39 urte eta lau hilabete eta gero, Isa Coviran dendak ateak itxiko ditu, Isabel Mendioroz Azurmendi jubilatu egingo baita abenduaren 1ean. «Azaroaren 30a izango da azkeneko lan eguna. Hurrengo egunean ez dut irekiko denda». Amaran jaiotako donostiarra da Isa, baina orain 40 urte astigartartu zen, bertara ezkondu ondoren. «1982ko apirilean ezkondu nintzen astigartar batekin eta urte horretako abuztuan erosi nuen denda. Nire aurretik denda bazegoen, ni laugarren jabea izan naiz bertan, eta badirudi azkena izango naizela».
Dendan jarraitzeko interesa izan duenik bada, baina azken unean atzera egin du. «Azkeneko pauso hori ematen ez da inor ausartu. Gabonetako kanpaina ez dut egingo. Hamar egun geratzen zaizkit jubilatzeko».
Bizipen asko eta asko izan dira Isa Coviranen, eta berarekin elkarrizketa egiten gauden bitartean, bezeroak sartzerakoan, Isak gogoratu egiten ditu. «Badago jendea egunero, egunero, egunero 40 urtetan dendara etorri dena. Bizi osoko bezeroak azkenean, familia bezala dira, nik bai baitakizkit zer gauza bizi izan dituzten. Nik dakizkit beraien bizipenak. Oso pertsonalak bihurtu dira urteetako horrenbesteko harremana izan eta gero».
Isa Coviran dagoen lokala, orain hutsik geratuko da Tomas Alba kalean. Bertan denetarik erosi zezaketen astigartarrek. «Herria asko aldatu da. Nik ezagutu nuen Astigarragak eta gaur egungo Astigarragak ez dute zer ikusirik, batere ez. Dena aldatu da, jendeak erosten duen generotik hasi, kontsumitzeko eratik pasa, eta bizitzeko erara».
Hasierako Coviran fisikoki ere aldatu da. «Portaletik sartzen zinen. Koska bat zegoen. Lehendabiziko erreforma egin nuen, gero portala itxi zuten, eta gaur egungo sarrera egin genuen. Aldaketa eta obra asko egin ditut dendan. Sei-zortzi urtetik behin aldatu egiten nuen denda, eta erreforma ere egiten nuen», kontatu du.
Astigartarrek beti denetik erosi ahal izan dute Isarenean. «Gaur egun gauza gehiago daude». Beterri-Buruntzako Udalek, Beterri Km0 proiektua martxan jarri zuten, nekazal ekoizpena kontsumitzaileen esku jartzeko helburuarekin. Horrek bertako produktua saltzea erraztu du. Beterri Km0 zigiluarekin bereizi eta identifikatuko dira, kontsumitzaileak bertako produktua modu erraz batean eskuratu ahal izan dezan. Isa Coviranek beti egin du bertako produktuaren aldeko apustua, eta hasiera-hasieratik erabili ditu gertuko lehengaiak. «Nire politika izan da bertakoa bultzatzea. Hasieran Astigarragako baserritar barazkigileek ez zuten nahi Astigarragan beraien produktuak saltzen jartzea. Donostiara, San Martin eta Bretxako merkatuetara joaten ziren, eta han nahi izaten zuten saldu dena».
«Astigarraga hutsa geratzen zen ostegun arratsaldeetan, Hernaniko feriara joateko»
Produktuak bakarrik ez, jendea ere Astigarragatik irteten zen erosketak egitera, baina hori ostegunetan gertatzen zen. «Arratsaldean bezeroak Hernaniko feriara joaten ziren. Hutsa geratzen zen herria, denak Hernanira joaten ziren, eta hori ere galdu da. Ohitura hori desagertu egin da».
Denda txikien etorkizuna ilun ikusten du Isak, eta ez da baikorra alde horretatik. «Denda txikiak hiltzera doaz. Komertzio haundia beti egon da, baina orain inoiz baino gehiago». Jendearen bizitzeko erak hor eragin zuzena duela nabarmentzen du Isabel Mendiorozek. «Bizitza desberdina da. Garai batean egunero-egunero erosten zen dendan, orain baino gehiago. Gazteek aste osorako erosketak egiten dituzte zentro komertzial haundietan. Ordutegien arabera mugitzen dira. Bizitza bera, lana eta lan merkatua aldatu den bezala, horretara egokitzen da jendea. Denetarik erosten dute bertan».
Asko aldatu ez dena, bezeroek erosten dituzten produktuak dira. «Hemen denetarik beti erosi izan da. Ez dago gauza bat gehiago erosi denik. Hori bai, oso azpimarragarria da egunkarien salmenta nola jaitsi den. Urte askotan ikaragarri egunkari pila saltzen nituen, eta azken urte hauetan, esaterako, bi El Diario Vasco bakarrik saltzen ditut».
Hori esatearekin batera, Marisa sartu da Isa Coviranera. «Lucia, Marisaren ama, izan zen nire lehendabiziko bezeroa. Lehenengo egunean, sartu zen lehenengo pertsona Lucia izan zen. Gainera, egunkarien gaiarekin lotuta, sartu eta egunon esan ondoren berehala izparringia (egunkaria) eskatu zidan. Nik ez nekien zer zen izparringia, zer zen galdetu nion eta barre egin zuen. Bazekien euskaldun berria nintzela eta ez nuela jakingo zer eskatu zidan. Aurreko astean oroitu genuen Marisak eta biok pasadizo hori, eta nolako konfiantza eta lotura sortu zen merkatari eta bezeroaren artean. Gero, jubilatu zenean, bere alabarekin, Marisarekin, jarraitu du lotura horrek, azken egunera arte. Harremana berdina da amarekin eta gero alabarekin, eta pena da hari hori orain etetea».
«Astigarraga lo-herria bihurtu da, eta aldaketa hori ikusi dut. Biztanleria bikoiztu da, baina bizitza galdu du»
Orain telefonoz asko saltzen omen du. «Konfinatuta geundenean jende askori eramaten nion erosketa etxera. Senarra ibiltzen zen alde batetik bestera banaketa egiten».
Isak bizipen asko eramango ditu berarekin. «Nire bizitzaren zati haundi bat da, dena ez esatearren. Izan ditudan bezeroek nire bizitza ezagutu dute eta bizipenak elkarbanatu ditugu. Gure bizitza beti herrian egin dugu. Oso gutxi ateratzen gara Astigarragatik. Nire afariak, lagunak, parrandak... beti herrian bertan egin ditut senarrarekin eta ingurukoekin. Maite dut Astigarraga; dendakoa ez da izan gure lana bakarrik, gure bizitza izan da; nirea, senarrarena eta alabarena. Asko maite dugu, eta herrian bizi gara».
Olaziregi Mendioroz familiak Astigarragari dion maitasun hori beste norabidean ere, herritik familiara, jaso du Isak. «Herriak eman digu bizitza, herritik jan dugu. Orain agian ez da lehengoa. Lo-herria bihurtu da. Aspalditik esan dut, eta askok esaten zidaten nolatan nioen hori, baina urteen poderioz argi ikusi da horrela dela. Aldaketa hori nire begiekin ikusi dut. Garapena argi eta garbi ikusi dut, eta bezero gero eta gutxiago ditugu. Asko murriztu dira salmentak». Hala ere, salmentei dagokienez, pasa den urtean gorakada nabaritu zuen Isak, «pandemiaren eta konfinamenduaren eraginez».
Dendak asko ezagutzen ez zituen jendearentzat aurkikuntza bat izan ziren herriko komertzioak. «Hara! Begira, hemen denda bat dago. Ba bai, betidanik denda egon da hemen. Nik hartu aurretik ere denda zen, etxea egin zuten eta behean jarri zen. Ni izan naiz laugarren jabea eta nirekin amaituko da».
Isaren eta familiaren bizitza dendaren inguruan mugitu da. «Hori bai, dendan saltzen beti ni egon naiz. Senarrak erretiroa hartu zuenetik dendako enkarguak egiten laguntzen dit».
Oraindik ere pisatzeko balantza gordeta du Mendiorozek. «Erosteko modua aldatu da. Ordaintzeko modua aldatu da, pisua ere bai noski. Teknologia berriak sartu dira, pisuari eta ordainketa kaxari dagokionez. Lehen betiko balantza nuen. Hala ere, balantza zaharra jasota daukat etxean».
Isabel Mendioroz eta denda beti egon dira kooperatiba baten barruan sartuta. «Hasieran Secuc kooperatibaren parte zen denda. Donostiako kooperatiba zen, gero gainbehera izan zuen, eta Coviran kooperatibaren barruan sartu nintzen. Granadan du egoitza Coviranek».
Astigartar asko eta asko dendan bertan ezagutu ditu Isak. «Belaunaldi desberdinak, eta aipatu dugun Marisaren kasua da adibide». Bezero asko eta asko daude penaz, Marisak berak baieztatzen duenez. «Bezeroei eskaintzen dien tratua oso gertukoa da. Nik orain egingo dudan erosketa bertan utziko dut, eta gero nire alaba etorriko da poltsa bila etxera eramateko, asko pisatzen baitu».
Euskeraren osasuna ere neurtu daiteke denda batean, eta Isak dendan bizitakoa azaldu du. «Astigarragan gaztelera gero eta gehiago entzuten da, eta euskera, tamalez, gero eta gutxiago. Haurrekin ere gazteleraz hitz egiten da. Asko nabaritzen dut. Eskolan euskeraz ikasten dute, baina gero ez da erabiltzen».
«Nire bilobak ere gazteleraz hitz egiten dit», aipatu du Marisak. «Amonarekin euskeraz, esaten dio amak».
Isaren eta familiaren euskerarekiko atxikimendua haundia da. «Korrika garrantzitsua da niretzat, eta Kronikak atera dituen ale bereziak dendan dauzkat jarrita».
«Oso gustora aritu naiz urte guzti hauetan, baina oso nekatuta nago»
Erosleen perfila eta haiekiko harremana ez da aldatu Isa Coviranen. «Oso gustora egon naiz beraiekin». Hala ere, ez dio beldurrik erretiroari. «Oso nekatuta nago, eta ez diot beldurrik. Ez daukat pazientziarik. Iaz nire ahizpa hil zen, eta niretzat kolpe ikaragarria izan zen. Oso indartsu jo zidan, eta nekatuta nago. Nahi dudana da lasaitasuna da, eta lan ibilbidea bukatu. Denda batek lan asko eskatzen du. Orain nahiko erlaxatuta nago, pandemiaz geroztik goizetan bakarrik egon delako irekita denda, 08:30etatik 13:30etara. Aurretik, goizez eta arratsaldez egoten nintzen».
Isa bera joan izan da urte guzti horietan generoa erostera. «Merkatura joaten nintzen goizeko 06:30etan. Behar nuena erosi, bueltatu eta denda irekitzen nuen goizeko 08:00etarako. Gero arratsaldean bueltatzen nintzen 16:30etan, eta gaueko 20:00ak arte egoten zen denda irekita. Oso lan lotua da. Azken bi urteetan murriztu dugu ordutegia. Ordu asko ziren. Larunbatetan goizez irekitzen nuen, eta hala egingo dut, geratzen diren azken bi larunbatetan ere».
«40 urte hauetan astebete bakarrik egin dut jai, zilarrezko ezteietan»
Isabel Mendiorozek denbora gehiago izango du herriko bizitzaz gozatzeko. «Inoiz ez dut beste opor egunik hartu», kontatu du.
Isabel Mendiorozek 1982an denda hartu zuenetik, ez du apenas oporraldirik hartu. Dendari lana oso lotua dela adierazi du, eta berak, ia 40 urtetan, oporrak behin bakarrik hartu dituela dio. «2007an, zilarrezko ezteietan hartu nuen astebeteko oporraldia abuztuan. Bestela, inoiz ere ez dut beste jai egunik izan. Ez ditut oporrak izan».
Orduan itxi zuen astebetez denda, herrian jende gutxien zegoen hilabetean. «Abuztuan herrira joaten zen jende asko. Nik hori Astigarragan ezagutu nuen. Donostian hori ez nuen inoiz bizi, gurasoak donostiarrak ziren. Astigarragara etorri eta ezagutu nituen etorkinak udaran beraien herrietara itzultzen, oporrak igarotzeko».
Azkeneneko urteetan ere ez du denda itxi, urteko 12 jai egun horietan eta igandeetan izan ezik. «Aurreneko baja COVIDaren ondorioz hartu nuen pasa den urtean. Aurretik, ez nuen inoiz bajarik hartu, 38 urtetan».
Horrek tertulia gune ere bihurtu izan du Isa Coviran. «Bizilagunak bertan biltzen ziren tertulian, eta orain esaten didate non elkartuko diren hitz egitera». Esan duen bezala, lagunarteko erlazioa zegoen dendari eta bezeroen artean.
«Asteburuetan tabernetan elkartzen da jendea, eta terrazan eta taberna barruan jende asko elkartzen da. Bestela, aste egunetan herriko kaleak nahiko hutsik egoten dira. Urumea Berrin bizitzen jarri direnak hurbiltzen dira orduan, baina han bertan tabernaren bat gehiago jartzen badute, hori ere bukatuko da», aipatu du.
Denbora gehiago izango du herriko bizitzaz gozatzeko, hara eta hona ibiltzeko, eta urte guzti hauetan izan ez dituen oporrez gozatzeko.