«Beti daude antzerkizaleak, 'militanteak' esaten diet nik, niretzat inportateenak dudarik gabe»

Kronika - Erredakzioa 2021ko ots. 6a, 00:00

Bere buruaz barre asko egiten duela dio Aitziber Garmendiak eta hori komedia egiteko «oso garrantzitsua» omen da. Aitziber Garmendia, Kronikarako elkarrizketan.

Datorren asteazkenean, maitasun kontuen patetismoa umoretik hartuta, 'Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio)' bakarrizketa oholtza gaineratuko du Aitziber Garmendiak.  

Gaur egun, esan genezake, Euskal Herri mailan behintzat, askoren aktore eta egile komiko gustukoena Aitziber Garmendia dela, bere naturaltasunak, gertutasunak eta batez ere umoreak, hainbat txokotako irribarreak piztu baititu.

Makina bat proiektu ditu Aitziberrek esku artean, eta datorren asteazkenean, Hernanin dauka zita, izan ere, Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) bakarrizketa eskainiko du Biterin. Bakarrizketarako sarrerak, otsailaren 1ean jarri ziren salgai, eta 10 bat minutuetan agortu ziren. Aitziberrek dio, poz haundia ematen duela «ikusten duzu hor publikoaren erantzun bat dagoela, eta aurretik egindako lan guztiaren erantzuna, hortxe dago. Pena ematen du askotan, jendeak esaten didalako sarrera gabe gelditu dela eta ni saiatzen naiz nolabait lortzen, baina zaila izaten da. Hala ere, denaren gainetik, izugarrizko poza ematen du horrek!». 

Asteazkenean, Aitziberrek, harreman afektiboen inguruan egindako ikerketa baten ondorioak azalduko ditu Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) antzezlanarekin. Bakarrizketa hau gainera, maitasun kontuen patetismoa umorea besarkatuz gainditzeko eskuliburu peto-petoa da, edozein sexurentzat moduko umorezko ikuskizuna, hain justu. Hala ere, Aitziberrek azaldu du, Marta González de Vega dela testuaren benetako egilea, «Madrilen antzeztu izan du, berak idatzi eta berak antzezten du. Testua ez da nirea, esan nahi dut, bere esperientzia edo bere harreman afektiboetatik idatzitako zerbait da asteazkenean Hernanin egingo dudan bakarrizketa hau.   Hala ere, ni saiatu naiz nireganatzen, hasteko oso heterosexuala delako oinarria, beraz saiatu naiz apur bat zabaltzen, publiko guztiarentzat izan dadin. Baina egia da, egurra ematen zaiela nolabait, harreman heterosexualei. Niri eskaini zidatenean testu hau egitea, testua irakurri eta barre egin nuen, hor esan nuen: benga, animatuko naiz bakarrik egitera!. Azkenean erronka haundia da bakarrizketa bat, ordu eta erdi ni bakarrik eszenatokian, eta testu asko da. Baina tira, animatu egin nintzen». 

Ordu eta erdiko antzezlanak erronka bat izaten direla azpimarratu du Aitziberrek, are eta gehiago bakarrizketa bat denean, «nik zortea dut, memorizatzen ona naizelako, gero matematikan ez naiz jaioa, eta logikarik ez daukat... baina memoria bai. Kontua da testua behin eta berriz irakurtzen dudala, eta ondoren idatzi. Hala ere, buruan grabatuta gelditzen zait behin testua esaten hasten naizenean. Askotan testua gogoratzen dut mugimenduekin: mahaira joaten naizenean, hau eta hura esan behar dut, leku honetan nagoenean, beste hau... ». 

Txanogorritxo eta otso emea
Txanogorritxo baino gehiago, otso eme gisa ikusten du bere burua Aitziberrek, «Txanogorritxoren ikuskizunean esaten da, otso eme bat dela, berari gertatutako gauza lotxagarriz barre egiten duen txanogorritxo. Esan nahi dut, txanogorritxo hor dago, bere baitan,  baina otso eme bat zara, gertatutakoaz barre egiten ikasten duzunean. Nik nire buruaz barre asko egiten dut, eta iruditzen zait komedia egiteko lehen pausoa hori dela, zuk zeure buruaz barre egitea. Beraz, hortik abiatuta, esango nuke gehiago naizela otso emea, txanogorritxo baino».
Bakarrizketa honek, txikitan denok irakurri edo entzundako Txanogorritxo ipuinarekin zerikusia baduela dio Aitziberrek, baina horretaz gain, aipatzen dira sei mutil, eta hauek «ez dira konkretuak, kalean aurkitutako sei jokabide edo karakter ezberdin dira. Nahiz eta tituluak txanogorritxo eta otsoa aipatu, ez da umeentzako antzezlan bat. Pasa izan zait, antzezlanean ume txikiren bat ikustea, eta noski bakarrizketa hasita, haurrak amari begiratzen zion esanez bezala, hau ez da guk dakigun txanogorritxo». 

Aitziberrek eskainiko duen antzezlanean, pertsonaia berdinetik abiatutako istorio bat kontatzen da, ez dago txanogorritxo bat eta otso bat. Gainera jakinarazi du, Aitziber gisa hitz egiten duela, «jarduten dut harremanez niri gertatu izan balitzait bezala eta ez da egia. Orduan hor, momentu askotan deseroso sentitzen naiz, ez delako egia eta ez dudalako hori pentsatzen harremanen inguruan. Badago nolabaiteko eraso nahiko errepikakorra mutilen aurka. Niri iruditzen zait feminismoaren aldeko borroka bat ez dela gizonezkoen kontra egitea, eta testu horretan askotan hori ikusten nuen eta ez nengoen ados. Hori horrela, gauza pare bat aldatu nituen, edo nire aldera ekarri nituen, ni ere erosoago aritzeko. 

Asteazkenean Aitziber Garmendiak, harremanen inguruko bakarrizketa umoretsua eskainiko du: 'Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio)' .
 

«Antzerkitik pelikulara saltoa, izugarrizkoa da eta neurtzeko zaila»

«Telebistako irudi publikoa izateak, antzerkira ekartzen du jendea»
Esan daiteke, jarraitzaileek oso gertuko ikusten dutela Aitziber. Oholtza gainean badago ere, jendearengana heltzeko abilezia du, eta ez eszenatoki gainean soilik, pantailaren beste aldean egonez gero ere, etxekoengana heltzen da. Aitziberrek dio, zoritxarrez, telebistako pertsonaia izateak, antzerkira ere publikoa erakartzen duela, «esan nahi dut, nik antzerkian bide luzeagoa egin dut telebistarekin alderatuz. 18 urterekin hasi nintzen antzerkian eta hogeita asko antzerki estreinatu ditut. Hor dago, puntu bat konturatu naizena, telebistan nagoenean, antzerkira publiko gehiago etortzen zena, aretoak bete egiten dira, beste demanda bat egoten da hain zuzen.  Hala ere, esan beharra dut, hor beti daudela antzerki zaleak, militanteak esaten diet nik, inportanteenak niretzat. Telebistako aurpegia izan edo ez izan, beti hor egongo direnak. Pentsatzen dut, hausnarketa bat egin beharko genukeela, hau da, antzerkira joatea, antzerkira joateko plazer hutsagatik, eta ez  telebistako Aitziber edo Jon Plazaola agertzen direlako». 

Oholtza gainera heltzeko, lan haundia egin du gure artista komikoak, izan ere, 13 urterekin Beasaingo antzerki tailerrean sartu zen, «eta ondoren Arte Eszenikoak ikasten egon nintzen, hiru urteko ikasketak dira hauek, 15ekin hasi eta 18 urterekin amaitu. Eta hau bukatu orduko, Tantaka konpainiarekin hasi nintzen lanean, antzerkigintza profesionalean. Hurrengo urtean, Martin telesailean hasi nintzen, eta zazpi denboraldi egin genituen». 
Aitziberrek argi du, antzerkiak bat-batekotasuna ematen diola, «publikoarekin harreman oso zuzena sortzen da, nik momentuan dakit, publikoari gustatu zaion edo ez. Horrek dauka xarma berezi bat, beste ezerk ez daukana, ez telebistak ez eta zineak». Telebistak ematen dizkion onurak ere helarazi ditu, «nire lana ikusgarriago izateko aukera hori ematen dit telebistak, azkenean antzerkia ikusten du egun horretan, ordu horretan, antzoki horretara joan den publiko horrek. Telebista gehiago zabaltzen da, eta etxe guztietara heltzen da. Nik pertsonalki, aktore moduan gehiago disfrutatzen dut aurkezle moduan baino, beti esan izan dut ez naizela aurkezlea, aktorea bizik. Momentu honetan, Barre Librean nago, eta aukera dut bakarrizketak lantzeko, esketxak egiteko, pertsonaia desberdinak egiteko... Eta horretaz gain, gidoigintza eta zuzendaritzan ere, nire ideologiaren arabera lan egiteko aukera daukat». 
Antzerki bat interpretatzetik, pelikula bat egitera salto haundia dagoela dio Aitziberrek, «pelikulan motelagoa da dena, bi minutu lortzeko, behar bada bi egunetako lana daukazu, oso mantsoa da. Hori bai, magia ere badauka. Antzerkian ikusi behar zaitu lehenengo lerroan dagoenak eta azken lerroan dagoenak. Pelikula bat grabatzean aldiz, kamera ondo-ondoan daukazu. Orduan antzerkitik pelikulara saltoa izugarrizkoa da, eta neurtzeko askotan zaila». 

Komedia generorik egongo ez balitz...
Interpretazio munduan, komedia egongo ez balitz, Aitziberrek aktore izaten jarraituko lukeela jakinarazi du, «genero dramatiko batean arituko nintzen, eta disfrutatuko nuke, noski. Baina ez naiz imajinatzen komediarik gabe, ez bakarrik lanarekiko, ni bezala. Oso garrantzitsua da niretzat komedia, batik bat oso sendagarria delako. Esango nuke, jatea, kirola egitea eta lo egitea bezala dela komedia egitea. Niretzat ez da lanbide bat, bizitza filosofia bat da, niri askotan salbatu nau komediak. Azkenean nire lana, pasioa da niretzat, txikitatik amestu dudan zerbait da, eta txikitatik hori landu dut, benetan nire afizioa nire ofizio bihurtu dadin. Eta iruditzen zait ez dela erraza, lanbide zaila baita. Kosta egiten da zure tokia aurkitzea, eta jendearen gustuko izatea. Azken finean gustu asko daude, eta zu kontziente izan behar zara, egiten duzun hori ez zaiola mundu guztiari gustatuko, eta hori barneratzen ere jakin beharra dago». 

«Askotan tokatu zait inprobisatzea» 
Eszenatoki baten gainean egonda, eta antzezlan bat eskaini behar denean, aktore askok urduritasuna izan ohi dute, testua ahaztuko ote zaien beldurrez, publikoaren erreakzioaren beldurrez... Hori horrela, hainbatetan inprobisazioak egiten dira, testuaren zati bat oroitu ez, eta beste nonbaitetik irtenbide edo soluzio bat aurkitzeko. Aitziberri  gertatu izan zaio, «Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) bakarrizketan gertatu zait, asko inprobisatu dut, azkenean bakarrik nago eta testuaren zati bat ahazten bazait, inprobisatu egin behar dut. Eta bakarrik nagoenez, lasaitasunarekin inprobisatzen dut, aldiz lankide batekin nagoenean, kontuz ibili beharra dut. Batzuekin askatasuna izaten dut inprobisatzeko, aldiz beste batzuekin ez horrenbeste. Jon Plazaolarekin adibidez, asko inprobisatzen dut, Iker Galartzarekin ere asko...Azkenean oso garrantzitsua da eroso sentitzea inprobisatzeko, badakitelako nik inprobisatzen dudanean beraiek lasai sentitzen direla. Pentsatzen dut errespetatu behar dela ez bakarrik zuk zer egin nahi duzun, baizik eta  zure lankideek zer egin nahi duten eta nola sentituko diren.

«Kamera aurrean nagoenean, pailazo bat naiz»
Jendearen duda izaten da, Aitziber benetan telebistan eta antzerkian agertzen den modukoa den edo ez, eta berak dio kamera aurrean pailazo hutsa dela, «gustuko dut jolastea, ganberroa izatea gustatzen zait eta lotsarik ez daukat zentzu horretan. Baina hortik kanpo, banaiz pertsona bat nahiko erreserbatua dena. Lagunekin ez, ezagutzen dudan jendearekin ere ez, baina  normalean erreserbatua naiz, esaterako, jende asko dagoen leku batean ezagutu baldin banaute, nire intimitatearekiko nahiko erreserbatua naiz. Eta jendeak ez dit sinesten, nahiko lotsatia naiz, kasu askotan. Imajinatu, sagardotegi batean gaudela, eta ondoko mahaiek ezagutu egin nautela, hor obserbatuta nago eta ez naiz eroso sentitzen. Ez zait gaizki iruditzen, azkenean nire lana publikoa da eta aurpegi publikoa naiz. Horrelako momentuetan pentsatzen dut: zergatik sentitzen naiz hain txiki?». 

'Zatzaizkit eta Natzaio'  pertsonaia berriak 
Aipatu moduan, gaur egun Barre Librean jarduten du Aitziber Garmendiak, eta hainbat pertsonaien artean, oso esanguratsuak bilakatu dira, Zatzaizkit eta Natzaio polizia linguistikoak. Umorez beterik dagoen artistak azaldu du euskera erabiltzeko modu informaletik sortutako bi pertsonaia direla, «gure euskalkiarekin asko jokatzen dugu, erderakadak ere nahi baino gehiago erabiltzen ditugu,  kontziente gara hortaz, eta geroz eta gehiago gainera. Bada nolabait errealitate baten islada bat, erderakadak erabiltzen direla, baina horrek ez du esan nahi ondo dagoenik. Hau konpontzen hasi ginen, eta hortik sortu zen ideia, Jon Plazaolak aipatu zuen, ondo egongo litzatekeela polizia linguistiko bat sortzea. Orduan honi eutsiz, pentsatu genuen: goazen gure akatsa gure alde erabiltzera. Eta hori da azkenean komediaren funtsa, zuk zure buruaz barre egitea, eta hortik etekina ateratzea. Beraz Natzaio eta Zatzaizkit Garbitzaileak bertatik sortu ziren». 

Pandemiak ekarritako magia 
Konfinamendua ez da xamurra izan, eta Aitziberrek kultura azpimarratu du, berak beldurra sentitzen baitzuen, «ez nekien zer gertatuko zen kulturarekin. Baina konturatu naiz kultura segurua dela. Konfinamendu osteko publikoaren inplikazioa izugarrizkoa izan da, uste nuen musukoarekin ez nituela publikoaren irribarreak ikusiko, baina asko sentitzen dira, badirudi publikoak esfortzu gehiago egiten duela sentitutakoa azalarazteko, eta hau guztia eszenatokian dagoenak jasotzen du. Esan dezaket, bizitakoak bizita, zerbait berezia sortu dela artista eta ikuslegoaren artean».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!