Ez da festa haundirik izango, Xaguxar Aisialdi Taldearen 30garren urteurrena ospatzeko. Egungo egoerak ere ez du horretarako gonbidapena luzatzen. Baina egingo dute ospakizunik, eta ezin goxoagoa izango da, gainera: Xaguxarren historiari errepasoa egingo diote, dokumental baten eta argazki erakusketaren eskutik.
Horren aurretik, haurrentzako jolasak, puzgarriak eta tailerrak prestatu dituzte gaurko. Foru Plazan egongo dira, goizeko 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara. Hasiera batean, aurreikusita zegoen pintxoak eta sagardoa banatzea goizean, eta txokolatada egitea arratsaldean; baina osasun egoerak okerrera egin duela eta, kendu egingo dute hori.
Bihar estreinatuko dute Xaguxarren historiari buruzko dokumentala, 18:00etan Erribera kulturgunean. Bertan jaso dituzte, garai batean Xaguxarren aritu zen jendearen testigantzak, eta gaur egun dabiltzanenak. «Asko dira, esaterako, gaztetan bertan egon zirenak, gero begirale izandakoak, eta gaur egun seme-alabak dauzkatenak Xaguxarren», azaldu dute Lierni Roteta Artuzamunoa eta Zurine Hijarrubia Lanau Xaguxarreko begiraleek. Zerbait iraunkorra egin nahi zuten, «betirako geratuko dena». Eta lortu dute, urte guzti hauetan Xaguxarren egon den jendeak ikusmina izatea: «ikusi dugu Xaguxar ez dutela ahaztu, eta ilusioa piztu diela».
Eta dokumentalak bezala, Xaguxarren ibilitakoen interesa piztuko du argazki erakusketak ere. Erriberan egongo da ikusgai, astelehenetik aurrera. «Astigarragako gazte eta heldu askok ikusiko dute bere burua argazkietan, saiatu garelako taldeko argazki asko jartzen. Polita izango da». Lokal aldaketa egitean aurkitu zituzten argazki zaharrak, «ondo gordeta eta ederki klasifikatuta; baten batek lan haundia hartu zuen horretan». Beraiek ikusi gabe zeuzkaten argazki horiek, eta erabaki zuten besteentzako ere ikusgai jartzea, kaxetan gordeta utzi beharrean: «guri ilusioa egin bazigun argazkiak ikusteak... Pentsa argazkietan agertzen direnei! Sentsazioa daukagu, jende askoren buruan dagoela gordeta Xaguxar, eta ilusioa egiten diela garai haiek gogoratzeak. Gustatuko litzaiguke denak etortzea erakusketara».
«Astigartarra bazara, ziur noizbait izan duzula harremana Xaguxarrekin»
Izan ere, Liernik eta Zurinek garbi daukate: «astigartarra bazara, ziur noizbait izan duzula harremana Xaguxarrekin, modu batera edo bestera. Larunbatetako tailer batean, Gardeko udalekuetan... Baina guztiok. Eta badauka zerbait Xaguxarrek, engantxatu egiten duena».
Horregatik bizi dute beraiek, beste asko bezala, Xaguxarreko eskailera osoa modu naturalean: «txikitan hasi ginen Xaguxarreko erabiltzaile bezala, gaztetan jarraitu genuen, gero Gardera joan ginen udalekuetan, ondoren bolondres, eta azkenik begirale. Eta espero dugu Xaguxarrekin lotuta jarraitzea, guraso, izeba edo amona bezala».
Txikitatik Xaguxar zer den ezagutu izanak, bultzatzen ditu bere esentzia mantentzen saiatzera: «denok elkarrekin egotea, elkar ezagutzea, adin ezberdinetakoek harremana egitea... Asmoa da aisialdian ondo pasatzea, denetarik eginda. Orain antzerkia egingo dugu, gero bertsoak botako ditugu, eta ondoren musika jarri. Disfrutatzeko leku bat da, bakoitzak bere modura».
Esentzia hori barruan daramakitela nabari zaie Lierniri eta Zurineri, beraiekin izandako elkarrizketaren zati honetan, esate baterako:
Nola gogoratzen dituzue txikitako garai haiek, Xaguxarren?
Zurine: Gogoan dut disfrutatzera joaten ginela. Hasieran eskolan elkartzen ginen, gaur egun gela anitza den horretan. Disfrutatzeko leku bat zen, jendea ezagutzeko... Nik lagunak egin ditut, Xaguxarren ezagututakoak, beste inon ikusiko ez nituzkeenak. Denetarik egiten genuen. Begiraleak ere gure lagunak ziren ia, oso gertuko harremana zegoen denen artean.
Lierni: Iazko Gabonetan, eskulanetan, egutegi bat egin genuen. Eta nik gogoan nuen, txikitan ere egiten nuela hori, Xaguxarren. Badaude ekintza batzuk, oso Xaguxarrenak direnak, betidanik ezagutu ditugunak. Zenbat ordu pasako nituen nik tizarekin azukrea margotzen... Aspertu egiten nintzen.
Zurine: Baina hurrengo urtean ez bazenuen egiten, kejatu egiten zinen!
Lierni: Bilboko Pina ere oso ikonikoa da Xaguxarren. Eta Urte Zaharreko festa. Guk egiten genituen mozorroak, zabor poltsekin. Gaur egun, kontzientzia maila haunditu da, eta kontziente gara plastiko hori guztia produzitzea ez dela egokia. Beraz, elegante jantzita edo mozorrotuta etortzen gara etxetik. Urteekin, moldatu egiten ditugu gauzak. Hausnartu egin behar da, gauzak hobetzeko eta garai berrietara egokitzeko.
Zurine: Hain oroitzapen ona daukagu Xaguxarren ibili gineneko garaietaz, nahi dugula gaur egungo haurrek hori bera izatea. Badakigu zer den Xaguxar, zer ordezkatzen duen, zein balio dauzkan, zer lortu nahi duen... Baina garaiak aldatu dira, eta Xaguxar ere aldatu da. Ezin dugu beti gauza bera egin, egokitu egin behar dugu garai berrietara. Eta horretarako, ondo dator kanpoko ikuspegi bat izatea ere. Xaguxarren parte izatea, ez da udalekuetan begirale izatea, adibidez. Taldearen parte izatea da; horrek urte osoan lan bat egitea eskatzen du, eta ardura batzuk hartzea.
Lierni: Ez da aisialdi talde bat ludoteketara edo udalekuetara mugatzen dena. Herriko eragile bat da, eta urte guztian zehar gara herri honen parte. Antolatzen diren gauza ezberdinetan, saiatzen gara parte hartzen, modu batera edo bestera.
Zurine: Sentimendu bat da. Lehendik Xaguxarren egon bazara, sentitzen duzu Xaguxarren parte zarela, ez zara mugatzen lan egitera. Eta nabaritzen da, bakoitzaren inplikazioan, zein egon den lehenago Xaguxarren, eta zein ez.
Beraiek jaio baino lehenago sortu zuten Xaguxar Astigarragan, herria Donostiatik banandu zenean. Sortzaileek kontatuta dakite, larunbatetan eskaintzen zizkietela gauzak haurrei, haientzako ezer ez zegoelako herrian. «Baina gaur egun ez luke funtzionatuko horrela, haurrek ez daukatelako denbora librerik, eskola kirola dela, musika dela, dantza dela...», kontatu dute.
Gaur egun, bost ekintza nagusi dauzka Xaguxarrek: ludotekak, udalekuak, negulekuak, Santio Jaietako haurren txupinazoa, eta Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. Baina antolatzen dituzte gehiago ere, urtean zehar; eta bestelako ekintzetan ere hartzen dute parte.
Kanpotik etorritakoak integratzeko tresna, Xaguxar
Antolatzen dituzten ekintza horietan, Astigarraga haztearekin batera, izugarri haunditu da partehartzea: «udaran, txanda bakarra eskaintzen genuen hasieran, gero bi, eta aurten bost egin ditugu. Konturatzerako, ari gara 300 familiarekin hizketan aldi berean, posta elektronikoz. Gu txikiak ginenean, 30 bat edo izango ginen. Eta orain, uztailean dauzkagu 300 inguru, eta abuztuan beste 50 bat. Batzuk izaten dira zerbitzuagatik, gurasoek ezin dutelako oporrik hartu; eta beste batzuek Xaguxarren esentziagatik apuntatzen dituzte haurrak, txikitan ezagutu dutelako zer den».
Gainera, diote kanpotik etorritakoek ere badutela harremana Xaguxarrekin: «asko dira haur txikiak dituzten familiak, eta gehienak etortzen dira Xaguxarrera. Eta bada modu bat, herrian ikasi edo hainbesteko bizitza egiten ez duten haurrak, herrira gerturatzeko. Horretarako tresna ere bada Xaguxar, integraziorako. Askotan, bizilaguna ezagutzeko modua da Xaguxar, hemendik kanpo ez daukatelako harremanik. Xaguxarrek jarraitzen du izaten, adin ezberdinetako haurrak biltzen dituen toki bat. Denontzako irekia da, baina era berean, denontzako eskuragarri dago, ekonomikoki. Gure helburua ez da dirua lortzea, eta prezioa merkea da».
Txiki-txikitan hastetik begirale izatera, bidea
«oso modu naturalean»
3-4 urterekin hasi daitezke haurrak Xaguxarren, eta 16 urte bete arte, badute zerekin gozatua, erabiltzaile bezala. Garden egiten dituzten gazte kanpaldiak izaten dira azkeneko ekintza, gazteentzat. Eta orduan, begirale izateko bidea hasten da, Liernik eta Zurinek bezala, modu naturalean bizi dutena gehienek: «begirale izaten hasi arte, badago bi urteko etenaldi bat; eta horregatik, aukera dago bolondres izateko, begirale bati lagunduz eta ikasiz. Eta behin martxa hartuta, hurrengo pausoa da begirale izatea. Bestela, bi urte horietan ez bazara bolondres aritzen, gero gehiago kostatzen zaizu bueltatzea. Xaguxarretik ez desbinkulatzeko modu bat da, eta modu naturalean egiten da gehienetan. Guk urtero daukagu buruan, zein belaunaldiri tokatzen zaion bolondres bezala aritzea, eta badakigu zein animatuko diren seguru. Eta askorekin badaukagu konfiantza, beraiek esaten ez badigute ere, guk galdetzeko. Gaur egun, asko sartzen dira bolondres, beharbada urtero 15 gazte».
Horietatik gehienak, begirale izango dira gero. Une honetan, 40 begirale inguru dira Xaguxarren; baina guztien ardura maila eta inplikazioa ez da bera: «ezinezkoa da guztiek inplikazio bera izatea, eta rolak ezberdinak dira. Behar dituzu ekintzak pentsatu eta aurrera eramango dituzten batzuk, baina baita ere egin beharrekoa egiteko prest daudenak; kartelak pegatzea adibidez. Inor ez gara Xaguxarren egongo bizitza osorako, eta denak pasa gara rol ezberdinetatik. Guri ere tokatu zaigu kartelak pegatzea, baina iristen zaizu momentu bat, non zuk hartu behar dituzun erabakiak. Eta atzetik datozenei ere gertatuko zaie», diote Liernik eta Zurinek.
Erabakiak hartzeko garaian, dena den, saiatzen dira guztien partehartzea bilatzen: «ez da bideragarria erabaki guztiak denon artean hartzea, bildu ere ez garelako denok biltzen, eta erabaki batzuk azkar hartu behar direlako. Baina ahal den neurrian, saiatzen gara denon artean erabakitzen eta guztien iritziak jasotzen, denok garelako Xaguxar, eta denoi eragingo baitigute». Denborarekin hartzekoak dira erabaki batzuk, eta zirt edo zart egin beharrekoak besteak, edozein ezustekoren aurrean: «Xaguxarrekiko daukazun sentimenduagatik, edozer egiten duzu aurrera ateratzeko», diote. Eta sentimendu horretan sakontzen saiatu gara, elkarrizketa bukatu aurretik:
Sentimenduak aipatu dituzue lehenago. Zer da zuentzat Xaguxar, sentimentalki?
Zurine: Pixkat erromantikoa da, baina nire bizitzako parte bat da Xaguxar, balio izan didana pertsona bezala hazteko. Gauza pila bat ikasi ditut: jendearekin harremanetan jartzen, gauzak aurrera eramaten, arazoei aurre egiten... Nire beste familia bat da, eta beti egongo da presente.
Lierni: Eta beti egon dadila. 30 urte bete baditu, bete ditzala beste 30 gutxienez. Ez dut imajinatzen Astigarraga Xaguxar gabe. Aldatu egingo da, urte guzti hauetan aldatu den bezala. Baina aurrera jarraituko du, eta jarraitu behar du.
Zurine: Pena emango lidake, zerbitzu hutsa izatea Xaguxar. Eta horretan, badago gure aldetik esfortzu bat egin beharra. Xaguxarren gauden begiraleontzat, ez da lanbide bat, ez duzu zerbitzu bat eskaintzen. Zerbait gehiago da, ezagutzen dugulako Xaguxarren esentzia. Baina batzuek zerbitzu gisa hartzen dute.