan, Erriberan. 12 urtetik gorakoentzat. Sarrera: 4 euro. 28 Txotxongiloak: Noraren sekretua, jazarpenaren inguruko saioa. 17:00etan, Erriberan. 5 urtetik gorakoentzat. Sarrera: adin txikikoek 3 euro, helduek 6 euro. 30 Ispirit taldearen gospel-soul kontzertua: Lidia Insausti, Noa Egiguren eta Lide Hernando abeslariak, eta lau musikari. 20:00etan, Erriberan. Sarrera: helduek 4 euro, adin txikikoek 2 euro. |