Erreportajeak

«Artea, edozein diziplinatakoa, erakutsi egin behar da; zure barruan lehertuko da bestela»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 30a, 00:00

Marian Hernandez, bere liburuarekin, Erriberako liburutegian. «Amets bat» izan da berarentzat, liburua bertan egotea.

Bere aurreneko poema liburua argitaratu du Marian Hernandez Gimenez astigartarrak, 'Todo lo guardo en los ojos'. «Amets bat izan da nire herriko liburutegian egotea nire liburu bat», aitortu du. Bere begiei eskerrak emateko jarri dio izenburu hori: Sjögren sindromea izan arren, irakurri eta idazteko aukera eman diotelako.

Pasio haundiz hitz egiten du Marian Her­nandez Gimenez astigartarrak, poesiari buruz, eta bere au­rreneko liburuaz: Todo lo guardo en los ojos. Poema laburrak bildu ditu bertan, oso existentzialistak: «gehienek niri buruz hitz egiten dute, metaforen bitartez. Oso intimoak dira».

Eta poemek bezala, esanahi berezia dauka liburuaren izenburuak, bere bizitzan: bere begiei eskerrak emateko jarri dio izenburua. Izan ere, Sjögren sindromea dauka, begietako gaixotasun kroniko eta sendaezina. «Funtsean da, malkoa lehortu egin dela, eta ez duela begia hidratatzen. Begiratuko bagenitu nire begiak mikroskopio batekin, ikusiko genituzke lur lehor-leho­rra bezala, zartatuta».

Oso gaztetatik izan da literaturzalea: «erakutsi zidatenean hitzak elkartzen, zerbait magikoa iruditu zitzaidan». Edonola ere, berandu hasi zen poesia egiten, eta are beranduago hartu zuen serio: «pena ematen dit lehenago ez hasi izanak, baina deskubritu dut hau dela nire mundua». Alabak proposatuta, sare sozialetan argitaratu zituen bere poemak aurrenekoz; eta orain, prest ikusi du bere burua, liburua argitaratzeko: «amets bat izan da, nire herriko liburutegian egotea nire liburu bat».

 

Urriaren 14an aurkeztu zenuen liburua, Erriberan. Nola bizitu zenuen momentu hori?

Oso urduri. Baina oso pozik atera nintzen aurkezpenetik. Jendeak sekulako harrera egin zidan. Senide eta lagunez beteta zegoen aretoa, eta hainbat herritar ere azaldu ziren, espero ez nituenak. Oso polita izan zen ekitaldia, oso atsegina; eta nabaritu nuen bertaratuei ere gustatu zitzaiela.

 

Izan zen sorpresarik ere, zuretzat...

Bai, hala da. Ekitaldi osoa izan zen opari haundi bat. Hasteko, Jorge Carrerok eskaini zizkidan hitzak. Poeta eta aktorea izateaz gain, gure literatura tailerreko moderatzailea da bera, eta egin zidan kritika bikaina izan zen, ez nuen halakorik espero. Berak ez ditu laudorioak oparitzen. Eta ondoren, Juan Carlos Landa musikari eta poetak, musika eta ahotsa jarri zien nire hiru poemari. Eta sekulako oparia izan zen niretzat. Zure poemak abestuta entzutea, beste norbaiten ahotsean... Emozionatu egiten zaitu. Gainera, zoragarria izan zen jendearen jarrera.

 

Zure aurreneko liburua izan da. Zer sentitu duzu, argitaratuta ikustean?

Erditzearen antzeko zerbait, erditze literario bat. Beste haur bat eduki izanaren sentsazioa daukat, ezberdina, baina beste haur bat. Zaindu egin behar dut, ibiltzen erakutsi behar diot... Beharbada oso poetikoa da, baina liburua edukitzea ez da nahikoa; mundura atera behar duzu, erakutsi... Hori da niretzat zailena. Niri benetan gustatzen zaidana idaztea da. Liburuak saltzea edota aurkezpenak egitea ere beharrezkoa da, baina esfortzu gehiago eskatzen dit, urduri jartzen naiz, eta tentsioa sortzen dit.

Hori guztia ez zegoen nire planetan, egiten dakidana libu­ru batean materializatzea erabaki nuenean. Nik urte asko daramazkit idazten, baina beti segurtasun falta haundiarekin, beldurrez... Errespetu haundia diot literaturari. Sentitzen nuen ez nengoela prestatuta, intrusismo sentsazioa neukan, beldurra... Eta urte asko eman ditut formatzen, nik ez neukalako prestakuntza akademikorik. Informatu egin naiz, asko irakurri dut, eta gaiaz badakien jendearen laguntza izan dut. Azkenean, erabaki nuen prest nengoela, eta ez nintzela arrotza izango literaturan. Eta materializatu behar nuen, gordeta neukan hori guztia. Bestela, ez dauka zentzurik, zuretzako bakarrik idazteak. Urteak eman ditzakezu horrela, baina azkenean, forma eman behar diozu nolabait, eta konpartitu. Idazleak edo poetak behar du konpartitu, margolariak, eskultoreak edota musikariak bezala. Horretarako egiten dugu, konpartitzeko, erakusteko. Gure egoak behar du erakustea, bestela zure barruan lehertuko delako, eta ez du merezi. Artea, edozein diziplinatakoa dela ere, erakutsi egin behar da. Eta orain, aurreneko liburua argitaratuta, uste dut ezingo nukeela hainbeste urtetan idatzi niretzako bakarrik gordeta, orain arte egin dudan bezala. Askoz ere min haundiagoa egingo lidake orain. Lehen ez nintzen kontziente, horrelako mina egiten zidanik, baina orain bai. Ez badago beste erremediorik, zuretzako geratzen da. Egia da, orain badauzkagula liburu haundi horiek, sare sozialak. Orri txuriak, uzten dizkigutenak nahi duguna argitaratzeko, ona, txarra edo erdipurdikoa izan. Hor erakutsi dezakezu egiten duzuna, eta laguntzen du. Baina liburu formatua ematen badiozu, askoz ere hobeto.

«Gogoan daukat, zein egunetan erabaki nuen poesiarekin saiatzea. Aspertuta nengoen, eta oso triste; eta leihotik parkeko umeei begira nengoela,
bat-batean, poema bat bururatu zitzaidan»

Noiz eta nola hasi zen dena?

Benetan, hasi zen irakurtzen eta idazten ikasi nuenean. Erakutsi zidatenean hitzak elkartzen, zerbait magikoa iruditu zitzaidan. Gogoan dut sentsazio hura, urte pila bat pasa diren arren. Egunez egun, deskubritu nuen hitz batzuk beste batzuekin elkartzen zirela, eta esanahi bat zuten esaldiak osatzen zituztela. Zoragarria iruditu zitzaidan hitzen mundua. Eta orduan hasi nintzen, era berean, irakurle aseezina izaten. Ez neuzkan liburu asko eskura, herria txikia zelako, ez zegoen liburutegirik, eta eskolan oso liburu gutxi zeuden. Baina irentsi egiten nituen testuak. Irakurtzen nituen prospektuak, nire ahizpen 'Estefania' nobelak... Harrapatzen nuen edozer, esku artean zerbait edukitzeko. 8-9 urte neuzkanean, eskolak lortu zuen liburutegi txiki bat zabaltzea. 50 ipuin izango zituen, ez gehiago. Uzten ziguten asteburuetan liburu bana eramaten etxera. Eta konturatu nintzen, lodienak aukeratu behar nituela, bestela oso azkar irakurtzen nituelako. Baina lodienak ere, 50 orrialdekoak ziren, eta bukatu egiten nituen. Eta gogoan dut, gezurra esan behar izaten nuela, ez zidatelako sinisten asteburuan irakurri nituenik. Baina asteburuan ez, arratsalde bakarrean irakurtzen nituen... Esaten nien asteburu osoan zehar irakurri nuela, eta batzuetan, ez nuen astelehenean eramaten eskolara, lotsa ematen zidalako. Badakizu nolakoak garen haurrak eskolan, beti ondokoa zirikatzen... Eta batzuetan min haundia egiten diogu elkarri. Ez zidaten sinisten osorik irakurri nuenik, eta gaizki pasatzen nuen, ezin nuelako beste bat hartu, aurrekoa entregatu arte.

Irakurri, irakurri eta irakurri aritu naiz beti, edonon bilatzen nituen testuak. Eta irakurketaren bitartez, iristen zara idazketara. Batzuk ez, irakurketarekin geratzen dira. Baina, esan bezala, hitzak elkartzeak asko erakarri ninduen txikitatik. Eskolan, gaztelaniako irakasgaian, gaur egun poesia gutxi ematen bada, garai hartan ez zizun aukerarik ematen poesiaz ohartzeko ere. Baina nik berehala harrapatu nuen; ez nuen ezer ulertzen, baina bazeukan zerbait, arreta erakartzen zidana. Eta hasi nintzen poesia liburuak bilatzen eta irakurtzen, egun batean idaztera ere animatu nintzen arte.

«Ez saiatu ulertzen, eta pentsatzen zer esan nahi izan duen poetak. Hori ez da garrantzitsua. Inporta duena da, zer sentitzen duzun zuk, irakurtzen duzunean»

Lehendik ere idazten zenituen bestelako testuak, ezta?

Bai, asko idatzi izan dut beti. Nire eguneroko intimoa neukan, eta bertan kontatzen nituen nire gauzak, idatzi egin nahi nuelako. Biografiak ere idazten nituen. Amonarekin egiten nuen lo, eta berak kontatzen zizkidan gerrako kontuak eta bizi zituztenak. Eta esaten nion lotara joan nahi nuela, eta kontatzeko beste momentu batean; baina buruan bueltaka geratzen zitzaizkidan berak kontatutakoak, eta idatzi egiten nituen.

Hori bai, idatzitako testuak zaborretara bota izan ditut. Helduagoa nintzen heinean, irakurtzen nituen urte batzuk lehenago idatzitakoak, eta iruditzen zitzaidan txorakeriak zirela, oso gaizki zeudela... Eta bota egiten nituen. Egun batean botatzeari utzi eta gordetzen hasi nintzen arte.

Gogoan daukat, zein egunetan erabaki nuen poesiarekin saiatzea. Arratsalde batez izan zen, aspertuta nengoen, eta oso triste, ez dakit zergatik. Leihotik begira nengoela, ume pila bat ari ziren parkean jolasean. Beraiei begira geratu nintzen tarte batez, eta bat-batean, poema bat bururatu zitzaidan. Ez dakit ondo edo gaizki zegoen, baina atera egin zen. Eta hurrengo egunean beste bat, berriro parkeko umeei begira. Baina poemek ez zeukaten zerikusirik haurrekin. Ez dakit zein eragin izan zuten ume haiek, baina poemak idaztera bultzatu ninduten. Errima eta neurri aldetik ez zeuden ondo, baina zentzua zeukaten. Horrelaxe hasi nintzen, eta poemak idazten jarraitu nuen hortik aurrera.

«Oso urduri nengoen liburuaren aurkezpen ekitaldian, baina oso pozik atera nintzen. Jendeak sekulako harrera egin zidan. Ekitaldi osoa izan zen opari haundi bat»

Eta idatzitako hori, ez zenuen zabaltzen?

Egun batean, alabak esan zidan, zergatik ez nuen sare sozialetan erakusten, egiten nuen hori. Nik uste nuen gauza txarretarako bakarrik balio zutela sare sozialek, eta esaten nion kontuz ibiltzeko. Baina berak erakutsi zidan zer ziren, eta hasieran errezeloa nien arren, azkenean animatu egin nintzen, eta sorpresa haundia hartu nuen. Oso lotsati hasi nintzen, segurtasun gutxirekin, baina gauzatxo batzuk argitaratu nituen, eta ikusi nuen jendeari gustatzen zitzaizkiola. Eta konturatu nintzenerako, maiztasunez ari nintzen poemak argitaratzen. Jendeak gustuko izateak, segurtasuna ematen zidan. Noski, filtro bat jarri behar duzu sare sozialetan. Hasieran dena sinisten duzu, Atsegin dut guztiak eta mezuak. Baina konturatu nintzen poesia idatzi nezakeela, eta jendeak gustuko zuela.

Izan nuen garai bat, haiku asko idazten nituena. Poesia japoniarra da, milaka urte dauzkana; eta oso laburra da haiku bat, hiru lerro besterik ez. Eta horiekin praktikatzen nuen. Badirudi oso poeta konkretista naizela, eta gustatu egin zitzaizkidan haikuak, laburrak direlako eta istorio sakon xamar bat kontatzen dutelako oso hitz gutxitan. Oso zaila da hori lortzea, eta erakarri egiten ninduten. Eta orain konturatu naiz, sekulako praktika izan zirela niretzat. Egun batean, Madrilgo filologia doktore batek, Pedro Crespok, haikuetako batean utzi zidan mezu bat: 'oso ederra, baina herren egiten du'. Eta erantzun egin nion, esanez literaturarekiko maitasunak ausartegia izatera eramaten ninduela batzuetan, eta banekiela ez zegoela guztiz ondo. Eta niri erakusteko eskaini zuen bere burua. Esan zidan oso exigentea eta gogorra zela bera, eta ea prest ote nengoen. Baiezkoa eman nion, eta 50 urterekin, poesiaren oinarriak ikasten hasi nintzen. Berak esan zidan, esentzia eta potentziala banuela, eta falta zitzaidala teknika: neurriak ezagutu, oximoron bat edo hiperbole bat zer den jakin... Eta hiru urtez aritu zitzaidan erakusten, internet bidez eta doan. Bera agertu izana, opari bat izan zen niretzat. Hortik aurrera, aske hegan egiten utzi zidan, baina gomendioak ematen jarraitu du. Beti lagundu dit asko.

 

Marian Hernandez, Jorge Carrerorekin batera, 'Todo lo guardo en los ojos' liburuaren aurkezpenean, urriaren 14an.

 

Orduan hasi zinen serio hartzen poesia?

Bai, hala da. Serio hasi nintzen poesia egiten, eta idatzi eta idatzi aritu naiz ordutik. Eta hainbeste poema pilatu nituen, liburu bat argitaratu nahi nuela. Zergatik ez nuen nik liburu bat argitaratuko, beste askok bezala? Uste nuen merezi nuela liburu bat, eta ez nintzela arrotza izango literaturan. Izan nezakeela liburu bat, besteen liburuen ondoan, liburutegietan. Zentzu horretan, amets bat izan da nire herriko liburutegian egotea nire liburu bat. Berez, ez neukan asmorik liburuak saltzeko; buruan neukan oparitzea. Baina gauza batek ekarri du bestea, eta gaur egun liburuak saltzen ari naiz, gaur elkarrizketa bat egiten, aurkezpena ere egin nuen, proiektu berriak atera zaizkit... Eta deskubritu dut, hau dela nire mundua. Gainerakoak bezala bizi nintzen, lan egiten, ohiko bizimoduarekin; baina hau da benetan egitea gustatzen zaidana, idaztea. Eta bereziki, poesia idaztea eta konpartitzea.

Pena ematen dit lehenago ez hasi izanak. Oso familia xu­mekoa naiz, eta gazte hasi nintzen lanean, 14 urterekin. Apenas izan nuen formakuntza akademikorik. Beti izan ditut liburuak inguruan, eta beti aritu naiz irakurtzen; hori izan da nire mundua. Baina egoeragatik, ezin nuen horretan aritu. Gainera, 'hobby' bat bezala hartzen nuen, deskubritu nuen arte ezetz, ez zela 'hobby' hutsa. Urteak behar izan ditut horretaz konturatzeko, baina inoiz ez da beranduegi...

 

Liburuan jaso dituzun poemak, aurretik idatzita zeneuzkan, edo gerora sortu dituzu?

Denetik dago. Liburuko poema asko, lehendik neuzkan idatzita, jakin gabe liburu batean argitaratuko nituela. Eta erabaki nuenean forma eman eta liburua argitaratzea, sortu nituen beste batzuk. Baina gehienak, idatzita neuzkan dagoeneko. Eta bitxia da, askok zeukatela zentzu bat, liburuaren izenburuarekin lotuta. Izan ere, nik baneukan izenburu hori buruan, nire fantasietan, ez nuelako uste liburu bat izatera iritsiko zenik. Nire poemetako asko zetozen bat izenburuarekin, eta pandemia garaian idatzi nituen beste batzuk, liburuan txertatzeko.

 

'Todo lo guardo en los ojos' izenburuak, esanahi berezia dauka zuretzat, ezta?

Zalantzarik gabe. Pentsa, liburu bat argitaratuko nuenik ez nekien, eta esaldi hori nire buruan gordeta neukan dagoeneko. Begietako gaixotasun bat daukat, Sjögren sindromea; kronikoa eta sendaezina. 42 urterekin diagnostikatu zidaten, eta asko sufritu nuen. Oraindik ere sufritzen dut, baina asimilatuta daukat, eta horrekin bizi naiz. Baina hasieran sekulako depresioa izan nuen. Irakurtzeko arazoak neuzkan, eta etenaldi asko egin behar nituen irakurtzeko eta idazteko, oso mingarria delako. Jakin dut nola edo hala kudeatzen, eta nire begiek aukera eman didate aurrera egiteko. Egun oso txarrak dauzkat, eta trukoak erabiltzen ditut, hobeto eramateko. Kontutan hartu behar dut nire begiek jasan dezaketen denbora, eta gaur gehiago irakurri badut, gutxiago idatzi beharko dut. Uneoro daukat mina, baina begirada adi jartzen dudanean zerbaiten gainean... Irakurtzen edo idazten ari naizenean, ez naiz horretaz ohartzen, baina gelditzean bai, orduan nabaritzen dut dena: sekulako mina jartzen zait, eta ezin dut beste ezer egin. Begiak itxi behar izaten ditut, eta atseden hartu.

Beraz, izenburu hori jarri diot liburuari, nire begiei eskerrak emateko, idazteko eta irakurtzeko aukera emateagatik; eta omenaldia egiteko nire gaixotasun bera daukan jendeari. Nik nahiko maila altuan daukat gaixotasuna, baina badakit badagoela jendea ia itsu dagoena, lerro exkax bat besterik ikusten ez duena.

Bitxia da, oftalmologian oso gauza konplikatuak operatzen direla; eta aldiz, gurea, itxuraz hain gauza xinplea dena, sendaezina da. Izan ere, funtsean da malkoa lehortu egin dela, ura bukatu zaiola. Malkoak hidratatu egiten du begia. Nik oso malko gutxi daukat, eta daukadan apurra kalitate txarrekoa da. Beraz, oso modu kaxkarrean hidratatzen du nire begia. Begiratuko bagenitu nire begiak mikroskopio batekin, ikusiko genituzke lur lehor-lehorra bezala, zartatuta. Eta hori da mina eragiten didana.

 

Nolakoak dira liburuko poemak?

Poema laburrak dira, oso existentzialistak. Gehienek niri buruz hitz egiten dute, metaforen bitartez. Oso intimoak dira. Esan bezala, oso konkretista naiz, eta asko kontatzen dut hitz gutxitan. Poesia gutxi irakurtzen duenarentzat, beharbada ulertzeko zailak izan daitezke. Baina aurkezpenean eta literatura tailerrean esan nuen: ez saiatu ulertzen, eta pentsatzen zer esan nahi izan dudan nik. Hori ez da garrantzitsua. Inporta duena da, zer sentitzen duzun zuk, irakurtzen duzunean. Akaso emozionatu egingo zara, hildako norbait ekarriko dizu gogora, edo amorrua sentituko duzu. Irakurle bakoitzak dauzka bere begiak eta bere bihotza, eta ezinezkoa da denok gauza bera sentitzea. Gainera, batzuetan idazleak berak ere ez daki zer esan nahi izan duen, ez duelako gogoratzen zein momentutan eta zergatik idatzi zuen poema hori, nahiz eta beti daukan zentzu bat. Hori da nik bilatzen dudana, emozioak sortzea, eta jendeak bere burua aurkitzea, modu batera edo bestera, lerroen artean.

 

Marian Hernandez, liburuaren aurkezpen ekitaldiko une batean.

 

Nola sortzen dituzu poemak?

Ez naiz oso diziplinatua zentzu horretan, eta ez naiz arratsaldero esertzen, pentsatuz poema bat sortu behar dudala bai ala bai. Diziplina pixka bat izan behar duzu, noski; bestela ez duzu ezer idazten. Baina batzuetan esertzen zara, eta ez da ezer gertatzen, ez duzu idazten. Eta aldiz, beste batzuetan, ideia jakin batekin esertzen zara, goizeroko paseoa ematen edo supermerkatuan bururatu zaizuna. Behaketa da nire teknika nagusia, eta bereziki natura behatzea gustatzen zait. Naturarekin asko konektatzen dut, eta asko erabiltzen dut gauzak kontatzeko. Naturan dago dena, naturan gertatzen da kalean gertatu daitekeen guztia. Eta jakin behar da begiratzen. Nik horretarako badaukat gaitasuna, edo erokeria beharbada.

Bueltatzen naiz paseotik edo erosketak egitetik, eta bururatu zaidan hori plasmatzen dut. Batzuetan lerro bakarra izaten da. Lerro hori idazten dut, eta idatzita ikusten dudanean, berak eraman eta gidatzen nau, poema bat sortzeraino. Nire arnasketarekin batera idazten dut. Izaten da etxera arnasestuka iritsi banintz bezala, eta arnasestu hori poeman plasmatu. Nire arnasketa idazketarekin fusionatzen da, eta esaten dit ondo ari naizen edo ez.

Batzuek diote, ez duzula idaztera eseri behar, ez badaukazu garbi zer idatziko duzun. Baina nik ez dut hala egiten. Ni eseri egiten naiz, zer idatziko dudan jakin gabe ere. Beti ateratzen da zerbait, zirriborro bat besterik ez bada ere. Gertatu daiteke, adibidez, liburu bat ireki eta lerro bat irakurrita, konektatzea zerbaitekin. Eta hortik abiatuta poema bat idaztea.

«Ni beti naiz 'ahots berriak' entzutearen aldekoa; egokitu egin behar dugu, poesia begiratzeko forma berrietara. Poesia bizirik mantentzea da garrantzitsuena»

 

Zer nolako osasuna dauka poesiak, gaur egun?

Hilzorian egon da, uste genuen desagertu egingo zela. Ez da inoiz desagertuko, beti egongo delako norbait kezkatuko dena. Baina asko kostatzen da zutik mantentzen. Eskoletan oso gainetik lantzen da oraindik, eta beraz, oso zaila da gaztetxoek barneratzea. Eta poesia txikitatik erakutsi behar dizute. Eskoletan landu eta irakurri behar da poesia.

Askok esaten dute, literaturaren ahizpa txikia dela poesia. Baina niretzako, ahizpa adoptatua da, ahizpa txikia baino gehiago; maileguan hartutakoa. Gogorra da hori entzutea, baina horrela sentitu dut nik. Azkeneko urteotan, ahots berriak agertu dira, eta ni beti naiz horiek entzutearen aldekoa. Gauza oso onak eta oso txarrak egiten ari dira. Klasikoek uste dute ahots berri horiek poesia suntsitzen ari direla; nik ez dut hala uste. Egokitu egin behar dugu, poesia begiratzeko forma berrietara. Beste ikuspuntu batzuetatik, teknologia gehiago erabiliz... Berdin dio, poesia bizirik mantentzea da garrantzitsuena. Zuk geratu nahi baduzu klasikoarekin bakarrik, primeran, zure eskubidea da. Baina nik nahi ditut irakurri molde berriak; batzuk gustatuko zaizkit eta besteak ez, eta batzuk zuzenak izango dira eta besteak ez. Baina poesia ez da bakarrik teknikoki perfektua egitea. Nik irakurri ditut poema perfektuak, neurri eta egitura aldetik, eta ez didate ezer sentiarazi; eta aldiz, irakurri ditut teknikoki hain zuzenak ez direnak, eta emozionatu egin naute, eta malko bat atera didate. Gauza berrietara irekita nago.

 

Eta pandemiak, mesede edo kalte egin dio?

Pandemian bultzada haundia izan du poesiak. Bazetorren lehendik ere, baina konfinamenduak izugarri areagotu zuen jendearen sormena, diziplina artistiko eta formatu guztietan. Eta poesian ere izan zuen eragina. Egin dira gauza txapuzeroak, baina baita oso gauza onak ere. Badago jende gaztea, beste mota bateko poesia egiten ari dena, garai berri batekoa. Eta gauza asko daude, nik oso gustuko ditudanak. Bultzada bat emateaz gainera, modan jarri du poesia, konfinamenduak. Badakigu modak nolakoak diren, egun batean goran zaude, eta hurrengoan beheran... Baina poesia irakurri, entzun edota horretaz hitz egiten den bitartean, primeran. Eta bakoitzak aukeratu dezala, zer irakurri nahi duen. Ez da gauza bera poeta izatea eta poesia idaztea, eta horretan arrazoia ematen diet klasikoei. Baina badago poesia idazten duen jendea, oso ondo egiten duena. Eta jarraitu egin behar dute, poeta izatera iristeko. Horretarako berezkoa izan behar duzu esentzia bat; ni ez naiz inoiz iritsiko margolaria izatera, adibidez. Arteak lotura haundiagoa dauka norberaren barruarekin. Baina egiten duzuna gustuko baduzu eta pasioa jartzen badiozu, askoz ere hobeto egingo duzu. Funtsezkoa da hori, bizitzan egiten ditugun gauza guztietan.

 

Zein dira zure irakurle fidelenak?

Sare sozialetan daude. Kaleko jendearen artean, nolabait esa­teko, badauzkat 4-5 lagun, libu­rua irakurri dutenak eta dagoeneko galdetu didatenak, noiz argitaratuko dudan hurrengoa. Baina nire irakurle fidel gehienak sare sozialetan daude, eta batzuk oso fidelak dira; ez die ihes egiten nire argitalpen bakar batek ere. Nabaritzen da zeinek irakurtzen dituen poemak benetan, eta asko eskertzen diet beraien fideltasuna, eta beti hor egotea. Liburua ere eskatu didate, eta batzuei dagoeneko bidali diet. Baina beste batzuei, aurrez aurre eman nahi diet. Galiziara edota Murtziara joan nahi dut, adibidez, irakurle batzuei liburua ematera.

 

Eta orain, zein proiektu dauzkazu esku artean?

Hainbat proiektu dauzkat martxan. Horietako bat, genero indarkeriari buruzko liburu bat izango da. Hasita daukat, eta motzagoa izango da. Astigarragako Udalari aurkeztu nahi diot hori, eta Berdintasun Sailaren bitartez, beraiek babestea nahiko nuke. Euskerarekin izango dugu arazotxoa... Ni ez naiz gai sentitzen itzulpena egiteko. Euskaltegian ikasitakoa da nire euskera, eta ez daukat erraztasuna euskeraz idazteko. Poesia ezin da hitzez hitz itzuli, oso itsusia delako; poema izorratzen duzu. Horregatik, nahiko nuke aurkitu norbait, poesia itzultzen dakiena. Eta elkarlanean aritu, konpartitzeko zein sentimendu sortzen dizkigun poema bakoitzak, berak euskerara itzultzeko. Horrela, elebitan aurkeztuko nuke liburua, eta gustatuko litzaidake Udalak babestea, eta elkarrekin zabaltzea.

Horrez gain, bukatuta daukat beste poema-sorta bat, txukundu egin behar dudana. Eta hori literatur lehiaketetara aurkeztu nahi dut, nire hurrengo liburua idazten dudan bitartean. Dago­eneko hasita daukat hori ere, printzipioz nire bigarren poema liburua izango dena. Batek daki, beharbada laugarrena izango da azkenean, beste bi pro­iektuak ondo ateraz gero...

Poeta astigartarra, Kontxa Etxeberria plazan. Natura behatuta bilatzen ditu berak, poemak sortzeko ideiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!